Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Denonartean, 2020

 

03. ESZENA

TROGLODITAK

 

(espe eta leo troglodita itxura hartzen hasten dira. Beraien mugimenduak eta hitz egiteko modua garai aldaketaren adierazle dira)

 

LEO: Aaluuhh! Aaluuhh!

ESPE: Aaluuhh! (Atriltzakoak egin dituen euskarria lurrera bota eta gainera igotzen da)

LEO: (esperi begira) Aalua! (Zakutik harri bat atera eta arretaz erreparatzen dio) Aaluuhh! Aaluuhh! (Bat-batean horman marra bat itxuratzen du) Marra! (Barre egiten du) Aaluuhh! Aaluuhh! (Beste marra bat egiten du) Marra-marra! (Gero eta ozenagoak dira barre-algarak) Aaluuhh! (Deabruak hartu balu bezala hasten da horman marrak egiten) Marra! Marra! Marra-marra! Marra! Marra! Marra-marra-marra! (Bozkarioz barre egiten du bere sormen prozesuaren baitatik) Marra! Marra! Marra-marra-marra! (Bukatzean begiak eszenan iltzatuta izan dituen esperengana hurreratzen da. Elkarri begiratzen diote)

ESPE: Aaluuhh! (Bulkada sortzaile batek astindu balu bezala, leo antzeratzen hasten da. Zakutik beste harri bat atera eta horman marrak egiteari ekiten dio) Marra! Marra! (Barre-algaraka) Aaluuhh! Aaluuhh!

LEO: (Berak ere barre egiten du piezari helduta) Aaluuhh!

ESPE: (Marrazten jarraitzen du) Marra! Marra! Marra-marra-marra! (Sortu bitartean barre egiten du. Bere barreak kontzentrazio mailaren adierazle dira) Marra! Marra! Marra-marra! (Bat-batean geratu, leori begiratu eta keinu bat egiten dio berak ere errepara diezaion) Eh! Eh! Aaluuhh! Aaluuhh! (Astiro eta tentu handiz, marra luze bat marrazten du marra labur baten ondoren) Marra! Marratxo!

 

(Barre egiten du) Aaluuhh! Aaluuhh! (Marrazten jarraitzen du bere aurkikuntzari bide emanez) Marra! Marratxo! Marra-marratxo! Marra-marratxo! (Inspirazioak jota, marrazten eta barrez jarraitzen du) Marra-marratxo! Marra-marratxo! Marra-marratxo! Marra-marratxo!

 

LEO: (Zerbait esan nahian, esperengana gerturatzen da astiro-astiro) Aaluuhh!

ESPE: (Bere baitan murgildurik, margotzen jarraitzen du) Marra-marratxo! Marra-marratxo!...

LEO: (Atzera bere arreta erakartzen saiatzen da) Aaluuhh!

ESPE: Marra-marratxo! Marra-marratxo! Marra-marratxo! Marra-Marratxo!...

LEO: (Haserre, oihuka) Aaluuehh!

ESPE: (Bat-batean geratuz) Zer?

LEO: (Arnasa sakon hartu eta gaitzespen keinu nabarmenak eginez) Ejem! Ejem! Aaluuhh! Jakin al liteke zer adierazi nahi izan duzun mihise zimurtuon gaineko paleolito garaiko performance honekin?

ESPE: E? (Bizkarra uzkurtzen du) Ba... horixe... Mamarratxo bat!

LEO: Aaluuehh! (esperi harria kendu eta lehendik berak zuenarekin batera lezioa ematen hasten da) Begira! (Bi harriak elkarren kontra kolpatzen ditu) I+D! (Harriak kolpatzen jarraitzen du) Neolitikoa!

ESPE: (Harrituta begiratzen dio) Neolitikoa?

LEO: Bai, Neolitikoa... Begira (Harrietako bat puntzoi moduan hartzen du esku batean eta mailua bailitzan bestea beste eskuan) Eskua hola! Esku hola! (Horman marra bat zizelkatu eta harriak esperi ematen dizkio)

ESPE: (Harriak hartu eta elkarren kontra igurzten ditu, emeki) Esku hola (Teknika berriarekin pixkanaka harri berrian sortzen hasten da) Esku hola! Marra! Esku hola! Marratxo! (Berehala ahazten du teknika berria) Marra-Marratxo! Marra-marratxo! Marra-marratxo!...

LEO: (esperi eskuak geldiaraziz) Horrela ez... Eskua... hola... (Eskuak behar bezala kokatzen dizkio) Esku hola!

ESPE: (Ikasle saiatua bailitzan kasu egiten dio leori) Esku hola! Esku hola! Esku hola! Esku hola! Esku hola! Esku hola! Esku hola! (Bere aurrerapenez harro leo besarkatzen du)

LEO: Eta orain kontzentratu eta pentsatu betikotu nahiko zenukeen gauza garrantzitsuren batean... Gure ondorengoek milaka urtean oroituko duten zerbaitetan...

ESPE: (Une batez pentsakor geratzen da. Presioa nabari zaio...) Milaka urtean oroitua izango den zerbaitetan?... Pufff! (Sorbaldak uzkurtu eta korrika irteten da haitzulotik...)

LEO: Baina nora zoaz?!

ESPE: (Desagertu aurretik itzuli egiten da) Nora noan? (Harriak erakutsiz) Esku-holara! (Eskolara esan nahian)

 

(Isilunea)

 

LEO: (Zakua hartuta) Esku-holara? Eta motxila? (Paretan dagoen aluari begira gelditu eta bertsook abesten ditu)

 

Zergatik, zertarako,
noiz, non, nola, zeri?
Erantzunik gabeko
galdera gehiegi,
Eskuolan ez zidaten
erakutsi neri.

 

Sasi guztien gainetik
laino guztien azpitik
sorgin batek ametsak
ipuin bihurtzen dizkit,
ikimilikiliklik,

ipuin bihurtzen dizkit.