Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Kutxa Fundazioa, 2005

 

1. Okindegian

 

Okin bat lanean; irinez eta urez orea egin, labean sartu, ogia atera... bezero bat sartzen da.

 

BEZEROA: Egun on!

OKINA: Berdin.

BEZEROA: Emadazu arren, jauna, eguneroko ogia.

OKINA: Ez da ba gizakia ogi hutsez bizi ahal.

BEZEROA: Esnea ere beharko dut, bai. Esnea izan dadila gaingabetua, eduki ditzala omega azidoak eta erreginajelea, bitaminak... ezagutzen ditugun guztiak eta soja tanta bat, eta kaltzioa, noski, hezurretarako (esnearen nolakotasunak aipatzen hasterako okinak dagoeneko tetrabrik bati heldu dio, eskatzen diona eskatzen diola horixe emango dio).

OKINA: Hona hemen!

BEZEROA: (nahi zuen horixe hain azkar bilatu diolako harrituxea) A, eta ogia... zekalea, oloa, garia eta garagarra nahasian, irin beltzekoa, intxaur, sesamo eta mahatspasekin (okinak prest du barra bat).

OKINA: To!

BEZEROA: Barkatu, sesamorik gabe nahiago. Okinak bizkar atzetik pasatzen du eta berbera ematen dio.

OKINA: Abrete, sesamo! To!

BEZEROA: (txundituta) Em... eskerrik asko. Zenbat da?

OKINA: (kutxa erregistratzailean ari dela) Euro bat gehi euro eta erdi, cuatro ochenta!

BEZEROA: (bosteko billetea emanez) To!

OKINA: (bueltak emanez) Eta honekin bost.

BEZEROA: Niri bost. Aio!

OKINA: Aio!

 

Erlojuari begiratu eta jasotzen hasten da okina; badoa.