Eingo al deu?
Kepa Gallego
Eingo al deu?
Kepa Gallego
Artezblai, 2006

 

Maritxu nora zoaz, baina...?

 

Bitartean, “maritxu nora zoaz” abestiaren nota solteak entzuten ditugu. Argia bueltatzen denean, eskuinaldetik bartolo sartuko da. Garai bateko aizkolaria da. Txistuka datorren gazte sasoitsua. Inguruari begiratu bat ematen dio. Hautatutako enborrera urreratzen da. Beharrean hasi baino lehen, lepoan daraman zahatoari “laztan” luzea ematen dio. Hastera doa. Bat batean, txizagurea. Inguruan inor ez dabilela ziurtatu ondoren, bazter batera doa eta... Gustura ari da. Halako batean, pausu hotsak entzuten ditu. Presaka gordetzen du gorde beharrekoa. Kabenzotz! Azken ttantta... Eskuinaldetik, maritxu sartu da. bartolo dagoela ikusitakoan, harrotu egiten da. Gizonaren aurretik pasatzen da, txintik ere esan gabe. bartolo, eztarria garbitu ta...

 

BARTOLO: Ejem! (Abesten. Galai) Maritxu nora zoaz eder galant hori!

MARITXU: (Aspertuta balego bezala. Hura ere abesten) Iturrira, Bartolo, nahi badezu etorri!

BARTOLO: Iturrian zer dago? Ardotxo txuria?

MARITXU: (Pazientzia galtzeko zorian. Kantatzeari utziz) Bai, Bartolo, bai. Ardo txuria dago... Eta Gemikako piper beteak, eta Idiazabalgo gazta... (Haserre antzean) Eta txurruak!

BARTOLO: (Harrituta) Txurroak ere bai? Hori berria da. Jue! Nola aldatu den kanta.

MARITXU: (Enborrean eseriz) Bartolo, hona! Hona! Eseri.

BARTOLO: (Agindutakoa betez) Jasta! Ta...?

MARITXU: Ta? (Arnasa harturik) Hara, Bartolo. Zenbat urte daramagu lelo berdinarekin? Esan, esan.

BARTOLO: (Gogoratu nahian) Ba... (Hatzamarrekin zenbatuz) Ba... Bost... sei... zazpi... zazpi...

MARITXU: Hamaika, Bartolo. Hamaika urte luze-luzeak daramatzagu tontakeria bera errepikatzen.

BARTOLO: Gustatzen zitzaizula uste nuen.

MARITXU: Hasieran, bai. Hasieran, kriston grazia egiten zidan. Nobedadea, badakizu. Baina, martxa honetan, neskazahar geratzeko bidean nabil. Ulertzen? xix. mendearen hasieran bizi gara. “Euskaldun fededun” ezagun egiten zaizu? Eusko Alderdi Jeltzalea sortu gabe dago. Txaro Arteaga eta Emakunderen gomendioak urrun daude.

BARTOLO: Jo, neska, ze gauza arraroak esaten dituzun! Eusko Emaku... zer?

MARITXU: Bartolo, esadazu. Zer demontre egiten dugu guk biok ditxosozko iturri horretan?

BARTOLO: Ba... zuk ura biltzen duzun bitartean... ba... solasean aritzen gara...

MARITXU: Eta? Zer gehiago?

BARTOLO: (Kosta egiten zaio) Ba... ipuin zaharrak kontatzen dizkizut... Beldurrezko istoriotxoak... (Alai) Amodiozko abesti politak kantatzen ditugu elkarrekin....

MARITXU: (Ai, ene!) ...Amodiozko abesti polittak!... Hori, hori, ongi zoaz... Amodioa... Eta?

BARTOLO: Eta zer? Ez dakit nora joan nahi duzun.

MARITXU: (Bere kasa) Iturrira ez, alajaina!

BARTOLO: (Kezkatuta) Ez al zaude gustura nirekin?

MARITXU: Bartolo, Bartolotxo, ez da hori...

BARTOLO: Orduan?

MARITXU: Ea, ba. Bartolo, ni emakumea naiz. Hain itsusia al naiz?

BARTOLO: Ez, oso-oso itsusia ez.

MARITXU: Bada zerbait! Gaztea naiz, alaia, pinpiriņa... Zu, antza denez, gizona zara. Ez zara oso argia, bale, baina planta oneko mutila zara, sasoian zaude. Ez al zaizu ezer bururatzen? Pentsatu pixkat...

BARTOLO: Jo! Saiatzen ari naiz...

MARITXU: (Lagundu nahi dio) Kontuan izanda iturri ondoan pagadi eder bat dagoela... Zer egin beharko luke zu bezalako morroi indartsu batek inguruan beste inor ez dabilela ikusten duenean?

BARTOLO: Pagoak moztu?

MARITXU: (Pazientzia galtzeko zorian) Nirekin, Bartolo, nirekin.

BARTOLO: Zu moztu? Ezta pentsatu ere! Neskak ez dira mozteko. Gure amak esana.

MARITXU: Potto. Zenbat urte dituzula diozu?

BARTOLO: (Harro edo) Datorren hilean 27 beteko ditut.

MARITXU: Hogeita zazpi. Nork esango! Eta, zure adineko herriko beste mutilekin elkartzen zarenean... tabernan, edo... Ez al duzue, esate baterako, neskei buruz hitz egiten?

BARTOLO: Bai zera! Musean ez dugu horretarako astirik!

MARITXU: (Lehertzear) Bartolo, bijotza. Begira idazu! Neska desiragarria naizela uste dut. Odola pil-pilean daukat. Nire gorputza esnatzen ari da. Barrenak asetuko dizkidan zerbaiten beharrean nagoela sentitu dezaket.

BARTOLO: Ui! Hori gosea da, fijo. (Kezkatuta) Maritxu, gosaldu al duzu? Goizean potente gosaltzen ez baduzu ahulezi...

MARITXU: (Moztuz. Etsita) Ixooo! (Altxatu. mutilaren atzetik, lepoa besarkatuz) Bartolo, Nik mait... nik apreziatzen zaitut. Txikitatik ezagutzen gara. Baserri giro honetan, eta emakumearen askatasuna, oraindik, pentsaezineko utopia denez, eskertzekoa da zu bezalako gizon... (Adjetibo egokia aukeratu nahiz) gizon... garbia... nirekin gustatuta egon izana.

BARTOLO: (Barrezka) Joe! Hori egia da. Gogoratzen duzu txikitan harriak botatzen nizkizunean?

MARITXU: (Buruko zauria ikutuz) Bai, Bartolo, bai. Ahaztu ezineko esperientzia.

BARTOLO: Jua, jua... Eta behia jezten ari zinen egun horretan sartu nizun...

MARITXU: (Hiltzaile) Bartolo! (Sexy oso) Har nazazu eta lapurtuidazu nire baratzeko lorea!

BARTOLO: Bai, daukadan lanarekin, zure etxeraino joango naiz lore baten bila.

MARITXU: (Ezin du gehiago) Aski da, Bartolo, aski da. Aber! (Lasaitzeko ahalegina. Esertzen da berriro) Erantzun, bai ala ez. Kapaz izango zarela uste duzu?

BARTOLO: (Burua ikutuz) Publikoaren komodina eska dezaket?

MARITXU: Bartolo. Nirekin ezkonduko zara, bai ala ez?

BARTOLO: Tematia zara gero, e! Nahi, nahi... bai... baina... ama...

MARITXU: (Arrrggg!!) Ama! Ama! Amarekin ere oheratu behar dugu, ala?

BARTOLO: (Duin) Ei! Amarekin sartu gabe, e! Ama bakarra dago eta zu baserrian aurkitu zintudan. Ama, ama da. Ta alarguna, gainera. Ezin dut bakarrik utzi.

MARITXU: Bartolo, kari... Zazpi arreba dituzu. Portzierto, zein baino zein itsusiagoa... (Gaiztoa) Seguru asko, ezkonduko ez direnez, ez dut uste zure ama bakarrik geratzeko arriskuan dagoenik.

BARTOLO: Amak esaten du gure etxean gizon bat behar dutela. Amatxok baimena eman arte, ezin dut ezer egin. (Gogor plantak) Gauzak horrela daude. Hartu ala utzi.

MARITXU: (Erabakior) Ondo da. Ondo da. Badakizu gauza bat? (Altxatu) Tortoliraino naukazu! Zoazte zu eta zure amatxo bedeinkatu hori... (Astokeria ezpainetan. Atzera) ...iturrira, ardo txuriaren bila! (Pitxerra haustuz) Adio! (Badoa)

BARTOLO: Maritxu... Maritxu... Nora zoaz? Maritxu?

MARITXU: Maritxu, ez. Zuretzat, aurrerantzean, Oņa Maria de las Mertzedes.

BARTOLO: Maritxu... nik...

MARITXU: Agur! (Irten eta sartu) A! Eta Bartolo izena ez da batere euskalduna. Maketo!

 

maritxu badoa.

 

BARTOLO: (Lur jota) Emakumeak! Bah! Ez dago ulertuko dituen kristaurik!

 

Txistuka hasten da. Aizkora hartu eta enborrera urreratzen da. Iluntasuna.

 

* * *

 

neska (maritxu) eskenatokira bueltatuko da. Jantzia aldatu bitartean publikoarekin hitz egiten du.

 

NESKA 2: Ai, ohiturak, ohiturak, ohiturak... Ze politak diren ohitura zaharrak! Zoragarriak, bai... Museo batean giltzapean uzteko. Imaginatzen duzue ze gogorra izan behar zuen garai hartan bizitzeak? Beti gizonak esaten zuenaren menpe. Etxetik elizara, eta elizatik etxera. Eta hori gutxi balitz, Bartoloren ama bai, ohitura zela eta, gizonaren baserrira joan behar sorgin hori egun santu osoan zure atzetik, bere seme kuttuna ze gaizki atenditzen duzun esaka. Eta gauean? Ezta iturria ere. Gaua gauekoentzat. Egia esateko, gaur egun gauzak zeharo aldatu dira.

            Dagoeneko ez dugu gizonaren aginpidearen menpe egon behar. Euskal Herriko edozein herritako emakume batek bere erabaki propioak har ditzake. Dagoeneko lortu dugu... autonomia, autodeterminazioa, independentzia... (Begirada maltzurra) Geure buruaren jabe gara. Kafesne bat hartu nahi badugu? Degustaziora joan gaitezke inolako arazorik gabe. Umeak ikastolara eramateko askatasun osoa dugu. Eroskira joan gaitezke, senarra telebistaren aurrean utzita, eta inork ez digu ezertxo ere esaten. Ohean bagaude, gixonari “jakeka” itzela dugula esaten badiogu, bera gizon kontzientziatua denez, ez gaitu behar baino gehiago jipoituko. Noiz ezagutu duzue horrelakorik? Ironia gaiztoa alde batera utzita, emakumeon egoera nahikotxo aldatu dela onartu behar dugu. (Gaizto) Hala ere, kontuz, bataila bat irabazi dugun arren, gudaren garaipena, oraindik, urruti dago.

            Horrela da. Gure heziketa sexuala oso eskasa dela onartu behar dugu. Gauzak diren bezala. Zer irakatsi digute, e? “Natu” eskoletan, Anatomia eta Fisiologiari buruzko lau tontakeria, besterik ez!

            (Barre) Gogoratzen duzue ze gaizki pasatzen zuen andereņoak hori azaltzerakoan!?.... (Imitatuz) Gizonak bere zera.... emakumearen zerean sartzen du... eta.... eta... jua jua...

            Horretaz gain, “Jar ezazu - Jar iezaiozu” kanpaina eta, kitto! Hor konpon!... Neskok, gehienbat, literaturaren bitartez jarraitzen dugu sexuaren nondik-norakoak deskubritzen. “Mujercitas” eta horrelakoak irakurtzen. Eta mutilek... mutilek, hain ausartak eta lotsagabeak beti, “masterra” egiteko bizi guztiko “unibertsitateetara” joaten jarraitzen dute. Kasu askotan, gainera, guraso edo koadrilakoen “diru-laguntzarekin”.

 

Makurtu, ileordea jantzi eta, hillary barrara doa. Musika.