Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren Elizegi
Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren Elizegi
Euskaltzaindia, 1989

 

Eskenategiaren irudiak:

            — Aurrekaldetik ikusita:

 

            — Goikaldetik ikusita:

 

 

Jokalariak:

            PERNANDO

            JOXEPA, Pernandoren emaztea.

            DON GAXPAR, Erretorea.

            BITTORI, Erretorearen neskame neskazaharra.

            GURASOAK, Pernandorenak.

            SEME-ALABAK, Pernando eta Joxeparenak.

            ZABALA, Pernandoren lagun bertsolaria

            HERRITARRAK, PONTEKOAK...

 

            Lau jokalari nagusiez gainerako heldu guztien antzezpena bi lagunen artean burutzeko modukoa da: bata gizonezkoa, bestea emakumezkoa, itxura desberdinak hartuz. Jende gehiago balego, banaketa egokiagoa ere egin ahal izango litzateke.

            Haurretan, gutxienez mutil bat behar da, baina hobe litzateke pare bat, neska-mutilak, balira. Jaio berriren bat agertzen denean, jakina, panpinen bat erabiliko da.

 

 

Eskenategia:

            Ekitaldi bakarra dugu eta eskenategi bakarra, baina zenbait alderdi dituena. Ikuslearen aldetik begiratuta, eskuinetik ezkerrera izan genitzake: Pernandoren etxea, kalea, atzean eliza, eta ezkerretara Erretorearen etxea, ondoko marrazkian adierazten den bezala.

            Etxeak idurikatzeko, ohol batzuk erabiliko dira, egoki pintatuta eta elkarri erantsita etxaurrearen itxura hartzen dutenak. Etxe barnea, aulkiak, eta mahaia izango dira besterik gabe, bestelako apaingarriren bat ere erants daitekeelarik; bi etxeetan gortina moduko bat erabiliko da sartu-irteeretarako; beti ere dotoreagoa apaizaren etxea Pernandorena baino.

            Etxaurrea osatzen duten ohol hauek ez daude inondik zintzilik, zoruaren gainean jarrita baino. Beraz, badago mugitzea: hartara, ekintza kalean edo elizan suertatzen denean, etxeak bazterretara eramanez, toki zabalagoa geratuko da erdian. Aitzitik, ekintza etxeren batetan gertatzen denean, etxe hori erdialdera ekar daiteke, etxebarne horretarako leku erosogoa utziz. Bi etxeek ate bana dute, zabal daitekeena, eta leiho bat behintzat.

            Eliza, dagokionean besterik ez dago agertu beharrik. Hau idurikatzeko, gurutze bat eta zapi zuri batez estalitako aldarea erabiliko dira; horiez gainera, zehazten den uneetan, konfesalekua eta pontea aterako dira; ekintza guzti hauek burutzeko kaleak betetzen duen aldea erabiliko da.

            Ez da izango atzekaldean eskegitako zapirik ez antzekorik.

 

 

Argiak:

            Argi batek egon behar du etxe bakoitzaren gainean, eta beste bat erdialdea argitzeko. Beraz, ekintza alderdi batean edo bestean gertatu, horixe izango da argiturik suertatuko den agertokiaren aldea.

            Agerraldien artean iluna egingo da une batzuez, gauzak batetik bestera aldatzeko, edo denbora aldaketa adierazteko. Ilunaldi hauek laburrak izan behar dute, salbu eta bi parte nagusien artean egiten dena.

 

 

Musika:

            Agerraldien artean, laburrak direnez ilunaldi tarte horiek, ez da beharrezkoa musikarik izatea. Hasieran nahiz bukaeran komenigarria litzateke, eta bi parte nagusien arteko atsedenaldi luzexeagoan ere bai.

            Musikak, jakina, herritarra izan beharko du, baserri girokoa hobe. Horrez gainera, kanpai hotsa, organuaren soinua, txerri kurrinkak eta ume jaio berrien negarrak entzun beharko dira.