Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
BAK, 1985

 

IV. ESKENA

 

Pertsonaiak: italiarra, frantsesa, yankiarra, autoestopista, hoteleko gerente eta antolatzailea, andre zuria eta informabideetakoak.

 

(Andrea bezain zuri diren hiru pertsonaia agertu dira. Batak, frantsesa kutsuaz hitz egiten du; besteak amerikeraz, eta hirugarrenak italieraz)

 

ITALIARRA: (andre zuriarengana doalarik) Kaixo “bambiba” maitia! (Musu ematen dio, afektazioaz. Gero, plazerki begiratzen du) “Bella”! “Bellisima”!

FRANTSESA: (andre zuriaren eskua musukatzen du) Zer moduz, “ma cherie, ša va?”. (Gero, alboan dagoen hoteleko gerenteari diotso) “Mon dieu”! Zenbat jende! Noiz hasiko gara?

HOTELEKO GERENTEA: Berehalaxe, jauna. (Eskenatokian dagoen jendeari) Pasa zaitezte, otoi, hoteleko batzartegira!

YANKIARRA: (andre zuriarengana doa era eskua bortizki ematen dio) “Hellow, gazte, how do you do?”. (andre zuriak irribarreaz erantzuten dio). “Brabo, baby! Beautiful, benetan!”

 

(autoestopistak, oraindik “kotxean” muntata dagoelarik —inork ez dio kasurik egiten— antzertokiko jende konplizeari bertso batzu botatzen dizkio autotik irtetzen den artean. Doinua: zortziko nagusia, Iparragirreren “Ezkongaietan zerbait banintzan” edo “Ume eder bat”).

 

AUTOESTOPISTA:

                        “Flashen artean, jaun dotoreak

                        zertan datozkigu guri?

                        Yanki, frantsesa, italiarra,

                        denak aurpegia zuri;

                        hainbeste jende ta kazetarik

                        ni jartzen naute urduri:

                        egin diguten harreragatik

                        Hollywood dela dirudi”.

 

(Eskenatokiko jendeak ez dio kasurik egiten, zarataka daudelako. mutilak kantatzen duen artean eskenatokia areto bat bihurtzen da, prentsaurreko batetarako prestatzen dutelarik: autoa poliki ateratzen dute, mahai bat, oihalez estalia, jartzen dute eta zoluko marrak tapizez estaltzen dituzte).

 

AUTOESTOPISTA: (Berriro antzertokiko jendeari)

 

                        “Guztiak ume bihurtuz,

                        honek dirudi Disneylandia.

                        Banoa, zeren niretzat ez da

                        hemengo zoramendia;

 

(Eskenatokiaren ezkerraldera doa, eta han geratzen da, besteen barrunbaren aurrean. Kantari darraio)

 

                        Batzuk garrasi, besteak bultza,

                        hau da, jaunak, durundia,

                        andre zuriak zergatik ote

                        hain arrakasta haundia?”

 

HOTELEKO GERENTEA: (Oihuka eta orroaka) Juan-andreak, ixilik guztiok! Argazkilari jaunak, erreportariak, publiko guztia: utz ezazue leku librea. Ixilik! Monsieur Dupont, signore Arropuzzi, Mr. Aberast, mesedez, pasa zaitezte mahaira prentsaurrea has dezagun.

 

(Dena isiltzen da. erreportari, argazkilari eta ikusleak benetako ikuslegoarekin nahasten dira antertokiko aurrekaldean; gerenteak pozik eta harrituta jarraitzen du).

 

HOTELEKO GERENTEA: Entzun ezazue, komunikabideetako jaunak eta entzule guztiak! Badakigu zergatik gauden hemen, zein den topaketa honen helburua, bai! Baina Maixu haundienak ere gurekin etorri dira, eta beraiek hobeto azalduko digute elkarketa honek izango duen garrantzia etorkizunerako! (Eskenatokiko jendea txaloka hasten da. Erreportaria berriz urduri eta oihuka) Ixil, lagunak! Ixilik, mesedez! Soberan ezagutzen dituzue estetika eta edertasunaren maixu-maistra sortzaileak! Soberan dakizue beraiei esker zibilizazioari bultzada ematea posible izango dela! Iraultza artistikoa, politikoa eta biologikoa, bai! (Eskenatokiko eta ikuslego-jendea txaloka behin eta berriz hasi) Hona hemen, gurekin, Kosmetika eta Moda-sortzailerik nagusienak!: Dupont, Arropuzzi eta Aberast jaunak! (Hiru pertsonaia arrotzak seinalatzen ditu. Eskenatokiko jendeak eskuak txaloka apurtzen ditu. Horrez gainera antzertokiko jendea txalokatzera animatzen dute. hiru horiek eskenaren erdian daude, jendea agurtzen eta pozik. andre zuria “fan”en artetik izenpeak sinatzen ari da eta erdi ezkutaturik geldituko da. autoestopistak, ezkerraldeko ertzean harriduraz begiratzen du dena; motxila astiro kendu eta eskenatokiaren mugan esertzen da, zangoak zintzilik eta itxura pasota eta jatorraz.

 

(Argiak, kosmetika-sortzaileak eta autoestopista argiztatzen ditu).