Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2000
Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2000
[aurkibidea]

 

VIII. AGERRALDIA

 

Pantxika Solsoprano bakarrik dago gelan, bere usaiako lekuan jarria, gutun bat idazten ari.

 

 

PANTXIKA SOLSOPRANO

 

PANTXIKA SOLSOPRANO: Nik, Pantxika Solsoprano, kantari engaiatuak, gainditzen ahal ez dituztan xangrinek itorik, jakinarazi behar dauzuet jadanik hain flakatua zen euskaltasuna dolumin handitan dugula, heriotza eman bait dakotet bere azken zerbitzarier! bai, nik, Pantxika Solsoprano, kantari engaiatuak, heriotza eman dakot Maixan Lumaeder idazleari, baita ere Xalbattin bertsulariari, Ramuntxo Aztalarin dantzariari, Eulalia de taulagain antzerkilariari, Panpi Sare pilotariari, Aita Aritzabelar euskalzainari, Antton Haitzondo euskal indar jokolariari, Peio Xirulet dantzariari eta Amedée Xango muslariari!... Huna, bederen, zer uste izanen duten gehienek, Irati Lamindegian gertatu itsuskeriak aurkituko dituztelarik! Alta, ukatzen dut hemengo doluminen kausa naizenik! Bainan nork sinetsiko nau?

            Bederatzi hil atxemaitean —eta bederatzi ez da gutti— Lamindegia bezalako leku erretiratu batean, eta bakar bat bizirik, nolaz laike hau hobengabe? Nola esplika bester nihaurrek ulertzen ez dutana? Ez dut sekulan kriminal bat bezala zuzenkontra erakutsia izaitea onhartuko! Nahiago dut Lamindegiko laminen ipuina bururatu mundu krudel hau utziz! Jauzi egin baino lehen, zorigaitzez adituko ez duzuen kantu bat emanen dut, sinboloarentzat, bere hitz bortitzetan, Euskal Herriko borroka guziak biltzen dituen kanturik militanteena! Bainan joan aintzin, onhartuko dautazue nere biziari bere sensu guzia eman dion oihu hau bota dezatan azken aldikotz: “Gora Euskal herria, puxka bat”.

 

(Xutitzen da eta balkoinera buruz doa, emeki, Peio ta Pantxoren kantu hau emanez): “Urtxintxa oihanean, jauzika, aldaxkatik aldaxkara...”

(kantuz segitzen duela balkoinera buruz, Antton Haitzondo agertzen da ganbaretarat doan atetik)

 

 

PANTXIKA SOLSOPRANO - ANTTON HAITZONDO

 

ANTTON HAITZONDO: Geldi zaitez, Pantxika!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Antton! Ez zinen hila? (harritua)

ANTTON HAITZONDO: Ez! Buru azkarra dut! Nihaurek dut armairua uzkali eta hilarena egin ene lana aiseago jarraikitzeko, hasiak baitzinezten nitaz azkarki mesfidatzen eta desagertarazi bait ninduzuen! Zuen solasak entzun ditut ate ixkinetik!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ah! Peio Xirulet-en idai zen eh! Ez enea eh!

ANTTON HAITZONDO: Naski ene aitormenen egiteko tenorea jina den! (Pistola sakelatik ateratzen du)

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ah! Zu zinen hemengo erailea! Hastapenetik asmatua nuen!

ANTTON HAITZONDO: Ez, Pantxika! Ez duzu deus asmatu!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Eta zer ari zira pistola eskuan?

ANTTON HAITZONDO: Eskalerpean aurkitu dut! Naski laster hunen beharra ukanen dugun! Pantxika, ez dut nik hemen nehor kaltetu! Lehen lehenik jakin behar duzu ez naizela haizkolaria ofizioz eta ez naizela Antton Haitzondo deitzen. Detektibo pribatua naiz eta izena dut Zakarias Putxapal!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Zakarias Putxapal! Zu zira? Hainbeste amenstu dut nunbaitik agertuko zinela! Zergatik izen faltsu hori beraz?

ANTTON HAITZONDO: Gizon bitxi eta erdi eroarena egin dut nahitarat ez zezan hemengo hiltzaileak nitaz susmarik izan, zeren jakin izan balu Zakarias Putxapal, detektiboetarik abilena eta ospetsuena hemen zela, ez zen hilketarik obratzerat menturatuko eta ez nuen kausituko!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Bainan nola zinakien hemen zerbait larri iraganen zela?

ANTTON HAITZONDO: Maixan Lumaeder zenak zautan Lamindegirat etortzea galdatua bere zaintzeko, beldur baitzen zerbait makur gertatuko zitzakola, gutarik bat zuzenki hunkitzen zuen eskandala salatu eta!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Zer eskandala?

ZAKARIAS PUTXAPAL: Ez du, ikusi duzun bezala, Maixanek nehori kondatzeko denborarik izan, ez eta eni ere! Hiltzailea pruntagoa izan da! Geroztik nere inkesta ahal bezain diskretuki eraman dut, beti erdi eroarena eginez, eta frango emankorra izan da. Orai dena argi da enetzat!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Suertea duzu! Nor zen?

ZAKARIAS PUTXAPAL: Agatha Christieren “Hamar negrottoak” liburuko uharte hartan, lehen bospasei presunak garbitu eta, hobendunak sinetsarazten du bera ere hila dela, hola gaineratekoak gustuan egiten ahal ditu, kukutuz, ez baita beraz nehor mesfidatzen. Alabainan! Eta pentsatu dut: Lamindegikoak ere metodo bera baliatu balu? Beraz laster egin dut “hamar negrottoen” ixtorioa leitu luketenen zerrenda eta gutti atera zauzkit, jakina baita ez duela gehiago kasik nehork irakurtzen! Ulertua duzu orai nortaz mintzo naizen?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Maixan Lumaeder?

ZAKARIAS PUTXAPAL: Bai! Bainan badakigu zer gertatua zakon! Beraz Maixan eta nitaz kanpo, nork zuen, hemen bilduak ziren jendetan, irakurtzen?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Aita Aritzabelar!

ZAKARIAS PUTXAPAL: Ongi Pantxika! Gainera, orhoitarazten dauzut ez duela bere gorputza nehork ikusi!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Alabainan! Leizerat... Zer erran nahi duzu?

ZAKARIAS PUTXAPAL: Bai! Dena ulertua duzu! Gauzak laster ulertzen dituzu nahi duzularik! Aintzineko gauan orro itsusiak bota ditu denek entzun zezaten, alegia balkoinetik eroria zela norbaitek pusaturik, bainan ez da sekulan leizerat joan! (Gorago mintzatuz). Ez dea egia Aita Aritzabelar? Agert zaitez hunarat eta eskuak altxa! Badakit hemen zirela!

 

Aita Aritzabelar sartzen da eskuak altxatuz. Pantxika Solsoprano harritua.

 

 

PANTXIKA SOLSOPRANO
ZAKARIAS PUTXAPAL - AITA ARITZABELAR

 

PANTXIKA SOLSOPRANO: Amedée Xangok egia zuen! Ez zen hila! Sotana on da paraxutarako!

ZAKARIAS PUTXAPAL: Ez dituela hunek gauzak laster ulertzen! Erraiten dauzut ez duela balkoinetik saltorik egin! Gure enganatzeko zituela oihu horiek bota! Aita Aritzabelar: nahi nuke zuhaurrek aitor dezazun zure egitate larri horien arrazoina!

AITA ARITZABELAR: Hainbeste denboraz gordetzera saiatua nintza euskalzaindiko segretua aurkitua zuen Maixan Lumaeder-ek!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Zer segretu?

AITA ARITZABELAR: Ez! ezin dut!

ZAKARIAS PUTXAPAL: Nik erranen dut beraz: gure euskalzainek izen faltsuak dituzte! Beren egiazko izaitea aspaldian kukutzen daukute! Badakizu badela Iban Sarasola deitu euskalzain bat; hunen egiazko izena da Maurice Bordenave, Patxi Altuna delakoarena Ren, Ducasse, Miren Azkarate delakoaren egiazko izena duzu Antoinette Dubouilh eta Beñat Oiharzabal ez da Beñat Oiharzabal deitzen bainan Adrien Pinaquy! Bai! Aita Aritzabelar ezik, beste euskalzain guziak gaskoinak dira!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Eskandalagarria da!

AITA ARITZABELAR: (buru apal) Bai! Baditu urteak gaskoinez iragaiten direla Euskalzaindiko lan biltzarrak! Aipatzeak berak min egiten daut! Nola ez nuen gehiago euskalzain bilakatzeko maila eta jakitatea lituzkeen eskualdunik aurkitzen, abisu bat pasaarazi nuen egunkari eta irratietan, eta gaskoinak nunbrez aurkeztu ziren! Hauen onhartzerat borxatua izan nintzan Euskalzaindia ez zadin desagert, botere publikoek, bereziki ipar-aldekoek, emaiten dauzkiguten diru laguntza gizenak galduko bait ginituen bestenaz! Bainan nola asmatu duzu ene segretua?

ZAKARIAS PUTXAPAL: Lotarik mintzo zinen eta aintzineko gauan hauteman zaitut izen horien errepikatzen zure burua ohe hegiaren kontra joz! Bainan halere lehenago asmatua nuen zu zinela hemengo hiltzailea edo erailea!

AITA ARITZABELAR: Nolaz?

ZAKARIAS PUTXAPAL: Arrunt nahi gabean! Paper puska batean idazten ari nintzalarik “nor da erailea”, ez dakot “Erailea” hitzaren lehen “E” hizkiari peko marratxoa eman, eta “E” bilakatu da “F”. Beraz “erailea” irakurtzeko orde, irakurtu dut “frailea” eta horrek argitu nau!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Bainan zergatik, Maixanen ondotik, besteak ere hil dituzu?

AITA ARITZABELAR: Uste baitnuen ene segretua deneri salatua zauzuela Maixan-ek, lehen arrats hartan, ni ene logelarat joan, eta!

ZAKARIAS PUTXAPAL: Ez! Ez zuen nehori aipatua!

AITA ARITZABELAR: Hainbeste hil eta zoritxar behar gabean! deusendako!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Hau ere Euskal Herriko tradizione bat, Peio Xiruletek erranen zuen bezala! Eta nola egin dituzu hainbeste joan jin etxe huntan, nehork ikusi gabe?

AITA ARITZABELAR: Gaineko lehio batetarik balkoinerat jausten nintzan, gero balkoinetik sahetseko lehiorat, huntarik etxe aintzinerat, ondoko zuhaitza baliatuz eta abar. Euskalzaindian, “exaza” edo landesetako haga pare luze horien gainerat hupaturik ibiltzen gira eta horrek trebezia ainitz ekarri daut!

ZAKARIAS PUTXAPAL: Orai justiziaren eskuetan utzi beharko zaitugu!

AITA ARITZABELAR: Ez! Badut aski ahalge jasanik! (lasterka doa balkoinaren hegirat). Adichats! (gaskoinez). (eta jauzi egiten du, bere oihu luzea entzuten dela, ahulduz joanki. Pantxika Solsoprano eta Zakarias Putxapal balkoinerat doatzi eta hegitik behererat so egiten).

 

 

PANTXIKA SOLSOPRANO - ZAKARIAS PUTXAPAL

 

PANTXIKA SOLSOPRANO: Amedée Xango ez zen xuxen. Ez du sotanak paraxuta gisa, fitsik balio! Bainan. Errazu Zakarias! Hobenduna Aita Aritzabelar zela asmatu eta, oraino bi hilketen obratzerat utzi duzu! Peio Xirulet eta Amedée Xangorena, lehenago geldiarazten ahal zinuelarik! Zergatik?

ZAKARIAS PUTXAPAL: Froga nuen eskas! Behar nuen nihaurrek norbaiten hiltzen ikusi ene teorien xuxentasunaz segur izaiteko! Zer nahi duzu, erran zaharrak dion bezala, ez da moletik egiten arroltzerik hautsi gabe!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Alabainan! zuk ere ederki enganatu gaituzu! Zoin ongi egin duzun erdi eroarena! Nik zinez sinetsia nuen hala zinela!... Bainan. Peio zure xiringarekin xixtatu baitu

Aita Aritzabelar: Beraz zure besoari alegra emaiten zinakon erremedio harek jendea egiazki hiltzen ahal zuen?

ZAKARIAS PUTXAPAL: Ez dakit! Ez dautate erran!

 

oihala