Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2000
Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2000
[aurkibidea]

 

II. AGERRALDIA

 

(Bederatzi gomitak gelan daude. Bakotxa bere zeretan. Aita Aritzabelar-ek gora irakurtzen du euskal literaturako klasiko bat: Pedo de Axular edo...! Panpi Sare-k bere pilota punpaarazten, Eulalia de Taulagain mirailaren aintzinean trajediako personai bat egiten: “Puñala hau izan dadila zure traitzearen mendekatzailea” edo...! Amedée Xango kartekin ari, Peio Xirulet txistuan eta Ramuntxo Aztalarin antrexantetan, Antton Haitzondo bere haizkora xorroxten ari, Xalbattin bertsutan, lehen agur baten kantatzen: “Arratsalde on entzule maite, besarkada bat denori...” edo! Pantxika Solsoprano bere gitarrarekin kantuz: “Salba dezagun Euskal Herria, bai eta ere, zergatik ez, gure eskuara” edo...!

Kakofonia izigarria da bainan ez du nehork iduri besten ganik trabatua denik, ez balute elgar entzuten bezala. Geroxago, Maixan Lumaeder sartuko da)

 

 

AITA ARITZABELAR - PANPI SARE - EULALIA DE TAULAGAIN
AMEDÉE XANGO - PEIO XIRULET - RAMUNTXO AZTALARIN
ANTTON HAITZONDO - XALBATTIN
PANTXIKA SOLSOPRANO - MAIXAN LUMAEDER

 

MAIXAN LUMAEDER: Denak hemen gira! Bilkura has dezagun!

 

(Xutik zirenak jartzen dira, denek eskutan zituzten tresnak altxatzen, salbu Pantxika Solsoprano. Paretan emana den kadrerat doa!)

 

AMEDÉE XANGO: Ema gaiten! Ez nuke nahi mus lehiaketa ni gabe has dadin!

MAIXAN LUMAEDER: Jauna! Hamargarren aldikotz: ez da musik!

AMEDÉE XANGO: Ez da musik? Mintza haundian beraz!... Bainan zer derasazu! Ez ditugu kartak banatuak ere!

MAIXAN LUMAEDER: Ez dela lehiaketarik!

AMEDÉE XANGO: Ah eza? Ez zinuena lehenago erraiten ahal ez? Zer ari naiz ni hemen beraz?

MAIXAN LUMAEDER: Berehala jakinen duzu!

PANTXIKA SOLSOPRANO: (kadrean emana den bertsuzko ipuinari so). Maixan! zer da ipuin bitxi hau: “Lamindegiko laminak”?

MAIXAN LUMAEDER: Ipuin zahar bat duzu, erdi arokoa edo! Idazlea ez da ezaguna. Hamar laminen leienda aipatzen du: lamina guziak hiltzen dira bat bestearen ondotik. Haurreri kondatzen zen lehenago! Biziki pollita zaut holako inoxenzia eta misterio bat bait dauka eta hortako dakot etxe huni “lamindegia” izena eman!

AITA ARITZABELAR: Ez “hortako dakot” bainan “hortako diot”. Euskalki zaharkitu horiek bazterrerat utz ditzagun otoi!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Nahi duzue irakur dezatan?

AITA ARITZABELAR: Utz ditzagun haurkeri horiek eta Maixan Lumaeder-ek erran beza azkenean zer den bere gomitaren funtsa!

PEIO XIRULET: Nik nahi nuke irakur dezagun! Biziki gustukoak ditut ipuinak! Noiztenka Ramuntxok ere kondatzen dauzkit ez naizelarik lokartzen ahal!

RAMUNTXO AZTALARIN: Peio! Ez dute zure solasek nehor interesatzen!

AITA ARITZABELAR: “Interesatzen”! Booh! Min dut, min!

PANTXIKA SOLSOPRANO: (irakurtzen du)

            Hamar ziren Lamindegiko laminak

            Bat ereman zuen lo egin ezinak

            Bederatzi Lamindegiko laminak

            Batek ukan zituen tripako minak

            Gero zortzi Lamindegiko laminak

            Perekak ez jasan baten larru finak

            Zazpi ziren Lamindegiko laminak

            Batek iturritik edan ur karminak

            Sei gelditu Lamindegiko laminak

            Beste bat bi parte egin zuen burdinak

            Bost baizik ez Lamindegiko laminak

            Bainan batek desafiatu hegaztinak

            Oraino lau Lamindegiko lamina

            Karga ez jasan baten buru arinak

            Hiru bizi Lamindegiko laminak

            Bat xixtatu zuen lezafinak

            Ondar biak Lamindegiko laminak

            Bat bota bolboraren erresuminak

            Eta azken Lamindegiko laminak

            Ez zituen gainditu bere xangrinak.

 

            Kopla hauek aire bat merexi lukete! Ea kausitzen dutan!

 

(gitarra hartzen du eta hasten da koplen kantatzen berak asmatu doinu batean)

 

PANPI SARE: (trufan) Penatzen nuzu Pantxika! Nola zu bezalako borrokalarisa batek emaiten ahal duen mezu politiko izpirik ez daukan kantu bat! Ez dauzu Euskadik ahulezia hau barkatuko!

PANTXIKA SOLSOPRANO: (gaitzitua) Ez zaitela trufa! Ezagutzen den kantu mota bakarra, pilota partidetako kondalariena delarik, hobe da umil egoitea!

PEIO XIRULET: Irringarri da. Ipuina “Lamindegiko laminak” deitzen da, hemen lamindegian gaude eta hain zuzen hamar gira, ixtorioko laminak bezala!

XALBATTIN: (bertsutan kantuz, zortziko nagusian)

            Mende ilunetako ipuina

            Zuk berriz eman argira

            Gogoan atxik gu ere sartu

            Girela lamindegira

            Eta leienda hortan bezala

            Etxe huntan hamar gira

            Bainan laminen zorte trixtetik

            Jaunak gaitzala begira!

EULALIA DE TAULAGAIN: Ixilduko zireztea! Iziarazten nuzue!

XALBATTIN: Atzarki xerra on bat merexi luke bertsu eder hunek!

PANPI SARE: Ez zirea ohartzen ez denak aspertzen dituzula zure kopla inutil horiekin! Badakigu bertsularia zirela! Orai aski! Zer erran zinezake saloin huntan pilotan hasten banintz! Alta banuke nik ere, mementoko plekari hoberenetarik bat izanez, balentrietan artzeko arrazoinik!

XALBATTIN: (kexu, kantuz bertsutan, zortziko nagusian)

            Nahi daukuzu sinetsarazi,

            Baitakizu eleketan,

            Pilotari on omen zirela

            Ezker pareta, trinketan

            Bainan naski ez duzun sekulan

            Retegi ezarri ketan

            Beraz espantu guttiago-ta

            Saia zaitez kaniketan!

PANPI SARE: (asperturik) Ken ezaidazue gizon hau bixtatik edo emaiten dazkot...

AITA ARITZABELAR: Dizkiot!

PANPI SARE: ... bi paso!

AMEDÉE XANGO: Inbido!

MAIXAN LUMAEDER: Aski da! Utz nezazue hitz egiterat orai! Badakit ene opor etxe hau denetarik urrun dela bainan hortako dut hautatu hain zuzen: Toki erretiratu hunen lasaitasunak gogoeta laguntzen du, eta badugu alde hortarik zer egin elgarrekin! Ohartu zirezte ez dituztala gomitak nola nahika egin: euskal kulturako sail bakotxak badu hemen bere ordezkaria. Aita Aritzabelar, gure mintzairaren zaintzale bezala.

AITA ARITZABELAR: Eta badut lan! Zonbat eskalapoinkeri entzuten dituztan!

MAIXAN LUMAEDER: Pantxika...

PANPI SARE: Borrokarentzat!

MAIXAN LUMAEDER: Euskal kantuarentzat! Panpi Sare...

PANTXIKA SOLSOPRANO: Kanikentzat!

MAIXAN LUMAEDER: Pilotarentzat! Peio Xirulet, euskal soinu tresna joile gisa! Ramuntxo...

PEIO XIRULET: Dantzarentzat! Badakit: elgarrekin gira!

RAMUNTXO AZTALARIN: Utz ezazu Maixan mintzatzerat, Peio!

MAIXAN LUMAEDER: Xalbattin...

XALBATTIN: Zikiro...

MAIXAN LUMAEDER: Bertsularitzaren izenean!

XALBATTIN: Ere!

MAIXAN LUMAEDER: Amedée Xango, musarentzat!

AMEDÉE XANGO: Ah! Musarendako jinarazi nuzu! Beraz, bada lehiaketa bat!

MAIXAN LUMAEDER: Nahi nuke segitu!

EULALIA DE TAULAGAIN: Eulalia de Taulagain, euskal antzerkiarendako! (kexu). Maixan! Ez ahal nuzu azkenik izendatuko, eta gehiago dena haizkolariaren ondotik!

MAIXAN LUMAEDER: Eulalia antzerkiarendako beraz, Antton euskal indar jokoen izenean eta nihaur idazle!

ANTTON HAITZONDO: Zer? Trunkoen moztea kultura da? Ez nakien! Ez dautate erran!

MAIXAN LUMAEDER: Eta dakikezuen bezala, euskaltasuna hil zorian dugu! (besteak elgarri so)

ANTTON HAITZONDO: Ah baia? Ez dautate erran!

MAIXAN LUMAEDER: Gero aipatu beharko dauzuet gutarik bat zuzenki hunkitzen duen eskandala. Ikaragarri bat! Euskal mundua inarrosiko duen eskandala bat! Bainan lehenik, biltzar hunen mamia: Iparralde huntan, eskuara mintzatzen dugun kasik azken hamarrak gira! Ez badugu orai ihardokitzen, gu hilobirat joaitearekin batean, gure mintzaira ere betiko lurperatuko da! Gainera, gure obra edo ikusgarriek ere ez dute gehiago arrakasta izpirik! Jker dezagun, beraz, nola jokatzen ahal gintaizken azken porrosken salbatzerat ensegatzeko!

EULALIA DE TAULAGAIN: Zer derasazu Maixan! Nere antzerkietarat milaka etortzen diren jendek eskuara ulertzen dute! Zer une azkarrak bizi diren taulen gainerat igaiten delarik: Plazerra eta beldurraren arteko nahasketa bitxi hori, sendi baituzu, ez balin baduzu argien gatik ikusten ere, salako jende guziak zuri so daudela!

MAIXAN LUMAEDER: Ez ezazula gehiago zure burua engana Eulalia! Badu aspaldi ez duzula antzerkirik eman, publiko eskasa gatik!

EULALIA DE TAULAGAIN: (nigarrez) Maixan! Ez zuten hauek jakiteko beharrik!

PANPI SARE: Ah! Orai ulertzen dut zendako ez den salako jendea ikusten! (irriz). Ez da argien gatik!

EULALIA DE TAULAGAIN: (nigarrez hipaka). Azken emanaldian, nere baitan daukatan hoberena eskaintzen ari nintzala, gauzak diren bezala erraiteko dibinoa nintzan, esku zarta kartsuak entzuten nintuen! Zer atsegina! Bainan bururatzean, ohartu nintzan ez zela nehor antzokian! Eskuzartak ondoko gelatik heldu ziren, “catch” ikusgarri bat han iragaiten baizen... “Aingeru Beltza” Billy le Kid-en kontra! Eta zer ximikoa, zer affruntua, jar leku hutsak agurtu behar izan nintuelarik!

MAIXAN LUMAEDER: Ez etsi Eulalia! Denak elkarturik eskualdungoa bizirik atxikiko dugu! Ez dea hala!

EULALIA DE TAULAGAIN: Hori behar bada bainan ez nitzaizu hortaz ari: zer bilakatua da nere lehengo arrakasta! Karrikan, ez nute gehiago ezagutzen ere!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Maixan-ek egia du eskuara ttipitua dela! Funtsean, nik ere, nere kantaldietan salatzen dut! Hala dio ene kantu engaiatuenetarik batek: (gitarra hartzen du eta kantuz hasten):

                        “Ez da eskuara mintzatzen lehen bezain bat

                        Eta nik hortako badut pena puxka bat".

PANPI SARE: (irriz) Noiz zaituzte auzitaratzen?

MAIXAN LUMAEDER: Eta aitor ezazu zer moldetan eman dituzun zure azken kantaldiak, Pantxika!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ezin dut!

MAIXAN LUMAEDER: Bai! Bestek aditu behar dute, ongi pizatzeko zertaratuak giren!

PANTXIKA SOLSOPRANO: (nigarrez hasten da) Ez zen ene kantaldietarat gehiago nehor etortzen eta...

PANPI SARE: Orai konprenitzen dut zendako ez den Euskadi oraino libro! (irriz)

PANTXIKA SOLSOPRANO: Alta mezu hain baitezpadakoak botatzen nintuen: kantu batean nion, bereziki, demokraziaren alde nintzala!...

PANPI SARE: (beti irriz) Bainan zer egiten du Poliziak?

PANTXIKA SOLSOPRANO: ...eta orai, entzule zonbaitzuen ukaiteko, bortxatua naiz, kantuak emaitean, strip-stease baten egitea!

PANPI SARE: Erran gabe doa, manera hortan, zure mezuek galtzen dutela beren indarretik!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Zuk, bake emazu edo kantu bat osoa moldatzen dut zure kontra!

PANPI SARE: (beti trufan) Otoi bortizkeririk ez!

MAIXAN LUMAEDER: Zuk, Panpi, gaixtarietan artzeko orde, kondatzen bazinu zertan den Pilota, Ipar Euskal Herri huntan?

PANPI SARE: Ez da hain gaizki!... Egia da tresnekilako jokoak zonbait urte huntan arras desagertuak direla, tresna egile eta aritzaile eskasez! Orai esku huska da bakarrik eta oraino, ez gira dozena bat baizik. Irri eginen duzue: badakizue lehen mailako xapelketa nagusiaren finala jokatzen ginuela, iragan astean! (bestek ez zakitela erakutsiko dute). Ah! ez zinakiten! Funtsean, nork zakien? Trinketeko galeriak hutsak ziren! Eta finala ez ginuela bururatua ere, herriko langilea kantxan sartu da, jatsa eskuan, baizik eta kanporat joan behar ginuela, bestenaz trabatuko ginuela bere garbiketetan! Esplikatzen ginion ez ginela azken kintzerat helduak, pilota federazioneak antolatzen zuen xapelketa nagusiaren finala zela, halere! Ez zuen deus aditu nahi: jatsa sei orenak aintzin pasatu behar zuela, tenore hartan baitzuen lana bururatzen! Beraz, herriko langile horrengatik bortxatuak izan gira ateratzerat eta aurten xapeldun ofizialik ez dugu!

MAIXAN LUMAEDER: Eta ez zaitu Pilotaren kenka txar horrek gehiago kezkatzen?

PANPI SARE: Boh! Zer nahi duzu! Hala beharra! Gure falta da ere: aski ginuen aintzinetik galdatzea zonbat orenetan hesten zen trinketa!

MAIXAN LUMAEDER: (besteri) Zuek! Errazue zerbait! Ez ditugu gure erroak ukatuko! Ez dugu eskualdun zuhaitza sekulakotz eihartzerat utziko!

PEIO XIRULET: Banoa oherat! Leher egina naiz! Ohea berotuko dauzut Ramuntxo!

RAMUNTXO AZTALARIN: Ixil zaitez, Peio!

 

(eta Peio Xirulet ateratzen da).

 

 

AITA ARITZABELAR - PANPI SARE - EULALIA DE TAULAGAIN
AMEDÉE XANGO - RAMUNTXO AZTALARIN - ANTTON HAITZONDO
XALBATTIN - PANTXIKA SOLSOPRANO - MAIXAN LUMAEDER

 

AMEDÉE XANGO: Ez baita lehiaketa oraino hasia: nor ari da Musean? (Panpi Sare, Ramuntxo Aztalarin eta Xalbattin-ek erranen dute ari izan nahi dutela eta lauak plantatzen dira mahaian musean artzeko. Amedée Xangok, arpegia pozik, supiztzeko kutxa hartuko du supazter ondoan, ttantto gisa baliatzeko).

MAIXAN LUMAEDER: Bainan nola ukaiten ahal duzue oraino jostatzeko gogoa? Begiak idek: gure Gemikako arbola abantxu eroria da!

ANTTON HAITZONDO: Ah! Ez da ene falta eh! Ez dut nik moztu eh!

MAIXAN LUMAEDER: Zuk, Antton: badakizu azken haizkolaria zirela, euskal indar jokoetan agertzen ziren azkena eta ez dela kasik nehor jiten zure enbor mozte ikusgarrietarat!

ANTTON HAITZONDO: Ez dakit! Ez dut ikusten ahal: begiak tapaturik ararazten naute!

MAIXAN LUMAEDER: Badakizue neri zer gertatu zautan Durangoko liburu azokan? Eskuarazko obra bat presentatzen nuen bakarra nintzan eta aste osoa egon naiz nere erakuts mahaierat nehor hurbildu gabe! Ondarrean, ortziralez, gizon bat etorri zaut eta liburua erosi! Eta ez duzue sekulan pentsatuko zergatik: bere jan gelako armairuaren plomatzeko, azpian emanez, zango bat beste himak baino laburrago zuelakotz! (nigarrez) Ene liburuaren loditasuna, xuxen behar zuen neurrikoa zela! Errealitatea hor dago!

AMEDÉE XANGO: (musean ari) Itzul kartak!... Ez dueia norbaitek “hordago” egin?

MAIXAN LUMAEDER: Desesperatua naiz!

AITA ARITZABELAR: Ez “desesperatua”: etsitua!

MAIXAN LUMAEDER: Zu, Aita Aritzabelar, euskalzaina ados zira enekin! Ez dugu gure mintzaira hain maitatua hiltzerat utziko!

AITA ARITZABELAR: Ikusiz zer kolpe ikaragarriak emaiten dizkiozuen, naski ez zaion deus hoberik gertatzen ahal! Larriki zauritu batek, batzutan, heriotza nahiago du sofrikario luzeak baino! Utz dezagun emeki emeki itzaltzerat eta tira!

AMEDÉE XANGO: (musean) Nola tira. Ez dut inbidotu ere!... Ez dueia norbaitek “tira” erran!

MAIXAN LUMAEDER: Zu zira hola mintzo, aita Aritzabelar? Zure egitekoa delarik hain zuzen eskuararen zaintzea? Ez zirea ahalge?

AITA ARITZABELAR: Ezti zaitez!

MAIXAN LUMAEDER: (haserre) Bortxatzen nuzu gogoan dutana erraiterat.

AITA ARITZABELAR: Ez ahal didazu holako bide luzea eginarazi zoko galdu huneraino, ene laidostatzeko! Gainera, ez ohizko sesio garantzitsua ginuelarik aste ondar huntan, euskalzaindian: euskalzainak bildu beharrak ginen “kanguru” abereari izen baten aurkitzeko eskuara batuaz! Naski zure ergelkeriak baino prisatuago zen! Banoa etzaterat!

 

(ateratzen da)

 

 

PANPI SARE - EULALIA DE TAULAGAIN - AMEDÉE XANGO
RAMUNTXO AZTALARIN - ANTTON HAITZONDO - XALBATTIN
PANTXIKA SOLSOPRANO - MAIXAN LUMAEDER

 

MAIXAN LUMAEDER: (oihuka, aita Aritzabelar atera den alderat). Zuk, eskuara maita arazteko orde, denak okaztatzen dituzu! (burua apal). Zoritxarrez, konturatzen naiz nere burua enganatu dutala! Ez dut zuetarik deus igurikatzekorik! Euskaltasunari ni bezala atxikiak bazinezte, ez zinezakete lurperatzerat utziko! Zuen ezazolkeriak gaitu galtzen!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ni baitan kondatzen ahal duzu, Maixan! Nik ere nahi ditut, zu bezala bazterrak inarrosi. Entzun ezazu zer dion, asmatu dutan kantu hunek! Hau da kanta:

AMEDÉE XANGO: (musean) Bi errege! (kartak itzultzean).... Ez dueia norbaitek “kanta” erran?

PANTXIKA SOLSOPRANO: (gitarra hartzen du eta hasten da kantuz)

                        “Haserre naiz, haserre naiz

                        La, la, la, la zoin haserre naizen...”

PANPI SARE: (mus partidaren artetik). Zer kentzen duzu lehenik soinetik: zaia ala atorra?

 

(Pantxika Solsoprano ateratzen da gaitziturik eta nigarrez)

 

 

PANPI SARE - EULALIA DE TAULAGAIN - AMEDÉE XANGO
RAMUNTXO AZTALARIN - ANTTON HAITZONDO
XALBATTIN - MAIXAN LUMAEDER

 

MAIXAN LUMAEDER: Ni ere erretiratzen naiz! Egin ezazue nahi duzuena!

EULALIA DE TAULAGAIN: Zaude ene beha! (laminen ipuina kondatzen duen kadrearen ondoan pasatuz). Ezin dut laminen ipuin hau burutik kendu! Ikaratzen nau! Maixan, ez zauzia sekulan bururat jin nobela bat ixkira laikeela leienda huntaz?

MAIXAN LUMAEDER: Jadanik egina du Agatha Christie izeneko idazle batek: deitzen da “Hamar negrottoak”! Uharte batean aurkitzen dira hamar presuna, han, leienda hunen iduriko bat atxemaiten dute, eta ipuin hortako negrottoak bezala hiltzen dira hamar presunak, bat bestearen ondotik! Ez du nehork irakurtua? (denez ezetz). Agatha Christie-ren izena entzuna zinuten, bederen? (bestek ezetz, Antton Haitzondok ezik).

ANTTON HAITZONDO: Polizier komediak idazten zituen, 1891an sortua Inglaterrako “Torquay” herrian, 1976an zendu zen, ehun liburu pasa ixkiratu eta!

MAIXAN LUMAEDER: Bai! Hori da!

EULALIA DE TAULAGAIN: Bazinakien? Zuk? Haizkolariak?

ANTTON HAITZONDO: Ez nakien bainan erran dautate!

EULALIA DE TAULAGAIN: (ateratzean, Maixan Lumaeder-i) Eta nork hil zituen hamar laminak... edo hamar negrottoak?

MAIXAN LUMAEDER: Bihar kondatuko dauzut.

EULALIA DE TAULAGAIN: Eta ez daukuzu erran zer den gutarik bat zuzenki hunkitzen duen eskandala!

MAIXAN LUMAEDER: Hori ere bihar! Nun ditut ene lo egiteko erremedioak? Ganbaran!

 

(Eulalia de Taulagain eta Maixan Lumaeder ateratzen dira; Antton Haitzondok segituko ditu, luza gabe)

 

 

PANPI SARE - AMEDÉE XANGO
RAMUNTXO AZTALARIN - XALBATTIN

 

(Musean segitzen dute. Amedée Xango eta Panpi Sare, Ramuntxo Aztalarin eta Xalbattin-en kontra)

 

AMEDÉE XANGO: Inbido handian!

XALBATTIN: (bertsutan kantuz hasten da, koplaka)

                        “Zaude puxka bat, adixkidea

                        Joko hau ikus dezatan (kartak ikusi eta)

                        Aitortzen dauzut,

                        nik gauza gutti Dutala ene kartetan”.

AMEDÉE XANGO: (kexu) Ar zaite plantan! Musa gauza seriosa da! Berriz diot inbido handian!

RAMUNTXO AZTALARIN: Idoki! Gure gomitatzaile horrek zainetan ezarri nau! Hori emazte nardagarria!

AMEDÉE XANGO: Zerekin egin dautazu iduki, zuk? Inbido, ttipia!

RAMUNTXO AZTALARIN: Berriz inbido! Eta zer teoriak atxiki dauzkun!

AMEDÉE XANGO: Berriz inbido? Zerekin? Tira! Bainan kasu emaiten ahal duzu pareetan! Ba pare!

RAMUNTXO AZTALARIN: Ba! Berantegi plantatzen da, aipatzen zuen delako eskualdungoaren salbatzeko!

PANPI SARE: Ez pare!

XALBATTIN: (kantuz hasten da) Oxtian nion bezala... (Amedée Xangoren so gaixtoari ohartzen da). Ez pare!

AMEDÉE XANGO: (Ramuntxo Aztalarin-i) Bakarrak gira beraz, parekin! Hiru ttanttoz inbido zuri!

RAMUNTXO AZTALARIN: Bost gehiago! Nik diot euskaldungoa desagertzen dela ez zuelakotz irautea merexi!

AMEDÉE XANGO: Zerekin bost gehiago? (gaitzitua)... Tira! Orai, kasu jokoan: ba joko!

RAMUNTXO AZTALARIN: Ba joko! Zeren, nik ikusten dut dantzan zertaratuak giren...

AMEDÉE XANGO: (bere buruari) Izorratu nik ttipi hortan!

PANPI SARE: Ezjoko!

XALBATTIN: Ez!

AMEDÉE XANGO: (Ramuntxo Aztalariri) Hordago!

RAMUNTXO AZTALARIN: Kanta! Ipar Euskal herriko azken dantzari naiz... Eta ez nintzan gutti harritu Maixan Lumaeder-en eskutitzan leitu nuelarik beste batzu aurkitu zituela...

AMEDÉE XANGO: Zonbat duzu?

RAMUNTXO AZTALARIN: Hogoi ta hameka! Eta dantzari bakarra izanez, ez dut “aurresku” baizik emaiten ahal ene ikusgarrietan! Eta hamargarren aurreskuaren buruan, ene ikusterat datozten hiruzpalau jendeak aspertzen hasten dira!

AMEDÉE XANGO: (kartak botatuz, haserre). Errex da hola irabaztea! Ez zira ixiltzen eta konzentrazione guzia kentzen dautazu!

PANPI SARE: Zer muslari kakola ziren, Amedée!

AMEDÉE XANGO: Ni, kakola? Aurtengo xapelduna izanki eta?

PANPI SARE: Ahanzten duzu erraitea, halere, ez duzuela aurtengo xapelketa nagusian, bi taldek baizik parte hartu!

AMEDÉE XANGO: Nola dakizu hori, zuk?

PANPI SARE: Jakina da ez dela gehiago muslaririk, kasik! Mirakuilua da gaur hiru atxeman badituzu zurekin artzeko! Beraz, gure ixtoriorat berriz jiteko, bi talde izanez bakarrik, finala zuzenki jokatu behar izan duzue...

AMEDÉE XANGO: Ixil zaitez!

PANPI SARE: Eta zuek zirezte nagusitu beste taldea ez delakotz etorri, abiatzeko mementoan autoa makurtu zaiotelakotz! Ez duzu nehor enganatzen Amedée! Denak jakinean gira!

AMEDÉE XANGO: (xutitzen da, erotua). Ez dakizu zer huts ikaragarria egin duzun hori kondatuz! Urrikituko zaizu!

 

(ateratzen da eta Panpi Sare-k segitzen du, irriz)

 

PANPI SARE: Izitzen nuzu, to!

 

 

RAMUNTXO AZTALARIN - XALBATTIN

 

XALBATTIN: Zer kalda lamindegi huntan! Zer dute denek hola samurtzeko! (ate lehiorat doa). Ilargia ditaike! To! Elur tenpesta eztitu da! Izarrak ere ageri dira!

 

(zintzurra karrakatzen du: bertsu bat botako duelako marka! Ramuntxo Aztalarin diskretuki erretiratzen da!)

 

 

XALBATTIN

 

XALBATTIN: (bertsutan kantuz, ate lehiotik so)

            Elur ekaitzan, galdurik zeuden, orkatza ta basoilarra Bainan huna nun eztitu zaukun tenpesta hunen indarra Lano ilunak lekutu dira, zeruan garbi iparra

            Dirdiran dago izarra

            Botatuz bere pindarra

            Ilargiaren zilarra

            Xuriz jauntzirik, zoin miresgarri gaur Iratiko ibarra

            Halere horrek ez du balio atzarki eta ilarra! (bis)

 

oihala