Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
Galileoren bizitza
Bertolt Brecht
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004
[aurkibidea]

 

11

1633: INKISIZIOAK ERROMARA
JOATEKO AGINTZEN DIO
MUNDU OSOAN OSPETSUA DEN IKERTZAILEARI

 

 

Azpialdea itogarria da, goialdea atsegina

Kalean abarrotsa da, gortea isila da.

 

 

 

Gela-ataria eta eskailera Medicitarren jauregian, Florentzian. GALILEO eta bere ALABA Dukeak noiz hartuko zain daude.

 

VIRGINIA: Itxarotea luze egiten da.

GALILEO: Bai.

VIRGINIA: Hor da berriro honaino jarraitu gaituen gizona. (Arretarik erakutsi gabe aurretik igaro den urlia bat erakusten du.)

GALILEO: (Begiak ahuldurik ditu honezkero) Ez dut ezagutzen.

VIRGINIA: Baina nik bai: hainbatetan ikusi dut azken egunotan. Zital egiten zait.

GALILEO: Halako lelokeriarik. Florentzian gaude eta ez itsaslapurren artean.

VIRGINIA: Hor dator Gaffone erretorea.

GALILEO: Horri ez diot beldurrik. Artaburu hutsa da orduetako elkarrizketa baten nahastu nahi izango nau berriro.

 

(GAFFONE JAUNA, Unibertsitateko Erretorea, eskaileratik jaisten ari da. Biziki harritzen da GALILEO ikustean eta bion albotik atezuan igarotzen da, burua nahita alboratuz eta ia agurrik egin gabe.)

 

GALILEO: Zer gertatzen zaio horri? Gaur gaizki ditut begiak berriro. Agurtu du behintzat?

VIRGINIA: Ozta-ozta... Zer esaten duzu zeure liburuan? Heretikotzat har dezaten arriskurik ote da?

GALILEO: Zuk denbora gehiegi ematen duzu elizetan. Goiz jaiki eta mezatara korrika joateak aurpegiko azal fina lehortuko dizu azkenean. Higatik egiten duzu otoitz, ezta?

VIRGINIA: Hor dago Vanni jauna, burniola egin diozun olagizona. Ez ahaztu eskerrak eman behar dizkiozula galeperrak bidaltzearren.

 

(Gizon bat jaisten da eskaileratik.)

 

VANNI: Gustatu zitzaizkizun bidali nizkizun galeperrak, Galilei jauna?

GALILEO: Galeperrak bikainak ziren, maisu Vanni, mila esker berriz ere.

VANNI: Goian zutaz hizketan ari dira. Aspaldi honetan toki guztietatik saltzen ari diren Bibliaren aurkako irain idazkiak egitea leporatzen dizute.

GALILEO: Ez dakit ezer irainez. Biblia eta Homero dira nire irakurketarik gogokoenak.

VANNI: Eta horrela ez balitz ere: abagunea erabiliko dut esateko olagizonak zure alde gaudela. Ez da nik asko dakidalako izarren mugimenduei buruz, baina nire ustez gauza berriak erakutsi ahal izateko askatasunaren alde borrokatzen duen gizona zara zu. Adibidea, deskribatu didazun Alemaniako goldaketa tresna mekaniko hori... Aurreko urtean bakarrik, bost liburu agertu dira Londresen nekazaritzari buruz. Hemen eskertu egingo genuke Holandar ubideei buruzko liburu bat baino ez balitz ere. Zuri eragozpenak jartzen dizkizuten horiek dira Boloniako sendagileei, ikerketak egiteko asmoz, gorpuak disekatzeko debekua jarri dietenak.

GALILEO: Zure ahotsa garrantzitsua da, Vanni.

VANNI: Itxaropen hori dut. Badakizu Amsterdam-en eta Londres-en diru-azokak direna? Eta lan eta artisautza eskolak ere bai. Sarritan agertzen dira aldizkariak albistez beterik... Hemen dirua egiteko ere ez dugu askatasunik. Burdinolen aurka daude langile gehiegi leku berean biltzeak lizunkeria bultzatzen duela uste dutelako! Ni zu bezalako gizonen alde egongo naiz beti, Galilei jauna. Zure aurka zerbait egiten saiatzen badira, gogoratu, mesedez, lagunak dituzula merkataritza arlo guztietan. Zure ostean Italiako iparraldeko hiriak daude, jauna.

GALILEO: Nik dakidanez, inork ez du nire kontra ezer egiteko asmorik.

VANNI: Ez?

GALILEO: Ez.

VANNI: Nire ustez, hobeto zeundeke Venezian. Sotana gutxiago daude. Handik borrokatu ahal izango duzu. kotxe bat eta zaldiak ditut, Galilei jauna.

GALILEO: Ezin dut nire burua iheslari bezala ikusi. Erosotasuna gustatzen zait.

VANNI: Jakina. Baina hor goian entzun dudanaren ostean, ez dago denbora galtzerik. Iruditzen zait nahiago luketela Florentzian egongo ez bazina.

GALILEO: Zentzugabekoa. Duke Gorena nire ikaslea da, eta gainera Aita Sainduak berak ere zakur-jokoa egin ziezadaten edozein ekinaldiri gogor egingo lioke aurka.

VANNI: Uste dut ez dituzula bereizten zeure lagunak arerioetatik, Galilei jauna.

GALILEO: Badakit bereizten ahalmena eta ezintasunaren artean.

 

(Aldendu egiten da bat-batean.)

 

VANNI: Ondo da. Zorte ona opa dizut. (Irteten da.)

GALILEO: (VIRGINIAren ondoan berriro.) Herri honetan, kexaren bat duen guztiak aukeratzen nau ordezkaritzat, batez ere horrek mesederik egiten ez didan tokian. Nik Unibertsoko Mekanikari buruzko liburua idatzi dut eta kito. Horrekin egiten dena ala ez dena ez da nire ardura.

VIRGINIA: (Ahots goraz.) Jendeak jakingo balu nola gaitzetsi zenuen toki askotan azken Inauterietan gertatu zena!

GALILEO: Bai. Hartzari eztia emanez gero, besoa galduko duzu gosez dagoenean!

VIRGINIA: (Ahopeka.) Gaurko deitu al zaitu Duke Gorenak?

GALILEO: Ez, baina hemen naizela iragar diezaiotela eskatu dut. Liburua eduki nahi du berak eta horregatik ordaindu dit. Galdetu funtzionari horri eta kexa zaitez itxaron arazten gaituztelako.

VIRGINIA: (Arestiko gizona atzetik duela, FUNTZIONARI batengana jo du.) Mincio jauna, ba al daki Bere Gorentasunak nire aitak berarekin hitz egin nahi duela?

FUNTZIONARIA: Nik zer dakit ba?

VIRGINIA: Hori ez da erantzuna.

FUNTZIONARIA: Ez?

VIRGINIA: Adeitsuago izan zintezkeen.

 

(FUNTZIONARIA ia bizkar emanda aharrausika hasten da, atzeko URLIAri begira. VIRGINIA itzuli egiten da.)

 

            Duke Gorenak zereginak dituela oraindik esan dit.

GALILEO: “Adeitsuagoa izatea” edo halako zerbait entzun dut... Zer gertatzen zen?

VIRGINIA: Eskerrak eman dizkiot bere informazio adeitsuagatik, besterik ez. Ezin dezakezu liburua hemen utzi? Denbora galtzen baino ez zabiltza.

GALILEO: Hasi naiz neure buruari galdetzen zertarako balio duen denbora horrek. Agian Sagredoren gonbidapena onartuko dut aste batzuk Paduan igarotzeko. Nire osasuna ez da bereziki ona.

VIRGINIA: Ezin izango zenuke zeure libururik gabe bizi.

GALILEO: Siziliako ardo pixka bat eraman daiteke zalgurdian, kaxa bat edo bi.

VIRGINIA: Beti esan duzu ardo hori txarto egokitzen dela bidaietara. Eta Gorteak hiru hilabeteko soldata zor dizu oraindik. Eta soldata ez dizute bidaliko.

GALILEO: Nori egia da.

 

(KARDINAL INKISIDOREA eskaileretatik jaisten da.)

 

VIRGINIA: Kardinal Inkisidorea.

 

(Pasatzerakoan, KARDINALA makurtu egiten da oso GALILEOren aurrean.)

 

            Zer egingo ote du Kardinal Inkisidoreak Florentzian, aita?

GALILEO: Ez dakit. Begirunezko jarrera izan du. Banekien zer egiten nuen Florentziara joan eta aspaldiko urte guzti hauetan isilean egon naizenean. Horrenbeste laudatu naute ezen, orain, naizen bezalakoa onartu behar naute.

FUNTZIONARIA: (Jakinarazten du.) Berorren Gorentasuna, Duke Gorena! (MEDICI’TAR COSME eskaileratik jaisten da. GALILEO bere aurrera doa. COSME geratu egiten da, pixka bat harriturik.)

GALILEO: Aurkeztu nahi nioke Berorren Gorentasunari nire elkarrizketa munduko bi sistema handiei buruz...

COSME: Hara, hara. Nola daude zure begiak?

GALILEO: Ez ondoegi, Gorentasun. Berorren Gorentasunaren baimenarekin, liburu hau idatzi dut...

COSME: Zure begien egoerak larritzen nau. Benetan larritzen nau. Agian ardura gehiegiz erabiltzen duzula zure anteoju bikaina adierazten dit. Ezta?

 

(Bere bidea jarraitzen du liburua hartu gabe.)

 

GALILEO: Ez du nire liburua hartu!

VIRGINIA: Aita, beldur naiz.

GALILEO: (Ahots motel eta sendoz.) Itxurak gorde. Ez gara etxera joango baizik eta Volpi leiargilearenera. Berarekin hitz hartu dut tabernako aterbean gurdi bat izango duela egunero ardo upel hutsez beterik hiritik ezkutuka alde egin dezadan.

VIRGINIA: Zuk bazenekien...

GALILEO: Ez itzuli.

 

(Joateko prest daude.)

 

FUN. NG. BAT: (Eskaileratik jaisten den bitartean) Galilei jauna, esan behar dizut Florentziako Gorteak ezin diola jada Inkisizio Sainduak zeuri Erroman galdeketa bat egiteko duen gurariari uko egin. Inkisizioaren zalgurdia zain duzu, Galilei jauna.