Josafat
Luis Haranburu Altuna
Josafat
Luis Haranburu Altuna
Kutxa Fundazioa, 2007

 

7. JOKALDIA

 

(Argia egitean eszenatokia hutsik dago, baina berehala sartuko dira hiriko eta mari, hau nahiko bihuts agertuko da, nolabait ere jokaldi honetako ekitaldia justifikatu duena. Kanpotik artalde baten hotsa entzun daiteke edo ardien txintxarriak; agian, eszenatokira sar daiteke bildots bat edo beste).

 

HIRIKO: Hemen ez da inor ageri.

MARI: Hemen behar du izan. Garbi esan digute sala honetara etortzeko.

HIRIKO: Toki bat edo beste, niri berdin zait baldin eta zurekin banago.

 

(Elkar besarkatzen dute eta besarkaturik iraungo dute aldi batean).

 

MARI: Hiriko?

HIRIKO: Bai, Mari, zer duzu?

MARI: Esango nuke zeruan gaudela. Hain ongi sentitzen naiz.

HIRIKO: Ez, Mari, ez gaude oraindik zeruan. Hau Josafateko zelaia da. Atarian gaude, zeruetakoan edo eta infernuetakoan, baina atarian. Piztu garela bai, hori egia da, baina oraindik ez gara zerura heldu.

MARI: Egia da bai hil ginela eta ondoren piztu.

HIRIKO: Orain gizon fede gabeak badaki beste mundu bat eta beste bizi bat badela.

MARI: Zorionez gainera geure gorputza eta guzti piztu gara (Bere soina ferekatuazj. Esango nuke gainera ederragoa ageri dela gorputza.

HIRIKO: (mari bere besoetan hartuaz)

            Maitasunak egiten zaitu ederrago.

 

(Besarkaturik jarraituko dute eta musika eztia entzuten da Pachebalen adagio bat agian–).

 

BARANDIARAN: (Eszenara sartuaz eta bikoteari so geldituaz)

            Ai ene! Zer da hau! Zeruan ere ikustekoak ginen horrelakorik. jemm! jemm! (Eztarri latzez egiten du atentzioa emateko)

HIRIKO: Agur, jauna.

MARI: Kaixo jauna. Nor zaitugu?

BARANDIARAN: (Haserre)

            Nor naizen ni? Barandiaran Joxe Migel izena dut. Baina, jakin al daiteke zer ari zareten zuek.

HIRIKO: Zain gaude.

BARANDIARAN: Modu xelebrea zain egoteko. (mari seinalatuz). Baina hauek al dira jantziak azken epaiketara etortzeko?

MARI: Zer gertatzen zaio nire janzkerari?

BARANDIARAN: Zer gertatzen zaion? Horixe bera, guztia eta ezer ez. Biluzik zaude neska ez duzu lotsarik edo?

MARI: Lotsa zuri eman beharko lizuke zure begi horiek begiratzen duten moduarekin. (Eskuaz estaltzen du bularra) Ederrak zergatik izan behar du lotsa bere dotoreziaz? Zure begietan dago gaiztakeria.

BARANDIARAN: (Bere sotana kentzen hasi da)

            Lotsagabea!

HIRIKO: Baina, zer duzu gizon? Zergatik haserretu zara Marirekin?

BARANDIARAN: (Sotana eskuan du eta mariren bizkarretik jartzeko eginahalean)

            Emakume... jantzi hau sikiera!

MARI: Zaude geldi gizon. Nik ez dut jantziko zure kapoterik.

 

(Iskanbila sortu da hiruren artean, batek sotana jantzi erazi nahi dio besteari eta hirugarrenak berezi nahi ditu apaiza eta neska; honetan sartzen da san migel).

 

SAN MIGEL: Baina zer iskanbila da hau? Zer gertatzen da hemen?

MARI: Apaiza erotu egin da. Bere kapotea jantzi arazi nahi dit.

BARANDIARAN: Neska lotsagabea! Hau ez da kapote bat, sotana baizik.

MARI: Sotana edo kapote, nik ez dut zure jantzirik nahi. Nik aski dut Hirikoren besoarekin zu bezalako jendearengandik babesteko.

HIRIKO: (Aingeruari mintzatuz)

            Gu bake ederrean geunden apaiz hau etorri arte. Mari erasotzen hasi da ustekabean.

SAN MIGEL: (Pozik ageri da)

            Mari eta Hiriko? Zuek zarete, beraz? Zuen bila ibili naiz zoroaren moduan. Josafateko zelaia batetik bestera miatu dut zuen bila. Non sartu zarete?

MARI: Hain pozik jarri gara birbiztu garenean eta elkarrekin ginela ikustean... elkarrekin egoteko gogoa genuen.

HIRIKO: Horrela da, bai. Maite direnak elkarrekin nahi dute egon eta nik asko maite dut Mari, eguneko orduko guztiak gutxi dira berarekin egoteko. Orain, ikusten denez, elkarrekin izango gara eternitate guztian eta are handiagoa da gure zoriona.

SAN MIGEL: (Irribarretsu)

            Izango duzue bai denbora nahikoa. Baina, orain epaiketa ospatu behar dugu. Egun handiko azken epaiketa. Dagoneko guztiak hemen gaudela uste dut eta orain hasi gintezke serioski gauzak antolatzen. Nik zuek biokin hitz egin behar nuen eta azkenik topatu zaituztet.

BARANDIARAN: (Neska adieraziaz eta bere hanketara begira)

            Mari zarela esan duzu. Ea, erakutsi zure hanka. (marik beldurra du apaizaren aurrean eta hirikoren babesa bilatzen du).

MARI: Eta zer nahi duzu orain?

BARANDIARAN: Zure hanka ikusi.

MARI: Hori besterik ez bada... (Hanka erakutsiaz)

BARANDIARAN: (Oso pozik)

            Mari zara. Benetako Mari jainkosa. Barkatu Mari nire lehengo jokaera, ez nekien nor zinen.

HIRIKO: Aurkeztu ditugu, bada, geure buruak.

BARANDIARAN: Ni ez jabetu ordea euskal mitologiako andere nagusiaren aurrean aurkitzen nintzenik. Ah zer poza! Azkenik konplitu da nire desirarik nagusienetakoa eta nire begiaz ikusten dut hainbestetan aipatu dudan Mari.

MARI: Aita Barandiaran... banekien bai zure berri, baina ez pentsa nitaz esan dituzun gauza guztiekin ados nagoenik. Nire benetako izaera ez duzu ongi agertu eta gehiago sentitu naiz erabilia maitatua baino. Zure sistema teorikoan toki egin didazu, baina ez oso modu egokian.

BARANDIARAN: Luze hitz egingo dugu horretaz.

MARI: Baina, nik ez dakit zurekin hitz egin nahiko dudan.

SAN MIGEL: Beno, aski da oraingoz. Barandiaran utz gaitzazu bakarrik. Nik Mari eta Hirikorekin mintzatu behar dut..

 

(barandiaran ateratzen da eta iluna egiten da).