Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia , 2002
Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia , 2002
[aurkibidea]

 

6. AGERRALDIA

 

(Pauso laburrak emanez, izututa balego bezala, karpeta bat beso artean, estututa alde guztietara begira, “xelebrea” sartuko da. Bere atzetik, beroni begira erabat harrituta metrozaina sartuko da.

xelebrea pasabidera hurbilduko da eta ez da pasatzen saiatuko.

Aldiz, publikoari begira, karpeta ireki eta oso urduri paperak arakatzen hasiko da. Bat-batean lurrera eroriko zaizkio. eugenio eta metrozaina berari begira geratuko dira)

 

METROZAINA: Hi, kontuz horrekin, arraro samarra zirudik.

EUGENIO: Um?

METROZAINA: Bulego ondotik pasatzean, keinu arraroak egiten pasa duk, monstruoren bat ikusi izan balu bezala. Txartela ateratzerakoan berriz, sekulako zirkoa montatu dik. Nik ez zekiat... ez zirudik mundu honetakoa.

EUGENIO: Ametsetan erortzen denak ez dik hezurrik apurtzen.

METROZAINA: Ba hi, hik nahi duan bezala. Horrelakoekin ez zegok jakiterik.

EUGENIO: Lagundu iezaiok, zer egin behar duen edo esaiok gutxienez.

METROZAINA: (Eskua burura emanez, bere zeregina dela ulertu izango balu bezala) Bai, nire lana izango duk... (Eta gizonari hurbilduko zaio) Laguntzarik behar duzu?

XELEBREA: (metrozainari begiratu ere egin gabe) Utzi ni bakean, utzi ni bakean, utzi ni bakean! (Hasieran ahotsa altxatu gabe, gero ia oihuka)

METROZAINA: Bai aizu, lasai. Ea laguntza...

XELEBREA: Alde! alde! alde! Ondo nago hemen.

METROZAINA: (eugeniori) Hi Eugenio, hiretzako modukoa duk. Ni banoak hemendik...

EUGENIO: Zezenaren adarrak, urrutian edarrak. (xelebreari begira geratuko zaio) Ze, lantokira bidean...

XELEBREA: Lana, lana... Ez dut ezer ulertzen. (Denbora guztian keinu arraroak egiten eta oso urduri)

EUGENIO: Lana egiteko duk eta ez ulertzekoa.

XELEBREA: Arraroa da toki hau (inguruetara begira) Hotza, iluna...

EUGENIO: Beldur denaren ezpatak, punta motz. Baina hi, nik lagunduko diat pasabidea igarotzen. Hemengo berri ondo zekiat nik eta erakutsiko diat. Horregatik ez ote haiz agobiatuko (Zutitu egingo da eta berari hurbildu)

XELEBREA: (Eskuekin ez hurbiltzeko eginez, karpeta berriro lurrera eroriko zaio). Alde! alde! Nik ez daukat zu nigana hurbiltzeko gogorik! Ondo nago hementxe.

EUGENIO: Baina ze esaten ari haiz? (Erdi barrez) Betiko etorri zenak ere, noizbait joan behar zuela esan omen zuen. Ondo al hago?

XELEBREA: (Beti bezala begirada arraroarekin eta keinuak eginez) Ondo, ondo. Ondo? Zapata berriekin nago gaur. (Bere zapatei begira)

EUGENIO: (Erdi barrez, jokoa jarraituz) “Hombre!” Guapo atera haiz orduan gaur.

XELEBREA: Afrikako tximinoak gustatzen zaizkit. (Keinuak eginez, bera bakarrik barrez)

EUGENIO: Bai, haiek bai ederrak eta guapoak. (Barrea ezin gordeta). Hi, baina zertan hago hor?

XELEBREA: Zuk ez dakizu niri zer gertatzen zaidan, aitu?

EUGENIO: Zapata berriak estreinatu dituk, Afrikako tximinoak gustatzen zaizkik... Eta hor hago, metro pasabide aurrean geldi, inora mugitu ez nahita... Norbaiten zain hago agian?

XELEBREA: Ez ulertzea ere... denbora, denboraren zain nago! (Begirada, keinuak... etengabeak)

EUGENIO: Bai... pentsatzen nian bai. Hemen geratu al haiz berarekin?

XELEBREA: Ez nago oso seguru.

EUGENIO: Batzuetan pasatzen duk hemendik, jatorra, bai. Bere zain hago orduan? (Barrez)

XELEBREA: Nire zapata berriak ikusi nahiko ditu, seguru. Zuk ez dakizu niri zer gertatzen zaidan.

EUGENIO: Kontatu idak ba. (Berarengana hurbiltzen saiatuz)

XELEBREA: Utzi ni bakean! Itsusia zara, oso itsusia. Alde, alde!

EUGENIO: Eder edo itsusi, zein begik ikusi. Ai... Halaxe duk ba: ergel izateko ez zeok ezer ikasi beharrik. (Atzera egingo du berriro ere)

XELEBREA: Zuk ez dakizu zer gertatzen zaidan.

EUGENIO: Esango ote didak! Edo akaso denborak jakingo dik hire berri?

XELEBREA: Utzi denborari bakean! Ez sartu berarekin, niretzat baino ez da.

EUGENIO: (Lehenago eman dioten ogi zatia aterako du poltsatik) Nahi al duk zatitxo bat? (Besteak ez du ez begiratu ez ezer erantzungo) Ematea noble, hartzea mingarri... (Dagoen tokitik zatitxo bat botako dio hankapera. Ez du hartuko) Bueno ba, heure izenean eta nere gizenean.

 

(xelebreak ogiari begiratuko dio, gero alde guztietara eta karpeta eroriko zaio berriro ere lurrera ogi bila jaisten denean. Jaten hasiko da, antsiaz bezala eta eztulka hasiko da, ogi apurrak ahotik kanpora ateratzen zaizkiola).

 

EUGENIO: (Bere lekutik tipoarengana hurbilduko da eta bizkarrean kolpetxoak ematen hasiko zaio) Blas guren, aitzina edo gibel!

XELEBREA: (eugenio hurbil duela jabetzean) Ez, ez! Alde, alde! (Eskuak astinduz, euliak uxatu nahian balebil bezala). Zuk ez dakizu niri zer gertatzen zaidan!

EUGENIO: Egon hadi lasai, motel!

XELEBREA: Non da? Non da denbora? (Eta bere karpeta lurrean ahaztuta, korrika alde egingo du etorritako bidetik. eugenio berari begira geldituko da barre algara batean)

EUGENIO: Denbora hemendik etortzen baduk, esango zioat bila habilela! (Oihu egingo dio) Hala ere, ez bahekian ere, esango diat: Buruz behera ibilita ere, oinekin ezin dela pentsa.

METROZAINA: (Eszenatokian sartuko da atzera begira) Zer egin diok?

EUGENIO: Nik? (barrez) Argi zeukeat bai, belea ez duk beltzagoa egingo.

METROZAINA: Ze nahi zian?

EUGENIO: Horrek? Denbora bila zebilean.

METROZAINA: Zer?

EUGENIO: Horixe. Bere zapata berriak erakutsi nahi zizkioan denborari. Topatuko ote dik...

METROZAINA: Izututa zirudian...

EUGENIO: Denbora zitara agertu ez dualako edo beldurrez...

METROZAINA: Haundia duk gero tipo horrena...

EUGENIO: Beldurrak eta amodioak dena handiagoa egiten ditek.