Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren
Euskaltzaindia, 1989

 

5. AGERRALDIA

 

(Berehalaxe kanpaiak berriro, bataio deika; organua ere bai nahi izanez gero; argia egin eta lehengo berak agertzen dira, arropa eta halakoetan diferentzia txiki batzuez; erdian pontea; haur txiki baten negarrak aditzen dira.)

 

DON GAXPAR: Hara, hara, azkar itzuli zarete, Amezketako parrokiari beste eliztar bat ekartzera.

PERNANDO: Bai, honek presa haundia zuen sobrare.

DON GAXPAR: Ez da ba oso aspaldi ezkondu zinetela... Oker ez banago, Apirilaren azkenaldera ezkondu, eta Abenduan sartzea egin dugu...

PERNANDO: Bai, eguraldi eta euri honekin perretxikuak ere goizago hazten dira eta.

JOXEPA: (Noizbehinka negarrez hasten den haurrari eraginez ari dena; estu) Mesedez, Don Gaxpar, ez biezaio begiratu denborari, ume honek bataio santua behar du eta.

DON GAXPAR: Bai, ume errukior hau zuek baino santuago behintzat bada, eta berak ez du errurik gurasoak txoriburu samarrak egokitu bazaizkio. Hobeak ere merezi zituen. Banengoen ba ni, Pernandok ezkontzeko horrenbesteko presa izate hori ez zela parte onekoa...

PERNANDO: Parte izkutuak izaten omen dira onenak.

DON GAXPAR: Ai, Pernando, Pernando; famelia ere baduala eta ea behingoz formaltzen haizen piska bat.

PERNANDO: Saiatuko gara, Don Gaxpar.

DON GAXPAR: Beharko. (Bataioa hasiz) In nomine patri, et filii et spiritu sancti...

 

(Iluna)