Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
BAK, 1985

 

V. ESKENA

 

 

Pertsonaiak: frantsesa, italiarra, yankiarra, hoteleko gerentea, autoestopista.

 

(Hiru pertsonaiak aurrean daude eta eskenatokiko eta antzertokiko jendeari hitz egingo diete, antzertokiko jendeak ekintza honetan ere esku hartuko balu bezala. hirurak batera hitz egiten hasten dira. Nahastu egiten dira. Azkenean frantsesa hitz egiten uzten dute. Pertsonaia hauek hitz egiten dutenean, beraien lurralde kutsua igartzen zaie, hainbat formulatan, nahiz doinuan. Eta afektazio haundiz, beti).

 

FRANTSESA: “Messieurs-dams”, komunikabideetako lagunak eta jende guzti maitea! Dakizuenez, Moda zientzia bat da; zientziarik garrantzitsuenetarikoa, zeren gehien erabiltzen dena baita. Hainbat azterketa sakon eta hertsia beharrezkoa da Moda delako hori gorpuzteko. “Oui”, “mes amies”! Zeuen begi eta bihotzen plazerrerako eratuak dauden eite, diseino, kolore, konbinaketa... atzean, makina bat ikasketa eta ikerketa dautza...

ITALIARRA: (Eskuak askotan eraginez, adierazterakoan) “lustissimo!” Zientzia ez ezik, Artea ere bada Moda. Artea batez ere esango nuke nik, “amici”. Eta, zein “bello” gure bizitza arteaz! Berari esker “donnaren” edertasun-eredua sublimatu egin da! Eta “donnarekin”, amorea eta “bita” osoa! (Erdi kantaz! “O, sole mio...”)

YANKIARRA: “Okey”, lagun! (italiarrari bizkarrean eskuzarta maitagarria nahiz bortitza emanez. italiarrari ez zaio gustatu kolpe hori, baina tira) Hala ere ezin duzu beste zera ahaztu. (Jende guztiari hitz eginez) Modaren azpitik zenbat dolar izan ahal den pentsatu behar dugu, “of course”! Azkenean Moda negoziaketa bat da. Eta merkatal-”head” (bere burua kolpatzen du) dutenek, horiexek irabazi... (Eskenatokiko jendetzarengandik onartze zurrumurrua entzuten da) “Moment, please”... “Exkuse me”... (Isiltasuna berriz, eta jarraitzen du) Une historiko honetan Modari “rol” berria sortuko diogulakoan gaude. Oraingoa “trailer” bat da, ez beste. Eta “trailer” honen atzean, “tomorrow” diru-aukera zabalduko zaizue. “Come on” gurekin, “every body”! (Jendea txaloka hasten da. autoestopista ahozabalik dago bere txokoan).

HOTELEKO GERENTEA: (Berriz haserre, zaratagatik) Ixil, mesedez! Ez dezagun konpostura gal! Oraintxe beraien asmapen nagusia erakutsiko digute eta! (Jendea ixiltzen da).

FRANTSESA: (Apaltasun faltsoaz) Mende honetako zerbitzari apalok Modari egin diogun laguntza, “voila”! (Eta eskumaldeko atetik irtetzen diren bost neska seinalatzen du. Bi neska 1900.eko janzkeraz doaz —baina nahiko trakets, erridikuloak eta barregarriak— eta beste hirurak, maxi, erdi eta minigonaz-jantziak. Jendeak jo eta ke txalotzeari. autoestopista altxatu eta erdira doa. Maiseo garratzaz kanta egiten du. Doinua: 6 puntukoa “Haizak hi, mutil maņontzi” edo “Mendian gora haritza” erakoa).

AUTOESTOPISTA:

 

                        “Ez zaitez irten kalera

                        artaburuen antzera,

                        askoz hobeto zaindu behar du gizonak janzkera.

 

                        Ilustratzeko aukera

                        gaur daukazue sobera:

                        pasa zaitezte moda mundura zer den ikustera”.

 

(Jende guztia oso pozik txalokatzen ari da, kritika zentzua hartu gaberik. Jarraitzen du).

 

                        Nahiz eta izan gizena,

                        hori ez duzu problema,

                        kontseilu hauek jarraitu eta konpondu da dena:

 

                        azken modan dagoena

                        janzten baduzu aurrena,

                        izango zara zeure herriko eleganteena.

 

                        Inork ere, zuetarik

                        ez dauka ikasi barik

                        ongi orrazten, hobeto janzten, ume umetarik;

 

                        gaurko jakintsu ugarik

                        ez daukate zalantzarik:

                        munduan ez da hauen pareko beste problemarik”.

 

(Behin eta berriz denon txaloak —antzerkitokiko jendeak hainbatetan egingo duela suposatzen da— eskuak apurtu arte. autoestopista ilunki, bere txokora doa. yankiarrak ez du txalorik egin. Pentsakor eta larritua dago, maxi, erdi eta minigonadun neskak begiratzerakoan).