Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
BAK, 1985

 

IV. ESKENA

 

Pertsonaiak: italiarra, apezpikua, polizia, frantsesa, etxezain bat.

 

(Ezkerraldeko atetik abotsak entzuten dira. italiarra eta apezpiku beltzaran bat sartzen dira. apezpikua apropos jantzita dago, eta ponperiaz hitz egiten du.)

 

ITALIARRA: (Urduritsua, frantsesari hurbilduz eta aparte.) “Con la iglesia hemos topado, caro amico.” (frantsesak eskuak burura daramatza, antzertokiko jendeari desesperazioa adierazteko.)

APEZPIKUA: (Esku bat tripa borobilduaren gainean, eta besteaz guztiok bedeinkatzen.) In nomine Patri et Filii et Spiritu Santuarena ere, ni, lurralde honetako Apezpiku Nagusia naizelarik, zeren Jesukristo Gure Jaunak izendatu baininduen, hona natorkizue, nola Ezkritura Sainduak, Elizao Doktoreek, lehenagoko Jentilek eta ar zeruko, aireko eta lurreko gauza guztiek ere kondenatzen duten pekhatua, hala ni neu, birtutearen zerbitzaririk apal, umil, xume eta maniginena bidali naute.

POLIZIA: (Ahozabal.) A... a... amen!

FRANTSESA: “Mon Dieu”!

ITALIARRA: Jesus, mile bider!

APEZPIKUA: Eta hargatik erraiten du San Krisostomok: “saepe bero ab inimicis non minus lucramur quam ab amicis. Cum enim nobis pecata ex prob raverint, etiam invitos, in ipsorum corrextionen excitant.”

 

(apezpikuak esaldi luze hau errezitatzen duen bitartean, frantsesak italiarra aurrerago eramanez, berari abots beheraz hitz egiten dio.)

 

FRANTSESA: Zer dio honek? Zuk ulertu behar duzu...

ITALIARRA: Ideiarik ere ez! Ni, italiarera batuaz bestez ez naiz mintzatzen...

FRANTSESA: (Arrazonamenduaz etsirik.) A!

APEZPIKUA: ...Eta ez dut nahi ezer esan zenbat kalte egiten den haragiaren bekhatuaz; lehenbizikorik itsutzen duela adimendua, eta nola behar den hartan sartzetik begiratu, eta sartuz gero ere, lehen baino lehen irtetzera saiatu...

FRANTSESA: (apezpikuak errezitatzen duen bitartean, aho zabalik eta errespetuz beterik dagoen poliziarengana doalarik.) Begira ezazu zeure zerrenda bitxi horretan ea gonbidatua dagoen apez gogaikarri hau.

POLIZIA: Be... be... be...

FRANTSESA: (Urduri.) Utz ezazu be... be... hori, mokoplausta halako horrek! Eta emaidazu zerrenda, koņo!

 

(poliziak, minduta, zerrenda ematen dio. frantsesak begiratzen du.)

 

APEZPIKUA: ...baina haragiaren amorio desordenatuak beste kalte batzu egiten ditu...

FRANTSESA: Parka naza, pater. Baina jai zuri hau ez dagokio berorren duintasunari. Hori dela eta ez dago gonbidatuen zerrendan, noski. Sakrilegoa zatekeen berorren ezelentzia gonbidatu izan bagenu...

APEZPIKUA: (Sumindura dibinoaz.) Zer diostazu, zoritxarreko pekhatari horrek? Jai batetako haragizko platzerrek deabrua alaierazten dute. Noia den geroago gaitzago...

ITALIARRA: “Eccellenza, per favore!” Jai honetan ez dago kalterik. Topaketa kultural eta artistikoa da, eta, dakienez. Artea Jaungoinkoarena da.

APEZPIKUA: (Sumindura dibinoaz.) Pekhatuari, artea deitzen zaio orain, urrukarriok? Oh, zeru eta infernuak! Jesukristo gure Jaunaren mendekua lurraren gainera eror dadin, eta beraren suminduraz gizona delako zizare nezkagarri halakoa, erabat garbi dezan!

FRANTSESA: (poliziarengana doalarik.) “Monsieur le police”! Lagun ezazu, gure ezelentzia sarreraraino, Jesukristoren aiherkundea hona heldu baino lehen...

POLIZIA: (Ateraino doalarik.) Ezinezkoa! Oraintxe gogoratu dut preminezko zeregina egin behar dudala... (frantsesak hartu nahi du, alferrik. polizia desagertzen da.)

ITALIARRA: “O, il mio pater carissimo!” Ez bada jai zurian parte hartzeko legezkoa denez, berori zertara etorri da hona, ba?

APEZPIKUA: Zertara? Bai galdera inozoa, txotxolo! Pekhatuaren arriskuetaz oharterazteko, noski! Ez zarete konturatu Satanas lurrera etorri dela, zuriz jantzia?

FRANTSESA: Ez da harritzeko. Deabruak ere eskubidea du modaz janzteko.

APEZPIKUA: Isil zaitez, burtzoro! Hori, metafora teologikoa soilik izan da. Moda berri honetaz pehatua haundituz doala esan nahi dut. Zeren... ez dut ezer esan nahi gaurregun jaukitzen diren akatsetaz. Esate baterako...

FRANTSESA: (Antzertokiko jendeari begira, desesperazioaz.) Ez, “s’il vous plait”! Berriz ez...

APEZPIKUA: ...haragiaren amorio desordenatuak eragiten duen laurgarren kalteaz: amoltsu eta akezko zirenak, egiten baititu kruel eta gerlati...

ITALIARRA: (Errespetuz beterik.) Berorrek permitituko balit, signoria... esan nahi nuke moda berri hau, nire ustez, elizaren ikuspegiarekiko erabat onuragarria dela... (apezpikua aurpegi ikaragarria jarriz doa, eta zerbait esateko ahoa zabaltzen du. Baina italiarrak ez dio hitz egiten uzten, eta jarraitzen du.) Entzun, mesedez! Pentsa desagun andrearengan, adibidez. Ez da betidanik pekatu-tresna izan? Halere, orain ikusten dugu andre modernoa onest jantzia. Erabiltzen diren arropa luze eta opakoak eguzkiaren aurka ezik, zeruaren alde ere eginak dira. Andreak ez du ezer erakusten, beraren esku eta begiak salbu. Orain baino garbiago, noiz begiratu dugu andrerik?

FRANTSESA: (italiarrari, konfidentzialki.) “Tres bien, mon ami! Tres bien.

APEZPIKUA: (Haserre bizian.) Ez, ez eta ez! Hori ez!

FRANTSESA: Azkenean, zertan gelditzen gara? Urtean zehar pulpitoetatik andrearen biluztasuna jo eta ke kritikatzeari eman diozue; eta orain, inoiz baino estaliagoa dugunean, ez zarete ados ere?

APEZPIKUA: Ah, gizon dohakabe eta urrikalgarriak! Badakizue nik bezain ondo zirikaldia orain dela askosaz haundiagoa. Zeren, ez badugu ezer ikusten, buruak azpitik zer egongo ote den baitihardu...

FRANTSESA: (Antzertokiko jendeari.) “Demasie”! (Txalo batzu bortizki emanez.) Etxezainak) Zatozte ona!

APEZPIKUA: ...handik, ikaragarria da zenbat eta zenbat pekhatu desonest, bortxaketa eta hilketa egiten duen gizon ahulak...

FRANTSESA: (Bortizki txalokatzen.) Etxezain! Ez du inork entzuten?

APEZPIKUA: (frantsesa mendekuz begiratuz.) Ez eidazu eten, demontre! (Berriz hitzaldi dibinoaz, begi liluratuak zerura begira...). Eta ez dut ezer esan nahi deabruzko moda erakarri dituen beste pekhatuetaz. Esate baterako...

ETXEZAIN NAGUSIA: (frantsesarengana, urduri.) Deitu nauzu, jauna?

APEZPIKUA: ...esate baterako konortea galtzearen akatsaz...

FRANTSESA: (etxezainari.) Bai, deitu zaitut! Zernolako jai moeta da hau?

ETXEZAIN NAGUSIA: Parka nazazue, jaunak. Oraintxe deituko dut.

APEZPIKUA: ...izan ere, alkohola delako kaltegarritasun madarikatu horrek eginiko ondorio zorigaiztokoaz...

ETXEZAIN NAGUSIA: (Oihuka.) Frantzisko! Peru! Jaunentzako txanpaina!

APEZPIKUA: ...gizon zoroak zirikada onartuz gero...

BI ETXEZAIN: (Txanpana eta kopak dakartzatelarik.) Bai, jaunak! (Kopa batetan apezpikuari zerbitzatzen diote.

APEZPIKUA: (etxezainei.) ...Nahiko. Eskerrikasko, semeok. (Dringi-dranga edaten du eta bere kopa berriz eskeiniz.) Pixkatxo bat gehiago, soilik, zeren ez baita gehiegikeriarik egin behar. Honela, neurrigabekaria eta abusuaz San Agustinek zioenez: “quosque tandem, Katalina, abusare patentia nostram?” (Dringi-dranga berriz edaten du. Korroskada zaratsua irtetzen zaio, eta antzertokiko jendearengana jotzen du.) Osasun!

FRANTSESA: (Antzertokiko jendeari, begi-keinua eginez.) Hau, hobeto doa!

ITALIARRA: (apezpikua aho zabalik miatzen duelarik.) “Pater amantissimus”! Ikusten dudanez hasi zara estiloaren arteaz jabetzen. Hain zuzen ere zuen banketxea aspaldi konturatu zen gure “planing” honen balore kultural eta artistikoetaz eta inbertsio handiak ditu gure projektuan eginak.

APEZPIKUA: Espiritu Santuko Bankuak? Ba, ez nekien, ez. Horrela bada, zerbait izango da (hitzaldi dibinoaz jarraitzen du)... Lehen nioen bezala... ez dut ezer esan nahi gula edo jangura desordenatua delako pekhatu zahar horretaz, zeren... (etxezain batek eskeintzen dion kanape-erretilua begiratuz). Zerezkoak dira bitxi horiek?

ETXEZAIN BATEK: Ah! “La nueva cocina vasca” deritzanekoak? (Kanape bat hartu eta jan.)

FRANTSESA: Horixe, ezelentzia! Ez dira “delicieux”, benetan?

APEZPIKUA: (Begi distiratsuak.) Benedikatua izan dadila Arzak sukaldari jauna! (beste batzu har eta jan).

FRANTSESA: (apezpikuarengana doa eta kopa berriro zerbitzatzen dio.) Honela da. Eta guztiok dakigunez, gauza onak Jesukristo gure Jaunak eginak dira eta txarrak, ordea, Deabruak...

APEZPIKUA: (Jan eta edanez.) Bai, bai. Hori bai...

FRANTSESA: Esate baterako... nola Gure Jaungoikoak beztitu baitzituen lurreko animaliak, aireko hegaztiak, itsasoko arrainak eta oihaneko zuhaitzak ere, janzkera sorta anitzez, animaliak larruz eta ilez, hegaztiak lumaz, arrainak ezkataz eta zuhaitzak azalez...

APEZPIKUA: Bai, bai. Hori bai...

FRANTSESA: ...hala Jainkoak gizona ere beztitu nahi zuen. Eta gu geu, (italiarra harritua eta bera seinalatuz) Jesukristo geure Jaunaren zerbitzaririk apal, xume eta manuginenak, bidali gaitu... (Aho zabal dagoen italiarrari.) “Mon ami”, gure ezelentziari erakutsi al diozu elizarako bilduma zuria?

ITALIARRA: Ah! Ez. Oraindik ez...

APEZPIKUA: Zer da bilduma zuri hori?

ITALIARRA: Oh, “pater carissimus”! Elizkizun guztietarako jantzi ereduak: Aita Saindua bisitatzen denerako, zein ehorzketa batetarako, zein bataioetarako... Kristoren bilduma da!

APEZPIKUA: (Interesatua.) Hori, bidinoa da! Goazen arin ikustera!

FRANTSESA ETA ITALIARRA: Goazen, bai. Goazen...

 

(frantsesak, erretiluekin zur eta lur dauden etxezain biak deitzen ditu, beraien atzean joateko. Ezkerraldeko atetik irtetzen dira; eta frantsesak, irtetzerakoan, antzertokiko jendeari begi-keinua egiten dio.)