Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Denonartean, 2020

 

15. ESZENA

GALTZERDIA

 

(espe eta leo bere izaera propiora itzultzen dira)

 

ESPE: Nola? Et, et, et... (Ikus-entzule bati) Ez duzula ulertu noiz den errealitate eta noiz amets?

LEO: Ez duzula ulertu noiz den errealitate eta noiz amets?

 

(espek eta leok elkarri begiratzen diote. Pausa)

 

ESPE: Ba, agian horixe da kontua, ez?

LEO: (Eseri eta hanka bateko oinetakoa eta galtzerdia eranzten hasten da) Batzuetan habitatzen dudan larruazala galtzerdi bat baino ez dela iruditzen zait.

ESPE: (Esekita zegoen galtzerdietako bat hartzen du) Galtzerdi bat!

LEO: (Esku batekin galtzerdia hartu eta erakutsi egiten du) Esna nagoenean, barruan dagoena nire barne-mundua da eta kanpoan dagoena unibertsoaren errealitatea.

ESPE: (leori bere galtzerdia erakutsi eta buelta ematen dio)... Eta amets egiten dudanean, bizi naizen galtzerdiari buelta ematen diodala, horixe da gertatzen dena.

LEO: Amets egiten dudanean, nire barne-mundua unibertsoaren errealitate bihurtzen da eta kanpoan zegoen guztia nire barne-mundu.

ESPE: (Galtzerdiari bueltak ematen dizkio behin eta berriz) Errealitatea, ametsa... Errealitatea, ametsa... Errealitatea, ametsa...

LEO: Zein aldetan zauden, horixe da kontua.

ESPE: Habitatzen dugun larruazala galtzerdi bat baino ez da...

LEO: Espe, badakizu gorputzeko zein zonaldetan dagoen gure galtzerdiari buelta emateko zulotxoa?

ESPE: Ametsen mundutik errealitatera igarotzeko? Non?

LEO: Gure zilborrean. Horretarako balio du gure zilborrak, ametsen mundutik errealitatera igarotzeko.

ESPE: (Barre egiten du) Jakina! Orain ulertzen dut guztia. Horregatik esnatzen naiz goizero-goizero zilborra pelusillaz beteta... Nire galtzerdiari ematen dizkiodan buelta guztiengatik!

LEO: (Bera ere barrez) Kalimotxoa!

ESPE: (Barrez lehertu beharrean) Kalimotxoa! Lehertu egingo naiz e...! Ala, goazen!

 

(Joan aurretik dena jasotzen dute)

 

LEO: (Paretan dagoen aluari begira geratzen da) Ez dakit... Zuk uste hor kanpoan prest daudela gure aurkikuntzaren berri izateko?

ESPE: Zertaz ari zara?

LEO: Ez dakit... Agian beste 15.000 urte pasatzen uztea izango da onena, ezta?

ESPE: Niri pena emango lidake ez partekatzeak... Badakit! Non esango zenuke bizi direla gaur egungo sorginak? Zein izango lirateke xxi. mendeko kobazuloak?

LEO: Baaa... Zalantzarik gabe museoak, antzokiak...

ESPE: ...Kultur etxeak, tabernak, elkarteak...

LEO: Gure zuloak!

ESPE: Ba agian hor kontatu beharko genuke hau guztia.

LEO: Puf, hor bai daudela troglobioak!

ESPE: Ez gutxi gainera! Ze, bagoaz?

LEO: Itxaron! Zuk uste sorgin-amets kolektiboak izan ditzakegula?

ESPE: Sorgin-amets kolektiboak?

LEO: Bai. Biok aldi berean, amets bera...

ESPE: Tira, funtsean gauza bera litzateke, ezta? Zerbait berezia amestu nahi al duzu?

LEO: Bai. Gure kantua beste behin kantatzen dugula amestea gustatuko litzaidake, eta troglobio guztiek estribilloa gurekin batera kantatzen dutela.

ESPE: Ze ona! Hauek parekorik ez dute, eta seguru ezin hobeto egingo dutela.

LEO: Hasiko al gara estribillotik ondo ikas dezaten?

 

(Estribilloa publikoarekin batera kantatzen dute)

 

Sasi guztien gainetik

laino guztien azpitik

sorgin batek ametsak

ipuin bihurtzen dizkit,

ikimilikiliklik,

ipuin bihurtzen dizkit.

 

Aurrerantzean ere

gauero ahal dela

ametsak ta ametsek

gaur arte bezela

bete ditzagun eta

bete gaitzatela.

 

Sasi guztien gainetik

laino guztien azpitik

sorgin batek ametsak

ipuin bihurtzen dizkit,

ikimilikiliklik,

ipuin bihurtzen dizkit.