Arrastoak
Ainara Gurrutxaga
Arrastoak
Ainara Gurrutxaga
EHAZE, 2016

 

hitzaurrea

 

Memoriaz gogoetatzeko beharraz

 

Antton Luku

 

            Bakarretan antzokitik atera naiz nihaurren buruari galdeginez antzerkia bera ez ote nuenez hastiatzen. Edo antzerkira joateari lotua zaion guzia: antzokia bera, sartzea, aitzin eta ondotik egin behar ditugun antzezpen txar bortxatuak, lanean berean antzerkirik ez ikustea, non ez den betiko parodia, antzerki egitea deitzen den alegiazko joko orokortua... dena. Konbentziturik nago alta, euskal kulturaren garapenerako (euskal kultura diodalarik euskara aske bati lotu kulturaz ari naiz edo diglosiari gerla egiteko armatua, ñabardura horiek oro ez baitira iparraldeko testuinguruan behintzat erretorika efektu soil) hots, delako kultura horren garapenean antzerkiak badaukala rol saihestezina. Dena den teatroan —horretan sartzen ditut forma garaikide eta tradizional guziak, sail ofizialeko edo herrikoiak— segitzen dugu zakurra bezala eneatzen. Gauzak normalizatu direla entzuten da, egia da bakoitzak bere betebeharra segurtatzen duela, dela antolaketan, dela muntatzean, sala betetzen horiek eta erreseinak publikatzen haiek. Denak kantuz ari gara kurrunka berean, denek gure papera atxikitzen, mezu baikorrak antzerki guzien after-ean erredoblatuz.

            Enpatia handia daukat antzerkitik lekora kritikari lan eskergabea bizkarrean daraman kazetariarentzat: “kontxo, zer erran hezake hik honetaz?” Kazeta erosten dugu biharamunean eta... “Diu biban, atzeman dik zerbait.” Positibo. Eta aldikal dezepzio bera : ez genuen hola ikusi. Eta ondoko aldian berdin. Beti. Eta hondarrean ulertzen dugu, ez dela ariketa hori kritika, baina ekintza hitzartu bat, konbentzio bat, gure “euskal munduan” antzerki guziek —ez guziek, baina behar diren bezalakoek, behar den testuinguruan antolatuak direnek edo Bilbo 2045 programan tenorez sartuek— konplimendu bera hartze dutela bota izerdiaren sari. ehko morala gora atxikitzeko sinetsi behar dugu aitzinatu garela. Ontsa izan behar da, eta kazeta hestean errepikatzen dugu guk ere ontsa zela. Konbentzio horretan integratuak izateko. Obra bat hola da historian sartzen, eta berehala ere historiatik lekutzen, kultur munduan arrain gorri baten memoria baitugu.

            Eta kazeta osoari gertatzen zaio gertatzen ahal zaion gauza gaitzena, ez dugula gehiago uste barnean idatzia denak egia mikorik garraiatzen duela... edo hasteko segur gara idazten duenak ez duela hori pentsatzen. Kazetariak ordaindu behar litezke zinez harrapatu dituzten antzerkiez idazteko bakarrik, eta ez bada hala, ba paso egin bezate. Uste dut antzerkiaz artikulu gutxiago genukeela eta teatroa aipa genezake hondarrean.

            Ezen hau ez baita hemen errana polemika berri baten irekitzeko, baina ez dezagun sar zaku berera antzokiaren atarian lagunak agurtu ondoan, autoko kontaktua piztu orduko ahantzi ikuskizuna eta ondoko egunetan gatza zaurian bezala mina piztuko diguna, izan amodio edo beste gisako dolore. Euskal komunitatearen makurra da ez dugula deus kapitalitzatzen, eskala kolektiboan —beste nonbait beharko da horretaz ari izan— baina edozein euskalzaleren ibilbidean zedarriño batzuk badaude, komunitate horren kide egin baitute eta bertan atxiki.

 

 

            Arrastoak Luhuson ikusi nuen estreina egunean, eta Izpurara ekarri zutelarik lizeoko antzerki saileko ene ikasleei erran nien estakururik ez nuela onartuko, emanaldi batendako bezala mobilizaturik izan behar zutela gelan, tenorez, lehen mailan lerro-lerro jarririk eta zentzu guziak adi. Holako bost-sei ateraldi egiten genituen urtean, lan ederrak tarteko, besteak helburu alimentarioagoz muntatuak. Baina denak ere fama zerbait lortu zuten antzezlanak, frantsesez gehienak, gazteleraz edo euskaraz besteak. Hirugarren urteko saila segitu zuten batzuekin egon nintzen Izpurako emanaldiaren ondotik eta aho bakar trenkatu zuten: Arrastoak zen egundaino beren bizian ikusi zuten ikuskizun markagarriena (bizi laburrean: 18 urte zituzten, 6x3 ez da 18 baizik, baina bon). Hauetan baziren euskara guti edo gaizki zekiten batzuk, euskaltzale porrokatuak besteak... Hori guzia errateko, dudarik ez dela, frogak behar balira, lan zinez aparta baten aitzinean egon ginela. Hasteko, bere antzerki-lana bete zuen Arrastoak-ek, eta gure gogoetan Dejabu hurbiletik zaintzeko taldeetan ohatu. Lana orain da hasten, euskal kultura helburu duen edozeinek disekzio lan bat bideratuko baitu, bere kolkorako ez bada ere, jakiteko ea zerk ematen dion indar hori.

            Dejaburen ikuskizunen biharamun eta ondoko egunetan, begiak hestean, erremanentzia handia dute pertsonaiek. Kontaketaren beharren arabera, trumilka aitzinetik pasarazten dizkigute, zein zein baino ezberdinago eta arraroago, batzuek agertze biziki laburra dute, baina haiek dute denbora eta espazioa definitzen. Espontaneoak dira, iduriz bat-batean kaskezurretik armekin sortuak baina haien inguruko marra hain da zehatza non kausitzen baitute berehalako izatea agertzea. Karrika-argazki artearekin atxikitzen du konplizitate zerbait antzerki mota horrek. Kreatura horiek, maingu edo boz zakar, irri bitxiko, karikaturatik urrun egoten dira haatik eta irria sortzen badute ardura, irri horrek ez du burlarekin ikustekorik. Begi-bistakoa zaigu behatzaileoi mundu hori oneriztez dela begiratua, pertsonaiaren eraikuntza amodio ekintza da eta publikoaren karkailak izaki horiek gure komunitatean sartzen ditu. Irri hori, urrunago ikusiko dugun bezala, Dejaburen optimismoa dateke jendartearen gero posible batez.

            Objektuek digute, bestalde, lan honetan bereziki kausitzen. Agerraldiz agerraldi, eta eskutik eskura pasatzen dira, ukitzen ditugu, haztatzen, neurtzen, forma, itxura eta hozberoa, narrazioaren haria dute pirutik edekitzen, haien presentziaz kasik eskultura estatusa erdietsi arte, readymade artearekin konexioa lortzen du tiradera zoko batean ahantzia zitekeen lepoko batek, fetixismoraino. Gure ezbaian ezartzeraino... objektuarekin dugun harremanaz, batzuk erosi orduko aurtikiak eta besteak, berriz, ezin bota, atxikitzaileek baizik ez baitaukate haien muntaren giltza, eta karga sinboliko horrengatik antzerki muin bilakatzen dira, lengoaia-elementu izateraino edo, bederen, atxikitzen baitute moldatzen zaien ingurumenean, sasi-museo intimoan, misterioz bete estatusa.

            Panpin laborategia da Dejaburen bigarren izena. Xehetasun horrek ozen errebindikatzen du ofizioa marionetista dutela. Arrazoirekin. Txotxongiloa aktore neutro guztiahaldun perfektuaren eredua da, aktorearen malgutasunaren esentzia eta biluztasuna, horren erabiltzeak gorputz eta jestuaren zientzia erakusten dizula. Arrastoak-en pertsonaien arteko desberdintasunak gaitu beti alan atxikitzen, eta, hobeki begiratuz, joko erregistro eta interpretazioen arteko ezberdintasun erreberrituak adi gaitu mantentzen. Joko-estilo kohabitazio bat. Burutik ez zaigularik inoiz pasatzen eskola ezberdineko jokalariak dituztela nahasi, arropa garbitegian Lur eta Margaren arteko eszena lekuko. Hein berean ezartzen balute bezala, bata bestearen ondoan, estatus horizontal batean, panpina eta bere erabiltzailea. Ez da bigarren mailako jesturik mundu horretan, ez da taylorismorik, ekintzen hierarkizaziorik, ofizialen tailerrean gabiltza, zizela zorrozten du batek besteak mihiztadura atera dezan garbi. Marketeria pieza ahantzezinak lortu arte. Agerraldi hura non Mixel (mundu horretako pertsonaia espontaneo) Parisetik Ana Mariren (panpina) besarkatzera itzultzen den, hor da Lur (joko hurbileko protagonista) eta hor da marionetista edo erizaina edo hasteko etzana den gizagaixoari bizia ematen dion xamana (magia-zeremonia gertatzen da hor, biziak objektua bereganatzen du), parte hartzen baitu denen pena edo zorion berean. Kantorrek berak ukatuko ez zuen agerraldi miresgarri horretan, rol guziak azau batean sintetizatzen ditu aktoresak korapiloaren askatzeko, hainbeste pertsonaia bolia bezala leundu ostean, sekulan baino ederragoa da tul horren gibelean, sekulan baino egiatiagoa. Miraila erakusten digu edo taula gainera igoarazten, berari identifikatuz. Hori guzia errateko so egiten edo irakurtzen erakusten digun genero baten parean gaudela.

            Zer da hau beraz? Eszena bilduma bat? Pertsonaia katalogo bat dugu Arrastoak? Ez, hori baino gehiago, ezen, edozein idazle desafiatzen dut, Parisko agerraldian, Mixelek elur urrun hartan errebelazioa egiten duelarik, bizi izan dugun hotzikara sortzera, butaka guzietan bilo guziak hola zurtzera, kontaketaren estrategia milimetratu bat antolatu gabe.

            Antzerki honen indarra narrazio teatralaren kontrolean baitago. Eta, beraz, orain honen publikatzeko lehen arrazoia. Ezen nola ari dira ororen buru? Tramankulu oso guti baliatuz, zabortegian bildu burdin kutxa arrunt bat (bizi izan den traste bat), kubo baten sei alderdietara etengabe makurrarazia, objektuen funtzioa desbideratuz, etxekoz etxeko erran dezagun. Aldi berean, gure literatura zahar hoberenean bezala, epikoa eta drama abilki tartekatuz, gure soa argi doituz, sinpleki gidatuz eta lerraketa sotil batek eskutik eramaten gaituelarik irudi oparo batean urtzera.

            Dramaturgia sendo horrek nau hemen interesatzen, ilusio edo magia-artifizio horretaz ari naiz, ondoko irudia egiten baitu begi-bistakoa, isilarazten baititu gelan arduregi entzuten ditugun “ez dut deus ulertu” guziak.

            Kontaketa antzerkiaren errekurtso guziez txirikordatua da, adimena erne mantentzeko bozak transformismo guziei mailegatzen die, baina ohar, ez gaituzte sekulan ipuinetik ateratzen uzten, narratzailearen ahotsa beti nonbaitetik ateratzen da eta hatsarreko ipuin zati horrek ere psikoanalistaren grabaketaren kolorea dauka. Sortu unibertsotik mintzo da beti antzerkia. Hemen trenean mikro bidaia izanen da, han izen soil baten ahoskatzea, segidaz ernari, objektuaren birjalgitzea berdin, izan lepoko edo gutun,jantzi baten errepikapena, baina zinez, liburu honen lehen orrialdeari kasu ematen badiogu, ohartzen gara testuaren planoa bere pertsonaien zerrendan dagoela, haien arteko komunikazioan edo haien arteko trukean balego bezala gure arazo guzien askapena.

            Dramaturgia oinarritzen da gure antsien kudeaketan, misterioaren terra incognita-n, gu pertsonaiekin batera fidatzen gatzaizkio halabeharrari, intuizio eta inbidiei, hiri erori haren labirintoan, errealitate intsolito horren besoek tinkatzen gaituztelarik eskua luzatzen dugu eta gu bezalakoak bilatzen. Bide bazterrean ikusi pertsonaia arraroenak, itxuraz antipatikoenak berdin erakuts diezaguke funtsezkoa zaigun xendra. Hau dramaturgia edo Larzabalek erakaspena deitzen zuena den jakiteko hausnartzera igortzen gaituela. Denetan dugu ikasten, mintzatzea delarik giltza.

            Louis Jouvet aktore eta zuzendari frantsesaren Le theâtre est un beau langage formula testuaren ontsa idaztearen defendatzaileek anitz baliatua izan da, hizkuntzaren alde jasoa helburu. Jouvetek alta ez zuen langue / hizkuntza erran, lengoaia baizik, antzerkiaren mintzoaz ari zen. Dejabukoek erabiltzen dutena. Gure bide galduak-en deia usatu gintuzten bezala, errateko, azaltzeko, kontatzeko non ez den salatzeko, poesiaz orratu irudi konplexuz liluratzen gaituzte, ezezagunean argia erakusten, eta ikuskizuna joan ahala, taula gainean ekintzek gure gogoaren mapa marrazten dute eta esanahia irakurgarri egiten. Istorio horrek hidra baten mila besoz tinkatzen gaitu, sare baten harietan biribilkaturik gaude, erredoblatzen diren metaforez ehundu sarea da, izan erreka, arrain, hosto, sute, kointzidentziek mozkortzen gaituzte, hondarrean konprenitu arte koherentzia hori enigmaren bukaera baizik ez dela.

 

 

            Hada ipuin bat? Nekez. Munduaren mintzoa izateko apustua. Hunkigarria da, gure ikuspegitik, antzerkilari horiek ondoko belaunaldikoak direla ohartu eta, beren inguruko munduaren errateko tema. Deus eta nehor ez ahanzteko. Ordenagailuekin sortu diren horiek, ganbaratik parkera haziak, nola burasoek doi-doi ezagutu dituzten lanbideak nahi dituzten erran, atera antzerkilarien plegu horietatik non antzerki guziek idazle edo antzerkilari baten istorio kontatzen duten. Gure bide galduak-en paper-lantegietako errotatiba haiek oraino itzultzen zaizkigu gogoan, oraingo ikuztegiko lurrunaren hasperenaren konpasean. Antzerkiaren fundamentuan sartzen dira gaztetasunaren freskotasunez, haste-hastetik errebindikatuko balute bezala batzuen ondokoak garela, eta zilborrari begiratu orde, hobe dugula besteen gorputzetan sufrikarioaren irakurtzea gurea ulertzeko. Ohartu arte antzerki egile batentzat lanak zimurtu gorputzek beste posibilitateak eskaintzen dizkigutela.

            Gure inguruko horiek gureak direlako eta gure historiaren formulatzeko haiena ere kontatu behar baita. Bertsioen gurutzatzean datzalako egia. Maite ala ez, bizi garen mundu hori sistema bat bezala ikusi behar dugu eta antzerkiak duen abantaila edo indarra horretan dago, historian ate handitik sartzeko pertsonaia ttipien zirrikitutik hasi behar dela dio obrak, hauek dira egin ahala hurbiletik tinkatu beharrak, lehengo ekintzen nondik nora hartzeko erdi arrotz horien defentsa segurtatuz. Lan honi emozio handia badario ere, erromantizismoari uko egiten diotela ohartzen gara hastetik, mundu kaotiko bat dute mintzagai, emigrante, hizkuntza nahasketa,jende on eta gaiztoz betea den mundua. Baina umore fin, alegeratasun diskretu eta baikortasun herdoilezina ekoizten du ikuskizunak, aitzinatu arau kaos honetatik aterako garelako fede-egintza bezala. Eta sustut ohartzen gara mundu hori biziki aberatsagoa dela gure kondaira ofizialekoa baino, konplexutasunak baikaitu heldu egiten gure baitan eta gure artean.

            Loa ezin dugu atzeman, ulertu behar dugu zergatik, eta azen ontzeko jabetzen gara ez ginela, eskolan ikasi bezala, euskaldunak salbai onak, ezta betiko biktimak ere, jendeak baizik. Marga bezala yeye tentazioak kateatu gintuen. Ez, gure zahar guziak ez dira izan Comète sarearen kide, judu eta pilotu ingeles mugalari eskuzabalak. Gurea zen ere, nor baitzen ere, austriar hura sakelako ganibetaz odolustu zuena, bi baliza miserableren ebasteko. Ez dira euskaldunak Francoren kontra izan, eta espainolak alde... edo mairuak. Guretzat eta gure ondokoentzat nahi dugun literaturaren interesa, autonomia nonbait, gaiztoak eta onak, denak, gureak direla onartzean errotzen da. Pertsona berak ziren berdin. Falangistak izan dira zortzi apellido euskaldunekoak, arrazoi biziki humano batzuengatik, neska eder batez mendekatzeko agian, errefusa bota baitzien.

            Beldur gara gure tiraderen irekitzeko. Alta, hor atzeman objektuen itxurazko balio eskasak eta iradokitzen duten konplexutasunak sendotasun gehiago ekarriko digu orain arte zerbitzatu dizkiguten haurkeriek baino. Tiradera hori antzerkiaren izateko arrazoia da. Hiruki baten puntan dakiguna eta ez dakiguna, bigarrenean horretaz egiten duguna —hitzak arrailduretan ezartzean, errealitate horren petatxatzeko proposatzen dugun mundu poetikoa, iragan horrekin orain baten egiteko, trabes horretaz jabetzean, ‘ondo pasa’ guziak beren heinean utzi ondoan— eta azkenik, hirugarren puntan, publikoak atxikitzen duena edo beretzen duena. Dibulgazio lana ere baita antzerkilarien kargu.

            Arrastoak antzezlanean, haren egileen jarreran, irakurtzen da zerbaiten eta batzuen ondokoak izatea beren gain hartzen dutela, sentitzen da errana izan zaiela zerbait eta anitz ere gorde edo ahantzi, lan bat ez dela egina izan. Baina pieza horren bizkarrezurra, obsesio konpultsiboa, oroimena da. Oroimena baita Dejaburen afera handia.

            Arrastoak nolazpait familia sekretu baten istorioa da. Lur izeneko neska batek ezin du lo egin. Berriki deitua izan da amaren gorputzaren autentifikaziora, gaindosi batek eraman zuen. Ama hark, kantaria zen, abandonatu zituen aita eta biak, eta ulertzen dugu berezia zela aski emakume hura, plazeretan ahantzi zuela bere burua, eta ez dakigu gehiago. Salbu aita haren oroitzapenarekin bizi dela, Lur baino haurrago ematen du. Amama zahar-etxean dute, Bittori deitzen dute. Bitoriana zen beste bizi batean, muga baten gibelean, eta hondarrean Ana Mari, egiazko bizian.

            Izenek jada asko kontatzen dute. Bada hautatzen dugun identitatea, Mixel izatea, Miguel ginelarik, gure haurrarentzat Lur hautatzea ez da hobengabeko erabakia eta hor dira gureen iraganaz mintzo diren abizenak, izan Gutierrez edo Swedski. Bada izenak inposatzen digun determinismoa, ea jakiteko bakarrik Margarita izendatu bagintuzten pazko-liliarena egin behar dugunez bizi guzian. Edo hautatzen ahal dugunez. Ihes egitea konparazione. Edo hemen laketzea eta errotzea.

            Ezen antzerki hori paradoxa batekin hasten da. Nola posible den harean burua gordez ostrukarena egin duen belaunaldi horretako bikote batek bere alaba Lur deitzea. Oraingo gazteei, iraganari lotzen zaien kate-begi bat falta zaie, haien aitzinekoek uste ukan baitute orain betiereko batean burxoratzen ahal zirela, drogak eta musika txarrak erregai. Artetik errateko ze garaiaren alegoria ederra kausitzen duten aitaren radio-kasete nardagarriarekin, kasete haiek erortzean berean egiten zuten azantz zain-porroskatzailearekin. Deus ez da obsoleszentziaren leizera hain fite joan teknika txar horiek bezain, eta gure ustez zahartu ezinak ziren musika moderno haiek bezain fite ridikulu bilakatu. Belaunaldi horrek herentzia errefusatu du, zaharkitua bailitzan, modernitateak bigarren xantza eskaintzen bazigun bezala, deus lokarririk gabe bizitzeko aukerarena. Baina afrusa dena, guk ez, baina gure amak bizi izan zituen irudiek ere eragiten dutela gure gorputzetan, guk, basakoek bezala, loaren inkontzientzian ito nahi genuelarik.

            Euskal Herri honek, azken denbora hauetan, sekulako destorbuak bizi izan ditu, gerla zibila edo delako munduko bigarrena, bera baita, eta oraino segitzen duen immigrazio erraldoia, gure segurtasun guziak hankaz gora ezarri dituena, gure arteko oreka inarrosi eta inarrosten duena. Egun guziez baliatzen edo ibiltzen dugun lurra azpi eta azpi geruzaz egina da, petik goiti atera uhin batzuek bustitzen gaituzte etengabe eta horretaz jabetzen garelarik bi jarrera baizik ez dauzkagu hautuan: lekutzea edo egotea... eta nork bere gain hartzea. Eta ikastea. Substratu horren osagai guzien kontatzea. Onartzea Orereta kaletarraren historia Oiartzun baserritarrean badatekeela. Bada metafora oso ederra, Patziku Perurenak Bernardo Atxagari azpimarratu ziona, eta erraten baitu literatura ona elektrika bezalakoa dela, hari bat behar duela beti lurrari lotua, horren inkontzientearen xurgatzeko. Arazo lur honetatik ihes joan nahi zuena bere idurikoekin Argentina berri batean lurreratu da, anomia betean, psikoanalisten eskuetan.

            Oroimenaren itsasoan Odisea bat zaigu hemen kontatzen, gure gogoetako infernura behar dugu jautsi eta sorginen ahotik entzun aita-amek hitz goxoz xuxurlatu behar zigutena. Antzezlan honetan lasterka ari dira denak inguruka berek ez dakiten zeren gibeletik, edo inguruan, arrain bat bezala bere bokalean itzuli bakoitzean jada hortik pasatua dela ahantzirik. Ulertu arte beharbada antzerkia dela tresna. Zerbait ikustekorik baitu antzerkiaren lengoaiak berak oroimenaren selektibitatearekin, ahanzte eta hobeste, kontziente eta inkontzientearekin. Izan ere, oroimenak eta antzerkiak molde eta neurkada berean funtzionatzen baitute. Elipsia eta erliebe guziak, bat-bateko erreminiszentzia... lan proustiar bera dute biek intuizioaren gauzatzeko, irudi adierazgarrienaren lortzeko, oroimen kontzientera heltzeko.

 

 

            Ordua baita hondarrean ergatiboa errekupera dezagun, ekintzan jar gaitezen, utz diezaiogun nini hizkuntzan mintzatzeari, gure egoera auhendagarria errepikatzeari gure burua hirugarren pertsonan aipatuz. Azken urte hauetan, eta antzerkiaz ari naiz, muga zapartatu da, Dejabukoek lan horren parte on bat berena gisa konta dezakete. Irakurtzen dugu obra honetan ere Iparraldea ez dela gehiago muga baten gibelean, ez gehiago atzerri praktiko bat edo ongi heltzen zaigularik ihesleku. Lehen pertsonan nahi da hemen mintzatu, espazio honetaz eta izatea ekintzaz eman. Antzerki heldu batek, aske batek edo burujabeak, ez du tradizio eta modernitatearen arteko bereizketarik ezagutzen, mintzo da orain, oraingo ezin errana biluzten, atzoko erreferentziak irensten eta berea bezala hautatu publikoari mintzo zaio eta bere atxikitzen.

            Bego horretan. Arrastoak ikuskizunarenak egin du, testuaren aroa zaio hemendik hara hasten, eta jokatzen dut ikusi dugunoi jo gintuzten irudiak inposatuko zaizkigula erraz, ikusi ez dutenek berenak sortuko dituzten bezala, Dejabukoei jin zitzaizkien era berean, testu onen dohaina hori baita. Arrazoi ezberdinengatik emanaldien biran parte hartzeko xantza ez dutenak zituen gogoan Dario Fo zenak bere antzerki-idazkien inprimatzeko unean, oraingoak eta hangoak, eta bereziki berantago sortuak. Beren antzerki ondarearen kontserbatzeko espezialistetan espezialistak frantsesak ditugula ezin uka. Comédie française ospetsuari La maison de Molière deitzen diote, eta instituzio handiak testu berria antzezten duelarik gertakaria ospe zerbaitez beztitzen dute erranez: “Il entre au répertoire.” Ez dakit oraino ehaze-k irekitzen duen sail honek joritzeko xantza ukanen duenez baina, hasteko, Dejaburen Arrastoak errepertorioan sartzen lehena izatea ez zait batere itsusi.

 

Portaleburun, urriaren 10ean
Antton Lukuk