Josafat
Luis Haranburu Altuna
Josafat
Luis Haranburu Altuna
Kutxa Fundazioa, 2007

 

6. JOKALDIA

 

(Argia egitean, axular, unamuno eta san migel ageri dira. Zutik dago Goiaingerua eta aulki banatan jarririk besteak).

 

SAN MIGEL: Zuek gutxienez pertsona serioak zaretelakoan nago.

UNAMUNO: Segun eta seriotzat zer hartzen duzun.

SAN MIGEL: Adibidez, gezurrak sortzen ibiltzea ez da serioa. Ez eta ere Euskal Herriaz nik ez dakit zer nolako inbentzioak asmatzea.

UNAMUNO: Ados nago zurekin gezurrak sortzen ibiltzea ez dela gauza serioa, baina herri eta nazioez asmakizunak egitea, hori gauzarik normalena da. Gehiago esango dizut ez dago munduan herririk asmakizunetan oinarritzen ez denik. Euskal Herriaren kasua eredugarria da horretan.

SAN MIGEL: Eta zuk Axular zer diozu?

AXULAR: Nik ez dakit gauza handirik herrien kontu horretan. Nik Herri bakan batez baino, nahiago izan dut herriez mintzatzea. Nire ustez ez dago Euskal Herri bakar bat. Euskal Herri ugariaz mintzatzea aproposagoa litzateke.

SAN MIGEL: Gustatzen zait zuk diozuna.

UNAMUNO: Neurri batean arrazoia du Axularrek, baina bera xvi. Gizaldian bizitu zen eta artean herri eta nazioekiko grinarik apenas zegoen. Denboraren harian ikusi beharrezkoa da hori. Baina, San Migel, nik oso ongi ulertzen ez dudana zure mania hori da, alegia, Euskal Herriarekiko duzun fijazio hori.

SAN MIGEL: Ez dut ulertzen zer esan didazun.

UNAMUNO: Oso gauza nabaria da niretzat. Hemen gaude Josafateko zelaian. Gizadiaren azken judizioa hastera doa, baina zer da juzgatuko dena? Gizon bakoitza, hots, pertsona, edo eta pertsonen multzoak, hots, herriak eta giza taldeak?

SAN MIGEL: Pertsonak, noski.

UNAMUNO: Orduan ez dut ulertzen Euskal Herriarekiko daukazun jokabidea. Badirudi zerbait pertsonala dela zuregan.

SAN MIGEL: Pertsonala ez, baina agian, bai profesionala.

UNAMUNO: Ez dut ulertzen.

SAN MIGEL: Begira, munduan eta izadian arazo bakarra dago nire onetik ateratzen nauena. Horrela izan zen munduaren antzinatean aingeruen arteko liskarra gertatu zenean, eta horrela da oraingoan ere herrien arteko txikizio eta bortxakeria ikaragarriaren ondoren mundua hondatu denean. Zer gertatu zen orduan eta zer suertatu da orain? Gauza bera egokitu da bietan. Jaungoikoaren izena jarri da auzitan. Nire lema da, “Nor jaungoikoa bezala” eta gauzen naturalezan datza “Nehor ez Jaungoikoa bezalakoa” erantzuna. Satanasek, antzinatean, eta oraintsu munduko nazioek Jaungoikoaren izena jarri dute auzitan eta horren ondorioz erakarri dute hondamendia.

UNAMUNO: Ni ateoa naiz, eta ez dut Jaungoikoarengan sinesten, baina ez dut hargatik Jaungoikoaren parekorik ikusten. Jaungoikorik ez balitz ezina da haren parekorik asmatzea.

SAN MIGEL: Gauza bat da Jainkoa ukatzea eta oso bestelakoa Jainkoaren gainetik jartzea. Jainkoa ukatzen duenak bere kaltetan ukatzen du, izakiari oparitzen zaion argi izpiari uko eginaz, baina oso bestelako gauza da Jaungoikoaren izena erabiliaz argiaz apoderatzea. Hori Jainkoa ukatzea baino okerragoa da, norbera Jainkotzat hartzea denez.

AXULAR: Bakarra eta handia da Jaungoikoa eta inork ezin dio itzalik egin.

SAN MIGEL: Amen!

UNAMUNO: Ez dut oraindik ulertzen nora heldu nahi duzun.

SAN MIGEL: Entzun arretaz, biak, herriarekiko gora-behera sustatu badut honegatik izan da, alegia, aspaldidanik gizonek beren erantzukizun pertsonala talde, eliza, partidu eta nazioen atzean gorde dute; beraien ustetan herriaren edo eta fede jakin baten baitan norbanakoaren jokabidea justifikaturik gelditzen da. Jesuitak Jainkoaren izenean ezkutatzen du bere erantzukizuna, fededun askok beren neurriko elizaren baitan estaltzen dira, beste batzuek aldiz, politikaren pean babesten dute norberaren erantzukizuna. Hauxe da hain zuzen, zuen herrian gertatu dena. Aberriaren izenean guztia estali du zenbaitek, baita Jainkoa bera ere, Jainkoa lehen abertzalea balitz bezala jokatu du askok eta horrela Jainkoa beren mailara makurtu dute. Hori Jainkoa ukatzea baino larriagoa da.

AXULAR: Horretan datza idolatria, geure gisako jainkoak eta jainkosak sortzean eta gurtzean.

SAN MIGEL: Unamuno, zure lagun honek ez du asko hitz egiten, baina ahoa irekitzen duen bakoitzean urre gorria dario bertatik.

UNAMUNO: (Irriz)

            Bazuen bai, horrelako fama.

SAN MIGEL: Ez daukagu egun osoa eta harira joango naiz. Gaur erabakiko da hemen nor den zerurako, nor infernurako. Ezin gara txantxetan ibili eta badirudi euskaldun asko brometako dagoela. Askok nahiko lukete Euskal Herria bere osotasunean epaitu eta horren arabera euskaldun guztiak zorte bera izatea. Oso ziur daude zerua egokitu zaiela, zeren saiatu baitira Euskal Herria Jainkoak lehenetsitako herria dela esaten, eta saiatu dira halaber neroni ere bertan inplikatzen eta elizaren babesa lortzen... baina duda egiten dut herri bezala Euskal Herria zeruratuko litzakeenik; aitzitik arrazoi asko eta onak dauzkat infernuan behera amiltzeko. Gelditzen den irteera bakarra euskaldun bakoitza bakanka eta pertsonalki juzkatzea da; horrela agian batzuk behintzat salba daitezke. (Isilunea, eta gero ahotsa baxuaz) konfidentzialki esango dizuet elizaren abalak ez duela gauza askorik balio eta, beraz, elizgizonak izango dira harrituenak. Jaungoikoaren justiziak ez du parekorik eta alferrik dabiltza gizonen legez gauzak ikusten dituztenak.

AXULAR: Neroni ere elizgizona nauzu, San Migel, baina ez dut nik tokiz kanpoko usterik, oso ondo dakit Jaungoikoaren gauzetan ez duela gizonaren gupidak balio. Hala ere kontuan izan euskaldunak ez direla jende gaiztoak, harroak eta berekoiak dira, baina funtsean ezdeusak direla sumatzen dutelako da. Izan beraz errukiorrak eta, asko sufritu duen herria denez, eman beste abagune bat.

SAN MIGEL: Zoazte orain eta hitz egin zuen herritarrekin. Ni ere ahaleginduko naiz nire aldetik gauzak konpontzen. (isilunea, eta gero supituki zerbaitez oroitu balitz bezala) Baina, non arraio sartu ote dira bi horiek?

AXULAR: Zeintzuk, Arkanjelu jauna?

SAN MIGEL: Hiriko eta Mari! Beraiek gabe ez dakit nola amaituko den festa. Zoazte orain, eguna ere aurrera doa eta.

UNAMUNO: Agur, San Migel. Eskerrak guri entzuteagatik.

AXULAR: Agur, Jauna!

 

(Argiak itzaltzen dira).