Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Ama-alu-lur
May Gorostiaga
Denonartean, 2020

 

07. ESZENA

LEHIAKETA

 

(Pantailan lehiaketa baten hasierako Promoa ageri da, Pasapalabra moduko lehiaketa bati hasiera ematen diona. Promoaren amaieran “hitz hasieren uztaia” ikusten da; halabeharrez, asmatu beharreko hitz guztiak “P” letraz hasten dira. espek bere burua pantailako irekiduratik “uztaiaren” erdian agerrarazten du. Off ahotsez aurkezleaK galdera ezberdinak egiten ditu espek erantzun ditzan...)

 

AURKEZLEA: Espe, arkeologo eta biologoa, sari potoloa lortzeko bidean gaude... Zakua eramango bazenu, zer gustatuko litzaizuke egitea?

ESPE: Ba betidanik nahi izan dut nire lagun Leorekin bidaia bat egin.

AURKEZLEA: Leku bereziren batera?

ESPE: Bai. Belgikara. Dinant hirira. Han Marveilleuseko kobazuloa dago, estalaktitak eta estalagmitak ikusteko Europako ederrenetarikoa...

AURKEZLEA: Dinant hiria, Belgikan.... Nire gidoigileek pinganillotik esaten didate saxofoiaren hiri bezala dela ezaguna, bertan jaio baitzen Adolphe Sax handia, saxofoiaren asmatzailea... Ba al zenekien, Espe?

ESPE: Bai, jakina. Nire lagun Leok eta biok saxofoia jotzen genuen umetan. Akademian ezagutu genuen elkar... Leok esaten zuen egunen batean elkarrekin joango ginela Dinantera, eta saria irabaziko banu, gustatuko litzaidake bera eramatea, eta Adolphe Saxen etxe-museoa ikustea, eta Marveilleuseko kobazuloa, eta...

AURKEZLEA: Ze istorio polita! Baina, tira, Espe, goazen sariaren bila! Lau erantzunetara gaude...

            Betirako gogoratua eta ohoratua izan zaitezke.. 15.000 urtean zehar pilatutako zakua daukagu.

            Has gaitezen! Denbora! (Pantailan atzerako kontaketari hasiera eman dion erloju bat ageri da, 15.000, 14.999, 14.998...) “P” letrarekin: Neolito eta Mesolito aroen aurretiko historiaurreko aroa.

ESPE: Paleolitikoa!

AURKEZLEA: Erantzun zuzena! (Pantailan “P” letra nabarmentzen den borobiletako bat berdez koloreztatzen da. Denborak aurrera jarraitzen du...) “P” letrarekin: Alua hizkera arruntean.

ESPE: Potota!

AURKEZLEA: Erantzun zuzena! (Pantailan beste borobil bat koloreztatzen da berdez. Denborak aurrera jarraitzen du...) “P” letrarekin: zoru pelbikoarekin lotura duen gorputz atala.

ESPE: Perineoa!

AURKEZLEA: Erantzun zuzena! (Beste borobil bat koloreztatzen da berdez. Denborak aurrera jarraitzen du...) “P” letrarekin: Ariston eta Perictioneren alaba eta Platon greziar filosofo handiaren arreba. (espeK ez du erantzunik aurkitzen. Denborak aurrera jarraitzen du... Segundo batzuen buruan, aurkezleaK galdera errepikatzen du...) “P” letrarekin: Platonen arreba nagusia. (espek, etsipen keinu nabarmenez, argi adierazten du ez dakiela erantzuna zein den. Denborak aurrera jarraitzen du. Eta aurkezleaK errepikatzen dio...) Betirako gogoratua eta ohoratua izan zaitezke, Espe. “P” letrarekin: Platonen arreba. (Denbora 2.450ean geratzen da. Soinu kirrinkari bat entzuten da erantzun okerraren iragarle. “P” letra inguratzen duten borobiletako bat gorriz koloreztatzen da. esperen aurpegiak porrota irudikatzen du. aurkezleak azalpenak ematen ditu...) Potone. Potone zen erantzun zuzena. Ooooh! Lastima! Inor ez da zurekin gogoratuko! Orain dela 2.450 urte jaio zen Platonen arreba nagusia. Potone! Inor ez da zurekin gogoratuko! Potone! (Etsipenak abaildua, espe pantailaren atzean desagertzen da. Programaren sintonia entzuten da berriro eta letren “uztaia” alu forma hartzen joango da aurkezlearen ahots distortsionatua entzuten den bitartean...) Inor ez da zurekin gogoratuko! Potone! Potone! Inor ez da zurekin gogoratuko! Potone!!! Inor ez!!! Inor ez!!!