Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia , 2002
Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia , 2002
[aurkibidea]

 

3. AGERRALDIA

 

TELEFONISTA: Bai? Kaixo, egunon. Zer moduz?. A, noski, oraindik lo. Baiii, badakit zer ordu den baina ezin nezakeen gehiago itxaron zure ahotsa entzun gabe. Aizu, hitz egin duzu? A, ez, oraindik ez, laster... Ezin ninteke zu gabe bizi... jan gabe, lorik egin gabe, erotuko nauzu laztana. Aizu baina, ez didazu ezer esaten! A, bai, ahaztua nuen, ezin duzu, ez zaude bakarrik. Baina maite nauzu, ez? Banengoen ba... (Kablearekin jolasean, kablea askatu...)

            Aizu! badakizu maite zaitudala? Bai, uztailean adina. Zure besarkada bategatik ze ez nuke emango nik... Noiz gu berriro izara artean murgilduta mundutik at? Zu zara zu gabeko minutu bakoitza bilakatzen den eternitatea. Zurekin egon nahi dut... horrenbeste maite zaitut... Baietz ba, ... ez, ez...

 

(Bitartean, eugenio neskaren hitzei bizia ematen arituko da, “keinu leloak” egiten alegia. neska, hitz egiten ari den bitartean, mugitu ere egingo da: ilea laztandu...)

(eugeniok egunkari orri horitu bat atera eta kristalik gabeko betaurreko batzuk jantziko ditu)

 

EUGENIO: Egunero jaisten da emakume hau. Zertara? eta telefonoz deitzera. Inoiz ez dut ikusi metroa hartzen. Hemendik kanpo nahiko telefono ez baleude bezala. Nori deitzen ote dio? Esaten dizkionak entzunda... ja! Laztan asko ta maite gutxi, asko gure ta bertan utzi.

 

(Egunkariari begira jarraituko du tarteka keinuak eginez eta denbora guztian belarria adi)

 

TELEFONISTA: Nola ahaztuko dut ba? Bai, uztailaren 17a, musu bakan batzuk... Gehiago nahi ote nituen? Ja! zuk zer uste? Bai, batzuk haserretu ziren horregatik, noski, “madre mia”!

            Ai nire maitea, zure hutsa nola sentitzen dudan jakingo bazenu, ohe goxoa utzi ta nigana etorriko zinateke. E? Metroan, bai, beti bezala. Esnatu dela? Bale, bale. Aizu, maite zaitut, bale?. Musuak laztana ta zaindu. Mua, mua, mua.

 

(Telefonoa eskegiko du, goruntz begira geratuko gorputza nonbait apoiatuta, hasperen egiten duen bitartean. Karteratik argazkia aterako du eta berak bakarrik ikusten duen moduan, begira geratuko zaio. Gero, bihotzera hurbilduko du maitekiro, jarraian karteran sartzeko. Azkar alde egingo du)

 

TELEFONISTA: Egun on (Begira daukan eugeniori, minduta, muturra sartu baitu)

EUGENIO: Bai, berdin (Harridurazko keinu bat eginez; ezer ulertzen ez denean egiten den keinua.)

 

(Bitartean, emakume panpoxa bat sartuko da eta zuzenean pasabidera hurbilduko da. Txartelik ez du, baina hala ere irekitzen saiatuko da, alde guztietara begira. Ateari bultzaka arituko da, baina ez da irekiko.)

 

EUGENIO: Ez al dabil?

ANDREA: E? Ez dakit ba...

EUGENIO: Ezker aldean sartu behar duzu txartela.

ANDREA: Ia, bai... nik... ez daukat ordea txartelik.

EUGENIO: A!!! Eta nola nahi duzu, ba, txartelik gabe pasatzea?

ANDREA: Hemendik bi geltokitara jaitsi behar eta 140 pezeta gastatu?

 

(gizon bat sartuko da, metro pasabidera hurbildu eta atea irekiko du. andrea ere berarekin batera pasatzen saiatuko da, baina atea itxiko zaio.)

 

ANDREA: A ze jende gaiztoa! Ze kostatzen zitzaion horri niri pasatzen uztea?

EUGENIO: Zergatik utzi behar zizun ba?

ANDREA: Aizu! Lehengo egunean autobuseko txartela ordaindu zidan gizon dotore batek.

EUGENIO: Ja! beti nahi hala?

ANDREA: Aizu! Hiru seme-alaba hazi ditut, haiei jaten eman diet 30 urtez, urtean bitan oporretara eramaten genituen... Pentsa! Behin Kanariar irletara eta Polinesiara. Auto bana erosi diegu eta zaharrenari, ezkontzear dagoela eta, etxe bat Kontxa gainean. (Kartera aterako du eta bertatik argazki bat) Begira, hauek dira nire seme-alabak. Ze guapoak, ezta? (Paperezko diru mordoa eroriko zaio lurrera)

EUGENIO: Ja! dirua baino ez eta... Aberats handia, lapur handia!

ANDREA: (Berearekin, argazkia seinalatuz). Honek bai suertea! Nobio aberatsa bilatu du, amari kasu egin diolako... Nik beti esaten nion: Topa ezan hi baino ere diru gehiagoko senarra... Esan eta egin.

EUGENIO: Diruak, ... zoriontsu egiten duelakoan?

ANDREA: Diruak ez du zorionik ematen baina erosi egiten du.

EUGENIO: Eta gero, metroko txartel arrunt bat erosteko borondaterik ez?

ANDREA: (Jaramonik egin gabe, isildu ere egin gabe). Beste alaba honekin daukat nik buruhaustea. Gaur ere ia gosaldu ere egin gabe atera da hura etxetik goizean goiz, auskalo zertara. Halako neska polita, ta alferrik galtzen, egun guztia liburuak irakurtzen. Esaten diot ba nik, e, bilatzeko senarra zahartu baino lehen...

EUGENIO: Ahal dena, itsasoan dagoen arrainik onena.

ANDREA: Nire senarra dirudizu. A ze lata! Filosofia baino, oilo zopia hobe!

 

(emakume bat sartuko da eta lehen gizonari bezala hurbildu egingo zaio, alferrik baina)

 

ANDREA: Hau marka! Inor ez ote da nitaz gupidatuko? Koinatak deitu ninduen bart gauean, bere semeak pastelak ekarri dituela niretzako Menorkatik eta jasotzera joateko esan zidan. Baina horrela, ez dakit ba... Eztei bidaian izan da semea han. Bere emaztea, hura bai emakume ederra. Ez du ez erretzen, ez edaten, ez da haserretu ere egiten! Bueno, ba hori. Pastelak hartuko ditut, bat jango dut hamaiketakoa eginez eta gainontzekoak izozkailuan sartu eta urte zahar egunean postrerako. Jatorra emakumea nire koinata. Eta senarra? Bankeroa, “mira por donde”. Kuriosoa gizona... Hara! Taxia hartu beharko dut azkenean...

EUGENIO: 140 pezeta gastatu nahi ez eta 600 bai taxian?

ANDREA: Ez ba! Ordainduko dio koinatak. Pastelen bila neuk joan behar eta ez ote du, ba, hori egingo? Gonbidatzen dut nik bera urtean bitan kafea hartzera, pastarik gabe, e, badakizu, behin adin bat ezkero, kontu gehiago izan behar ohi da kolesterola eta baita azukrearekin, ze...

EUGENIO: Bai, noski. Menorkako pastelak azukre gabeak izango dira...

ANDREA: Hemengoek adina ere ez dute izango... Eta gainera, ez duzu uste kafea pastarik gabe ere primeran hartu daitekeela? Nik baietz uste dut. Gainontzekoek gizentzeko baino ez dute balio... (Isildu ere egin gabe berriketan)

EUGENIO: (Ia desesperatuta) Aizu, aizu... tori txartel hau, hau da eta zuk behar duzuna eta segiozu, pastelak lizunduko zaizkio zure koinatari ta. Puff!!!

ANDREA: Ai bai, banoa. Eta begira, goseak hil ez zaitezen eta emakume zoragarria naizela ikus dezazun, inoiz egin ez dudana egingo dut. Ez pentsa, eskaleek beti eman didate barregura niri, baina zuk... Tori porrutxo bat (Txikiena aukeratuko du) Nahikoa duzu zuk txikitxo hau. Aste osorako salda egiteko adina baduzu honekin.

 

(Txartela hartu eta alde egingo du. eugeniok porrua zapata eta pelukarekin batera jarriko du)

 

EUGENIO: Hobe diat nik askoz pobreza bakean, aberastasuna ikaren artean baino. A ze hitzontzia! Bi urte hitz egiten ikasteko eta bizitza osoa isilik egoten ikasteko. Horrek ez dik ba ikasiko isiltzen! Denetik ikusia naiz baina halakorik... Menorkako pastelak... Bueno, porrutxoa poltsara, eta noski, nahikoa ez denez, atea ez dabil. (Pasabidera hurbildu eta berriro blokeatuko du)

 

(Berehala, metrozaina agertuko da gizon batekin eszenategian)

 

METROZAINA: Sartu txarteltxoa ezkerraldeko zulotxo horretan eta atea irekitzen zaizunean jaso berriro. Ez ezazula galdu edo bota, gero irteteko behar duzu eta.

GIZONA: Zenbat geltokitara jaitsi behar nuela esan didazu?

METROZAINA: Oker ez banago... bi geltokitara esan dugu, ez?

GIZONA: Bale ba, mila esker

METROZAINA: Zure zerbitzura beti.