Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2000
Lamindegiko lamiak
Pantzo Hirigarai
Kutxa Fundazioa, 2000
[aurkibidea]

 

VII. AGERRALDIA

 

Azken lau presunetarik hiru daude gelan

 

 

AMEDÉE XANGO - PEIO XIRULET
PANTXIKA SOLSOPRANO

 

AMEDÉE XANGO: Aita Aritzabelar airatu da! Xoriak desafiatu ditu! Kenka larrian gira!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Seigarren heriotza igurikatu behar izan duzia hortaz ohartzeko?

AMEDÉE XANGO: Bai! Zinez kenka larrian! Ez gira lau baizik! Oraino hiltze bat eta adio gure mus partida!

PEIO XIRULET: Alta errana ginuen ez dela etxe huntan bakarrik ibili behar! Bainan nola zakien, pusatu duenak, justu justua gau huntan balkoinean plantatuko zela frailea? Bere gorputza ageri dea?

AMEDÉE XANGO: Ez! sobera behera joan da! Ez da behar bada kolpatua baizik, bere erorikoaren zalutasuna emekitu duke sotanak, paraxuta baten moduan!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Bere orroa entzun duzue gau huntan, nik bezala, eta ez zirezte mugitu!

PEIO XIRULET: Nik ez dut deus aditu!

AMEDÉE XANGO: Nik bai! Aments eder batetarik iratzarazi nau: hogoita hameka esku nuen jokoan eta parreko muslariak hordago egina!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Eta ez zira jeiki ikusteko zer gertatzen zen?

AMEDÉE XANGO: Ez! Berriz lokartzerat ensegatu naiz, partidaren segitzeko!

PEIO XIRULET: (Pantxika Solsopranori) Eta zuk?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Zer inporta zauzu zuri?

PEIO XIRULET: Amedée, uste dut gu biak girela hemen zentzudunenak...

PANTXIKA SOLSOPRANO: Eta ni?

PEIO XIRULET: Bake emazu, Antton-i mintzo naiz!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Faltsu zikina zu! Oxtian, biak ginelarik, dena konplimendu eta gero hemengo izigarrikeriak ene bizkar emaiterat ensegatzen! Judas!

PEIO XIRULET: Perreka hau ixilduko dea? Amedée, Antton Haitzondo-k ditu gure biziak mehatxatzen!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Badu aspaldi errana dutala!

PEIO XIRULET: Ez duta boz bat entzun Amedée? Alta uste nuen ez ginela gu biak baizik gela huntan! Beraz, Anttoni doakionez, ez dugu hameka aterabiderik!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Zoin? Errazu!

PEIO XIRULET: Bainan nundik heldu zaut oiharzun hau? Beraz, Am,d,e, gizon hori beste mundurat igorri behar dugu, harek gu egin baino lehen!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Baduzia burutik? Ez duzia uste aski zorigaitz izan dela hola hola lamindegi huntan?

PEIO XIRULET: Amedée! Sahetsean dugun emazte boz baten egite duen arrabots nardagarri hori ixildu orduko, emaidazu zure ikusmoldea!

AMEDÉE XANGO: Alo Peio! Zer derasazu! Zer atxemaiten dakozu Anttoni zuzen ez duenik? Gizon arrunt normala da!

 

Antton Haitzondo sartzen da hain zuzen, bere besoa xixtatzen ari dela xiringa haundi batekin. Liburutegirat doa!

 

 

AMEDÉE XANGO - PEIO XIRULET
PANTXIKA SOLSOPRANO - ANTTON HAITZONDO

 

ANTTON HAITZONDO: Nun da liburu gorri lodi hura? Bestea ez dut aski largoa! (hartzen du)

PEIO XIRULET: Zer duzu hori?

ANTTON HAITZONDO: Ez dakit! Ez dautate erran!

PEIO XIRULET: Xiringa hori! Zergatik zure besoan emaiten duzu? (Antton Haitzondo jartzen da bere usaiako lekuan, ongi ageri direla Maixan Lumaeder, Xalbattin, Ramuntxo Aztalarin, Eulalia de Taulagain, Panpi Sare eta Aita Aritzabelaren kadera hustak)

ANTTON HAITZONDO: Trunko mozte ikusgarrientzat, ginarriak xixta arazten dauzkidate hunekin, oraino indar gehiago ukanen omen dutala erremedio hau hartuz! Bainan bitxi da, beti kukugordeka emaiten dautate!

PEIO XIRULET: Bainan ez duzu hemen ikusgarririk!

ANTTON HAITZONDO: Ez bainan denen beharra ukanen dut ene ganbarako armairu handiaren atxikitzeko, liburua zangoaren azpian koka dezatan! Halere, kasu egin behar dut xorta bat baizik ez hartzea erremedio huntarik, zeren biga emaiten badira aldi berean, erotzen da eta hiruekin hiltzen! Lehen aldi hartan ez ninduten abisatu eta beharrik hirugarrenaren aintzinekoan gelditu nintzan! Uff!!

PEIO XIRULET: Ez nuen beste beldurrik!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ah! Artetik erraiteko Antton! Peio-k hil nahi zaitu!

ANTTON HAITZONDO: Ah bai? Ez nakien! Ez dautate erran!

AMEDÉE XANGO: Bainan nor dira sekulan deus erraiten ez dauzuten jende misterios horiek?

ANTTON HAITZONDO: Ez dakit! Ez dautate erran!

PEIO XIRULET: Dena den, ez ditzazula neska pikabuztan hunen erranak sinets, Antton! Gezurrak ditu!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Gezurrak ditut Amedée?

AMEDÉE XANGO: Nik, muslari bezala, gezurra pratikatzen dut egia bezain bat! Beraz Pantxikak egia duela balin badiot ere, beharbada gezurra dut, eta Peiok gezurra duela, egia! Nun ez diotan egia, Pantxikak gezurra diola erraiten dutalarik, gezurra izaiten ahal dutan bezala Peiok egia diola deklaratzen badut! Dependitzen du kondatzen dutana egia ala gezurra den! Beraz zer balio du ene lekukotasunak? (Antton Haitzondori) Konprenitzen duzu?

 

(Ageri ez duela Antton Haitzondok ezer ulertu. Amedée-ri aire zozo batekin so egin eta)

 

ANTTON HAITZONDO: Banoa ene armairuaren plomatzerat! (ateratzeko punduan delarik). Badakizue Aita Aritzabelar balkoinaren beherekaldeko leizerat erori dela?

PEIO XIRULET: Eta zuk? Nola zinakien?

ANTTON HAITZONDO: Noiztenka, gauaz, airatzen naiz nere hegalak zabalduz eta barda, Irati gainekaldeko hedoietan bama ibili eta, balkoinaren hegian pausatzerat heldu nintzalarik, frailea gurutzatu dut, sekulako xistuan zoala beherera buzu!

 

Ateratzen da, xiringa eta liburu gorri lodia —edo hiztegia— eskuan. Beste hiruak harriturik daude.

 

 

AMEDÉE XANGO - PEIO XIRULET
PANTXIKA SOLSOPRANO

 

AMEDÉE XANGO: Naski gizon horrek bi zorta on hartu dituen bere ginarrietako erremediotik!

PEIO XIRULET: Ero eta lanjerosa! Espero dut nere proposamena onartuko duzuela orai! Ez dugu hauturik! Bizi izan behar dugu, Euskal Herriari buruz ditugun xede eder horien obratzeko, Pantxika! Eta Antton-en garbitzea dugu gure iraupenaren segurtatzeko molderik hoberena!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Bainan ez dea hori legez kanpo?

PEIO XIRULET: (idorki) Jakin behar da zer nahi dugun! eta funtsean orhoitarazten dauzut Euskal herriko ohidura zahar bat dela ere jenden hiltzea herriaren alde! Gure tradizioneeri atxikia zira bai edo ez! Beraz, nola plantatu behar ote dugu holako gizon karkasaren botatzeko?

PANTXIKA SOLSOPRANO: (pistola bat ateratzen du sakelatik) Hunekin, behar bada! (Peio Xirulet eta Amedée Xango izitzen dira eta besoak altxatzen)

PEIO XIRULET: Pausa ezazu tresna hori berehala! Armatua zira, zu?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Bortxatua naiz ene buruaren defendiatzeko kantaldietan, taulen gainerat igaiterat ensegatzen diren frikunen urruntarazteko! Beti kaldan ezartzen dira ene bigarren kantuaren leloa hasten dutalarik!

AMEDÉE XANGO: Eta noiz buluzten zira?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Hain zuzen, memento hortan bainan beharko ditut lelo horren hitzak eztitu, jendea sobera berotzen dute! Hauxe diote:

                        “Gorri, xuri eta berdin berdea

                        kolore pollitagorik badea...

                        (bestek ez dute batere ihardokitzen)

                        ... ez duzue kaldarik sendi?

AMEDÉE XANGO: Ez baitezpada! Buluzirik behar bada! Ea, kenzkizu soinean dituzun jauntziak!

PEIO XIRULET: Badugu aski denbora galdurik! Nor joanen da Antton-en xahutzerat? (Amedée Xangok arma hartzen dako Pantxikari eskutik eta aire gaixto bat hartzen)

AMEDÉE XANGO: Eskuak alxa! Zuen azken orena etorri da! (bestek, harriturik, besoak alxatzen. Amedée Xango irriz hasten da). Izitu zaituztet, eh! Aitor ezazue izitu zaituztetela. (Arma Pantxikari itzuliz). On egiten du irriz artzea noiztenka!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Hau gizon pixtoleta! (Peiori pistola emanez). Peio, zoaz! Zuk duzu proposatu, zuri da egitea!

 

(Arma eskuetan ukan eta, bertzeri buruz emaiten du Peio Xirulet-ek. Hauek eskuak altxatzen, beldurturik, eta Peio Xirulet ateratzen da)

 

 

AMEDÉE XANGO - PANTXIKA SOLSOPRANO

 

PANTXIKA SOLSOPRANO: Eta Peio-k bere kolpea huts egiten balu?

AMEDÉE XANGO: Hor segur Antton oraino eroagotuko dela!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ez ginukea kukutzea hobe?

AMEDÉE XANGO: Arrazoin duzu! Bainan gertatu beharra gertatzeko artean, zer eginen dugu zuk eta nik?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Igurikatu! Zer egin nahi duzu besterik?

AMEDÉE XANGO: Ez dakizu? Alo! Ez ezazula inoxentarena egin! Zer egin lezakete gizon eta emazte batek elgarrekin?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Amedée! Kenzkizu idai xoro horiek burutik!

AMEDÉE XANGO: Alo! ez zaitela fazoinetan has! Segur naiz zuk ere gogo izigarria duzula hortarako! Nun plantatzen gira? Mahaian?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Amedée, erotua zirea! ez! Ez gira ezpainen gainean musukatuko! (eta ateratzen da)

 

 

AMEDÉE XANGO

 

AMEDÉE XANGO: Ez musua, musa! Bainan zer dute denek musaren kontra? Norat joana da! (eta ateratzen da)

 

Gela hutsik dago segunda zonbaitzuz. Bat batean burrunba ikaragarria entzuten da. Gela oraino hutsik beste zonbait segundaz eta Peio Xirulet sartzen da.

 

 

PEIO XIRULET

 

PEIO XIRULET: Ni ere burua galtzen ari naiz, ondarra! Bainan zer gizon mota bilakatua haiz Peio? Nun dituk hire lehengo jendetasun eta bihotz garbitasunak?

 

Pantxika Solsoprano sartzen da.

 

 

PEIO XIRULET - PANTXIKA SOLSOPRANO

 

PANTXIKA SOLSOPRANO: Zer zen burrunba ikaragarri hori?

PEIO XIRULET: Ez dakit!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Eta Antton?

PEIO XIRULET: Ez! ezin izan dut! Eskalerren parreko miraila hartan nihaurren burua ikusi dutalarik arma eskuan, ohartu naiz bera bezain munstro bihurtua nintzala! Pistola lurrerat bota dut, nitaz okaztaturik! Nun da Amedée?

PANTXIKA SOLSOPRANO: Nahi duen lekuan! Bazinaki zer...

 

Amedée Xango sartzen da hatsankatua.

 

 

PEIO XIRULET
PANTXIKA SOLSOPRANO - AMEDÉE XANGO

 

AMEDÉE XANGO: Antton Haitzondo hil da!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Nola?

AMEDÉE XANGO: Ez duzue entzun azantz handi hori? Ganbarako armairu handia gainerat erori zako eta burua lehertu! ez zuen hain azkarra, azkenean! Arina zuen!

PEIO XIRULET: Nola iragan da? Norbaitek dako armairua gainerat uzkali, liburua azpian emaiten ari zelarik edo?

AMEDÉE XANGO: Baditaike! Edozoinek uzkal zezaken armairu hori! Hain zen aintzinerat buruz ukurtua!

PEIO XIRULET: Emazte batek ere?

AMEDÉE XANGO: Dudarik gabe! Beso ahulenaren heinekoa zen!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Kasu emazu Peio! Ez zaitela berriz has! Eta zuk Am,d,e, nolaz dakizu armairua erortzeko kenka hortan zela? Anttonen ganbaran izana zinen beraz? Zertarat?

 

Amedée Xango jartzen da. Orai, azken hiruak beren usaiako tokian daude, ongi ageri direla Maixan Lumaeder, Xalbattin, Ramuntxo Aztalarin, Eulalia de Taulagain, Panpi Sare, Aita Aritzabelar eta Antton Haitzondoren toki hutsak.

 

AMEDÉE XANGO: Etxe huntako armairu guziak miatu ditut ttanttoen atxemaiteko! Eta funtsean, aldi huntakoa ixtripu bat izan da, menturaz. Mublea Antton-ek berak du nahigabean uzkalarazi!

PEIO XIRULET: Eta zer inporta du! Zendua da eta gu bizi! Hori da garantzitsuena! Ero horren debruzko plangintzatik eskapatu gira! Zer pena ez baitugu sekulan jakinen Manexak munstro hortaz kondatu behar zuen eskandala? Zer dio obratuko ez den laminen leiendaren segida?

 

Pantxika Solsoprano kadrerat doa irakurtzerat.

 

PANTXIKA SOLSOPRANO: “Hiru bizi Lamindegiko laminak, bat xixtatu zuen lezafinak”

AMEDÉE XANGO: Ez dugu lezafina menturarik sasoin huntan!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Ondar biak lamindegiko laminak, bat bota bolboraren erresuminak. Eta azken lamindegiko laminak, ez zituen gainditu bere xangrinak.

PEIO XIRULET: Hemen ez dago xangrinik, atsinartze handi bat baizik! Naski gure salbatzea ospatu behar dugun! Amedée, zoaz sukalderat, botoila zerbait ez dagon ikusterat!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Nik baditut bixkotxak ene ganbaran! Ekartzen ditut!

 

Amedée Xango eta Pantxika Solsoprano ateratzen dira. Peio Xirulet bakarrik dago beraz eta balkoinerat doa, ate lehioa idekiz.

 

 

PEIO XIRULET

 

PEIO XIRULET: Bitxi da: hemengo izigarrikeriak gelditzearekin batean, ekaitza ere eztitu da eta elurra luza gabe gesaltzen hasiko! Biharko, etxean gira Ramuntxorekin eta... Ramuntxo? Ahantzia nuen... (nigarrez). Ez da posible! Aments gaixto huntarik iratzar nadila lehen bai lehen!

 

(Balkoinaren eskuin alderat doa, ez dela gehiago gelatik ageri). Bainan zer ari zira balkoin huntan zu?

Ez zinena... Zer egiten duzu xiringa horrekin... (orro bat. Peio Xirulet berriz sartzen da gelan, haldo-maldoka, Antton-en xiringa handi hura besoan sartua, eta gela erdian erortzen. Hamar bat segunda iragaiten da eta Amedée Xango sartzen da botoila bat eskuan)

 

 

AMEDÉE XANGO

 

Amedée Xango: (alaiki). Huna botoila! (Peio Xirulet-en gorputzari ohartzen da. Botoila mahai gainean pausatu eta, haren ganat doa eta xiringa eskuan hartzen). Anttonen erremedioa! (Pantxika Solsoprano sartzen da)

 

 

AMEDÉE XANGO - PANTXIKA SOLSOPRANO

 

PANTXIKA SOLSOPRANO: (alaiki). Huna bixkotxak! (Peio ikusten du lurrean eta Amedée Xango ondoan, xiringa eskuan). Lezafina! Zu zinen ipuineko lezafina!

AMEDÉE XANGO: Pantxika! Zer egin duzu? Ni sukaldean izaiteaz baliatu zira Peioren xixtatzeko!

PANTXIKA SOLSOPRANO: Zer derasazu? Nork du xiringa eskuan? Zuk edo nik?

AMEDÉE XANGO: Eta nor zen, oxtian, Peiorekin samurtua? Zu edo ni? Ez zaitela ene garbitzerat ensega eh! Dolutuko zauzu!

PANTXIKA SOLSOPRANO: (oihuka) Sokorri! Sokorri! Gizon hunek hilen nau! (eta eskapatzen da).

 

 

AMEDÉE XANGO

 

AMEDÉE XANGO: Bainan zer gertatzen da hemen!... (kadrerat doa). Zer diola laminen leiendaren ondoko koplak?

            “Ondar biak lamindegiko laminak, bat bota bolboraren erresuminak”.

            Bolbora? Zerentzat baliatzen da bolbora? Armentzat! Pistola! Nun da Pantxikaren pistola? Lanjer gorrian naiz? Kontrarioak ttantto bakar bat falta duelarik hor dagoka artzera bortxatua den muslaria baino lanjer gorriagoan! (izitua da, zainetan eta burxoratua balitz bezala dabila). Paso, inbido, berriz inbido, hordago, tira! (tiro bat entzuten da eta Amedée Xango erortzen da lurrerat!).

 

oihala