Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Nafarroako azken mariskala
Patxi Zabaleta
Txalaparta, 1991

 

II. ekitaldia

 

DORRE GAINEKO GUDARIA: Erne, erne kidegoa! (Xistu egiten du). Enperadoreren Ordezkariak datoz! Multzoa, erne!”.

ATEKO GUDARIA: Erne!, kapitaina!

KAPITAINA: Zutik soldaduok! (Sartzen da gudalburua beste zortzi gudarik atzetik jarraitzen diolarik; gudariok dorrearen inguruan dagoen harresiaren barruko aldean toki hartzen dute). Errege jaunaren aldetik nator giltzapekoa Bartzelonara eramatera. Hona agiriak. (ateko gudariari paperak erakusten dizkio).

FELIPE BERGARA: Ni, kapitain jauna Mariskalaren morroina naiz; hementxe bizi naiz dorrearen babeseko txabola honetan. Zer egitera zoazten aldez aurretik esan nahi izanen nioke Mariskalari, ongi baldin baderitzaizue.

KAPITAINA: Orduan zeu zara delako morroin hori! Hemen ez dago ez mariskalik eta eztaere nagusirik gure errege enperadorea baizik, Karlos I. Katolikoa Jaun txit gorena! Ez dago beste nagusirik eta eztaere beste jaunik!

BERGARA: Zer egin behar duzue jauna?, nora eraman nahi duzue Pedro de Navarra?

KAPITAINA: Bartzelonara eraman behar dugu, hango gorteetan Enperadore Katoliko jaunari behingoan zin egin diezaion.

BERGARA: Uztaidazu jaun horrek neuk esan diezaiodan.

KAPITAINA: (ateko gudariari). Morroin honek, nola hitzegiten du giltzapekoarekin?

GUDARIA: Atetik; ateko zulotatik. Egunik gehiena hor ematen du ateko zulotik mintza eta kanta.

KAPITAINA: Kantatu?, zer kantatu beharra dauka preso eta erregeren aurka armak altxatu dituen bati?

GUDARIA: Denbora pasa; abeslaria dela uste du.

BERGARA: Bertsolaria naiz; Badostaingo bertsolaria naiz; eta bertso zaharrak zaizkio atsegin Mariskalari.

KAPITAINA: Hemen ez dago mariskalik, matxinatzaile bat baizik giltzapean.

BERGARA: Atetik esanen diot; atea ireki gabe.

KAPITAINA: Orain etorriko dira bere emaztea eta semeak. Haiek esatea hobe izanen delakoan nago. Zer iduritzen zaizue? Zin egiteko adostasuna eman dezan nahi genuke Mariskal kaska gogor horrek.

BERGARA: Hobe izanen da nik esatea; aspaldian ez bait ditu ikusi bere sendikoak eta harrituta geldituko bait da.

GUDARIA: Bere seniderik edo sendikorik ez da hemen inor azaldu inoiz.

BERGARA: Kapitaina!, denok entzunen duzue esatera noakiona; denok. Atea tartean dugula mintzatzen gara, ez dago ezkuturik.

KAPITAINA: Esaiok!, esaiok bada! Esaiozue (guztientzat mintzatzen da) Enperadore Katolikoari bizia zor diola, aski lukeela hatz bat altxatzea eta Mariskalaren bizia eta oroitzapena bukaturik liratekeela; baina gudua ahaztu egin nahi du Enperadoreak eta Mariskalak zin egin diezaion, horixe da bere gogoa.

BERGARA: (Dorrearen burdinezko atera ondoratzen da eta barrura hasten da oihuka; dorrearen barru aldea ilunbean dago eta ezin da mariskalaren aurpegia ikusi) Piarres, Piarres, Mariskal jauna!

KAPITAINA: (Urrutixeago gelditu da). Bere emazteak ere .zin egin dezan nahi omen dik; Bergara, (gudariari:) horrela dik izena morroin horrek, ezta? Bergara!, esaiok bere emaztearena!

PEDRO: (Barrundik): Zer, Pelipe? Zer dira oihu hoiek? Ez al da gaur bertsorik?

BERGARA: Mariskal jaun hori, Enperadorearen kapitain bat dator eta gudari mordoska bat. (Atzera begiratzen du).

KAPITAINA: (Atzetik) Enperadore Katoliko etatxit Gorena!! Esaiok bizia zor diola. Gogora ezaiok hori guztia!

PEDRO: Nor da hizketan eta berritsukerietan ari den hori? Hori al da kapitaina?

BERGARA: Kapitaina, aipatu dizudan kapitain jauna! Eraman egin behar omen zaituzte Piarres. Eraman Bartzelonara ea Enperatore Katolikoari zin egiten ote diozun edo.

PEDRO: (Oihu haundi bat dorrearen barrundik) ZINTZOA DENAK ZIN BAT BESTERIK EZ DU!; NIK NEURE ZINA EGIN NIEN NAFARROAKO NIRE ERREGE ETA NAGUSIEI! BEHIN EMANDAKO HITZA EZ DUT INOIZ UKATUKO!

KAPITAINA: Bizia zor diozu Enperadoreari!

PEDRO: (Oihuka berriro). Alferrik! Entzun: Eutsi Nafarroal. Eutsi zutik Nafarroa!! Nire bizia ez da nirea eta horrengatik ez diot inori zor. Gure gazteluak hautsi, erresuma zapaldu eta suntsitu duenari, gainera zorretan?

BERGARA: Lasai, Piarres, zure emaztea eta semeak etorri omen dira. Zurekin mintzatuko dira.

PEDRO: Maior etorri al da? Eta mutila ere bai, Piarres? Eta Prantzes? Non daude bada? (Eta aurpegi bizarduna azaltzen da ateko burdin artean) Non daude, non daude?

BERGARA: Orain datoz; orain datoz. Lasai, Piarres lasai Mariskal jauna. (kapitainari:) Zuk ere Mariskal esan duzu eta nik ohitura hori daukat, jauna.

KAPITAINA: Mariskal Pedro, entzun, zure emazteak ere Enperadoreari zin egin diezaiozun nahi du.

PEDRO: Ikusi egin nahi nituzke eta besarkatu. Katerik gabe besarkatu. Non dira ba?

KAPITAINA: Ez, ez!; zure kateak kentzea nahi baduzu, hitz hori eman behar duzu; zure leialtasuna enperadoreari eskaini; kateak eta zure dorreko giltza eta zure aberastasunak zure esku jarri nahi ditu berriro ere Enperadore Katolikoak, ez zaiozula irainik egin!

PEDRO: Nik bizia bezala, hitza eta zina ere bat besterik ez dut! Ezinezkoa da maitasuna edo zintzotasuna saltzea, saltze hutsak ito eta desegiten dituelako eta horrengatik erosten dituenak hutsa erosten du.

KAPITAINA: Ikusiko dugu. Giltzaperatua dagoenaren harrokeriak ez du farragurea besterik sortzen. Hobe zenuke beren eskuetan zaduzkatenen urrikaltasuna sorrerazten saiatu. Bedi! Etor dadila emaztea.

GUDARI BAT: Baina dorretik atera baino lehen, jauna?

KAPITAINA: Atera ezazue larrainera, baina kateak kendu gabe!

MAIOR KUEBA (Sartzen dira Maior, bergara eta “atientzako andrea” sukalkinaz jantzirik!) (mariskalaren emaztea): (negarrez) Piarres, Piarres, hainbeste denbora! Piarres. Ni ere giltzapekoa naiz, zu horrela zauden bitartean. Piarres konpondu egin behar dugu egoera hau; Enperadorearen lehena da orain nire anaia. Alburkerkeko etxea goi goian dago Piarres. Hainbeste denbora!

PEDRO: (Dorreko atean azaltzen da; eskuak aurrean loturik dauzka eta katea lepora; argiak begietan jotzen du eta gelditu egiten da atearen pean. Txakurra, artzanora, dauka ondoan eta bergara bere morroina). Jende multzo haundia gaur Atientzan. Ez zazula negarrik egin Maior! (Elkarri begira, baina besarkatu gabe)

BERGARA: Prantzes eta Piarres gaztea etorri dira jauna. Gero ikusiko omen dituzu. Harresitik kanpoan daude.

PEDRO: Hemen, dorre honen ilunpean hiru urte bota dut. Burgin arrapatu ninduten eta eskuak lotuta herriz herri, denen agerian eta denen farregarri honeraino loturik ekarri ninduten. Herritarrek independentziaren aldeko guduan etsi zezaten. Baina ez dute etsiko. Ilunpe honetatik ere nabaritu izan bait dut laguntasun eta kidegoa. Eta adiskidetasuna!

ATIENTZAKO ANDREA: (Denen aurrera sartu da bere sukalkin jantziez) Mariskal jauna, zeu zara gure herriaren zutabe eta babesa. Dorre horren sabel ilun eta ezkututik ere lagundu egin diguzu eta ez gara hori aitortzeaz lotsatuko eta ezta ikaratuko ere! (gudariei begira tinko jartzen da).

PEDRO: Eskerrik asko nire sukalkin horri. Baina eramaten baldin banaute, ez naiz sekulan itzuliko. Halere ez ditut inoiz zuk prestatutako banabar eta baba beltzak ahaztuko.

ATIENTZAKO ANDREA: Piarres, mariskala! Badakizu Etxarritik etorri nintzela urruti hauetara zuri sukaldaritza egitearren. Baina gaur arte ez zintudan ikusi.

KAPITAINA: Isileraz emakume zoro hori! Bihoa hortik!

GUDARIA: Mariskala eta morroinari otorduak prestatzen dizkien atsoa besterik ez da. Beti horrelako berritsukeriak botatzen aritzen da.

KAPITAINA: Isil bedi halere!!

GUDARIA: Alde egin ezan hemendik atso urde horrek!

MAIOR KUEBA: Hemen hotz egiten du! (Ondoratzen zaio lehenengoz mariskalari eta esku bat hartzen hasten da, mariskalak ez dio ez ematen eta ez kentzen eskurik) Piarres, entzun behar diguzu esatera etorri gatzaizkizuna.

KAPITAINA: Sua piztu behar dugu. Esan nizuen ba; hementxe, dorrearen larrain honetan eta otordua berotu.

GUDARIA: Esanen diot atso horri adabaki batzu ekar ditzala.

BERGARA: Zertarako sua? Janaria bero beroa ekarriko digute, nahi baldin baduzue.

KAPITAINA: Ez; guk geure otordua eginen dugu! (gudariari) Esaiok atso horri adabakiren bat ekar dezan.

MAIOR: (Eskutik helduta dauka mariskala eta biak bazterrean daude tinko eta larri, hitzik esan gabe, emazteak ekiten dion arte). Entzun Piarres, pentsa ezazu familiarengan, urrikal zaitez gutaz. Damua, damua besterik ez zaizu eskatzen eta zin egiteko. (Musu ematen dio aurpegian). Ez da hain zailazin egitea. Nori zer dio zure barruan gertatzen denak. Hitz bat besterik ez dizu eskatzen, zin! Hitz bakar eta kaxkar bat esan eta Enperadore Katolikoak pozaren pozez genituen aberastasun guztiak itzuli eta askoz ere gehiago dizkigu aginduta.

PEDRO: (Isilik darama denbora luzea). Hiru urte daramat Atientzako dorre honetan, hiru urte luze, ilun eta hotzak eta orain arte, Maior, ez zara hona inoiz azaldu. Ez duzu orain arte zure senarra giltzapean ikusi nahi izan, nahiz eta bitartean gure herritarrak borrokan saiatu, hiltzen ari eta iheska joaki. Orain ordea, Maior, nire emazte hori, mezu horren eustaile zakarzkite eta zu etorki.

MAIOR: Piarres, Piarres bihotzekoa, gudua galdurik dago! Nafarroa bukatu zen. Piarres, Nafarroako Erresumarik ez da dagoeneko! Enperadore Katolikoa beste soberanorik ez da! Alferrik dira zure leloak Piarres!

PEDRO: (Haserreturik). Oraindik bada Nafarroa! Bada eta izanen da! Oraindik ez dute etsi gudariek. Eta gainera, Maior, gure abizena, gure sendia, gure bizitza, dena Nafarroako Erresumari lotuak daudenak dira. Nafarroako Pedro naiz ni eta berdin zen nire aita eta berdin biok dugun semea. Nafarroarik gabe, zer gara gu?

MAIOR: (Negarrez hasten da) Piarres, Piarres bihotzekoa; (besarkatu egiten du). Gure ondasun guztiak eskuratuko ditugu berriro. Eta aberastasun izugarriak, inoiz ikusi ez ditugunak eta asma genitzakeenak baino askoz ere handiagoak zai dauzkagu, Piarres. Cisneros kardinaleak berak esan dit. Zure hitz bat Piarres, hitz bat bakarra, zin egin, zina eman Enperadore Katolikoari eta sendiak berriro lehen baino aberastasun eta ondasun gehiago eta tituluak eta jokabideak. Piarres!

PEDRO: (Isilik dago gune batean). Zintzoak izaten erakutsi ziguten arbasoek. Zina duena da zintzo eta zina urratzen eta ukatzen duena berriz ezereza. Neure barruan zer gerta ez dakiela inork eta ez diola inori axolik, esan didazu. Baina, begira, horixe da niri gehienik axola zaidana. Nola eskatuko diot nirekin zintzoa izan dadin Peliperi, ez banaiz ni neronekin zintzo? Eta Peliperi ezin badiot zintzoa izan dadin eskatu, nori zer esanen diot? (mariskala urduri dago).

BERGARA: Zaude lasai, Mariskal jauna! Gutarren artean zaude!

PEDRO: Ez dakit bada! Nork bidali ote zaitu Maior? Zeinekin etorri zara nire emazte hori?

MAIOR: Zeure semeekin etorri naiz Piarres; Prantzes eta Piarres gaztearekin. Kapitaina eta gudaria nire anaia, Alburkerkeko Dukeak ipini ditu! Alburkerkeko Dukea bait da orain, Piarres Inperioko Gudalbururik nagusiena. Enperadoreak bere begitik ikusten du eta gure umeek etorkizuna eta geroa hor daukate, Piarres. Orain gainera Indiak ere hor dagoz. Zeure semeentzat da beharrezko Piarres, hitz txatxu horren itzalari beldurra gal diezaiozun.

PEDRO: Hitza ukatuz gero, ni ez nintzateke lehengoa! Agian ez nintzateke ni!

MAIOR: Gure semea, Piarres, gure semea! Gure semearen etorkizuna!

PEDRO: Geroa eta etorkizuna aukera dezakegu eta aldatu. Behintzat hori zaigu iduri. Baina iragana, Maior, gure lehena ezin dugu ez aukeratu eta eztaere aldatu. Ni nire odolari zor nakio; Piarres zen nire aita, Piarres naiz ni eta Piarres da nire semea. Pedro de Navarra dugu hirurok idazkietan izena eta Nafarroakoak ez ezik, Nafarroarenak ere bagara, errege odola eman bait zigun Erresumak zainetarako ere.

MAIOR: Baina Piarres, betiko leloan jarraitu behar ote duzu? Ezin ote duzu betiko erretolika hori aldatu? Ni, Piarres, Alburkerketarren artean jaio nintzen, Gaztelaniako Isabel erregina zen nire amaordea eta zuengana etorri nintzen, zuen sendikoa bihurtuz.

PEDRO: Ez zazula nire zauria berriro azkazaldu! Ez zazula hatzaparrez urra! Ongi aski dakizu ezkonterazi egin gintuztela, baina nik beti begirunea izan dizut, emaztetzat eduki eta maitasuna sortzen eta sorrerazten saiatu naiz. Azkeneko hiru urte hauetan ordea ez dut atsekabea besterik hartu, maitasuna eman behar zenidan horrengandik, alajaina!

MAIOR: Nekatzen ari naiz Piarres, asper asper egiten! Eskuan duzu nahi duzun guztia, nahi baduzu Nafarroako Errege ordea izatea, nahi baduzu Granadako Errege-ordetza. Cisneros Kardinalearekin eta Enperadorearekin berarekin hitzeginda etorri naiz, jakin ezazu.

PEDRO: A!, zorigaitza eta tamala! Zu, zeu, Maior, nire emazte hori!

MAIOR: Oraintxe duzu Leringo Kondea, ustez berriro Iruņean Batzorde Buru jarri berria, betirako menperatzeko aukera, oraintxe, Piarres!

PEDRO: Arren, isil zaitez behingoan! Agintari bat besterik ez dut, Katalina da nire Erregina eta Juan Labritekoa bere senarra.

MAIOR: Baina gudua galdurik da Piarres! Nafarroa bukatu zen. Zenbat aldiz esan behar dizut? Inoren laguntzarik eta begirunerik gabe iheska dabiltzan gaizkile taldeak besterik ez da Enperadorearen aurka. Eta zu!

PEDRO: Ez! Ez da gure sena bukatu oraindik! Nafarroak altxatuko du bere burua! Baita hemendik bostehun urtetara bada ere. Mila eta bi milaren tartea bizitzea gertatu zaigu. Milagarrenean indartsua zen Nafarroa, euskaraz mintzatzen zen lurralde guztiak barne zituelarik; bi milagarrenean ere ikusiko dute mende berriek, hauzoko herriekin ongi moldatzeagatik Zuhaitz Malatoren muga duen herria, Nafarroa, Baskonia zaharra... Baina lehen, laister, Labriteko Juanek itzulia emanen dio egoerari.

 

(gudariak su egiten ari dira, atientzako andreak txotxak eta adabaki batzu ekarri ditu)

 

MAIOR: (Itzuli egiten da) Kapitain jaun hori, utz ezaiguzue denbora pixka bat gehiago!

KAPITAINA: (Ondoratzen da). Ez al duzue oraindik behar haina hitzegin? Semeak sarreraziko ditugu?

MAIOR: (kapitainari). Berean dirau honek oraindik, baina badaukagunez beta, aldi gehixeagoan ere saiatu egin nahi nuke.

KAPITAINA: (mariskalari). Zure bizia Pedro, Enperadore katoliko txit Gorenak egunero dohainik egiten dizun emaitza da. Ez al zara ba ohartzen gudalosterik gabeko mariskal hori?

BERGARA: (mariskala urduri dagoela ikusirik) Prantzes eta Piarres gaztea laister etorriko dira, Mariskal Jauna.

 

(Sua piztu eta janaria berotzen ari dira gudari eta emakumea)

 

PEDRO: Datozela semeak, datozela!!

MAIOR: Begira noraino iritsi zaren Piarres! (kapitainari begira hitzegin du eta berriro senarrari begira:) Eta gu, ez gaitzazu gu ere kalean utz, Piarres. Sendiaren etorkizunaz gogora zaitez. Ez duzu ba nahi izanen Jauregitik bota nazaten!

PEDRO: Aski da Maior, aski da! Jauregiaz ari zara eta nor ote zara zu jauregia aipatzeko giltzapeturik naukaten eta ikustera ere etorri ez zaren honen aurrean? Aski da!

MAIOR: Piarres, Piarres maitea! (Negarrez hasten da) Ni ez naiz inor, ongi dakit hori. Herrian batzuek beldur didate, besteek gorroto. Nafarroan gaztelakoa naiz; Gaztelan berriz nafarra. Bi erresumek elkarrekin konponbide bat izan zezaten aitzaki bat besterik ez zure ezkontzan eta inoiz zure bihotzean ordezkoarena beste tokirik izan ez duena. Nor naizen ni? Bizi nahi duen eta bere umeak aurrera atera nahi dituen emakumea, ezinbestekoak senarrari adierazi nahiean. Hori besterik ez naiz, Piarres!

PEDRO: Baina guk, Maior, norbait izan beharra daukagu. Nafarroa da gure herria eta gure izena. Nafarroa da izenean eta odolean daramaguna eta inork muinetatik atera ez diezakeguna.

MAIOR: Eginahalak egiten ari naiz, baina zurekin alferrik da Piarres! Zahartzen ari gara, ez al duzu ikusten? Berrogei urte daramazu borrokatan, ia berrogei urte dituzu mariskalezkoan eta zahartzarora zoaz. Zure semeen etorkizunak, pakeak eta galdutako ondasunak berreskuratzeak arduratu behar zintuzke. Hitz bakar baten zai duzu hori guztia. Zer besterik esan niezazuke Piarres?

PEDRO: Pakea zintzoa izatea besterik ez da eta loak hartzerakoan damurik ez edukitzea. Lo dagoen bitartean, berdin dio jauregian edo espetxean egoteak; eta ametsak aska dezake giltzapean dagoena, jauregian dagoenak ametsetan bere burua loturik ikusi dezakeen bezala. Jauregia eta espetxea biak ditut ezagutzen, Maior, eta espetxeak bapateko edo biharamuneko beldurra, gorrotoa eta kezka gutxitu egin dizkit, baina geroagokoa gogoerazi, hemendik mende eta mendetakoa!

MAIOR: (Etsipenez) Ai, ama! Gureak egin du!

KAPITAINA: (Ondoratuz) Ez al dizu kasurik egin, Doņa Mayor!

MAIOR: Ez dago deus egiterik; bere kaska gogorkerietan dirau beti. Loturik dago, erantsirik bere odolari eta bere arbasoekiko leloari!

KAPITAINA: Ikusirik dago hemen ikusi behar zena, Doņa Mayor! Etor daitezela seme horiek! Ekar ezazue otordua, hementxe su inguruan egin dezagun. Antola dezatela gurdia eta idi bikoa lotu. Bartzelona egun askotara dago idien pausoa!

BERGARA: Mariskalak eltzaria nahi izaten du. Eta hemen daukat prest bere otordua. Neronek emanen diot.

GUDARI BATEK: Betidanik mantenua kanpotik ekarri diote giltzapeko honi, Kapitain jauna. Morroinak ematen dio, eskumuturrak odolerian bait dauzka aspaldian, sendatu ezinik eta ahora ematen dio.

 

(maior urrutitik —kapitainaren atzetik— eskumuturreko zaurietara begira jartzen da eta alde egiten du gero, bazterretik, nazka aurpegia jarriz eta keinuak eginez).

 

MAIOR: Ez du sekulan bere buruarekiko behar den arretarik eduki!

KAPITAINA: (Eskumuturrak ikustera joaten da). Gaur bazegoen hemen denontzat haina janari eta pozoinik gabea gainera. Jaten ni neu hasiko naiz... Baina bai, eskumutur hoiek itxura oso itsusia zeukatek; erdoia, zikinkeria eta palda.

PEDRO: (kapitaina urrutiratzen saiatzen da) Pelipe, etor hadi!

BERGARA: Banoa jauna.

PEDRO: Egunerokoa eginen diagu, Pelipe. Ekar ezak Atientzako eltzaria, lehenengoz egun argiz eta agian azkenekoz ene bizitzan dasta dezadan.

BERGARA: Bai jauna!

KAPITAINA: (gudariekin talde bazterrean far eginez eta algaraka) Banoa jauna, bai jauna, tori jauna, entzun jauna eta Mariskala... Eskuak loturik eta giltzapean bizi dena eta Enperadorearen errukiz bizi dena gainera eta jauna gora eta jauna behera. Jauna zeiok, hi!

GUDARI TALDEA: (Gehienak algaraka eta farrez) Tori jauna, har ezazu jauna, kateak uzten badizu, A, ja, jai!

MAIOR: (Erristan soldaduei eta erdi negarrez) Nire senarrak hitz bat bakarrez hauts litzake lotzen duten kateak eta baita Inperioko aginterik garaiena lor ere. Hitz bakar batez... (itzultzen da senarra dagoen aldera) nahi baldin balu, alegia.

PEDRO: Ai Maior, Maior. Inperioan ez dago guretzat morrointza besterik!

MAIOR: Morroina duzu ba hemen, zure begien muinekoa, Bergara hau, eta begira zertara iritsi zaren. Soldaduak farrezka. Gorroto zaitut, Piarres! Kalera bota gaituzu. Gorrotoa dizut (Oihuka hasten da eta eroturik, histeria gune batek jota, oihuka, mariskalari joka ekiten dio). Madarika bedi egun hura. Madarika!

BERGARA: Lasai, etxeko andre hori, lasai! Semeak badatoz!

MAIOR: (Negarrez, zotinka), Esaiok hik Pelipe, esaiok! Barka nazala Jainkoak, barka Piarresek! Madarikatua bedi egun hura!

BERGARA: Ikusten nauzu, etxeko andre! Begira non bizi naizen, hori ez da nire egitekoa!

PEDRO: Maior!, ez zara jo nauen lehendabiziko emakumea. Madarikatzen duzun egun hartan ere, emakume batek jo egin ninduen behin. Ez zait inoiz ahaztuko. Zure gaurko jokaera hori ere gogoan izanen dut bizi naizen arte. Garai hartan, emakume hark bere bizitza zaindu nahi zuen eta ez zuen ontzat hartzen Erresumaren onerako behar zuen gure ezkontzak, maitearen kidegoa ken ziezaion; ausarki saiatu zen, ez zuen berehalakoan etsi, badakizu zeinek?, Norak! Zuk ere, Maior, zeure bizitza eta etorkizuna zaindu nahi dituzu eta zeure umeen etorkizuna ere bai, Erresumaren etorkizun eta zor diogun zinaren gainetik. Norak maitasuna eta zuk Maior aberastasuna eta agintea.

MAIOR: Barka nazazu Piarres; betikoa zara, hain bait dituzu gogorapen sakonak noiznahi jailkitzen. Barkatu arren!

PEDRO: Ez daukazu barkamen eskatu beharrik, Maior. Nire zalantzarik sakonena, neure baitan beti kiribelka darabilkidana zera da, ea ni bezalako gizasemeak, abizena eta agintea, zina eta leialtasuna, beste edozeren aurretik ipintzen dituen eta ipini behar dituen gizasemeak alegia, ez ote ditugun geure ingurukoak, geure senideak, geure seme-alaba eta sendikoak zilegi ez den neurritaraino mugatzen, baldintzatzen, murgiltzen. Barkamena agian neuk nizuke eskatu beharko, Maior! Gure arteko ezkontza ez al da ba alferrikakoa bihurtu izanen. Horrela balitz, Noraren garraisi eta garramistek arrazoin zuten.

MAIOR: Piarres, betiko Piarres. Tinko eta bizkor kanpotik, baino barruan beti zalantza, sendimendua eta azterketa. Piarres betikoa!

PEDRO: Behar bada, Maior, zuri ere ezin izanen nizuke hainbesteko zama gainean har dezazunik eska, Gaztelan jaioa zaren horri. Agian jokaera hau ere alferrikakoa izanen da. Baina odolaren eta askaziaren mintzoak dei egiten didanean, ukoa ez zait zilegi. Zintzoak zin bat besterik ez du. Eta zintzoaren albokoak ordea oinazea maiz eta ezina ugari; erraztasun eta lasaikeria zabarrentzat izaki.

BERGARA: Horra hor Prantzes, Mariskal jauna! Eta Piarres gaztea da beste hori! Mutil eginik dago!

PEDRO: Piarres gaztea ere hemen? Prantzes, zer dira jazkera horiek? Zatozte nire besoetara!

FRANCISCO: Apaizezkoan hasi naiz aita. Erlijiora sartua naiz eta erdietsirik dugu Aita Sainduaren baimena.

PEDRO: Ai, baimenak eta bulak! Besarkatu nahi zintuzteket, baina kate hauekin ezin. Banekien Prantzes apaizezkoan hasirik hintzela, baina halere jantzi horiek harriturik utzi nautek.

KAPITAINA: Bazkal ezazue denok lehenbailehen. Ilundu aurretik abiatuko gaituk. Ekar bezate ere hestartekodun gurdia otordu ondorerako.

PEDRO GAZTEA: Piarres gaztea naiz, aita! (Hemezortzi urteko mutila da, luzea, aita bezala. aita agurtu, erantzuna entzuten ari den bitartean atzera joaten da, gudariek hala aginduta).

PEDRO: Bai; zeinen haundia zauden dagoeneko, Piarres, zeinen haundia! Mutikoa zinen orain dela lau urte, Piarres, nire mutiko Piarres. Ezin izanen zintuzket orain nire belaunetan jaso! Eser zaitezte, bazkal ezazue lehenbailehen.

 

(Bazkaltzen hasten dira denak, dagoena dagoen tokian. soldadu hirukote bat tartera sartzen da).

 

GUDARI BATEK PEDRO GAZTEARI: Atxilotuarekin banaka egon behar duzue; gero egonen zara zu, apaizaren ondoren.

BESTE GUDARI BATEK: (kapitainari) Gurdia prest dago Kapitain jauna. Noiz sartuko dugu atxilotua hestartera?

BERGARA: Soldaduek gurdiko hestartera sar zaitezen zai jartzen ari dira, Mariskal jauna. Buka ezazu eltzaria.

PEDRO: Aski dut; ez dut gehiago janen. Eskerrik asko bihotz bihotzetik Atientzako dorre zahar honi eta urte hauetako sukalkinari! (Sukalkina bazterrean dago)

ATIENTZAKO ANDREA: Ez da zeri! Ez horrengatik, Mariskal gure Jaun horri!

 

(mariskala neketsu abiatzen da. felipe bergarak lagundu egiten dio).

 

MAIOR: Hainbeste neke eta oinaze ez ote dira ba alferrik izanen!

SOLDADUEK: Ez dago presarik oraindik.

 

(mariskala ez da sartzen oraindik gurdiko hestartera; Dorrea eta gurdiaren erdian gelditzen da. Bitartean ireki egiten dute gurdiko hestartea, morroilo eta giltzez. francisco apaizez jantzitako mariskalaren semea —hogei ta bi urtekoa— ondoratzen zaio lehenik, gero beste seme gazteagoa, piarres gaztea. Besarkadak).

 

FRANCISCO: Aita, ba al zenekien amona Ines, zure ama, ihazko eguberri bezperan hil zela?

PEDRO: Bai; banekien. Gaixoa! Esan al zuen nirekikp zerbait?

FRANCISCO: Ez zuen hau aipatu besterik egiten; beti lelo berean. Aspaldian aritu gara zureganako etorrera hau prestatzen. Ez da erraza izan. Istiluak alde guztietatik, batekin eta bestearekin hitzegin behar izan dugu. Azkenean Enperadorearen asmo horrek lagundu egin digu. Esan izanen dizu Maior amaordeak honezkero behin eta berriro, ezta?

PEDRO: Ez ote da ordea gaurko etorrera, ilargirik gabeko gaua bezala? Behin etorriko eta orduan etsaiaren mezulari? Ines zaharra bizirik balego, ez zukeen inolaz ere onartuko zuek eginkizun honetarako, mezu hau ekartzeko prest azaltzerik. Ez horixe! Ze nekea den hau Prantzes, eta zeinen mingarria gaurko eguna. Maiorrek eskua gainean jarri dit, garai batean beste emakume batek...

FRANCISCO: Ez zaitezela hainbeste haserretu aita! Zergatik hainbeste atsekabe, oinaze eta erretolika? Zure emaztearentzat ere urte hauek izugarri gogorrak izan dira, ez uste! Maior amaordeak fraile bizimodua egin behar izaten du, eta ia egunero arazoak eta ezinak ugari azaltzen zaizkio. Zergatik hainbesteko oinaze eta hainbesteko ezinak ordea gure inguruan?

PEDRO: Behar bada burutazioak dira, giltzapean dagoenaren burutazioak. Eta Nora, zertan da ama, zer dio, ikusi al duzu aspaldian? Nora, aspaldiko Nora, urteak nola joaten diren! Aipatu al nau inoiz?

FRANCISCO: Ez; ez zaitu inoiz ere aipatu izan. Ongi dago ama; lan asko egiten du komentuan; eta otoitz egin berriz, beti otoitz egiten aritzen da, baina ez du inoiz monja sartuko denik esaten, ez dakit zergatik.

PEDRO: Eta guduaz, zer esaten du Norak gerrate hontaz, zer egin du urte hauetan guztietan?

FRANCISCO: Lan egin eta komentura datozenei lagundu. Badakizu komentuan alderdi eta taxu guztietako zaurituak egon izan dira. Behin esan zuen zerbait gerrateaz; komentuko buruzagiarekin ari zen eta “adurrak dakarrena ezinbestekoa da”, horixe esan zuen. “Gertatu behar dena, gertatu egiten da eta alferrik da galerazi ezin denari, oztopoak jartzen ihardutea”. Bai horrelakoak esan zituen eta negar egiten zuen, negar asko egin zuen amak egun hartan. Ba al dakizu Orreagako buruzagia edo gorengoa izendatu nautela?

PEDRO: (Isilik gelditzen da luzaroan, entzun dituenak hausnartzen bezala). Nora... zure ama. Ai Prantzes, gaur poza eduki beharko nuke eta atsegina zuek ikusteagatik, gizon eginak, gizon bihurtuak, baina dorre ilun horretatik gaur atera naute lehenengoz hiru urte hauetan eta gainera Maiorrek izugarrizko zama bota dit gainera. Zergatik ez dator Piarres, zergatik gelditu da hor atzean?

FRANCISCO: Gudariek banaka egoteko agindu digute. Eta dugun denbora edo beta motz honetan nire asmoak azaldu nahi nizkizuke, nire gogoak zein diren. Idatziz ez zait erraza egiten eta gainera ezin nizkizun nahi haina berri bidali, badakizu. Orain Orreagako buruzagitza eskuratu dudanean, auziak eta istiluak gainditu behar, Tuterako batek jarri bait dit auzia.

PEDRO: Prantzes, zure egiazko borondatea baldin bada erlijioko bideari jarraitzea, jarrai ezaiozu; anaia ere Oliban izaten da, badakizu. Baina komentuan umetan sartua izateak bultzatu baldin bazaitu, oraindik ere adina ezin hobea daukazu beste urratsak eta bideak erabiltzeko.

FRANCISCO: Ez aita. Nire erabakia guztiz sendoa delakoan nago. Ez da komentuan umetan sartu nintzelako sortu. Ez; gainera jarri zenidan irakasleak, Martin Azpilikuetak, nire asmoa sendotu eta tinkotu egin du. Martinen asmoek eta bere betiko erretolikek gehiago bultzatu naute beste inolako baldintzek baino.

PEDRO: Bai, baina Martin Azpilikueta eta zu, Prantzes, Iparraldeko Tolosan zaudete ikasketa eta otoitz, han zaudete teologia eta zuzenbidea ikasten eta aztertzen, zuen senideak eta zuen herria hiltzen eta deusezten ari diren bitartean.

FRANCISCO: Ez da hori aita. Begira, amak ere, Norak alde bateko eta besteko zauritu eta gaixoak sendatu eta zaindu ditu. Eta guk ere Tolosan ihesian zetozen guztiei estalpea eta babesa aurkitu diegu. Baina Martinek dioen bezala, Nafarroaren ezaugarririk nabarmenena ez da erregea, baizik euskara eta horrengatik deitzen du lingua navarrorum. Ez da gudaren bitartez konponduko herri honen etorkizuna eta geroa.

PEDRO: Zalantzan jartzen duzu gudaren bitartez lortuko ote dugun egoera hau gainditzea, baina betire guda eta armen bitartez kendu digute gure independentzia.

KAPITAINA: (ondoratu egiten da eta aita semeak isildu egiten dira) Ilunabarra baino lehen abiatu eginen gara. Bitartean hitzegin dezakezu banaka banaka sendikoekin. (berriro alde egiten du kapitainak)

BERGARA: Mariskal jauna, nahi duzunean esanen diot Piarres gazteari ondora dadin.

PEDRO: Berehalaxe Pelipe; itxoin pixka bat. Mezu bat Norari bidali nahi nioke zure bitartez Prantzes. Ziur nago ez dudala inoiz gehiago ikusiko Nora. Badakit eta ziur nago gaur hastera noan bidaia —luzea edo motza— nire azkenekoa izanen dela. Eta behar bada ez dut inoiz gehiago mezu hau bidaltzeko egokierarik izanen. Gogoan hartu, Prantzes, eta esaiozu hitzez hitz; gogoan har itzazu Prantzes; hona hemen hitz horiek: “Berriro bizi behar banu, nik Nafarroako Mariskal honek, berriro ere berdin berdin egin beharko nuke; eta egin nituenak eta egin nituenarengatik eginak direnez gero, hemendik aurrera ere zintzo izan beharko dut, zintzoa izaten jarraitu... Nora!”

 

(mariskala, zutik zegoena, eseri egiten da; eseri baino gehiago erori; azkeneko hitzak behinere baino astiroago eta solemnitatez esan ditu, formula bat balira bezela eta leher eginik bere burua erortzen utzi du, indarka haundi baten ondoren).

 

FRANCISCO: Lasai aita!; gogoan hartu dut. Errepikatuko diot hitzez hitz eta horretarako idazki batean ipiniko dut, ezarririk. Lasai aita, nahi al duzu Piarres gazteari ondora dadin esatea?

PEDRO: Gogoan har itzazu hitz horiek Prantzes. Pakean hiltzen lagunduko digute zure amari eta bioi. Beste agindu bat gehiago ere eman nahi nizuke oraindik, zera Prantzes, lagun iezaiozu Peliperi ni faltatzen naizenean. Prantzes nire hilburuko edo azkenahiaren aginduak bete daitezen, zain izan!

FRANCISCO: Bai aita, lasai. Ez dago oraindik dena bukatua, zaude lasai aita! Gogoan hartu ditut zure agindu guztiak, zure mezuak eta baita ere zure kezkak. Baina orain Piarres gaztearekin egon beharko zenuke, bestela luze eta etsiko baita. (morroinari) Esaiozu etor dadila Piarresi, Pelipe.

BERGARA: Banoa oraintxe.

FRANCISCO: Gero arte, Aita. Ea berriro ere hitzegiten uzten ote diguten, oraindik esan beharrik asko gelditzen zaigu eta.

PEDRO: Nire aukerak, Prantzes, murritzak dira. Egina zidaten bidea onartu egin nuen eta bideak narama. Bideak lekike noraino.

FRANCISCO: Oraintxe dator Piarres.

 

(Urrutiratu egiten da pixka bat francisco. mariskala eseririk gelditu da eta bere burutik hitzegiten ari da, erretolika nahasi batean, non dagoen ere erdi ahaztuta balego bezala. seme gaztea datorkio ondora).

 

PEDRO: Bideak daki norakoa eta bideak narama. Berdin berdin jokatu beharrean aurkituko nintzateke, berdin berdin eta horrengatik zintzo jarraitu behar, zinez jokatu. Agian alferrik, agian arrazoina izanen zenuen, baina odola eta askazia ezin dira aukeratu, lehena ezin delako aukeratu; bidea egina zegoen! (enfasis haundi batekin:) PRO LIBERTATE PATRIA, GENS LIBERA STATE; HERRIAREN ASKATASUNERAKO, HIRITAR ASKEAK ZUTIK! Eutsi Nafarroa! Zutik! (Eta hau esaten ari den bitartean zutitu egiten da eta besoa altxatzen saiatu, baina kateak ez dio uzten eta oinazearekin esnaratuta gelditu da). Herria aske izan dadin, hiritarrak askeak eta zutik. Eta Zuhaitz Malatoaren herria zutitu eginen da oraindik!

PEDRO GAZTEA: Aita, zer diozu aita? Zer ari zara esaten?

PEDRO: Obanosko infantzonen esaera, seme! PRO LIBERTATE PATRIA, GENS LIBERA STATE. Muruzabalgo bizkondeak garela gogoan izan eta Andion eta Muruzabalen arteko infantzonen leloa. Piarres, Piarres, nire seme hori, lehenengo aldiz eginen dugu gizaseme edo gizonen arteko elkarrizketa bezala.

PEDRO GAZTEA: Aita, entzutera etorri naiz, beste edozertara baino gehiago. Ama Maior urduri dago, kezkaturik, azpi azpian beldurturik. Bere helburua badakizu zein den aita, garai bateko aberastasun eta agintea berriro eskuratzea eta agian gehiagotzea; Gaztelan jaio dela ez ahaztu. Orain negarrez ari da; bere gurdira sartu da eta ez du inorekin hitzik ere egin nahi.

PEDRO: Lagundu zure amari, Piarres, lagun ezaiozu! Gaur eskua eta guzti jarri dit gainean bere amorruaren amorruz edo.

PEDRO GAZTEA: Barka ezaiozu eta goazen beste gauzataz hitzegitera (belarri ondora hasten zaio hizketan:) Berriro ere kontraerasoa prestatzen ari da Labritekoa. Oraingoan Iruņeko harresietatik ez gaituztelakoan botako gaude.

PEDRO: Piarres, zu gerratea hasi zenean mutiko bat zinen oraindik; ni harrapatu nindutenean ere, mutil koxkor bat besterik ez zinen; baina orain mutil egina zaude, gizon bat zara.

PEDRO GAZTEA: (berriro belarri ondora, inguruan diren soldaduek ez diezaioten entzun) Ni, Nafarroako gudalostearekin izanen naiz erasoa eta guda datorrenean.

PEDRO: Piarres, zuk zeure eskuetan gure ikurra eraman behar duzu. Begira nire eskuak, zer ikusten duzu? Kateak, bai kateak! Loturik naukatela uste dute, baina nire eskumuturretan eta txongatiletan nik Nafarroako kateak dakuskit eta horrengatik aske sumatzen naiz, askea naiz loturik ere. Piarres, Nafarroako mariskala izanen zaren hori, gure ikurra ekarri behar duzu zure eskuetan, gudalostearen buru!

PEDRO GAZTEA: (beti aita isilerazi nahiean). Bai, bai, baina isilago hitzegin. Nafarroako eskudoa nire eskuan eramanen dut. Ematen dizut hitza.

PEDRO: Poza sumatzen dut bihotzean, poza soin guztian; gogorra izan bazaizue ere orain arte zuen etorrera, zure aginduak, hitz horrek bakar bakarrak ahaztuerazten dizkigu orain arteko atsekabeak. Piarres gaztea, agindu duzu eta eutsi zeure eskuan kateak, eta tente gure ikurra, bizkor eta tinko; eta horrela nire eskumuterretan daudenek ez zaituzte lotsatuko.

PEDRO GAZTEA: Hemezortzi urte daukat Aita, eta zure eskumuturretako kate horiek ez naute inoiz lotsatu; ez; baina halere eginahalak eginen ditugu berriro ere gure lurrak eta herriak bere berezko nagusien agindupera itzul daitezen. Eginahal guztiak. (Belarrira) Eta askatu eginen zaitugu, askatu.

PEDRO: Aita eta anaia Erresumarengatik hilak ditut, gaur hasten da berriz nire azkenekoa izanen den bidaia. Ez da nire askatasuna, baizik eta herriarena behar dugun askatasuna. Gogoan izan Obanoskoen esaera zaharra.

PEDRO GAZTEA: Amak Cisneros eta bere senideei dena sinesten die, baina Labritekoak oraingoan inoiz baino laguntza sendoagoak omen dauzka.

PEDRO: Izanen dira denen beharrak! Ez da erraza izanen. Askok militar mailan jakintsutzat naduka eta zer edo zer badakidala ezin uka ia berrogei urte borroka eta guduan daramakidan honek. Nik badakit, Piarres, zailtasun izugarriak izanen dituzuela: Gaztelakoek gazteluak hautsi dituzte; zaldiz etorriko dira gehienak. Iruņea harrapatu eta hor bizkor egin behar duzue!

PEDRO GAZTEA: Esaten dute ere Enperadore Katolikoak Nafarroa aske uzteko zalantzak ote dituen. Enperadore Katolikoa bere aitona eta Cisnerosek hasi zuten Nafarroako konkistarekin ez omen dator guztiz ados; badakizu gaztea da, ni baino gutxi zaharragoa. Behar bada, aita, gauzak ez dira okerragora joanen.

PEDRO: Harritu egiten nauzu Piarres; politikan betidanik aritu den bat bezalaxe mintzatzen zara. Baina esan dizuten horretaz ez fidatu. Enperadorea gizaki ahula dela badakit, ingurukoen menpekotasunean bizi dena. Eta ama eroa eta aita aspaldian hilik izateak ere, bere aitonaren sare zikinetan erorierazita dago. Piarres, Nafarroari bere burujabetasuna bakarrik bere barruko indarretatik etorriko zaio, ala ez du lortuko.

BERGARA: Mariskal jauna, Atientzako gazteluaren inguruan jendea bildu omen da zu ikustegatik.

PEDRO: Ez da ni ikusteagatik, baizik gurdian daramatena ikustegagatik, gerratean harrapatutako gaizkilea dela esan diotena ikusteagatik. Esaiezu betire agur eta eskerrik asko nire izenean. Baina orain gizon bihurturik aurkitu dudan Piarres gazte honekin, ari nahi nuke zer edo zer gehiago. Ez dut hemendik aurrera aukera haundirik izanen eta.

PEDRO GAZTEA: Aita, Peliperentzat ere ekarri dut emaitza bat. Ez joan oraindik Pelipe. Begira, honeraino, Atientzaraino, zaldiz etorri naiz; ama eta Prantzes berriz gurditxoan. Ni haiekin itzuliko naiz eta zaldia Peliperentzat. Bi urtekoa da eta ongi hezia dago.

BERGARA: Ez dakit zer esan, Mariskal jauna. Piarres, gure mutikoa, nitaz oroitzea ere. Ez; ez zait gaizki etorriko zaldia; zerbait behar izanen nuen Bartzelonara joatekotan. Piarres, Piarres mutiko utzi genuena Mariskal jauna, zer esanen dizut bada eskerrik asko besterik!

PEDRO: Pelipe, hogei urte daramazu nirekin, hogei urte egunero egunero nire alboan, nire ondoan, behar dudan guztiari jaramon egiten eta azkenik janaria ahora ematen ere! Eta orain nire semeak zaldia ekartzeak arrunt hunkitu nau. Piarres, nire Piarres, gure mutikoa... (aurpegia jaisten du erdi negarrez).

BERGARA: Banoa Mariskal jauna.

PEDRO GAZTEA: Begira ezaiozu, hor kanpoan dago, zurixka hori da eta aulkia eta larruzko zorroa eta guzti dago.

PELIPE: Gero arte.

PEDRO: (Isilik daude gune batean). Zure amak kezka ematen dit. Ez dakit datozkigun denbora txarretarako prestaturik ote dagoen.

PEDRO GAZTEA: Amari lagunduko diogu, egon lasai! Jakinen duzu ba honezkero amona Ines hil zela?

PEDRO: Bai; Prantzesek ere hori berbera gogoerazi dit. Gaixoa!, gorriak ikusita joan da. Zure aitona beamontesek salakeriaz hil zuten Iruņean eta Pelipe, anai zaharra erahil zuten zortzi urte beranduago. Eta ni berriz hemen giltzapean. Gure ama zaharra hamaika ikusteko jaioa izaki nonbait!

PEDRO GAZTEA: Oso jakintsua zen amona, ezta?

PEDRO: Bai; jakintsua zen, baina bihotza lehortua zuen. Ez diozu inoiz malkorik ikusi izanen, eta eztaere nekeak edo logaleak zegoenik. Lakarra zen, Lakarratarren sendikoa. Horiek beti artearen zura bezain tinkoak izan dira. Artea pixkeka hazitzen den zuhaitza da, haritza baino ere polikiago, baina bere zura ez da inoiz lehorrean usteltzen; betirakoa da, Piarres.

PEDRO GAZTEA: Hainbeste gauza galdetu nahi nizkizuke. Gogoan hartu nahiean aritu naiz eta orain berriz ez zaizkit bururatzen.

PEDRO: Begira, horixe da beti barruan geldituko zaidan pena bat; zuekin umeak zineten bitartean ezin egon izana. Nik neure aitak umetan eta mutikotan esanak eta erakutsiak beti aurrean eduki ditut, beti adierazi izan didate nola eta noraino joka nezakeen.

PEDRO GAZTEA: Nik ere gogoan ditut zuk esandakoak eta baita egindakoak ere.

PEDRO: Baina ez da berdin, Piarres. Begira, zu umea zinenean oraindik elkarren arteko gudatan genbiltzan. Beaumonteko Luis hainbeste eta hainbestetan akatu ahal izan dudan hori, gero Isabel hil zenean Gaztelara ihes zuen arte, eta han zegoen Faltsarioa, sapelatza bezelaxe prest, hatzaparrak zorroztuta. Eta ni beti alde batetik bestera, etxetik urruti. Gero guda eta giltzapea. Eta laister heriotza.

PEDRO GAZTEA: Ez aital. Oraindik irabaziko dugu. Eta zeuk duzu ikusiko.

PEDRO: Hau nire azkeneko bidaia izanen da. Ez dago itzulerarik niretzat. Ez galtzen baldin bada, eta gutxiago irabazten bada. Horrengatik agindua eman dizut Maiorrez ardura zaitezen, ez bait dago datorkionerako prest.

KAPITAINA: (Ondoratzen zaie) Zer, ari zarete bukatzen, ala?

PEDRO: Oraindik ez, baina laister.

BERGARA: (kanpotik sartu eta zuzen zuzenean) Piarres, zaldi hori zoragarria da, ederregia da niretzat. Zuk zeuk behar izanen zenuke. Hori aberea, mariskal jauna! Bizi bizia gainera. Aspaldian ez naiz zaldi gainean ibili. Agian behin baino gehiagotan botako nau. Baina betire Piarres, hagitz harro joanen naiz horrelako zaldiaren gainean.

PEDRO: Aspaldian ez nian Pelipe hain pozik ikusi. Bejondaizuela bioi!

BERGARA: Herrikoak hor gelditu dira kanpoan. Eskerrik asko berriro Piarres gazte! Maior negar eta negar ari da.

PEDRO GAZTEA: Berehala joanen natzaio.

PEDRO: Zure amak Enperadoreari zin egin niezaion eginahal guztiak egin dizkit.

PEDRO GAZTEA: Bai; badakit. Berak Cisneros eta Alba eta horiek guztiak bertakoak ditu, badakizu eta gainera orain osaba, Alburkerkeko dukea gero eta goragoan omen dabil, Enperadorearen albo albokoa egin da. Baina ni, aita, Nafarroako mariskalaren semea naiz eta Nafarroako errege zaharren odola da nire zainetakoa.

PEDRO: Agindu didazu, Piarres, zeure eskuan eramanen duzula gure ikurra! Eta horrek esan nahi duena zera da, jarraitu eginen duzuela gudarekin, ez duzuela etsiko eta berriro ere ekin egin behar diozuela lehen bezala; ongi dakite Labritekoek non diren hamaseiean erabili nituen asmaketak; berriro ere, indar gehiagoz eta toki berberetatik ekin. Baina beste zerbait ere agindu behar didazu; bigarren gauza bat ere agindu behar didazu.

PEDRO GAZTEA: Bai, bai, esan.

PEDRO: Agindu behar didazu, Piarres nire seme horrek, ez diozula inoiz eta ezerengatik Enperadore Katolikoari zin eginen. Zure pertsonak ez duela inoiz zure askaziaren sena ukatuko. Agintzen al didazu hori ere?

PEDRO GAZTEA: Gudara noa aita; nire eskuan eramanen ditut kate ikurrak, gogoratuz zuk zeuk dauzkazunak. Ez diot inoiz etsaiari ez pakerik eta eztaere atsedenik emanen. Nire mihiak ez dio zinik esanen inoiz Enperadoreari, nire ahotik ez da horrelakorik sekulan aterako. Agindurik dago nire aita, nire Mariskala. Agindurik dago!, horra!

PEDRO: Ez dugu elkar berriro ikusiko Piarres. Ez dugu elkar ikusterik izanen; ez gauzak ongi joaten baldin bazaizkigu eta eztaere gaizki ateratzen badira. Entzun dut zure agindua. Pozik uzten nauzu Piarres. Nik egin behar dudana, eginen dut. Zuk amari lagundu. Tori, Piarres, lauburu hau hemendik aurrera hobeki zaindurik izanen da zure lepoan eta berak ere zain beza zure pertsona osoa. Begira ea datorren berriro kapitain hori.

PEDRO GAZTEA: Bai; badakarte gurdia, gainean espetxe baten gisa hestartea duelarik. Besarkada bat eman nahi nizuke.

 

(bergara morroina ere ondoratzen da)

 

BERGARA: Mariskal jauna; gurdira igo baino lehen, larrua jantzi beharko zenuke, ardi larrua bizkarretik bota behintzat. Eta zapela bat, jauna. (Ardi larruak eskuan dauzka eta jazten hasi zaio).

KAPITAINA: (Haserre bizian dator. Lehendabizi bergarari hitzegiten dio:) Hainbeste Mariskal eta jauna eta mariskalondo! Berriketa eta hitz dotoreak erruz, haundi maundikeriak eta keinuak ugari eta deus ez azkenean. Hobeki eginen genian, berehala abiatu izan bagina. (Orain berriz mariskalari:) Kaska gogor hori!; emaztea negarrez utzi duk! Ez omen dik gehiago ezer ere nahi hirekin!

PEDRO: Bakoitzak geure atsekabeak ditugu. Nahiago nuke nik ere atsegina eman izan ahal banio.

KAPITAINA: Ez duk ba hain zaila. (gudariei:) Ekar dezatela gurdia. Igo dadila atxilotua eta goazen. (pedro gazteari) Hik aski duk; nahikoa mintzatu zarete, ziur nago beste matxinadaren bat prestatzen aritu izanen zaretela. Begirune gehiegi dizue Kardinaleak.

PEDRO: Niri Jimenez Kardinaleak ez dit begirune, baizik beldur.

KAPITAINA: Ez dik Jimenez izena, baizik Cisneros Kardinalea eta nire esku utzi izan balik gorabehera honen konponketa, aise moldatuko nian bai nik.

PEDRO GAZTEA: (kapitainari:) Amaren gurdian joanen naiz, oso urduri omen dago eta. Zaldia Bergarak eramanen du. (aitari:) Ikusi arte!

 

(Joaten dira pedro gaztea eta kapitaina. Idiak, gudariak eta itzaia sartzen dira. Gurdira sartu nahi dutenean, mariskalak indar egiten du, mina hartzen du eskumuturretan katetik tiratzen diotenean eta gudari batekin duen elkarrizketa hontaz bukatzen da ekitaldia, denak joan eta hutsik gelditzen denean antzestokia)

 

GUDARIA: Zergatik saiatzen haiz alferrikakoa dukela badakiken indarka horretan, zergatik? Min ematera behartzen gaituk, eman nahi ez diagun mina, ez al haiz ohartzen?

PEDRO: Zuek bete zuen egitekoa gudariok! Gudalburu izan nauk berrogei urtez. Eta hemen, urruti hontan, nik ere betebehar bat zedukat: ez etsitzea, ez amor ematea, eta noiznahi eta nonahai nire borondatearen aurka nagoela adieraztea. Ez etsi eta eutsi. Ez etsi eta eutsi! Ulertzen al duk?

GUDARIA: Berdin zeiok!