Arrastoak
Ainara Gurrutxaga
Arrastoak
Ainara Gurrutxaga
EHAZE, 2016

 

Dramaturgiaren zirkuluak

 

            Hauek dira Arrastoak obra sortzeko orduan guretzat ezinbestekoak izan diren ideiak, gure beste lanetan ere errepikatzen diren ardatzak:

 

 

1. Hazia

 

            Guretzat oso garrantzitsua da obra baten hazia. Zuzendaritzari dagokion lehenengo sentsibilitate-intuizioa hor jaiotzen da. Zeri buruzkoa izango da lana? Batzuetan hazi bat hartzen duzu oker, agian erabaki intelektualago baten ondorioz hartu duzulako edo barruari entzun gabe, eta ez doa aurrera. Ataskatu egiten da, eta aurrera egiteko bultzaka ibili behar duzula sentitzen duzu. Horrek garbi adierazten du ez duzula hazia ongi aukeratu, edo ez dela orain bere momentua. Beste muturrean daude pixka bat maitatuta zure begien bistan loratzen hasten diren haziak, berehala zaintxoak norabide guztietan ateratzen zaizkienak. Saiatzen gara horiexek izan daitezen gure obrak.

            Haziarekiko jarrera hau merkatuaren guztiz kontrakoa da, eta banatzaileen kontrakoa ere bai (banatzaile mota batzuena). Haiek esaten dizute: “Barkatu, bi urte daramazue ezer sortu gabe”, eta guk erantzun, “Barkatu, baina hazia ez da oraindik jaio”. Produkzio erritmoarekin talka egiten du nolabait, prozesua askoz intimoagoa delako, entzumen handikoa izan behar duelako. Arrastoak horrela sortu zen. Pozik gaude orain arteko gure obra guztiak horrela sortu izan direlako; etorkizunean ez dakigu horrela jarraitu ahal izango dugun ala ez...

            Arrastoak-en garbi genuen guretzat indartsua zen hazi bat zegoela hor. Gure aitona-amonak hiltzen egote horrekin bazegoen premia bat, bazegoen behar bat. Hurrengo urratsa izaten da hazi horren inguruko iruditeria eraikitzen hastea. Lanean hastean garenean ez dugu jakiten antzezlana nolakoa izango den amaitutakoan. Gaia sumatzen dugu, baina hitzez ez dugu adierazten jakiten, dakigun bakarra izaten da pertsonaia mota jakinen bat nahi dugula, Arrastoak-en kasuan adibidez, neska bat jarri nahi genuela erdigunean... Momentu horretan, askotan intuizioarekin batera datozen erabaki politikoago batzuk ere azaleratzen dira: Arrastoak-en garbi zegoen emakumeen istorio bat kontatu nahi genuela, eta neska bat izango zela protagonista, bere amarekin gatazkaren bat izandakoa izan zitekeena..., baina hasieran hori bakarrik genekien. Hori, eta natura sartu nahi genuela nolabait.

 

 

2. Kaosaren beharra

 

            Talde-sormenaren momentu batean, nahiko hasieran, anarkia oso inportantea da guretzat. Behin hazia detektatuta, kaosa sortzen dugu haren inguruan. Kaos hori nola sortzen dugun? Entsegu gelara eramanez arropa batzuk, pertsonaia batzuk, artikuluak, pelikulak, musikak... aktore baten amonaren gutunak, bestearen familia-argazkiak... Talde guztiak ekartzen ditu gaiak iradokitzen dizkion gauzak, denetarikoak izan ohi direnak.

            Ekarritako material guztia oholtza gainean ikusten dugunean, lehenengo erreakzioa izaten da: “Pufff..., eta nondik hasi?” Momentu hori, adibidez, oso garrantzitsua izaten da taldea osatzeko, elkarrenganako konfiantza handia eskatzen baitu. Inork ez dauka erantzunik, inork ez dauka hagatxo magikorik. Dakigun bakarra norabidea da, intuizio oso indartsu bat. Hor sentimendu bat eratzen da elkarrekin, sinesmen handi bat, kaos horrek egia bat ezkutatzen duenaren sinesmen kolektiboa.

            Kaos horretan hilabeteak eman ditzakegu. Inprobisazioak eginez, pertsonaiak sortuz, testu zatiak idatziz, objektuak eta txotxongiloak mugimenduan jarriz. Egunak joan eta egunak etorri, fase esperimental horretan murgiltzen gara. Kontua da momentu batean materiala elkartzen hasten dela, grabitate indarrak unibertsoan materia erakartzen duen moduan. Objektu, pertsonaia edo istorio batzuk elkarrekin lotzen hasten dira, esanahiak sortzen, eszena txikiak josten. Eta oraindik idazketan hasi ez bagara ere, badakigu antzezlanaren parte izango direla.

            Gure parean unibertso txiki bat jaiotzen ikustea bezalakoa da. Objektuak, antzezleak, testua, txotxongiloak, musika, argia... denak batera orbitan hasten dira. Zoragarria da.

 

 

3. Jolasa

 

            Orbita hori mugitzen has dadin badago ezinbestekoa den tresna bat: jolasa. Horixe da aipatutako materialak konexioan jartzen dituena.

            Jolasak antzerkiak berak eduki behar dituen ezinbesteko bi ezaugarri ditu: kodea (edo araua) eta arriskua. Ongi jolasteko, eta denek jolasean parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da arau garbi batzuk finkatzea. Guk horri kodea deitzen diogu antzerkian. Era berean,jolas bat arriskurik gabe ez da jolas, edo bada jolasa, baina izugarri aspergarria dena. Jokalari on batek arriskuak hartzen ditu, eta antzerkilari on batek ere bai. Jolasak benetan ondo jolastuak daudenean eta horregatik engantxatzen dute futbolak edo beste kirol batzuek-, marko txiki baten barruan ia-ia edozer gauza gertatu daitekeen ideia ematen da. eta momentua iristen denean, sast!, zergatik ez, hautsi arauak. Jolasten ari zarenean inplikazioak totala izan behar du, ezin zara aldi berean jolasten egon eta beste gauza batean pentsatzen aritu. Aktoreak ere berdin, ehuneko ehunean sartu behar da jolas horretan, eta berarekin batera publikoa ere guztiz murgildu behar da jolasean.

            Saiatzen gara gure sormen-prozesuak ahalik eta ludikoenak izan daitezen, horrek kreatibitatea leherrarazten duelako eta bizi-energia sortzen duelako. Zerbaitegatik deitzen zaio antzezteari jokoa Ipar Euskal Herrian, edo play Ingalaterran, edo jeu Frantzian.

            Gure antzerki-genero gustukoenen artean dago tragedia (pertsonaiak euren destinoaren kontra borrokan, anti-heroi modernoa bakardadearen kontra askotan), baina antzezleok beti plazeretik jokatzen ditugu eszenarik tristeenak. Antzezleak pertsonaiak adina sufritu behar duela dioen ustea teatro psikologikoaren herentzia kaltegarrienetako bat da.

 

 

4. Espazioa mugitzea

 

            Guretzat antzezpen-espazioa oso garrantzitsua da. Antzezpen-eremua ez da soilik oholtza gaina, antzoki guztia da eta ikusleak barne hartzen ditu. Horrek egiten du errituala kolektibo, denok konpartitzen baitugu espazio sakratu hori. Antzezleek eta objektuek espazio huts hori mugitu egiten dute, eraldatu. Oteizaren eskultura mugikorrak izango bagina bezala da.

            Antzezlan bakoitzean espazioa ezberdin mugitzen dugu, barne dinamika ezberdina duelako.

            Esaterako, Gure bide galduak (gure aurreko sorkuntza) politikaz, gizarte antolaketaz eta ideologiaz hitz egiten zuen lan bat zen. Gizarte-antolakuntza karratuagoa da, egitura bat da, lerro zuzenekin osatutako zerbait. Horregatik jarri genuen plataforma karratu bat oholtzaren erdian. Joko guztia haren gainean gertatzen zen. Espazioa batez ere lerro zuzenetan mugitzen zen. Pertsonaiak ertz batetik sartzen ziren eta beste batetik atera. Baina Arrastoak beste mota batekoa zen: ez zen karratua, ez zen ideologikoa, edo maskulinoa. Guretzat femeninoa zen, eta femeninoa guretzat zirkulartasuna da, bizitza eta heriotza etengabea. Utero bat zirkularra da, zerbait biltzen du bere baitan, ez du ertzik, infinitua da. Gainera, cromlech neolitikoen moduan, bertikaltasun batekin konektatzen gaitu zirkuluak, transzendentala da. Instintuak esaten zigun Arrastoak-en barne dinamika zirkularra zela. Horrela jaio zen lurrean zirkuluak marrazteko ideia. Horrek antzezle eta objektuen mugimendu guztia baldintzatu zuen.

 

 

5. Panpinak

 

            Txotxongiloek bi funtzio betetzen dituzte gure antzerkian: batetik, naturalismotik aldentzen laguntzen digute. Antzezlanari plastikotasun bat ematen diote eta antzezleak euren kode berean egotera behartzen gaitu,jestuaren sintesia bilatzera. Eta bestetik, sentitzen dugu panpinak hildakoak oholtzara ekartzea bezalakoa dela. Iragandako jendea guregana ekarri nahi bagenu bezala. Gure festan presente egon daitezen. Antzerkiaren erritualaren bidez bizitza ematen diegu momentu batez.

            Arrastoak-en amonaren txotxongiloa totem baten modukoa da guretzat. Panpina bakarrean amona guztiak bilduko balira bezala, Oteizak aipatzen zituen laurogei amonak. Erritualaren erdian dagoen figura. Arrastoak antzezlanean txotxongiloak ez du apenas hitzik egiten, lau arnas hartu besterik ez du egiten. Bizirik dagoen arbola zahar bat balitz bezala. Era berean, guztiz presente dago eta obra osoa artikulatzen du. Aktore batek egin zezakeen, baina guretzat inportantea zen txotxongiloa izatea. Txotxongiloek beste mundu bat ekartzen digute, arkaikoagoa dena, eta horrek asko liluratzen gaitu.

 

 

6. Argiaren erabilera

 

            Eszena gainean jartzen ditugun elementu guztiak aipatutako anabasa horretan hasten dira denak batera jaiotzen. Ez dugu sormen-prozesua atalka banatzen: lehenik testuaren idazketa, bigarrenik entseguak eta muntaia, hirugarrenik argiak eta kontu teknikoak... Antzerkian askotan gauzak horrela egiteko mentalitatea dago, baina gure kasuan denak batera jaiotzen dira. Testua eta elkarrizketak, esaterako, finkatzen diren azkenetako elementuak dira. Horrek antzezleen malgutasuna eta ausardia handia eskatzen ditu.

            Argia bera sormen-prozesuan jaiotzen da, eta askotan iturri ezohikoetatik txertatzen da eszenaren baitan. Adibide gisa, bada Arrastoak-en esanguratsua den elementu bat: argi propioa duen leiho bat. Haren presentziak eta izaerak eragin osoa dauka dramaturgian: itzalita dago normalean, baina nahi dugunean mugimendu batekin pizten da eszenan bertan. Topera ibili ohi gara horrelako gauzak asmatzen eta probatzen. Erreka egiteko, erretroproiektore bat erabiltzen genuen ura botatzen zuen motortxo batekin batera... Erretroproiektoreak urarekin soinu bat egiten zuen, eta urari esker emititzen zuen argia ez zen foku batek filtro batekin egingo lukeena, argiak mugimendua zeukalako.

            Gure ustez, elementu horiek guztiek ere parte hartzen dute idazketan eta istorioaren kontaketan. Gero, agian publikoarentzat atzemanezinak izango dira, baina hor daude eta guretzat inportanteak dira. Gu nahiko tikismikis gara gauza horiekin, asko zaintzen ditugu xehetasunak, baita atzematen ez diren gauzetan ere.

 

 

7. Objektuen memoria

 

            Objektuek bi gauza ekartzen dituzte gure unibertsora:

            Lehena, sintesia. Objektu bat sintesi bat da, eta guk asko bilatzen dugu hori. Kasu, ez dituzu hamabost maindire behar arropa-garbitegi bat irudikatzeko, nahikoa duzu ondo erabilitako batekin. Baina espazio baten sintesiaz gain, objektu horrek emozio bat ere ekar dezake, modu zehatz batetan mugituz gero. Arrastoak-en Lurrek bere amaren berokia hartzen duenean bezala. Oihal puska bat besterik ez den hori ukitzeko moduak, ama-alaba horien arteko harremana azalera dezake oso modu indartsuan. Objektuekiko harremanak informazio handia ematen du eszena gainean.

            Bigarrena, memoria. Objektuek oroimena dute, eta hori oso garrantzitsua da. Guk beti egiten dugu lan oroimenarekin, uste dugu gure gorputzek bertan oroimena daukatela, gure historiak eta gure irudimen kolektiboak oroimen bat daukala. Pertsonok bagaje handia daukagu istorioetan, bizipenetan, emozioetan, eta guk lan asko egiten dugu horrekin antzerkian. Umore pixka batez esanda, gu nolabaiteko xaman batzuk gara, gauza batzuei deitzeko bitartekariak: istorio batzuei, pertsonaia batzuei, arketipo batzuei, oroimenari. Horregatik izan ohi dira gure objektuak zahar-zaharrak, eta, gainera, behin eta berriz erabiltzen ditugu hainbat obratan, guretzat indar handia daukatelako.

            Objektuak inkontzientean dagoen zerbait ekartzen du, oihartzun bat.