Arrastoak
Ainara Gurrutxaga
Arrastoak
Ainara Gurrutxaga
EHAZE, 2016

 

5. mugimendua:
Mixel

 

 

Hogei

 

(robertok lurren gelako pertsiana irekitzen du zakarki.)

 

ROBERTO: Egun on, Lur. ¿Cómo se encuentra?

LUR: Roberto? Nolatan zu hemen?

ROBERTO: Beno, zure aitak Margari deitu zion eta gertatutakoa kontatu. Marga nire bila etorri zen kontsultara eta bart gauean etorri ginenerako jada zu lo zinen. Nos dio penita despertarla. Gero Margak beheko tabernara eraman ninduen pote bat hartzera. Resulta kontzertu bat zegoela, ¡unos macarras tremendos! Eta orduan hasi ginen kopita bat hemendik beste zerbezatxo bat por aca, la cosa se puso bárbara. Gero Margak bere apartamentua erakutsi nahi zidala, una chica muy simpática la marga. Total que la cosa se puso brava, me dijo que si queria jugar al...

LUR (lotsatuta): Roberto, ez kontatu gehiago.

ROBERTO: Aizu, ez nintzen detailetan sartuko. Lur, eseri naiteke? (Ohean esertzen da lurren ondoan) Entzun, Lur, barkamena eskatu nahi dizut. Agian behar ez zen lekuan jarri zaitut eta agian momentuz zu...

LUR: Roberto, arrazoia zenuen eta oraindik badauzkat gauzak konpontzeko.

ROBERTO: Asko pozten nau hori entzuteak, Lur. Recién hice un descubrimiento. Ana Mariren anaia topatu dut, bizirik dago.

LUR (lur pozik jartzen da): Eta nora joan behar dut?

ROBERTO: Lasai, jada erosi ditut trenerako boletoak.

LUR: Eta nora goaz?

ROBERTO: Nos vamos a París.

 

(roberto eta lur ikusten ditugu orga batetik beraien maletak hartzen. Tren geltokian gaude.)

 

LUR: Parisera...

 

 

Hogeita bat

 

(lur eta roberto ikusten ditugu treneko literetan. lur esna dago. roberto, berriz, hizketan ari da ametsetan.)

 

LUR: Roberto. Roberto!

ROBERTO: ¡La concha de su madre!

LUR: Barkatu. Lo zeunden?

ROBERTO: No, que va...

LUR: Roberto, zergatik laguntzen didazu?

ROBERTO: Beno, nire lana da, ezta?

LUR: Bai, baina zergatik zaude hemen nirekin?

ROBERTO: Lur, esan nizun: trenak asko gustatzen zaizkit. (lur erantzunarekin pozik geratu ez dela ikusita) No colo, ¿verdad? Begira, Lur. Hemen tipo serio bat ikusten duzun lekuan, elegante, gaztetan ni quilombo bat nintzen. Egia esan, desastre hutsa nintzen. Baina egun batean neska bat ezagutu nuen, Alicia. Bera kazetaria zen. Oso zoriontsuak ginen elkarrekin, bizitza aldatu zidan, Lur. Gero, badakizu, Argentinan gauzak konplikatu egin ziren, berak mehatxuak jaso zituen eta nik Europara ihes egiteko konbentzitu nuen. Baina gau batean Alicia ez zen etxera itzuli. Bost egunera bere autoa zabortegi batean agertu zen, guztiz kiskalita. Bertsio ofizialaren arabera, autoa errepidetik irten eta amildegi hartara jauzi zen. Nik bere arrastoak bilatu nituen kotxe kiskali hartan, zaborraren artean. Busqué y busqué y ni un solo rastro. Horregatik uste dut oraindik pista txiki bat dugunean, nahiz eta oso txikia izan, merezi duela bilatzen jarraitzea. Beno, eta orain egin ezazu lo pixka bat, biharko eguna oso luzea izango da eta.

 

 

Hogeita bi

 

(roberto eta lur Parisen daude, telefono kabina batean.)

 

ROBERTO: Güi? Ye suis Roberto Swedski, du Pais Bask. Ye vudré parlé avec Miguel Jauregi... A non... A! Mixel? A! Güi, oii, Mixel Jauregui, güi, güi... Güi, madam, je attend, je attend... (Zain geratzen da telefonoan)

LUR: Zer? (robertok zain egoteko keinua egiten dio.)

ROBERTO: A, güi, madam. No, por qua... me se pa possible... por qua. Je vudré... e, madam? Madam? (Zintzilikatu egin diote)

LUR: Zer?

ROBERTO: Arazorik ez! Arratsalde honetan bertan jasoko zaitu. Parece un tipo muy simpático.

LUR: Zu ez zatoz?

ROBERTO: Lur, ez duzu uste hau zuk bakarrik egin behar duzula? (lurrek, baiezkoa buruarekin) Nik hotelean itxarongo zaitut. ¡Pero qué frío que hace!

 

(Elur malutak erortzen hasten dira.)

 

 

Hogeita hiru

 

(Bere lorategian dago mixel, aitzurrarekin lore batzuk lekuz aldatzen.)

 

LUR: Mixel Jauregi?

MIXEL: Oui, c’est moi.

LUR: Euskal Herritik nator. Ana Mariren bila nabil. Zure arreba dela uste dut.

MIXEL: Nire arreba? Ana Mari gerran desagertu zen. Ez dut garai haietaz hitz egin nahi. Sentitzen dut baina ezin dizut lagundu, gazte.

 

(lur badoa, etsituta. Irten aurretik, lurrek gutuna ateratzen du sakelatik.)

 

LUR: Hau Ana Marirentzat zen.

 

(mixelek gutuna hartzen du. Zur eta lur, irakurri egiten du.)

 

LUR: Hau ere berea zen. (Lepokoa ematen dio) Uste dut zuk gorde nahiko duzula.

 

(mixel sinetsi ezinean dago.)

LUR: Ondo zaude? Barkatu, nik ez nuen...

MIXEL: Zu nor zara?

LUR: Lur. Bittori Bengoetxearen biloba.

MIXEL: Hau nork eman dizu? (Lepokoa erakutsiz.)

LUR: Bittotik berak.

MIXEL: Berak, ezin. Hator, gazte, baduzu-eta zer entzuna. Gutun hau neuri eman zidan Bittorik. 1936ko abuztuaren 20ko gaua zen. Ondo gogoratzen dut. Sei urte nituen nik, basoan nenbilen jolasean. Bittori ikusi nuen urrundik korrika, nigana zetorrela. Bittori familiakoa bezala zen niretzat, etxean neskame ibilia baitzen. Baina izu aurpegia zekarren. Nigana iritsi eta esku hotz haiekin, gutun hau eman zidan “Miguel. Eman hau hire arrebari. Azkar”. Nik, beldurtuta, etxerako bidea hartu nun. Bengoetxeatarren baserritik tiro eta garraxiak entzuten ziren. Ni, xuxen etxera. Iritsi eta Ana Mariri eman nion. Txikia nintzen baina ohartzen nintzen. Ez dut nire bizitzan halako maitasunik berriro ikusi. Hark ziztuan irakurri eta ezer esan gabe basorako bidea hartu zuen. Aitak garraxi egin zion “Ana Mari! Nora hoa? Erotu egin al haiz? Hator hona oraintxe bertan, agintzen dinat!” Baina Ana Marik ez zion kasurik egin eta korrika jarraitu zuen. Ni bere atzetik joan nintzen.

 

(Iraganeko eszena. ana mari ikusten dugu etxetik korrika alde eginez. Basoan sartzen da “Bittori!” maiteari deika. Erreka bazterrera iristen da orduan, arnasestuka. Ur gainean ikusten du bittori, hilda, oraindik haurra besoetan duela. Haurra bizirik dago. Ingurura begiratzen du, zer egin ez dakiela. Erabakia hartzen du orduan. bittoriren buruko zapiarekin estali, haurra besoetan hartu eta basoan desagertzen da. mixel txikiak dena ikusi du, ordea.)

 

MIXEL (iraganean, haurra zela): Ana Mari!

ANA MARI: Miel! Segi etxera. Alde!

 

(Iraganetik oraingora gatoz berriz. lur mixelen kontaketa entzuten ari da aho zabalik.)

 

MIXEL: Han ikusi nuen Ana Mari, zuhaitz artean, basoan barrena galtzen. Huraxe izan zen nire arreba ikusi nuen azkeneko aldia.

LUR: Errekako emakumea... Bittori zen?

MIXEL: Bai, zure amona. Begi hauekin ikusi nuen.

LUR: Baina orduan ospitalean dagoen emakumea... (Lepokoari begira gelditzen dira biak.)

MIXEL: Nire arreba, Ana Mari. Dena eduki eta dena utzi zuen.