Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia , 2002
Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia , 2002
[aurkibidea]

 

8. AGERRALDIA

 

(Dagoeneko badira arratsaldeko bostak. eugeniok metroko erlojuari begiratuko dio)

 

EUGENIO: E! Meriendatzeko ordua ez duk ba! Bostak. Aspaldi nabari nian nik barrua orroeka. (Bere sabelari) Bai, bazekiat gaur ez diadala bazkaririk eman... Lasai, oraintxe nauk eta. (Porrutxoa atera, bizarrak kendu eta metxero batekin pixkat gorrituko du. Geratzen zaion ogi zatitxoaren barruan sartuko du eta trapu zikin-zikin bat golkoan jarrita, lehengo horzkada eman behar duenean xabin sartuko da. eugenio otartekoari begira dago, xabin pasabidera hurbilduko da. eugenio, ahoa bete ogirekin kantuan hasiko da)

EUGENIO: “Mamá, mamá, un bello sueño tuve ayer...”

 

(xabin-ek abestia entzutean, pasabidea ireki nahian dabilen bitartean, tarareatzen hasiko da)

 

XABIN: “Mamá, mamá, un bello sueño tuve ayer...”

 

(Bat-batean biak elkarri begira geratuko dira eta berehala eugenio zutitu egingo da. biak abesten jarraituz elkarrengana hurbilduko dira eta elkarri hitzik gurutzatu gabe elkarri begira abesten jarraituko dute. Laster, abestiarekin batera biek ondo dakiten dantza batekin lagunduz. Abestiaren azken hitzarekin elkar besarkatuko dute emozio handiz. biak barrez)

 

XABIN: “Eugenio, siempre fue un genio.”

EUGENIO: “Xabin, un hombre sin fin.”

XABIN: Aspaldiko! (eugeniori goitik behera begiratuz) Utzi iezadak begiratzen, utzi iezadak betiko Eugenio topatzen.

EUGENIO: (Bere buruari begira) Ez daukak asko ikusteko.

XABIN: Baina esaidak, zer moduz ba, zer moduz? (Oso pozik, emozionatuta)

EUGENIO: Hemen nabilek, goitik eta behetik, behin ere ez hil, baina arriskuan beti.

XABIN: (Tonu penatsuago batean) Baina zer egiten duk hik hemen? Zer gertatu zaik?

EUGENIO: Aldaparik gabeko berdinik ez ba motel, ta batzuren batzuk amildegian behera salto egin behar.

XABIN: Zer egin huen ba? Hi halako gizon argia, fakultateko Eugeniorik genioena...

EUGENIO: Hori ez duk aldatu! Hala ere, ondo janda ibiltzea baino, txakurrak libre ibiltzea nahiago.

XABIN: Ja, ja, ja! Ez haiz, hala ere, erabat aldatu.

EUGENIO: Ez ba, ez ba, etxebizitza baino ez diat aldatu

XABIN: (Serioago, tentuz) Hi ta, hire emaztea eta alaba?

EUGENIO: (Pentsakor, melankoniatsuago) Maitasuna eta ilargia, ez badira handitzen, gutxitzen. (Isilunea)

XABIN: Ia, baina oso maite...

EUGENIO: (Gaia desbideratu nahian) Ta hi zer, e? Non sartu haiz azken hamar urteetan?

XABIN: (Bere ondoan eseriko da) Bartzelonan bizi nauk. Tarrasako emakume batekin ezkondu ninduan eta duela urte gutxi semetxo bat izan genian.

EUGENIO: Hara! Hi beti izan hintzen ume zalea.

XABIN: (Penaz) Bakarra diagu ordea, gutxitxo agian...

EUGENIO: Ume bat duenak pena bat, asko dituenak pena asko.

XABIN: Ez zeukeat denbora gehiegi ere berarekin egoteko. Oso lanpetuta nabilek beti, itota.

EUGENIO: Politikarekin jarraitzen al duk?

XABIN: Bai motel, besterik ez zekiat egiten eta! Baaaaai... Bazekiat zer esango duan: Politika, gerrarik gabe egiten den hilketa. Baina hi, norbaitek ahalegindu beharko dik, ez?

EUGENIO: Ez nian inoiz esan zientifikoak ahalegintzen direla ezin leikena ahal izaten eta politikoak ahal leikena ezin izaten?

XABIN: Zoro da bere kaltetan, argi bila dabilena gauza ilunetan, ezta?

EUGENIO: Nirekin ikasi huen hori, e?

XABIN: Asko ikasi genian hirekin. Horregatik ez diat ulertzen zer...

EUGENIO: (Moztu egingo dio) Hi, ta, Rafaelen berririk ba al duk?

XABIN: (Serio, esango duenak gogorapen ilunak ekarriko balizkio bezala) “Rafael, el que nunca gasta papel”... Gizonaren zentzuna potroetara bajatuz gero, gaizki. Gogoratzen al duk Arantxa? Ilehori potxola hura? Elkarrekin ateratzen hasi gintuan, asko gustatzen zitzaidaan... Arratsalde batean, telefonoz deitu zidan eta Rafaelekin bizitzera zihoala esan ez zidan ba... Zerria...

EUGENIO: Rafaelek hori? Ez duk posible... Bai, bai, esaten nian nik, zauri samina, lagunak egina.

XABIN: Hi, gu beti elkarrekin neskatan, festan, bizitzan... Lo egitea baino ez zitzaiguan falta eta... Rafael, ai Rafael... kristala eta konfidantza behin bakarrik apurtzen dituk... eta hori higandik ikasi nian.

EUGENIO: Erakutsiko nian ere haserretzen denak adiskidetzen lan daukala.

XABIN: Berak moztu zian gure arteko harremana. Inoiz azalpenik emateko aukera ere eskaini nioan eta zain jarraitzen diat.

EUGENIO: Tximinia ere hasieran txuria.

XABIN: Rafael aise belztu huen ba.

EUGENIO: Nik ez nian sekula horrelakorik egingo. (Bizkarrean kolpeka). Ondo konpontzen gintuan gu.

XABIN: Bai, ia beti. Ardo apur bat edaten huenean, orduan komeriak... (Barrez)

EUGENIO: Behi zaharra ez oroitzen bera noizbait biga izanik, e? Hara bestea, ura zapaburuentzat ona.

XABIN: Nola huen? Egon..., Ah bai! urak ez du... (biak batera)

XABIN eta EUGENIO: ... mozkortzen, ez gaixotzen ez zorrik egiten. Ja, ja!!

XABIN: Garai ederrak haiek...

EUGENIO: Ta zer egiten duk hik hemen? Eguberriak pasatzera etorrita, akaso?

XABIN: Badakik, familia eta... Azken bi urtetan ez nauk etorri eta aurtengoan tokatzen huen... Bart gauean etorri gintuan, emaztea, semea eta neu.

EUGENIO: Seniderik bahuen hik?

XABIN: Ai Eugenio, beti jenio, baina oroimena... Mila aldiz hitz egin nian, ba, familiaz...

EUGENIO: Bai motel, nahastu egiten nauk.

XABIN: Arreba, arreba bizi diat hemen, hortxe ondoan gainera.

EUGENIO: Agian ezagutzen diat...

XABIN: Bai zera! Hura ez diat uste inoiz metroan sartuko zenik. Aberastasunak harrokeria lagun.

EUGENIO: Emaztea eta semearekin etorri haiz beraz...

XABIN: Bai motel, jende gehiegi berez ere beteta dagoen etxe baterako. Ta, gainera, arrebari zerbait gertatu zaiok; gaizki jarri duk.

EUGENIO: Eta hori?

XABIN: Zerbait jan dik eta kalte egin ziok nonbait. Kamamila eman zioagu baina alferrik. Bat-batean zuri-zuri jarri duk eta bunba! Lurrera luze erori duk. Oraintxe deitu ziok nire emazteak medikuari eta laster izango duk han.

EUGENIO: Zuek bisitan eta...

XABIN: Bai motel, denoi eman ziguk sustoa... Begiak hori-horiak jarri zaizkiok.

EUGENIO: Hire emaztea eta semearekin bakarrik geratu al da?

XABIN: Ez, alaba ere han zegoan. Bueno, gero alde egin dik nik ez zekiat zertara baina orain han duk berriro ere bueltan. Senarra ere han zegoan, eta oihuka esaten zian: Emakume honek ahorako bidean sasirik ez! Nahi baduzu bizi min gabe, ez jan gose gabe, ez jan gose gabe!! Emaztea lurrean negarrez ari huen bitartean.

EUGENIO: Behin etorriko eta... Pasatuko zaiok, ez hadi kezkatu.

XABIN: Bai, pasatuko zaiok. Hireak gehiago kezkatzen naik. Benetan hemen bizi haizela? Ezin diat ulertu... Denbora gutxian horrenbeste aldaketa... Zahartuta ikusten haut Eugenio.

EUGENIO: Xabin, zahartzea txarra duk, ez zahartzea txarrago.

XABIN: Hori ere hala duk, bai, baina hi, bizitza duinago bat merezi huen.

EUGENIO: Bartzelonan ere txakurrak hankautsik ibiliko dituk...

XABIN: Bai horixe, baina niri hirea axola zaidak eta ez besterena.

EUGENIO: Hala beharra, gertatu beharra. Dena primeran zihoan eta bat-batean...

XABIN: Bat-batean zer?

EUGENIO: Hanka sartu nian eta...

XABIN: Baina zer egin huen? (Jakinmina ezin gordeta)

EUGENIO: Zereko zera eta kitto. Orain hemen eta horrela. (Metro zarata entzungo da) Xabin, gustura nagok hirekin, baina hire metroa zetorrek.

XABIN: Hi bai, alde egin behar diat, seietan geratu nauk, eta jotzear zeudek. Hi, hemen egongo al haiz bihar? Pasatuko nauk, luze hitz egin behar diagu, gertatua kontatu behar didak...

EUGENIO: Bihar, etzi... beti nagok ni hemen, etorri nahi duanean.

XABIN: (Presaka) Hala ere (eskua poltsikoan sartuta) hartu zak hau, afarirako adina baduk behintzat.

EUGENIO: Hi, mesedez, ezin diat onartu.

XABIN: Eugenio, duela urte batzuk nik behar nian eta hik eman hidan. Gogoratzen? Etxearen alokairua ordaindu ezin nuenean... A, tira, tira, hartu.

EUGENIO: Ezetz ba. (Eskuak atzean ezkutatuz)

XABIN: (eugeniori jakaren poltsikoan sartuko dio dirua eta alde egiten duen bitartean kantuan hasiko da) “Mamá, mamá... un bello sueño tuve ayer...” (biak batera abestuko dute, xabin atea irekitzen saiatzen den bitartean. eugeniok irekiko dio. Besarkada bat emango diote elkarri abesteari utzi gabe. eugenio bakarrik geratuko da, kantuan, atea berriro blokeatzen duen bitartean)