Josafat
Luis Haranburu Altuna
Josafat
Luis Haranburu Altuna
Kutxa Fundazioa, 2007

 

12. JOKALDIA

 

(Eszenatokian aresti eta mirande ageri dira baina berehala datoz san migel eta dante).

 

DANTE: (Irribarretsu)

            Zer moduz, lagunak?

MIRANDE: Hainbestean esan beharko.

DANTE: Ezkor ikusten zaitut.

MIRANDE: Ezkor ez, tentuz.

DANTE: Zer dela eta?

ARESTI: Laster erabakiko da epaiketa eta oraindik ez dakizu gauzak nolatan joango zaizkigun.

DANTE: (san migeli begiratuaz eta irribarreka)

            Ni zuen tokian ez nintzake kezkatuko.

SAN MIGEL: Horrela da, bai, Danteren begikoak zarete nonbait eta proposamen bat egitekotan duzue.

ARESTI: Zein proposamen?

DANTE: Egia da, bai, begi onez ikusten zaituztedala, eta poeta izateaz gain biak kontaduria lanetan arituak zaretenez, nirekin etortzeko gonbitea egin nahi nizuen.

MIRANDE: Zurekin gogoz joango naiz, nora ordea?

DANTE: Ni ez nago zeruan, baina ni bizi naizen tokia ez dago hain gaizki, zeru txiki baten modukoa dela esan genezake.

ARESTI: Non dago, bada, toki hori?

DANTE: Ni Parnasoan bizi naiz.

ARESTI eta MIRANDE: (Biak aho batez eta pozik)

            Parnasoan?

SAN MIGEL: Bai egia da, Dante Alighierik baditu zenbait pribilejio eta horien artean, nabarmenki, zeru partikular batean bizitzea.

DANTE: Horrela da, bai. Hantxe bizi naiz ni, Parnasoan.

MIRANDE: Dudarik gabe nahiago dut zurekin bizi Parnasoan eta ez tentatu zortea balizko zeru baten atzetik, gainera auskalo non bukatuko dudan epaile zorrotz baten aurrean.

ARESTI: Pozik joango gara zurekin, Dante.

MIRANDE: Azken galdera bat soilik.

DANTE: Esadazu.

MIRANDE: Eta Parnasoan badaude musak?

DANTE: (Barrez)

            Eta oso politak gainera.

 

(Algara batean bukatzen dute guztiek eta kanpo aldera zuzentzen dira aresti eta mirande, baina san migelek gelditzen ditu esanaz).

 

SAN MIGEL: Nora zoazte?

MIRANDE: Berri ona zabaltzera.

SAN MIGEL: Zaudete oraindik, lehenik zuen herritar guztiak bildu behar dituzue hemen, epaiketaren berri emateko. Gauzak nahiko garbi daude gurekiko eta ez dugu epaiketa luzatzeko beharrik. Beraz zoazte eta bildu guztiak honat. Bestalde, hobe duzue oraindik zuen destinoaren berri ez ematea, itxura gehiago du guk ofizialki gauzak aldarrikatzeak. Itxaron, beraz, eta zoazte orain zuen herritarren bila. Hauek dira bildu behar dituzuenak: (Eta faltriketik ateratzen duen paper batean irakurtzen ditu izenak) Piarres Axular, Barandiaran Jose Migel, Garibai Esteban, Agustin Chaho, Larramendi Manuel, Loiolako Inazio, Sabino Arana Goiri, Munibe, Hiriko, Mari, Etakidea, Santa Krutz eta Unamuno Migel azkenik.

 

(dantek keinu bat egiten dio san migeli eta belarrira esaten dio zerbait).

 

SAN MIGEL: Etor dadila, baita ere, Nartziso izena duen mutil heladetarra.

ARESTI: Bagoaz Arkanjelu jauna. Laster dituzu hemen.

 

(Irteten dira poeta biak eta argia itzaltzen da).