Eingo al deu?
Kepa Gallego
Eingo al deu?
Kepa Gallego
Artezblai, 2006

 

Salba dezagun gay jendea

 

Taberna bateko terraza. amagoia, betaurreko ilunekin eskatutako edariaren zain dago. Aldizkari arroxa bat irakurtzen ari da. Martini iragarkia egiten ari dela ematen du.

 

AMAGOIA: “Letizia declara que no le importarķa ser reina” Muturra behar da gero! (Imitatuz, edo) “Ez litzaidake bat ere inportako erregina izatea”! Hara, ezta niri ere! Kon lo ke iba a fardar yo vetida de Sisi! (Aldizkariko argazkiari) Alabatxi, kontuz “kartutxera” horiekin. Tronoan eseriz gero, trabatuta geratuko zara! Ke balor!

 

zerbitzaria dator. “Txuloplayas”. Martini gorri batetin, hain zuzen ere.

 

ZERBITZARIA: (Ausarta. Zunbon) Martini gorria eta oliba berdeak erreginarentzat.

AMAGOIA: (Borde. Sofistikatuarena egiten) Eta Burgosko gazta pixkat ekartzen badidazu... ikurrin eder bat egingo dizut. Eta ez deitu erregina... printzesa baino ez naiz. Zoritxarrez ama bizirik dago, oraingoz.

ZERBITZARIA: (Barre) Amagoia, Amagoia

AMAGOIA: Geldi hor, Braulio! Errima ikusten dizut eta.

ZERBITZARIA: Ze borde zaren! Utziko bazenit, garraztasun hori kenduko nizuke.

AMAGOIA: A, bai? Zer egingo luke zu bezalako “txuloplayas” batek?

ZERBITZARIA: (Konfidentzial) Inork sartu ez dizun tokian sartuko nizuke...

AMAGOIA: bbkren kartilan ez bada!!! Aire!

 

zerbitzaria badoa, irribarre maltzurra ezpainetan. zutoiarekin gurutzatzen da.

 

ZUTOIA: Braulio, Martini bat! A, eta Burgosko gazta pusketa bat.

ZERBITZARIA: Zure aginduetara! Zutoia, Zutoia...!

ZUTOIA: Geldi hor!

 

zutoia amagoiaren ondora doa. Muxuak, e.a.

 

ZUTOIA: Barkatu berandu etortzeagatik, baina gimnasioko “solarium”-a toperaino zegoen. Txika, gizonezkoak gorputza zaintzen hasi direnetik... Eta txarrena da ke ya no puedes ni kritikar a gusto. (Aldizkaria hartuta, argazkiari begira) Aizu, Letizia honek ez al du zelulitis itzela? Ba, tronoan esertzen bada... Porzierto, badakizu nor ikusi dudan kabina batetik ateratzen? (Begiak bris-bris)

 

zerbitzaria dager. Martinia eta gazta erretiluan. Txistuka dator: “Gora ta gora”.

 

ZERBITZARIA: Ez al zenukete zutik jarri behar? (nesken begirada hilgarria) Banoa, banoa...

AMAGOIA: (Agoanta ezinezko jakinmina) Nor?

ZUTOIA: (Martiniari zurrutada. Axolagabe) Nor, zer?

AMAGOIA: Nor ikusi duzun kabina batetik ateratzen?

ZUTOIA: Jon Kepa. Hemendik pasatzeko esan diot. Ez zaizu inporta, ezta? (Gustukoa du, antza) Eske, hain da majua!

AMAGOIA: Majuegia, bai. Baina jai duzu. Ez dut uste Jon Keparekin zeregin handirik duzunik.

ZUTOIA: (Aho zabalik) Ez duzu esan nahiko...!

AMAGOIA: (Buruarekin baietz)

ZUTOIA: Ez! Ezin da! Ez da posible! Hain da ongi hezitako mutila. Hain da kultoa, itxura onekoa, elegantea...

AMAGOIA: (Sufizientziazko irribarrea) Horrexegatik, ba! Ea ba... Ezagutzen ditugun lagunen artean zenbat daude Jon Kepa bezalako gizon perfektuak?

ZUTOIA: (Ahaleginak) Mikel... Alfredo... Mario...

AMAGOIA: Aja! Eta den-denak...

ZUTOIA: Aurreko espaloikoak, bai.

AMAGOIA: Espaloia? Lau karrileko etorbidea... semaforo eta guzti!

ZUTOIA: (Lur jota) Arrazoi duzu. Ezagutzen ditugun mutil majuenak gimnasiora joaten dira, izugarrizko gorputz landua dute, ondo usaintzen dute, gustu paregabea dute arropa aukeratzen...

AMAGOIA: ...Oskar Wilde eta Garcia Lorca irakurtzen dute, eta Barbara Streisand eta Cher-en disko guztiak dituzte.

ZUTOIA: Beno, Mariok Monica Naranjo nahiago du...

AMAGOIA: Bai, eta Mangora laguntzen dizu arropa erosten, zuk baino gustu hobea duelako. “Esto te queda ideal”. Bai ala bai?

ZUTOIA: (Amore emanez) Eta, nola jakin duzu Jon Keparena? (Inbidia punttu bat) Berak aitortu al dizu?

AMAGOIA: Berak? Bai zera! Jon Kepa oraindik ez da konturatu gay denik. Gizarte patriarkal honen aurreiritzi matxistek gainditu ezineko konplejuz betetako egoera paralizante batera eraman dute. Hori dela eta, ez da bere buruarekin zintzotasunez jokatzeko gai. (Txisteak grazia egin dio, nonbait) Jajaja.

ZUTOIA: Jajaja (Erabakior) Amagoia. Zerbait egin behar dugu. Mutil horrek ezin ditu bere bizitzaren urterik onenak alferrik galdu. Gixajoa!

AMAGOIA: Mingainaren puntatik kendu didazu. Plan egoki bat asmatu behar dugu...

 

jon kepa agertu da. Azken esaldia entzun du. Disko bat dakar.

 

JON KEPA: Plan bat asmatu? Oi, oi, oi... Zoritxarrekoa zuen atzaparretan erortzen den gixajoa. (Muxuak eta) Amagoia ese vestido te queda ideal.

 

amagoia eta zutoia elkarri begira.

 

JON KEPA: Barkatu atzerapena, baina gimnasiotik ateratzean Mari Solekin topo egin dut eta Mangora lagundu behar izan dut.

 

amagoia eta zutoia, berriro, elkarri begira.

 

JON KEPA: Unetxo bat... Komunera joan behar dut. Zerbait edan nahi duzue? (Diskoa mahai gainean uzten du) Oraintxe nator. Ez ni gehiegi larrutu bitartean.

 

amagoia eta zutoiak irribarre zuria. amagoia jon keparen atzetik altzatzen da mutilak ikusten ez dituela ziurtatzeko.

 

AMAGOIA: (Diskoa hartuta) Ikusten? Cher!

ZUTOIA: Nork esango zuen! Ke desperdizio! No si, azkenean lesbiana bilakatu beharko dugu!

AMAGOIA: Bai, eta kamioi bana erosi! Ez izan lerdoa!

ZUTOIA: Neska, ez izan karka! Lesbiana izatea ez da hain txarra!

AMAGOIA: Ez dut horregatik esan! Baina zu ez zara nire “tipoa”. (Harira) Gu bere lagunak gara. Armairutik ateratzen laguntzen ez badiogu ez dugu emakume izenik merezi.

ZUTOIA: (Moska) Uste duzu esaera hori... kasu honetan ere erabili daitekeela?

AMAGOIA: Badakit zer egin. Entzun ondo. Esertzen denean, komo ke no kiere la kosa, atera ezazu lehen aipatu ditugun lagun horien gaia. Gai-a? Jajaja. Nosi, azkenean, euskara bera ere...

ZUTOIA: Ixo! Badator! (Disimuloan)

 

jon kepa, eseri eta tragoxka ekarritako vermoutari.

 

JON KEPA: Zer? Jugularra moztuko didazue ala zuen baimena daukat bizirik jarraitzeko?

 

zutoia eta amagoiak plastikozko barreak.

 

ZUTOIA: Tonto! Mikeli buruz ari ginen.

JON KEPA: Mikel? Kojonudoa morroia! Gimnasioko dutxetan egon gara hizketan.

 

Nesken arteko begirada konplizea.

 

JON KEPA: Ausarta izan behar da, berea publikoa izanda, dutxetan, besteen aurrean, ezer gertatuko ez balitz bezala egoteko. (Tragoa)

ZUTOIA: Zu ez zinateke horretarako gai izango?

AMAGOIA: Beno, maila horretan, gauzak izugarri aldatu dira. (Intentzio osoz) Gaur egun, homosexualitatea ez dago lehen bezain gai...zki ikusita.

ZUTOIA: Gai...nera, zure sexualitatearen berezitasuna natural-natural onartzen baduzu, mundu guztiaren aurrean defendatzeko gai izan zaitezke.

AMAGOIA: Adibidez. (zutoiari begira) Demagun, hipotesia da besterik ez, e! Zuk holako sekretu bat izango bazenu... zer egingo zenuke?

ZUTOIA: Gogoan izan hipotesi hutsa dela.

JON KEPA: Ez dakit, ba. Duda gabe, zuei esango nizueke? Horretarako zarete nire lagun minenak.

AMAGOIA: Eta?

JON KEPA: Eta?

ZUTOIA: Eta, zer? (Pausa) Ez al diguzu ezer esan behar?

JON KEPA: (Ixiltasuna) Arrazoi duzue. Nire lagunak zarete eta eskubide osoa duzue orain arte ezkutuan gordeta izan dudan sekretua ezagutzeko. Baina, ezer baino lehen, zin egin behar didazue ez diozuela inori kontatuko.

 

amagoia eta zutoiak satisfakzio aurpegia.

 

AMAGOIA: Lasai Jon Kepa. Hilobirano eramango dugu zure sekretua.

ZUTOIA: Ez diogu inori esango gay zarela.

JON KEPA: Zer? Gay? Ni? (Barrez lehertzen)

 

neskek ez dute ezertxo ere ulertzen.

 

JON KEPA: Baina, baina... Horrelakorik! Entzun, ba, belarritik, kotila halakook: Datorren hilean Mirenekin ezkonduko naiz. Baina dena lotuta izan arte ez genuen ezer esan nahi. Horra hor sekretua. Jua, jua, jua... (Altxatu) Beno neskak, estimatzen da zuen diskrezioa. Juajuajuajua. (Edandako martinia seinalatuz) Gonbidatuta nago, ezta? Juajuajuajuajua.

 

Biak zur eta lur geratzen dira. Iluna.

 

* * *

 

NESKA 2: Zuek nahi duzuena esango didazue... Baina, dagoeneko, ezin zara fiatu. Lehen, gauzak askozaz ere errazagoak izaten ziren. Mutila, bigarren birrara zure titien gainera erortzen bazen modu trakets eta basatian: heterosexuala zen. Mutila, bere amak janariak prestatzeko zuen trebetasunaz hitz egiten bazuen, berriz, homosexuala. Eta denok pozik, egoera menperatzen genuelako.

            Orain ez. Orain, gizonak klasifikatzeko modu xinple horrek ez du ezertarako balio. Eta nik neure buruari galdetzen diot: Hain zaila al da behar bezalako mutila aurkitzea?

            Emakumeak ulertzea oso erraza da. Arreta pixkat jarriko balute...

            Honako hauek dira neska normal baten oinarrizko beharrak: Hilekoarekin gaudenean, Andoni Aizpuru bezalako mutil goxoa behar dugu gure ondoan.

            Egun txar bat pasatu badugu eta etxean alaitasun pixkat behar dugunerako, Klaudio Landa batekin nahikoa eta sobera dugu. Eta Sobera aipatu dugula... Sobera, Karlos, oso ondo dago aita baten babesa behar dugun egunetarako.

            Lujuria eta pasiozko gau eroa igaro nahi badugu, berriz, Euskitze bezalako bat ez legoke bat ere gaizki.

            Erraza da, ezta? Beno, ba. Orduan, horren garbi badago, zergatik da hain zaila baldintza horiek guztiak gizon bakar batengan aurkitzea?

            A! Detaile txiki bat ahaztu zait: gu etxean sartu bezain pronto, eta gure begietara begiratze hutsarekin, ze rol interpretatu behar duen asmatzeko gai  izatea. gai?

            Baina errua, erru guztia, geurea baino ez da. Emakume batek, “Ama status”era iristen denean, izugarrizko aldaketa sufritzen du bere baitan. Eta semeak behar bezala hazi eta hezi ordez, betiko akatsak irakasten dizkie, Mugimendu Feminista barruan ezer ikasi izan ez balu bezala. Kontu hormonala izango ote?

            Erne beraz semeei ematen diezun tratuarekin! Gogoan izan gaurko emanaldian zaudeten emakume gehienak, Jainkoak erremediatzen ez badu, etorkizuneko amak izango zaretela... Dagoeneko ez bazarete.