Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Euskaltzaindia, 1989

 

12. AGERRALDIA

 

(pernandorenean sesioan ari dira senar-emazteak; seme-alabak txokoren batean daudela pernandok eta joxepak hitz gogorrak esaten eta trasteak botatzen dizkiote elkarri.)

 

JOXEPA: Alproja, alfer zikina! Alde egin ezazu hemendik zure lagun mozkor horiekin.

PERNANDO: Alde egin ezazu zerorrek hemen bizi nahi ez baduzu.

JOXEPA: Bizi? Etxe honetan ez da bizitzerik izango zu bertan zauden artean.

PERNANDO: Eta nondik jango duzue zuk eta umeek ni joan eta gero, e?

JOXEPA: Ezer askorik ez duzu orain ere ekartzen.

PERNANDO: Ekartzazu ba zerorrek, horren erraxa dela uste baduzu.

JOXEPA: Alperra, zikina, ustela! Sekula santan ez duzu lan egiterik pentsatuko.

PERNANDO: Hori da hori, aho finekoa izatea!

JOXEPA: Amorratu egiten naiz zure ondoan.

PERNANDO: Joan zaitez ba elizara, Don Gaxparren magalean negar egitera.

 

(Une horretantxe don gaxpar azaltzen da ate zabalduan.)

 

DON GAXPAR: Hara, hara, neri deika ari al zinetan?

JOXEPA: (Umil, amorrazioa utzita) Barka beza, Erretore Jauna, hau ez da etxearen kusidadea...

DON GAXPAR: (Zoruan dagoen lapikoren bati ostikoa emanez) Konturatu naiz bai, ontzi hauek ez zutela lurrean egon behar. Burrukan aritu zarete ala?

JOXEPA: Ai ene! Adi beza, Don Gaxpar; alper zikin honek ez du lanik egin nahi. Beti sagardotegian sartuta dabil bere lagun mozkor horiekin, andrea eta seme-alabak dituela ahaztuta eta...

PERNANDO: Hori ez da egia.

JOXEPA: Esazu orain ezetz!

PERNANDO: Lagunekin biltzerik ere ez daukat ala? Nik etxea ordea ez dut sekula ahazten.

JOXEPA: Bai, mozkortu eta gero lotara etortzeko gogoratzen duk hik.

DON GAXPAR: (Besoak altxatuz, paketu nahian) Bueno, bueno, bueno! Ze iskanbila da hau? Kristauen etxean pakea behar da lehenbizi, pakea nagusi. Bestela ez dago ezer onik. Pakerik ez badago, ze ejenplu emango diezue seme-alabei? Zer ikasiko dute etxean? Hik, Pernando, gehixeago saiatu beharko huke lanean, kalabazarena bezalako gezurrekin ez zegok urrutira joaterik eta.

PERNANDO: Barba beza, baina ez zen gezurra izan; nik entenditu nion...

DON GAXPAR: Ondo asko zekiat nik zer entenditu huen, Pernando. Apaizek zintzoak izan behar diagu baina inuxenteak ez. Eta hi ere askotan gaizto samarra haiz baina kirtena ez. Horrexegatik etorri nauk gaur hiregana.

 

(joxepa gortina atzeko txokora doa seme-alabekin.)

 

PERNANDO: Esan beza zer nahi duen, eta nere eskuetan baldin badago laguntzea...

DON GAXPAR: Hara. Badiat nik esku artean arazo txiki bat, korapilatsu xamarra eta, ezer egin baino lehen hirekin hitz egin nahi niake horren gainean.

PERNANDO: Nahi duen guztia, Don Gaxpar; esan beza!

DON GAXPAR: Ez, orain ez Pernando. Arantzaren bat edo beste izan dezakeen gorabehera duk, eta nahiago niake patxaraz hitz egingo bagenu. Zer iruditzen zaik gaur nere etxera bazkaltzera etortzea.

PERNANDO: (Txoratuta aurrena) Zoragarri! Bueno, konforme nagoela esan nahi nion.

DON GAXPAR: Orduan, eguerdian hire zain egongo nauk bazkaltzeko. (Aldentzeko keinuaz)

PERNANDO: Ez bildurrik izan. Han izango naiz sinfalta. (Atea zabaltzen diola )

DON GAXPAR: Gero arte ba. Jainkoak egunon dizuela denoi.

PERNANDO: Baita berorri ere.

DON GAXPAR: Eta... sesio horiek Pernando, ahal dela baztertu egin behar dira, ebitatu. (Irteten du)

PERNANDO: Bai jauna.

 

(Iluna)