Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Moskatel Team
Joxean Sagastizabal
Kutxa Fundazioa, 2005

 

12. Txordiziako Klasika

 

Pankarta handi batean “Txordiziako Klasika”. Esatari baten ahotsa entzuten da.

 

ESATARIA: Egun on, jaun-andreok; ongi etorri denok Txordiziako herriak urtero antolatzen duen Txirrindulari lasterketa handi honetara. Bai, egutegian gorri-gorri markatua dugu zaleok uztailaren 28a, San Txordi, festa handia Katalunian eta Txordizian. Aurtengoa, gainera, xxv edizioa dugu, mende laurdena betetzeak ematen duen ilusioarekin. Klasika famatu honen ibilbidea oso ezaguna da denontzat, baina 200km direla gogoraraziko dizuet, 25 kmtako zirkuitu bati... a ver matematika horiek... 8 buelta ematen zaizkiolarik. Historian zehar izen ospetsuak izan dira hemen irabazle; Bahamendis bi aldiz, Edu Ferkx hiru, Trilurain, Kepa Argala, eta azken lau urte hauetan nagusi bakarra izan dugu, Lans Onstrin suediarra, jaun eta jabe. Hona hemen gaurkora etorritako ekipoak, sei guztira: Cofindus, Illes Biliares, Libertynaje, Faaassa, us Tostal, eta Van joidon. Barkatu, barkatu, zazpi omen dira ekipoak, Moskatel Team ere etorri omen da.

 

Orduantxe azaltzen dira ibon eta aiban, lasterketarako presta-presta eginda. Orduan ere azaltzen da kizkitza, bakar-bakarrik, eta “Aupa bittor” dioen pankartatxoa zabaltzen du irribarretsu.

 

ESATARIA: Hor ikusten ditugu Moskateleko gizonak, bai; denak ez, ordea, pasatu diguten zerrendaren arabera Bittor Iturmendi falta da. Sentitzen dut, baina gizon honen gainean ezin dizuet ezertxo ere esan, erabat ezezaguna zait.

 

Bai kizkitza, bai ibon eta aiban inguruari begira ari dira, bittorren bila.

 

kizkitzak, keinuka, galdetu egiten die, eta haiek ez dakitela.

 

ESATARIA: Lans Onstrin, aurten ere sarritan irabazle; Euskal Herrian gogoratuko duzue nola irabazi zuen azken Amezketako Klasika. Momentu larria pasatu zuen helmugatik 40 metrora zegoen behi plasta harekin, baina ez ukitzeko moldatu zen zorionez. Minutu bat, jaun-andreok lasterketa has dadin.

 

Azaltzen da bittor, ibon eta aiban bezala jantzita, baina bi gauzatan ezberdin. Kasko super-aerodinamikoa aldrebes du, parte estu finena aurreraka, eta bizkarrean, ehiztariek eskopeta eramaten duten tankeran, ogi-barra handi bat. ibon kaskoa ondo jartzeko esatera doala, abiatzeko seinalea entzuten da.

 

Badoaz hirurak, kizkitzak “bittor, bittor, bittor” animatzen duelarik; atzetik troja eta pano autoan.

 

ESATARIA: Hasi da lagunok, badoaz karreterako zaldunak, lasai-lasai oraingoz, izango da denborarik eraso eta borrokarako.

 

hirukoteak eta autoak zirkuituari lehenengo buelta ematen diote.

 

Paretik pasatzean kizkitzaren oihuak Eiffel dorretik entzuteko modukoak dira. Abiapuntura iritsita, lehen “8” azaltzen zen panelean “7” agertzen den momentuan bertan, bittor ogi koxkor bat jan eta badoa, ihes egiten du. kizkitza sinetsi ezinik, saltoka eta bibaka; autoak ibon eta aiban aurreratzen ditu.

 

TROJA: (bozgorailutik) Bittor Iturmendi! 175 km falta dira! Nora zoaz, gizona? jarri kaskoa ondo eta burua martxan, eta utziozu tropelari harrapatzen!

 

bittorrek inongo kasurik ez, arima eta bihotz segitzen du pedaleei eragiten.

 

ESATARIA: Aurten segituan sortu zaigu lehenengo albistea, jaun-andreok, Moskateleko Bittor Iturmendi debutanteak ospa egin du, eta bene-benetan sentitzen dut gizon honen gainean dugun informazio falta, Europa guztiko telebistak galdezka hasi zaizkigu eta guk ezin ezer argitu. Zerbait esan behar da, gizon hau ausarta dela, izen handi guztiak atzean utzi ditu. Lans Onstring lasai ikusten dugu, eta ez da harritzekoa, inork ezagutzen ez duen norbaitek alde egin izanak ez dirudi larritzeko adinakoa denik. Zera iruditzen zait, Iturmendi jauna oso azkar doala.

 

Panelean “5”.

 

TROJA: (panori) Ez da posible! Ondo ikusten al dut? Orduko 55?

PANO: Bost bost, eta eutsi egiten dio. Hortxe dago gure 147ko koefizientea! Mutil honek gauza handiak egingo ditu!

 

bittor abiapuntutik pasatzean panelean “3”; jakina, lasterkariak harrapatzen ari da, ibon eta aibanen artean pasatzen da, altxatutako haizearekin ia botatzen dituelarik.

 

ESATARIA: Ikus-entzuleok, hizketan ari den honek txirrindularitzan ikusi beharreko guztiak ikusita zeuzkan uste inozoa zuen. Gaurkoa historikoa da letra handiz idatzita. Aspaldi ari dira Moskatel ez beste ekipo guztiak tira eta tira, eta Bittor Iturmendi gero eta tarte handiagoa irekitzen. 6 minutu baino gehiago, ia zazpi; izan ere, minutu bateko aldea sartzen dio tropelari buelta bakoitzeko. Aguantatuko al du? Sasoi betean ikusten dugu, behintzat. Lans Onstring herio suhar ari da tiraka, tropelaren buru jarrita...

 

Panelean “1”.

 

TROJA: Bittor! Superman! Oso gutxi falta da! Zer moduz zaude?

BITTOR: Gero eta hobeto!

TROJA: Kontuz behiekin eta behi plastekin, jainkoaren izenean!

 

bittor helmugara iristen ari da.

 

ESATARIA: Sinetsezina, horrelakorik ezta Edu Ferkxek ere! Bittor Iturmendi, jaun-andreok, gogoan hartu izen hau. Berrogei metro, hogei...

 

bittorhelmuga” azpitik pasatzen da. Irabazi du.

Mundu guztia txaloka ari zaiolarik igotzen da bittor podiumera; lore sorta, bi neska ederrek musua, esatariak “bittor Iturmendi irabazle, jaun-andreok”, eta orduan bittorrek Tarzanen oihua.