Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Euskaltzaindia, 1989

 

1. AGERRALDIA

 

(Ume negarrak entzuten dira. Argituz doa Pernandoren etxea, eta bertan joxe eta joxepantoni, pernandoren guraso gazteak ageri dira. biak eserita, artazuriketa edo antzeko lanen batetan. Ama makal ageri da, indarrez ahul. Inoiz edo behin seaskan dagoen umea aharrantzaka hasten da, eta amak seaska eragiten du.)

 

AITA: (Pozik) Hara, jaio zaigu gure lehendabiziko semea.

AMA: Bai, ondo kostata atera da baina.

AITA: Horrek orain ez digu ajola. Inporta duena da jaio dela, eta mutiko osasuntsua atera zaigula.

AMA: Halaxe da bai, lau kilo pisatu ditu eta.

AITA: Gose ederrarekin etorri zaigu mundura. Izango al du beti zerjana ugari!

AMA: Lanerako gizon zintzoa baldin bada behintzat...

AITA: Izango ez da ba! Langile zintzo eta fin askoa, gure baserri zaharra aurrera ateratzeko.

AMA: Beharra badugu behintzat. Nik Jaungoikoari eskatzen diodana da mutiko kristau eta elizkoia izatea; gainerakoa berez etorriko da eta.

AITA: Aizu! Ezin hasiko gara jaio berriaren bizitza tajutzen. Orain egin behar duguna izen bat asmatzea da; gure mutikoarentzako izen polita.

AMA: Ez dakit ba nik zer esan. Zurea Joxe da, nerea berriz Joxepantoni... zer moduz Joxeantonio jartzen badiogu?

AITA: Ez, ez. Lehenago ere Joxeantonio pranko badugu eta beste zeozer asmatu beharra dago. Izen motza eta gogoan hartzeko erraza.

AMA: Koxme?

AITA: (Purrustaraka) Ez!

AMA: Kalixto?

AITA: Ezta!

AMA: Modexto?

AITA: Baita zera ere! Idixko jarriko diogu nahi baduzu!

AMA: Guk ez dugu idixkorik.

AITA: Ez; guk mando bat besterik ez dugu. (“mando” hitzean indar berezia jarriz.)

AMA: Eta Pernando?

AITA: (Pozez) Bai, horixe! Pernando. Horixe izen egokia! Gizaseme serio eta prestuaren izena da hori: Pernando.

AMA: Eta santuena ere bai.

AITA: Bai, hori ere bai: Pernando. (zutiturik seaskaraino joan eta bertan dagoen umeari hitz eginez) Pernando, mundu honetan gizonaren erdia izena duk eta beste erdia izana. Izena baduk; orain hire izana ikusteko zegok!

 

(Iluna)