Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
Andre zuria
Eukene Martin Sanpedro / Xabier Zorroza
BAK, 1985

 

VII. ESKENA

 

Pertsonaiak: italiarra, yankiarra, frantsesa, 2 neska tirol antzera, 2 neska hungariako ijito antzera, neska indiar antzera, oihaneko neska, neska militarra, 2 neska hippi, neska progrea, 2 punki.

 

ITALIARRA: (Beti bezala, beraren hitzak indartzeko eskuak sarritan eraginez) “Grazie”! “Molto grazie”! (Txaloak bukatzen dira eta isiltasunean jarraitzen du). “Benne”, egia esan ez gara gai datu historikoak oroitzeko zeren artistak baikara eta ez historiogileak. Eta, “amici”, artistaren buruan, ametsak, koloreak, edertasunaren “mirakuloa”, majia... Guk geuk jantzi ditugu izarrak, zerua pintatu, eguzkia asmatu, hodeiak diseinatu, itsasoa... (frantsesak estula egiten dio italiarrari eten eta ohartzeko. italiarra konturatzen da eta zerutik jatsi) A, bai, “perdonare” ezazuete! Lehen nioenez, generazio honetan unibertso osoko moda-kaminoak urratu ditugu. Hauek (neskak seinalatuz) exenplu batzu dira. Baina badakizue ze mundu honetako gauza guztiak gastatzen dira. Denbora, oh denbora traidorea! (dramatikoki) “La nostra vita” ez da “seculum seculorum” ere! (frantsesa bortizki estulka) A, “bene”! Esan nahi dut ze edertasun moldeak kanbiatu behar dira “piano, piano”... baino “allegro allegro”. (frantsesa eta yankiarraren gorroto-aurpegiaz konturatuz). Bai, “Presto”, “Andiamo!” (Eskuzartak ematen ditu eta 5 neska ezkerraldeko atetik irtetzen dira. Berehalaxe, Tiroleko musika entzuten da). Geure inspirazioa lurralde askotako herri-janzkeratik etorri zitzaigun...

 

(Lurralde horretako janzkeraz 2 neska beltzaran eta irribarrez ageri: hegada handiko gona eta mahukak, eta amantala loreduna. Ez dira herri-jantzi zehatzak, modernizatuak baizik. Oraingo zapata garai eta poltsa daramatzate, eta “modeloak” bezala higitzen dira, banan banan pauso batzu aurreratzen dituzte gerriak kulunkatzerakoan, eta jiroa egiten dute. Jendeak txaloka jo eta ke. Moda-ibilaldia bukatu ondoren alde egiten dute).

 

ITALIARRA: “Piu bello”! “Ma” gehiago falta zaigu.

 

(Hungariako musikaz bibolinak entzuten dira. Hungariako ijitoz jantziriko neska beltzaranak irtetzen dira: gona luze loredunak, sorbaldetan txal iluna eta buruzapian bitxi ugari zintzilik. Jendea txaloka ari den bitartean, lehengoek bezala egiten dute eta berriz irten. Orain ekialdeko musika entzuten da, eta indiarraz jantziriko 2 neska beltzaran eta sofistikatuak ageri: tunika luze koloreduna samatik oinetara. Lehengoek bezala egiten dute).

 

YANKIARRA: (italiarrarengana doa eta baztertzen du. italiarra ez da ados, baina tira) “Beautiful, of course”! Baina goazen aurrera! (Jende guztiari) Ekialdeko kutsuak probetxatu genituen, halere laster beste merkatu berri bat zabaltzera ausartu ginen. O “yes”! (Jendeari begi-keinua egiten dio) Benetan “wonderfool” dolar-txaparroia! (Zeruari begira, euria bailegoen).

FRANTSESA: Azterketa franko egin genuen, eta jenderitzia aldatua zegoela atera genuen ondorioz. “La femme” eta beraren askatasuna! Ikerketa hauek egin eta gero, eredu aproposak sortu genituen. “Voilá”.

 

(Oihaneko zaratak eta Afrikako musika entzuten da. Leopardozko gerripekoz jantzitako andre ilegorri, sofistikatu eta beltzaran bat agertzen da, latigo bat eskuan eta puro bat erretzen duelarik. Keinu dominatzaileaz bere janzkera erakusten du, eta berehala irten. Musika militarra entzuten da, eta militar-janzkeraz beste bat: jake iluna, eta sorbalda kuadrodunean militar-sinuak, gona zuzen eta bota garaiak. Erretzen datorrelarik, ibilaldia aproposa egin eta alde).

 

FRANTSESA: (Irribarrez) “O, la femme”! O, la, la, la! Politika eta ideologia mugimenduetan esku hartu nahi du. Eta horretarako, hona hemen hainbat ideia.

 

(Musika-nahastea entzuten da, tarteka-marteka: “folk”, “jazz” eta “rok” gogorra. Folka entzuten denean hipiz jantzitako bi neska beltzaren ageri, ile luzez, lorez eta begirada ilunez. Ez dute moda-ibilaldirik egiten. Jende guztia indiferentziaz begira eta zoluan eseri “porro” bat liatzeko. Jazza entzuten denean neska “progre” bat irtetzen da. Ile kizkurtu eta txarto orraztua. Betaurrekoak. bakero-frakak, plaierak eta txamarra. Jendea eta hipiak begiratzerakoan asper-keinua eginez antzerkitokiko jendeari bizkarra ematen dio, galtzerdin batetik Dukados-paketea atera eta poltsikoan daraman panfleto bat irakur eta erretzen hasten da.

Erroka gogorra entzuterakoan bi punki agertzen dira. Kate ugariz eta ile bereziaz. Jendeari jaramonik ez, eta bata bestearen aurrean kokoriko jartzen dira txoko batetan.

Jende guztia txaloka jo eta ke. autoestopista pozago dago).

 

(hiru pertsonaia arrotzak elkartzen dira eta jende guztia agurtu. Gero, keinu bat eginez, hipi, progre eta punkiak irtetzeko agintzen dute, baina hauek jaramonik ez. Urduriago daudelarik, agindua berresaten dute, alferrik. frantsesak polizia deitu, eta ari ondoren horretako bik modu txarrez derrigortzen ditu. Modu txarrez ere irtetzen dira desfile-pertsonaia horiek. Jendea behin eta berriz txaloka. Toki berberean datzan autoestopista, aho zabalik jarraitu).