Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Txalaparta, 1991

 

II. ekitaldia

 

Antzestokia eta egoera historikoa

 

            Atientzako herrian, dorre batean giltzapeturik, PEDRO, Nafarroako mariskalak, hiru urte darama.

            Atientzako dorrea itxirik dago. Atea burdinsarezkoa da. Dorre lauki bat da, ate aurrean larraina hainako enparantza txiki bat daukalarik. Dorrearen inguruan , sei-zortzi metrotara, harresia dago, tartean sei zortzi metro horietako larraina dago eta zulagune edo fosoa. Burdinsarezko atea, bi katez altxa daitekeen ate edo zubi batez ailega daiteke eta horrela dorreko alde guztiak osotara hersten direlarik.

            Dorrearen ate aurrean dagoen zubian bi gudari daude bazterreko harrietan eseririk, ezpatak beren lekatan sarturik eta elkarrekin hitzegiten. Sahietseko estalpetxo batean Felipe Bergara Mariskalaren morroina dago, etzanik.

            Dorre laukiak atearen gaineko aldean, erdi erdian bi lehiatil dauka, saeterak, eta gainean teilatu inguruan almenaldi bat eta han ere gudari bat ageri da.

            Nafarroako erresuma konkistatzeko guda edo gerratea Aragoiko Fernando “Faltsarioak” 1512. urtean hasi zuen. Ordurako Isabel ii., Gaztelako Erregina hilik zegoen eta Fernando Gaztelako gobernadorea edo errege ordea zen.

            Konkista horri ekiteko Faltsarioak lehenik Leringo Kondeari bere ondasunak itzulerazteko aitzakia aipatu zuen, hain zuzen ere Luis Beaumont kondea ihes eginik bait zegoen eta bere ondasunak eta karguak kendurik. Leringo kondea, Beaumontesen buruzagia, Piarres, Pedro de Navarra, mariskalaren etsai amorratua zen eta horrengatik mariskala gerrate honen hasierako istiluen erdi erdian aurkitzen da.

            Gero Faltsarioak, Fernando El Católico-ak alegia, beste aitzaki gezurti bat ere erabili zuen, Aita Sainduaren “bula” gezurrezko bat, “faltseatu” bat alegia. Horrengatik Aragoi eta Gaztelan “El Catolico” bezala ezagutua izan zenak, Nafarroako abertzaleen eta Nafarroako erregeei leialak iraun zutenen artean “Faltsarioa” deitura eta izengoitia izan du mendeak zehar. Zerbaitengatik Makiabeloren “Printzea” liburua gogoetarazi edo inspiratu zuena da Nafarroaren independentzia bukatu zuen berbera.

            Fernado Faltsarioa Nafarroko gudua bukatu baino lehen hil zen. Mariskala 1516.ean harrapatu zuten, Karlos I., dagoeneko Enperadore Katolikoa zelarik, bere ama Juana “Eroaren” ordez. Burgi herriaren inguruan harrapatu zuten gaztelakoek eta herriz herri eta herrixka guztiak barrena loturik eta mesprezaturik eraman zuten Atientzako dorrean espetxeratzera. Herriz herri zeramatenean, Lizarrako gazteluan eduki zuten egun edo gau batzuetan, beste atxilotutako batzuekin batera (esate baterako Olloko jauna) eta izan zen atean itxoiten egon zena, Mariskala ateratzen zuten arte, nahiz eta loturik atera, eskuan musu emateagatik.

            Atientzako dorrean ia hiru urte giltzapeturik darama Mariskalak, Karlos I. enperadoreak agindua ematen duenean Bartzelonara eraman dezaten. 1519. urtea da eta urte hontantxe kokatzen da bigarren ekitaldi hau.

            Enperadoreak nahi zuena zera zen, Mariskalak bere Jauna bezela onar zezan. Eta horretarako Bartzelonara eraman zezatela agindu zuen, Jaun eta Nagusitzat onar zezan eta leialtasunezko zin egin ziezaion.

            Karlos enperadoreak bere ordezkariak bidali zituen Atientzara. Zergatik Enperadorearen asmoa eta nahia? Lehenik mariskala Nafarroako gizonik ospetsuena zelako eta berak zin egin arte erresumak eskuratu gabea zidurielako. Baina baita ere ziur aski konkista osotara arrazoinik gabea zelako. Eta agian baita ere Enperadore eta Aragoi eta Gaztelako erregearen etxekoekin ahaideak eta harreman zutenak zirelako Mariskalaren emaztearen sendikoak, Alburkerkeko dukeak.

            Enperadorearen ordezkariak kapitain bat eta gudari multzo bat dira. Haien ondoan datoz Mariskalaren emaztea, Mayor de la Cueva, eta bere semerik zaharrena, hogeitabat urtekoa, ezkontzatik at izandakoa, Francisco de Navarra, Frantzes edo Prantzes lagun arteko hizketan, Mariskala eta Tafailako N. Hualderen semea. Frantzes edo Prantzes delakoa apaizez jantzia dator.

            Maior Kuebarekin bi emakume datoz. Ondorean Mariskala eta Maior Kuebaren semea Pedro de Navarra, Piarres gaztea azalduko da ere bi eskuderorekin. Harmak utzierazi egiten diete Gaztelako gudariek iritsi bezain laister.

            Kapitaina eta bere gudariak etortzen dira eta inguruko harresian zabalduko dira gudari horiek. Ondorean idi pareaz tiratutako gurdia azalduko da, itzai batekin. Gurdiaren gainean zurezko kaiola bezelako bat egin dute, hestarte bat, Pedro Mariskala Bartzelonara eramateko. Beste idi parea, askaturik, gurdi atzetik dator.

            Dorrea irekiko da antzerkia egiten ari diren bitartean, eskuak lotuko dizkiote Pedro Mariskalari indarrez (bera saiatuko da galerazten); eta ondoren lasai geldituko da halere eta dorrea alde batean eta zubia igaro ondoreko larrainean sua egin eta inguruan mokadu bana jan bidenabar elkarrizketatzen dira batzuk eta besteak. Gaztelako gudariek harresian jarraituko dute bitartean.

            Atientzako batzu etortzen dira janariak ekartzera diru truk eta Pedro Mariskala eraman behar ote duten jakin nahiaz. Pena handia azalduko dute eta adierazi ere Mariskal herrian giltzapeturik zegoen bitartean lana eta dirua izan dutela eta gainera pertsona garrantzitsu etazintzoa iduritzen zaiela.

            Azkenean gurdiko hestartera sartuko dute; Atientzatik (gaurko Guadalajarako probintzian dago) hasita, gurdi baten hertsituan Bartzelonaraino eramanen dute. Bartzelonan Mariskalak EZ DIO ZIN EGINEN Españiako Enperadoreari, esaera haundi bat ezarriz : ZIN BERRI BATEK LEHENGO ZINA HAUTSIKO LUKE ETA LEHENGOA HAUTSI BALDIN BAZITEKEEN, ORAINGOAK ERE EZ LUKE BALIOKO!

            Zintzoa, zin duen gizakia izaki eta Nafarroako Gudalostearen azken Mariskalak ez zuen bere zina hautsi. Oraindik gudua ez zegoen osorik galdua. Oraindik giltzapean zegoen gudari eta gudalburuak eutsi egin behar zion, mendi eta gazteluetan independentziaren alde ari zirenen borrokari.

            Eta Bartzelonatik, berriro gurdiko kaiolean, berriro gurdiko hestartean Simancasko gaztelura eramanen dute, Gaztelaniako erdi erdira, gaur egungo Valladolid-eko probintziara.

            Kilometroak eta kilometroak preso gurdian, denen agerian, eramanen dute, gudako harrapakina edo trofeoa balitz bezala. Baina lotsak eta giltzapeak eta familiaren bulkapenak eta ondasun eta aberastasunen galpenak baino zama eta indar gehiago du Mariskalarengan garai batean eta behin betirako egindako zinak, behin betirako emandako hitzak.

 

 

Antzesleak:

            PEDRO DE NAVARRA, Piarres.

            PEDRO DE NAVARRA GAZTEA, Piarres.

            MAYOR DE LA CUEVA, Maior.

            FELIPE BERGARA, morroina, Pelipe.

            KAPITAINA

            GUDARIAK

            ATIENTZAKO EMAKUMEAK

            ITZAIAK ETA IDI GURDIA