Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Txalaparta, 1991

 

I. ekitaldia

 

 

(pedro nafarroakoa eta beste bi gizaki adinekoak —azpilikueta eta jaso— eta gazte bat armatua —felipe bergara morroina— sartzen dira jauregiko gelara, besteak bertan daude).

 

PEDRO NAFARROAKO MARISKALA: Begira Nora, Azpilikuetako Bernart eta Jasoko Ioanes jaunarekin nator. Mintzatu egin behar dugu.

NORA: Bota egin nahi nauzu Piarres; bota etxe honetatik; bota nire umearekin, hainbeste maite duzula esaten duzun umearekin. Bai Piarres, bota egin nauzu, bota, bota! (oihuka ari da).

MADDALEN: Hago isilik, Nora! Hago isilik!

PEDRO: Ez!, Nora; ez zaitut bota nahi, baina ezinezkoa zait beste jokabiderik. Etxe hau bera ere ez da nirea; badakizu, ni hemen erregeak zaintzeko nago. Esaiozu Migel. Esaiozue Beņat eta Ioanes.

NORA: Baina zuk zeuk erakarri ninduzun, zuk zeuk, Piarres. Gaueko hontzak bezala, beti erne, beti ateratzeko beldurrez, beti zeletan! Eta orain trapu zaharra bezela kanpora botatzen nauzu, bai bota, bota! (garraisika)

 

(umea ere garraisika hasi da).

 

NORA: Hara!, umea berriro negarrez ari da! Ai, Prantzes, Prantzes, ai Prantzes!!

 

(Seaska kanta triste bat kantatzen dio amak; isilik daude denak piska batean).

 

PEDRO: Baina emakumea, eramazu ume hori; eramazu hortik lo gelara eta sar ezazu seaskan ea loak hartzen ote duen; bitartean hitzegiten saiatu behar dugu, jasaitu zaitez Nora, hitzegin behar dugu eta konponduko dugu. Honetarako daude hemen zure gurasoak eta honetarako ekarri ditut Azpilikuetako eta Jasoko jaunak. Gero...

NORA: Ze gero eta gero ondol. Beti gerorako. Zuk berehala bota nahi gaituzu, berehala, bai; gero eta gero. Gerorik ez dago, asmorik ez denean!

 

(umearen garraisiak haunditu dira eta berarengana itzultzen da ama).

 

            Ai Prantzes, Prantzes, ai Prantzes, lo, lo, lo, lo... Goazen Prantzes, goazen! Hiregatik Piarres, hiregatik galdu diat gaztaroa hemen gazteluko ilunbean, hiregatik! Eta ez zeukat etorkizunik, ez zeukat ume hau besterik!

 

(umearekin ezkutatzen da nora kantari eta denak isilik gelditzen dira, emakumearen aita hitzegiten hasten den arte).

 

MIGEL HUALDE (Noraren aita): Begira Piarres, Nafarroako eta Aragoiko erresumaren arteko istiluak Erreginak berak konpondu beharko lituzke. Senideak dira Piarres!, senideak dira Nafarroako eta Aragoiko buruzagiak! Eta Aragoikoarekin konponduz gero, badakizu orain Gaztelako erregina dela Aragoiko Fernandoren andrea. Piarres, zuen familian nahikoak ikusi dituzue! Nire alaba emakume ona da, zintzoa, seme bat eman dizu! Egiozu jaramon, egiozu kasu!

PEDRO: Mikel, hi aita bat izan haiz niretzat, egiazko aita bat; hire alaba hona, Gaztelura ezkontzeko asmoz ekarri nian, badakik; ezkontzeko asmoa izanez gero ezin nian gaztelutik kanpoan utzi. Nora, bai Nora, badakik Mikel. Baina zer egin zezakeat ordea? Erreginak agindu zeidak ezkontza hori; Katalina erreginaren eta Labriten borondatea duk! Nik ezin zeiet ezezkorik eman.

MIGEL: Baina Nora hemen bizi da aspaldian, seme bat daukazu!

PEDRO: Bai; Migel, hitzegitera etorri gara. Ezinezkoa egiten zait Norarekin honetaz mintzatzea. Ezin dut berarekin bakarrik erabakirik hartu.

MIGEL: Norak ezin izanen du inorekin ezkondu, denek bait dakite zurekin loturik dagoela. Eta badakizu; ez da komenturako jaioa.

PEDRO: Eta nik ez dut nahi beste inorekin ezkon dadin; ez zaio deus sekulan faltako. Baina Katalina erreginari Gaztelaniako Isabelek eskatu dio eta Katalinak eta Juan Labritek agindu egin didate, agindu, Maior Kuebarekin ezkon nadin! Agindu, Migel, ez galdetu, ez eskatu, baizik agindu!

 

(aita zaharra eseri egiten da eta ingurura begira, besteen elkarrizketa alde batera utziaz, zera dio:)

 

AITA: Nora, Noratxoa, txit nirea, hobe huen etxe honetan oinik jarri ez bahu! Norak adiskidetzat zuen erregina!

AMA: Zaude lasai, ixo!, ixo! komentuan ere badaude ateak eta leihoak...

 

(frailea —lodi lodia— orain arte jaten aritu da eta jateari utzi eta zutitu egiten da).

 

FRAILEA: Et, et, et! Jainkoa ez tentatu! Pedro Nafarroakoa Maior Kuebarekin ezkontzea guztiz beharrezkoa da. Nafarroak pakea behar du Aragoiekin eta Frantziakin. Nafarroak Aragoiekin paketan izanez gero Gaztelarekin ere hala izanen da. Eztaietan dirade paketzen herriak!

PEDRO: Ez naiz ni izan Maior Kuebaren bila joan naizena. Ez; erreginak berak erabaki eta agindu dit, Gaztelaniako Isabelek eskatuta noski.

FRAILEA: Baina lehen ere Erreginak ez zuen zu ezkontzerik nahi izan. Guk ikusten ez dugun tokian, guk ezin ikusi ditugunak, agintariei agerian azaltzen zaizkie askotan.

PEDRO: Erreginak Nora Hualde aintzat hartu du betidanik; Oliteko gazteluan, beren jolas eta marmarietan beti elkarrengana jotzen zuten eta gure Prantzes jaio berri ikustera hainbestetan etorri zen eta negar egiten zuen, negar egiten zuen Erreginak. Ez dakit, ez dakit zergatik ez dion berak hitz erdi bat esaten Norari!

FRAILEA: Nafarroako Pedro Jauna, zure anai Alontso, Olibako monastegiko buruzagi denak bidalita nator. Ez naiz ari bapatean gogoratzen zaizkidanak esaten. Alontsoren mezua eta oso argia dakarkizuet nik: Ez harrotu Pedro, Mariskal jauna, zure garaipen militarrekin, ez ahaztu erregeak zaintzea eta erreinu hau mantentzea dela zure eta zure sendiaren eta odolaren egin beharra. Pedro, utzi zalantzak eta bete agindua! Alontsok dioena da hori!

MIGEL: Ekar ezaiozue fraide horri okeletik ugari, janariz ez bazaio ahoa betetzen, hitzez betetzen du berak eta!

FRAILEA: Alontso gure Prioreak bidali du mezua! Eta bete bedi. Fiati.

PEDRO: Hemezortzi urte daramat mariskaL Hemezortzi urte anaia hil zutenetikan eta zazpi lehenago hila genuen aita. Ez dut geroztik gau bat bakarrik lasai izan; beti erne eta zeletan. Baina gure erresumaren etsaiak ari dira murgiltzen. Esaiozu Alontsori guzti horiek gogoan ditudala eta inoiz ez dudala ahaztu gure zainetan erregeen odola eramateak sortu zigun agindua!!

FRAILEA: Erresumaren eta Jainkoaren onerako bete bedi Erreginaren borondatea. Eta gainera herriko jendeak bere agintarietan exenplu eta jokabide onak ikusi behar ditu!

FELIPE BERGARA PEDROREN MORROINA: Agramonteko sendiari esker eutsi dio Nafarroak bere askatasunari. Bada makina bat odol ixuria. Ez zaizkit mariskal .zaharrak ahaztuko. Eta orain kanpoko emaztea, Aragoitik ekarria. Nongoak izanen ote dira gure hurrengo nagusiak? Badakizu Mariskal jauna, nik Erreginari zer esanen niokeen bertako larrea eta belarra utzita ez dela artaldea urrutira eraman behar.

PEDRO: Hi betikoa haiz Felipe. Artzaia eta bertsolaria eta orain kontseilari nahi ala? Ez diat aukerarik!

JUAN JASOKOA: Piarres, ongi entzun batez ere ondoan dituzun lagunen esanak. Ez dabil Bergara oso oker, ez!

PEDRO: Baina orain ezinezkoa da; erregeek 3.000 ontzurre eman didate opari bezala. Nola hasiko naiz bada iraintzen?

 

(Sartzen da berriro nora hualde andre gaztea, umerik gabe; mantal aurrekoarekin eskuak lehortzen dator).

 

NORA: Loak hartu du. Pisalea zeuken. Eta gero gosea, baina titian loak hartu dit. Piarres, entzun ezaidazu Piarres, Katalina erreginarekin mintzatu nahi dut, Erreginarekin hitzegin nahi dut. Ez da asko eskatzea!

PEDRO: Eta zergatik ez? Hoa, Felipe, esaiok, eskaiok kantzileriako beheko egoitzean dagoen giltzazainari Norak erreginarekin entzunaldia nahi duela. Nire aldetik hoala esaiok eta utz itzak hemen ezpatak!

 

(morroina ateratzen da. Isilik gelditzen dira. frailea migel hualderen ondora joan da)

 

FRAILEA: Migel Hualde jauna, zure alabak eta bere semeak monasterio batera sartu behar dute! Pedro Mariskalak dioen bezela ez zaie inoiz deus faltako eta Jainkoaren laguntza izanen dute. Norari horixe komeni zaiola sarrerazi behar diozu buruan!

JASOKO JUAN: Gu Jasotarrok batzutan Garazin edo Donapaleun gaude eta bestetan Xabierren; Aragoira edo Frantziara begira beti. Baina Nafarroaren etsaiak ez daude kanpoan. Barruan ditugu barruan, etsairik haundienak.

PEDRO: Betikoarekin ari zara Joanes, betikoarekin. Baina ez daukazu hori niri erakutsi beharrik, nire aita eta nire aitona, barruko maltzurrek hil zituzten, beamontarrek. Ongi aski ikasia dugu. Anaia andregaiaren aurrean hil zuen bere aitaginarreba behar zuenak, Beaumontetarrak. Erresumaren etsaiak zorna dira gure odolean.

JASOKO JUAN: Begira Piarres; bi muga ditugu Jasotarrok zaintzen ditugunak; bi muga beti begien eta gazteluetako harresien aurrean, Frantzia eta Aragoiko mugak. Baina bakarrik mugari so gaudenean gibeletik dugu somatzen arriskua. Gehiago dira minbiziak hildakoak, otsoak hildakoak baino.

PEDRO: Ioanes, Jasoko Ioanes, Xabierko jauna zaren hori, laguntzera deitu zaitut hona; laguntzera, ea denon artean Norari adierazten ote diogun ezin dudala Erregeen borondatea bete besterik egin; ezin dudala, nahiz eta nire asmo eta gogoaren aurka jokatu, nahiz eta nire desio eta maitasunaren aurka jokatu. Nora jauregitik atera egin behar duzu, horra esan!!

NORA: Bai, baina Piarres, ni etxe honetara zuk zeuk ekarri ninduzun, zuk zeuk eskatuta etorri nintzen Dorre honetara, gure semeari zeure abizena zeure borondatez eman diozu, Francisco de Navarra, eta orain bidali egin nahi gaituzu, zakurrak bezala...

PEDRO: Ezin dut, ez dakit. Mesedez, arren, arren! (nora besarkatzera abiatzen da, baina honek eskuaz kentzen dizkio besoak eta baztertu egiten da bere amarengana eta berarekin hizketan hasi).

AZPILIKUETAKO BERNART: Gizaseme bakoitzak ez du almute bat betetzeko odol baino gehiagorik. Ez bekio gehiagorik eska, baina bizian zehar, egunak eta urteak zehar gizaseme bakarrak kupelak eta kupelak bete ditzake odolez. Etsi egin behar duzue, etsi eta Erreginaren erabakia bete egin behar dela ohartu.

MADDALEN: Etsi ezan Nora! etsitzea izaki emakumearen adurra! Zorigaiztoko etsipenaren dasta gazi eta geza! Hik betire Nora badun orain umea!

NORA: Umearekin oraindik lotuagoa gelditzen naiz. Zer egin behar dut ume batekin komentu batean. Ez, ez, ez dut komentura joan nahi; ez, ez dut nahi!

 

(Oihuka hasi da eta pedrorengana hurbildu eta besarkatu egiten du. pedrok utzi egiten dio eta maitasunez ihurtzitzen dio kalparra)

 

PEDRO: Zergatik guri hainbeste zoritxar Nora, zergatik hainbeste xurgatu behar gaituzte, gero hain gutxi dastatu behar badugu?; zergatik Nora maitea?

AZPILIKUETA: Jaiotzearen zorra hiltzea duk eta beti ordaintzen den zorra; baina beste zorrak ez dira beti ordaintzen eta ordainak ez dira beti zor zelako.

FRAILEA: Jakintzaz beterik daude Azpilikuetaren hitzak.

MIGEL HUALDE: Eta Olibako frailea berriz olioz eta ogiz dago beterik!

NORA: Jakintzak ez nau ni aseko; ni eta nire umea jakintzak kanpora botatzen gaitu; umea aitarik gabe eta ni gizonik gabe. Nork aseko ote dizkit Piarres nire maitasun egarriak, norentzat ixuriko ditut ilunean malkoak?

PEDRO: Prantzes biona izanen da beti; nire abizena darama betirako eta abizen horrek mundu guztian adieraziko du erregeen askazikoa dela. Babesa eta itzala emanen dio izen horrek!

FRAILEA: Ez zaituzte inork kalera botatzen Nora, ez zoazte kalera; ez; babesean geldituko zarete komentu egoki batean zu Hualde, eta zure semea. Otoitzak eta zintzotasunak zainduko zaituztete.

JASOKO JUAN: Gu agramontezaleok, (hualde aitari hitzegiten dio orain) ez gara talde baten aldekoak; ez; gurea Erresuma, Nafarroa, Europako Erresumarik Zaharrena, Baskonia, eutsi eta mantentzea da. Berera itzultzeko. Zuhaitz Malatoraino! Durango eta Baiona, Exea eta Taratzoia. Erreginak erabaki du, ez dakit asmatzen ote duen, ni ez bait naiz kanpotik datozen horietaz gehiegi fidatzen, baina zer egin bestela?

MADDALEN: (Ondoratu egin zaio alabari). Alferrik ari haiz, etsi ezan! eta has hadi hemendik alde egiteko kutxa prestatzen. Dorre honetatik alde egin dezagun! (negarrez hasten da). Etsi ezan behingoan!

NORA: Badakit ama! Baina nik ez bait dut orain komentu batean sartu nahi. Ni ez nintzen Dorrera gure umearen abizenarengatik etorri; ez Piarres, ez; badakizu ezetz. Badakizu su honen ondoan, behi larru horretan biok ilunabar eta gauetan elkarri betirako hitzak hartu genizkiola. Hitzarmenak Piarres!

PEDRO: Nik, Nora, hitz bat besterik ez dut; beti maite izanen zaitut. Beti zu maiteko zaitut. Pentsa ezazu Nora zaila baldin bada maite denarengandik urruti bizitzea, ez dela errezagoa maite ez denarekin bizitzea.

NORA: Ixo, ixo!, Piarres!, Horrek zailagoa egiten dit oraindik. Nik ez dut komentura joan nahi! Ez, ez, ez. Piarres, Piarres, (besarkatu egiten du, musuka hasten da).

PEDRO: Beti. Beti... Beti gogoan izanen ditutzue negar zotinak! Eta beti —Nora— gure semea mantentzeko eta zaintzeko ardura agintzen dizut.

FRAILEA: Bereizi, bereiz! (tartean sartzen da bereiztera) Ez zarete inoiz senar emazteak izan! Zuen bizimodua ez zen zegokizuena. Agian Zerukoaren probidentziak berak eduki zaituzte elkarrengandik askaturik, helburu nagusiagoak bete ditzazuen. Erlijioan dago egiazko pakea eta zuek askatuak egon behar duzue! Askatuak elkarrengandik! (saiatzen da biak beren besarkadatik bereizten).

NORA: Ez, ez dut komentura sartu nahi betirako. Ez! Nire umea, nire ume gizaraixoa monjen eta zu bezalakoen artean beti! Bai, Gaztelako urdanga horrek, Gaztelako erregina urde horrek du errua eta kulpa guztia. Urdanga horrek egiazko erregina ere, Beltraneja sartu egin zuen komentura, urdanga!, Isabel urdea! Nik Erreginarekin hitzegin nahi dut, hitzegin nahi dut. Isabel urdea!

PEDRO: Nora! Erregina zure agintaria da eta gainera zure adiskidea; bizi zaren etxea berea da. Begirunea eta errespetoa erreginarentzat eta Ioanes Labritentzat.

NORA: Isabel esan dut nik; Gaztelako Isabel. Bai, urdanga, urdanga amorratua!! Urdanga nazkagarria, herri zapaltzailea!

PEDRO: Isabel eta Fernando gure adiskideak dira, Nafarroaren eta gure erregeen adiskideak dira.

AZPILIKUETA: Urdeak ere gizona dik adiskide eta zaindari gizentzen den arte. Fernandok zian bere neba zaharrena gure Bianafeo printzea Karlos menderatu, Fernando ez da Granadaz aseko. Ez Piarres ez; Gaztelakoak eta Aragoikoak ez dira gure adiskideak.

MIGEL: Nora neskatxa zoriontsua zen, alaia inon alairik bada eta trebe eta azkarra inon azkarrik bada, Pedro. Hona, dorre honetara etor zedin erabaki zenuenean, guk ez genizun oztoporik ez aitzakirik ipini, berak nahi bait zuen. Eta orain zer ordea, orain zer?

MADDALEN: Gure etxeko alaitasuna, Nora pospolina!, Nora pinpilinpausa bezain arina eta ibilkorra! Adio gure Noraren bizitasuna!

NORA: Dena hitz politak ziren, dena aginduak. Baina zer?, dena lizunkeria, dena loiha eta kiratsa, dena zorna eta ustelkeria.

PEDRO: Et, et Nora! Nik ez nizun eta ez dizut inoiz ezkontzerik agindu, sekula santan ez! Emaztetzat eduki zaitut, emakume izan zara dorre honetan, Erreginarena den dorre honetan, baina nik ez dut nire hitzik eman, eta ez dut hitzik irentsiko.

FRAILEA: (Bazterreko mahainetik). Jokabide okerrak beti oinazea ekarki!

NORA: Baina zuk ekarri ninduzun eta orain bota egiten gaituzu, bidali kanpora. Eta nik ez dut komentuan preso izan nahi nire bizitza guztian. Ez; ez horixe!

PEDRO: Erresumak, Nafarroak bultzatu nau hartu dudan bidetik; ez bekit zailagoa eta mingarriagoa oraindik bilaka nire adurra! Nora!, herriaren premiak eskatzen badit, Maior Kuebarekin ezkondu besterik ez daukat.

NORA: Madarika bitez herriak eta erresumak, (negar zotinari ematen dio eta amarengana doa). Madarika...

FRAILEA: Jainkoaren borondatea hemen lurrean bere ordezkariek agertzen digute, soberanoek. Ez birao inongo errege eta soberanorik! Utikan! Komentuan ere aurkitzen da zoriona, komentuan ere aurki liteke poza!

MADDALEN: Hain zen alaia gure neskatoa, hain zuen zoriontsu egin bere umeak! Orain kitto! Etsi ezan alaba, emakumeok etsitzea bait dinagu malko txukatzeko zapi.

PEDRO: Aski da Nora, aski da jaunok, aski da jaun andreok! Nafarroarengatik bizitza jokatzen hemezortzi urje daramat, nire zoritxarreko neba Felipe hain gazterik eta salaketaz engainaturik hil zutenez geroztik! Ez, ez nire aurrean gure erresumaren aurkako madarika eta biraorik! Utikan!

JASOKO JUAN: Piarres, ezin zaio eskatu txakurrari mintza dadin, baina txakurrak nagusiarengatik bizia ematen du. Eta nagusia adiurri txarrekoa baldin bada eta giza gaiztoa, txakurrak txarkeria eta gaiztakeriak eginen ditu jabeak agintzen eta axatzen duen arauera. Zintzo izateko ez da aski zin egitea, baizik batez ere behar dena zera da egindako zinari eustea.

BERNART AZPILIKUETA: Hitza dariola dabilen askok ez luke bizia nagusiarengatik emanen, txakurrak bezala, nagusiz eta lagunez aldatuko litzateke eta.

PEDRO: Zer diok Ioanes?, zer diok Beņat?, zer erretolika duk hori? Esaiozue Norari esatera etorri zaretena! Zuek bai, nire adiskide zahar horiek aldakor bihurtu zaretela!

JASOKO JUAN: Hire ama, Piarres, gure tartekoa duk, Nora bezala, Lakarra sendikoa. Hire amak, Piarres, Ines Enrikez Lakarra andreak, senarra eta semeak hiltzen ikusi zetik gure errege eta herriarengatik. Eta ez dik txintxik atera! Joka al lezake horrela Gaztelatik dakarkiken Maior Kueba delakoak? Nola ohartu eta jabetuko ote da hemengo behar eta premietaz?

PEDRO: Eta zer? Ez al ginen gelditu zuek Norari eta Hualdetarrei nire ezkontzaren ezinbestekoa adieraztera etorriko zinetela?

JASOKO JUAN: Ez zaiokela Norari uka, eman dieziokekena. Ezkontza ez badiok agindu, ez diok zor! Baina ez zakela komentu batera sarrerazi bere gogoaren aurka.

FRAILEA: Ezkontza da gizasemea eta emakumearen harremana bedeinka dezakeen lokarri sakratua. Ezkontzaren bitartez ez diren harremanek pekatua eta oinazea dakarkiote edonori.

NORA: Nik ez dut nahi bigarrena bihurtu, ezta Nafarroako Mariskal harroarentzat ere! (pedrori begiratzen dio erronka eginez)

AZPILIKUETA: Balegoke aterapide bat Piarres! Badakit badela aterapidea. Ezkontza sekretoa egina zenutela adierazi eta frogatu Piarres; nahi izanez gero, badakik Ioanes, (Jasokoarengana itzultzen da) ezkontza isilekoak ere berdin balio dik, ondorean benetan egina zela frogatuz gero!

PEDRO: Baina zer da hau? Nik, Ioanes eta Beņat hona ekarri zaituztet, Nora eta bere sendiari, ezinbestekoa adieraz zenezaiezuen eta horren ordez erretolika eta esaera zaharretan murgildu zarete. Norak etsi egin behar du, nire semea ongi hazitzeko prestatu eta zuek hori adierazten laguntzera ekarri zaituztet; horretara etor zaitezten eskatu dizuet; ez beste ezertara ere.

JASOKO JUAN: Baina Piarres, nire Xabierko dorrearen gailurretik egunero dut begiratzen eta Aragoiera so nagoen bitartean ortzian ikusten ditut goien goien dabiltzen hegaztiak, arranoak, ez dutela inoiz bikoterik aldatzen. Arrano beltza, arbasoen hitza bezain tinko eta zintzoa da.

PEDRO: Arranoak ez dauka erresuma bat zaindu beharrik; nik ordea, Nafarroako mariskala naizen honek ez badut Nafarroa defendatzen, saiek irentsiko lukete.

JASOKO JUAN: Oker zaude Piarres; arrano bikote bakoitzak badu bere erresuma, indar eta odolez zaintzen duena.

AZPILIKUETA: Isileko ezkontza izan dela frogak sortzea ez litzateke hain zaila! Baina ez duzuela nahi ikusten dut.

PEDRO: Alferrik ari zarete! Agure maltzur horiek! Ez nian uste, ez, laguntza ematera beharrean, oztopoak ipintzera etorriko zinetenik.

AZPILIKUETA: Ez gara oztopoak jartzen ari. Ez; zure erabakiak Piarres ez dira bapatekoak izaten; badakigu. Zure ama Doņa Ines Enrikez Lakarrarekin mintzatu ondoren etorri gara. Noraren jarrera ere, Migel, bere aitak, ezaguterazi digu. Hala eta guztiz ere gauzak konpontzera etorri gara, ez bakarrik erreztera. Eta konpontzeak esan nahi du zuzen jokatzea eta oraingo honetan Norari ere duen arrazoina eta merezi duen begirunea ematea.

PEDRO: Agure maltzurrak, hauek; haserretu egin beharko nuke noski, zuen gogo eta asmo zuzen eta zuhurrek haserrea ez balidate galeraziko.

NORA: Eta Bernartek esan duen hori, zer? Isileko ezkontza dugula eginik esaten badugu zer?

FRAILEA: Ez erantsi gezurraren pekatua, lehendik ere gehiegi dituzuenok!

JASOKO JUAN: Zaila da, Nora; zaila da.

PEDRO: Ezinezkoa da, eta ez soilik zaila. Guztiz ezinezkoa. Nire hitza eman diet erregeei eta baita beren oparia jaso ere.

MIGEL HUALDE: Ez zara poliki ibili alajainkesa! Ez zeneukan laguntzaile beharrik gu hemendik botatzeko. Harritzekoa da Piarres, inoiz Nafarroak izan duen gudaririk ospetsuena zaren hori, etsai guztiak menperatzen dituena, beaumontezaleak ere ihesean bidali dituz'un hori agure eta bi emakumerekin hitzegiteko laguntza behar izatea. Lotsagarria! Zure aita bezala ninduzula, baina orain alabarekin zer egin ez dakien agurea besterik ez naiz.

PEDRO: Gauzak errezagoak bihurtu nahi nituen. Baina Katalina erreginak eta bere senar Ioanes Labritekoak joan den martxoak 22.ean lehendik agindu zidaten 3.000 ontzurre oparitu didate. Emaitza hori eskura dezadan agindua eta oharra sinatu eta izenpetu dituzte; Maior Kuebarekiko eztaietarako direlarik aitortuz alegia. Eta Gaztela eta Aragoiko erregeekin ere hitzarmena eginik dute. Ezinezkoa da iraintzea, ezinezkoa! Nola hasiko ninteke orain ezkutuan eta isilean ezkondurik nengoela aitortzen?, nola?

NORA: Eta noiztikan dakizu zuk hori guztia Piarres? Zergatik ez didazu orain arte deus ere aipatu?

PEDRO: Herenegunez geroztik dakit. Atzo eman zidaten idazkia. Ontzurreak ordea oraindikan ez ditut ikusi ere egin. Berehala hasi nintzen zuri adierazi nahiean, baina ezin. Zure gurasoak eta nire adiskide zaharrak diren zuhur bikote hau ekarri arte, ezin izan dut zurekin elkarrizketarik burutu! Ez zenidan uzten elkarrizketa burutzen, Nora! Nik ere, azkeneraino nire ondoan nahi zintudan, egia da!

NORA: Erresuma eta herria eta etorkizuna...guztiek naute gogorki erabili; madarikatu egiten ditut denak, gorrotatu! Neu naiz nonbait traban dagoena, neu eta neure semea baztertu behar direnak... herriaren onerako, urdanga batzuen eraginez!

FRAILEA: Aragoi eta Gaztela errege ezkontzaz batu egin badira, lehen Aragoi eta Nafarroa bezala, orain Gaztela eta Nafarroa dira elkartzekoak. Zeinen zorion haundia, pakea eta batasuna! Piarres, Alontso zure anaia eta gure priore jauna dena, istilu hauek guztiak baldin balekizki, harritu eginen litzateke!

JASOKO JUAN: Alontso ere hezur eta haragi izanen duk ba!

NORA: Ontzurre horiek, hiru mila esan duzu, zure semeak eta nik baino gehiago balio al dute, Piarres?

PEDRO: Zeinen gutxi ezagutzen nauzun oraindik Nora! Ez al zara oraindik ohartu urrearengatik urrats bat bakarrik ere ez nukeela emanen eta nire bidetik izpirik ez nintzatekela aldatuko?

MADDALEN: Oi Piarres!, gure alabaz egin duzuna! Zer esanen dugu eta non ezkutatu eta zainduko dugu? Eta noiz, noiztikan alde egin beharko du? Ni gauzak kutxan sartzera noa. Goazen Migel, hots egizu!

PEDRO: Noiz? Lehenbailehen. Zaragozan, urriak zazpian, Aljaferiako jauregian ezkondu eta ondoren Maior hona ekarri beharko dut. Zure begirunearengatik ere, Nora, lehenbailehen komentura sartu beharko zenuke.

 

(felipe bergara azaltzen da beste gizaseme batekin)

 

BESTE GIZASEMEAK: Erreginak ez duela Norarekin hitzeginen.

NORAK ETA DENEK ELKARRI: Zergatik ez?

MADDALEN: Adiskidetzat huanan ustez! Begira ezan orain! Goazen Migel, goazen!

 

(ama atera egiten da eta aita zarpatik hartzen du eramateko. frailea ere, inori agurrik egin gabe, atera egiten da. gainerakoak etorri berriengana hurbiltzen dira).

 

BERGARA: Nora, etortzeko eta etortzeko esan zionat, baina ahazturik zegon nonbait umeak ginenean, izan genituen jolasetaz! (ezpatak, lehen utzitako tokitik jasotzen ditu). Haundiki izateak adiskidegoa ito egiten omen din!

PEDRO: Zergatik ez ote du hitzegin nahi?; betidanik hain bihotzekoa eta maitea zuen eta? Gaur dena mingarri, dena oinazetsu! Ez dut uste axola ez zaionik; ez, ez da hori; agian lotsa, agian beldurra! Beldurra ez da ahulen ihesbide bakarrik.

 

(pedro bertan esertzen da eta burua bi eskuez hartzen du, belaun gainean ukondoak kokaturik)

 

(nora oihuka hasten da; pedrok ez du burua altxatzen; ez dio aurpegirik ematen).

 

AZPILIKUETA ETA JASO: Lasai, zaude lasai!, gaixo hori!

NORA: EZ!, EZ!, URDANGA, URDE ALUA! Ustel bekio sabela; harrek eta zornak irentsiko al dizkiote muinak! Ez, ez!

 

(Berriro ama zaharra sartzen da; aita atzetik; umea dakar besoetan).

 

MADDALEN: Etsi ezan nire neskato horrek! Etsipena... Emaion orain bularra!

MIGEL: Hireak hemen egin din! Hots egin ezan, goazen. Har itzan lehenbailehen hireak ditunanak!

 

(nora garraisika pedrorengana joan eta joka hasten zaio eserita dagoen tokian; pedrok utzi egiten dio, beste guztiak bereizten saiatzen diren bitartean)

 

NORA: Oi Piarres, Piarres, Piarres, hamaika aldiz madarikatua bedi zure lanbidea eta zure erantzunkizun guztia, hamaikatan!

FELIPE BERGARA: Mariskal jauna, hona! (ontzurrez betetako zakutoa erakusten dio, zarata eta istiluari jaramonik egin gabe). Erregeek ematen dizkizuten ontzurreak; ezkontzeagatik. Ezkontza batengatik ez du inork hainbesteko oparirik inoiz eskuratu izanen!

PEDRO: (Joka ari zitzaion norarekin besarkadan batu egin da) Zain itzak hik heuk ontzurre horiek Pelipe eta ongi ezkutatu! Ez netikek txanpon hoiek ukitu ere egin nahi. Gutxiago guda eta istiluetan erabili. Txanpon horiek, Pelipe, Prantzesi ahal den heziketarik onena emateko bitez. Horra nire erabakia eta hadi hi heu zaintzaile eta arduradun, ongi bete dadin!

FELIPE BERGARA: Nafarroa pakean zegok. Hik heuk paketu egin dukela eta eskertu beharrean, oraindik gehiago eskatu; arrotzarekin ezkontzera bultzatzen haute, eta hi berriz urkamendira bere oinez doana bezala! Altxa ezak ahotsa Mariskal jauna!, ez al dizkik barruak lehertzen besotan negarrez andre hori edukitzeak?

 

(pedro askatu da norarengandik).

 

PEDRO: Baina zer da hau? Hi ere bai Bergara? Beņat eta Ioanes laguntzera ekarri zetiat eta nire ustez Hualdetarrei hegoak ematen ari dituk, eta orain hi ere?

FELIPE BERGARA: Ni hire morroina nauk. Borroka eta guda guztietan hire ondoan eta alboan izan nauk, beti arriskuaren aldetik. Mandatari eta eskudolari nauk eta gezurra iduritzen zitzaidak hik haina emana duenari, gehiago eskatzea. Baina bazekiat eskatuz gero, bazekiat eskatu diatenez gero ez daukekela aukerarik. Bazekiat alferrik ari garela, baina esan gabe ezin gelditu. Eta hik ere Nora, hobe dun lehenbailehen etsi!

PEDRO: Ez dago txotx egiterik! Alea iacta est! Erregeek egin zuten agindua eta hitza emana diat! Hitza hitz!

BERGARA: (norari mintzatzen ari zaio) Prantzesek Erresumako irakaslerik onenak izanen ditu, Nora. Prantzes orain umea denak, Nafarroako Frantziskok, ez du inoiz eskasiarik ikusiko, Nora, abizen horretako umea, errege odola daramana, aurrera aterako da.

NORA: Eta ni Felipe, ni zer? Zergatik ezarri behar zait niri, aukeratu ez dudan bizimodua?

BERGARA: Zuk, mariskala bezalako gizon bat izan duzun emakume horrek, ez zazula kupiderik eta penarik gorde. Emakume asko dago zuk izan duzun zorionaren zati batengatik bere bizi osoa emanen lukeenik.

NORA: Baina Pelipe, Ez! (zutik jartzen da pedroren ondoan, pedrori zuzen zuzen begira). Nork kendu dizkit niri loxintxak bizi guztirako? Zergatik ez dut nik gehiago musua eta ihurtzia, hitz ederrak eta loxintxak hartzeko eskubiderik? Nafarroaren etorkizunarengatik? Gertatu behar duena, gertatu eginen da! Adurrak berea ezarri eginen du!

AZPILIKUETA: Gertatuko zena izaki gaurkoa ere, Nora!

 

(pedrok zuzen zuzen begiratzen dio norari; negarrez ari da mariskala inolako keinurik egin gabe).

 

PEDRO: Gaurkoa niretzat hiretzat bezain gogorra dun!, agian gogorragoa, ba bait zekiņat niri ezarri zeidatena eta nik onartu diadan erabakiak, kalte eta mina hiri egin dinala.

FELIPE: (Atera eta sartu egiten da) Norbait dator lorategitik!

AZPILIKUETA: Ongi aritu zaizu Felipe. Zorionetik ez gara inor asetzen eta on eta ederrerako asekaitzak gara gizasemeok. Nik zure bihotzaren adurra eta zure odolaren legea begiko ditut. Eta horrengatik iduritu zaio Piarresi Jaso zaharra eta biok zuri ontzat harrerazten saiatu beharrean, hegalak ematen aritu garela. Baina ez dun hori! Etsi ezan Nora! Komentura sar hadi eta kitto!

BERGARA: Zu printzesa bezala zara Nora. Eta erresumako gaitzak eta oinazeak ere, zureak dira. Orain ezkutatzeko agintzen dizutenean, ezinezkoa da bihotzaren eskariak aurrean jarri nahi izatea. (Mahain gainean zabaltzen ditu ontzurreak). Begira, hemen printze baten heziketa ez ezik, jakintsurik handienaren ikasketa eta azterketa guztiak ordaintzeko haina eman zaio zure umeari. (Biltzen ditu diruak berriro).

ATEKO GUDARIAK: ERREGE DATOR!!, ERREGE DATOR!!

 

(denak mugitzen hasten dira; frailea berriro azaltzen da eta eseri golkoa garbituz; jaso eta azpilikueta pedroren atzean ipintzen dira, zutik; bi neskame eta Noraren ama sua biztu nahiean ari dira; beste guztiak baztertu egin dira).

 

BESTE GUDARI BAT: Juan Labrit Errege Jaun Txit Ospetsua dator! Errege dator!! Erne!

 

(juan labrit eta pedro biak besarkatu egiten dira. Beste guztiak, nora ezik, makurtu, eta begiak lurrera jetsi. Noraren amak gonatik tiratzen dio ea makurtzen ote den. Erregeren atzetik bi lagun gehiago sartu da, bi idazlari itxurakoak, luma eta guzti eta hirugarrena berriz gudaria; ate ondoan daude hirurak).

 

LABRIT: Kaixo Piarres; kaixo jaun andreok!

PEDRO: Ongi etorria zeurea dela badakizun etxe honetara. Ohore da guretzat!

LABRIT: Noraren eskea entzun dut eta gure erabakiaren zentzua eta ezinbestekoa adieraztera natorkio. Begira Nora!

 

(nora isil isilik dago, tente, eta beregana joaten da labrit errege jauna).

 

LABRIT: Katalina, erregina, izugarri goibel dago. Eta minberaturik. Adiskide bat galduko du eta gainera merezi ez zenuen oinazea eta samina sorrerazi dizkizugu. Baina Nora, ezin diogu zure oinazeari begiratu. Geure edo zure pertsonari begiratu ezin diogun bezela eta hain zuzen ere, gure pertsona eta asmo eta grinak ere ez direlako inoiz lehendabiziko arrazoina.

NORA: Baina ni ez naiz errege eta erreginaren hezikera duena! Ni emaztetzat ekarri ninduten eta etorri nintzen emakumea besterik ez naiz... orain nire borondatearen aurka komentura sartzen nautena, giltzapera bezala! Zergatik niri zama hori guztia gaineratu behar zitzaidan! Zergatik jauna? Zergatik? (Negarrez ari da berriro)

PEDRO: Nora! Arren!

LABRIT: (pedrori: Zaude lasai, zaude lasai; ixo!) Bai; Nora, gure artean zu printzesa izan zara; erresuma osoan den gizonik ospetsuenaren andrea bezala eta bere semearen ama. Eta horrengatik erresumaren arrazoinak eta zamak ere beren astuna susmaerazten dizute.

NORA: Baina ezkondu gabea eta orain ezkutatu behar den printzesa! Zama bai, baina zorionik ez duen printzesa! (Negarrari ematen dio).

PEDRO ETA GURASOAK: (Denak harriturik eta eskandalizaturik) Nora! Axolakabe hori! Lotsagabea! Hamaika ikusi eta entzun behar!

LABRIT: (Denei) Ixo! (Esku bat hartzen dio norari eta musu ematen dio). Katalinak duen pena horixe da: Zu oraindik ezkondu gabea izatea! Baina hori iragana da; Piarresek, Nafarroako Pedrok, erresuma pakean ipini du, lehenengoz aspaldian; etorkizuna oparoa datorkie gure herritarrei eta orain Gaztelaniako Erreginak bere adiskide duen Maior Kuebarekin ezkongai dagoen Pedro eskatu. Ezin genion ukatu. Hori ukatzea, irain egitea litzateke. Eta zu zara oparitu eta sakrifikaturik gertatzen dena.

PEDRO: Nora, zuri dizudan hainako begirunea, izan behar diot ere Maiorreri emaztetzat izaten dudanetikan.

LABRIT: Eta zu ez zaitezke hemen, Jauregiko Gazteluetan gelditu! Denborak sendatzen eta lehortzen ditu zauriak!

NORA: (negar zotinez). Eskerrik asko Ioanes, eskerrik asko Errege jauna! Bedi, izan behar duena! Betorkit soineko beltza bizi alarguna egin nauzuen honi! Bizi alarguna!

 

(denak elkarri begira geratzen dira).

 

PEDRO: Zeinen aurrean zaudela uste duzu, Nora? Begirune eta aintzakotzat har, Ioanes Errege!

NORA: Bedi, izan behar duena!

LABRIT: Lasai, lasai denok! Esan nahi al du horrek, Nora, ontzat hartzen duzula, eskatu zaizuna?

NORA: Bai!

LABRIT: Emana duzu orduan hitza. Bizitzen komentuan jarriko zara zeure umetxoarekin! Ez zaizu ezer faltako.

NORA: Bai, eman dut hitza.

LABRIT: (idazkariei:) Antola ezazue bada hitzarmena! Piarres, gure gudalbururik azkarrenak, etsai guztiak menperatu dituenak, opari eta saririk ederrena jaso behar du guregandik: 3.000 ontzurre eta esker ona. Piarres, zure errege baino gehiago adiskide naizen honek, agintzen dizut Norarentzat ere babesik sendoena eta baita ere biona duzuen umetxoarentzat. Sina dezagun hitzarmena!

NORA: Bai; sinatuko dut. Gertatuko dena gertatuko da, baina Azpilikueta zaharrak esan duen bezala, hau ere gertatzekoa zela idatzirik egonen zen nonbait.

LABRIT: Nire lekukoak bitez Jaso eta Azpilikueta zaharrak.

PEDRO: Orduan gure aldetik Migel Hualde eta Felipe Bergara.

 

(Esertzen dira; luma tintan busti eta labriteri ematen diote, altxatzen du luma eta galdera modura:)

 

LABRIT: Bedi?

DENEK: Bedi!

NORA: Bedi!

 

(Hasten dira izenpetzen; amak eta aitak eramaten dute nora barrura eta arropa batzu biltzen hasten da. pedro isil isilik zutitzen da eta erregeri atera laguntzen dio).

 

PEDRO: Erresumaren onerako izanen al da!

 

(Mariskalaren ama, ines enrikez lakarra, sartu da. Isilik gelditu dira denak. Zuzen zuzenean norarengana joan eta besarkatu egin du; nora oraindik eseria zegoena zutitu egiten da. Hitza berriro ere mariskalak hartu du).

 

PEDRO: Ama, begira ama, errege jauna dago! Konpondu gara; Norak izenpetu egin du, ama. Dena konpondu da.

INES: (erregeri) Emakumeok, errege jauna, emakumeok jaso behar dugu askotan gizakiak erabil ez dezakeen zama... etxeko andreak ezin dio etxeari ihes egin. (norari) Baina nik, Nora, ez nuke iloba galdu nahi eta eztaere alabatzat zaduzkadan hori.

LABRIT: Ines, badakizu Ines, denok eginbeharraren gurpilean harrapaturik gaudela.

INES: Ongi aski jakinki gainera! Senarra galdu nuen Eleonor erregina Iruņera eramateagatik. Semea ere galdu egin nuen ezkontza zabor batekin nahasi eta saldukeria egin ziotenean.

LABRIT: Euskal Herriko betidaniko etxeko andreen samina eta nekeak ez ditugu inoiz behar haina aintzat hartzen!

INES: Eta orain alaba, Nora, eta iloba, Prantzes umetxoa.

PEDRO: Ama, bukatuta dago, egina dago. Ez du inork nik baino oinaze haundiagorik hartu. Norak etsi baldin badu, ez zaitezela zu orain zauria berritzen has!

INES: Emakumeok ez gaituk etsitzeko jaioak, Piarres. Ez gaituk sabela bakarrik eta muinetan hartzen diagu oinaze eta bihotzean min. Errege jauna, zure leialak garen agramontetarren artean gizakiak dira gudariak eta gizakiak dirade hiltzen. Baina emakumeok gara gehienetan samina, atsekabea eta nekearen astuna gure bizkar daramagunok; emakumeok gara erresumaren eta gizartearen zama ikaragarria daramagunok.

PEDRO: Aski da. Idatzirik dena, ezarririk da! “Quod scripsi, scripsi”.

LABRIT: Ezin genuen bestelakorik egin, Ines. Ikusten duzu, Nora isilik dago.

INES: Isilik...Ezaguna dinagu alargunaren isila, gerorik eza, etorkizunik ezaren isila! Joan eta Nora besarkatu egiten du). Prantzes maiz maiz ikusi nahi niken! Eta hi...

NORA: Ai ama!!, ai ama!

LABRIT: Goazen Piarres!, hatoz.

 

(pedro eta Felipe joaten dira, erregerekin eta honekin etori diren gudari eta idazlariekin. nora eta bere gurasoak beren aldetik ere joan egiten dira. jaso, azpilikueta eta frailea isilik elkarri begira gelditzen dira eseririk eta janaria ekartzen diete, dauden mahainera).