Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Kutxa Fundazioa, 2008

 

1. AGERRALDIA

 

Linterna baten argi izpi luzea sartu da matrimonio gela ilun batean. Soil-soilik iluntzearen eta farolen argia iragazten da pertsiana erdizka itxiaren arteketatik. Linternadunak gela ikusmiratu du, azkar, eta, inor ez dagoela ziurtatutakoan, guztiz itxi du pertsiana. Argia piztu du gero eta hor agertu zaigu: beltzez jantzia, bizkar-zorro batekin eta buruko estalki beltz batekin; 360°ko itzulingurua egin du gelan, lehen gainbegiratuan ikusitakoa orain astiroago aztertzeko. Gela moderno samarra da eta bi koadro nabarmentzen dira: ezkerretara argazki bat, zuri-beltzean, Emest Shackleton-en “Endurance” itsasontzia izotzetan harrapatua; eskuinean, Hopper-en Room by the sea (koadro originalean, zirrara berezia eraginez, etxeko atea zabalik dago eta itsas zabala ageri da bestaldean; koadro honetan, ostera, itsas zati horren ordez, Edinburgoko hirigunea ageri da). Linternaduna bien albora hurbildu da, eta bien ikuspuntutik begiratu dio oheari. Hopper-ena hautatu duela dirudi, horixe jaitsi du, ohe gainean ipini. Bizkar-zorrotik taratulu ņimiņo bat atera du eta markoari atzealdetik zulo ttiki bat egin dio; gero, aparailu handixeago bat —baina hau ere oso ttikia— ipini du, eta zulora egokitu; azkenik, dena estali, koadroa itzuli eta, ezer antzematen ez dela ziurtatutakoan, hasperen batekin batera, baiezkoa keinua egin du buruaz.

Bat-batean, zarata bat. Linternadunak koadroa horman ahalik eta azkarren egokitu eta, argia itzalirik, ohepean ezkutatu da. Isiltasuna nagusitu da berriro. Kaleko autoren baten hotsa baino ez da entzuten. Atzera nabarmendu da linternaren argi izpia, eta linternaduna ohepetik irten da, argia piztu. Apalategi batera jo du oraingoan: bizpahiru liburu, apaingarri bat eta biolina jotzen duen panpina bat, eta azken horixe jo du begiz. Bizkarra apalategiko horman egokitu du, ikuspuntu hartatik oheari begiratu dio segidan. Sorbaldak goratu ditu (axolagabetasun keinua, ezintasunarena, ezin argi antzeman). Panpina hartzean, biolin doinutxo bat atera zaio eta linternaduna ikaratu egin da; panpina baztertzeko imintzioa egin du. Gero berriro hurbildu da eta aztertzeari ekin dio. Ohean eserita, guraize ttiki batzuen laguntzaz zulatu dio petoa. Kontuz-kontuz jardun du lehengoa bezalako aparailua ipintzen. Azkenik, jostorratza eta haria harturik, bi puntadaz lehen bezalaxe utzi du. Ezer antzematen ez dela ikusitakoan, ezezkoa egin du buruaz. Beste hasperen bat. Atzeko torlojuari eragin dio eta biolin doinutxo bat entzun du. Panpinak arkuari ezker-eskuin eragin dio bitartean. Ezezko imintzio bera egin du linternadunak. Atzamar bat pasatu du biolin ttikiaren gainetik eta zikindu egin zaio. Putz egin dio atzamarrari, fraketan igurtzi du gero. Gela oso itxurosoa da, baina ez dago oso garbi, antza.

Bat-batean, panpina lehengo toki berean ipintzen ari zela, beste zarata batek asaldatu du linternaduna. Panpina jausi egin zaio, airean doa, baina eskuetan hartu ahal izan du eta berehala ohepera sartu da, bigarrengoz, panpina eskuetan duela.

teresa eta migel sartu dira logelara, berrogei urte ingurutsuko bikotea. teresak, itxuraz gazteagoa, gazteago jantzia, udako zamarra bakeroa armairuan eskegi du eta migelek jaka aulki bizkarrean utzi du.

 

TERESA: Zimurtu egingo zaizu, Migel. Zergatik ez duzu behar bezala eskegitzen, armairuan bere tokian eskegitzen?

MIGEL: Deabruaren buztana! Leher egina nago. Gero eskegiko dut, lasai.

 

(Ohean etzan da luze-luze, baina oinetakoekin ohazala ukitu gabe. Automatikoki, telebistako aldagailua hartu eta kate pasa hasi da).

 

TERESA: Gero, gero... Geroko ipurdiz gora lurperatu zuten...

 

(Buruari ezker-eskuin eragin dio, bere baitan “Ez dago zereginik” esaten arituko balitz bezala).

 

            Jaitsi bolumena, mesedez. Hau buruko mina!

 

(Hemendik aurrera agerraldi osoan telebistak pizturik jarraituko du, baina ahotsik entzuten ez dela, eta tarteka pertsonaiek hari josiko diote begirakunea).

 

MIGEL: Ahhh... Leher egina nago.

TERESA: Zuk itxi al duzu pertsiana guztiz?

 

(Begirada orain leihoari josia dio).

 

MIGEL: Eh?

 

(Ohean nekez agondu eta leihora begiratu du, axolagabe).

 

            Rosalia izango zen...

TERESA: Ezinezkoa da. Gaur egun librea eman diogu.

MIGEL: Ze arraroa. Orduan zu izango zinen.

 

(Ahotsean ziurtasuna, zalantzarako arrastorik ez).

 

TERESA: Mesedez, Migel. Ongitxo dakizu egunez ez zaidala gustatzen pertsiana ixtea, egunez ez.

MIGEL: Ahaztu egingo zenuen. Zuk zeuk esaten duzu gero eta gauza gehiago ahazten duzula. Alzheimer goiztiarra ote duzun...

TERESA: Ez esan txorakeriarik.

 

(Pertsiana zabaltzen hasi da, kanpora begiratu du; gaua da eta pertsiana itxi du atzera. migel aho zabalka dabilen bitartean, teresa armairu aldera itzuli da eta biluzten jarraitu du).

 

            Ez dut ulertzen.

 

(Kaxoi bat zabaltzeko makurtu da frakak erantzi eta gero; migelen parez pare du ipurdi tangaduna, ipurdia are gehiago goratu du, probokatzaile, baina migel sabaira begira dago, nagiak ateratzen).

 

            Dagoeneko ez zaitut erakartzen...

MIGEL: Ez esan pitokeriarik, Teresa. Jokin nuen gogoan. Pena apur bat ematen dit, baina hamar eguneko parentesia eskaini digu...

TERESA: Gaixoa...

MIGEL: Orain ez zara damutuko...

TERESA: Ez, baina...

MIGEL: Ongi etorriko zaio, ikusiko. Zure ideia izan zen, gainera. Ni konbentzitu ninduzun eta orain nik konbentzitu behar ote zaitut ba... Hirian babestuegi dugula, higieneari garrantzi handiegia ematen diogula, natura behar duela, animaliekin jostatu, lokatzetan ibili, zikindu... Berotegiko haur hiperbabestua izateari utzi eta, bide batez, ingelesa ikasi. Zure hitzak dira. Ez dakit ez ote dudan alzheimerrarena serio pentsatu beharko.

TERESA: Ados, baina...

 

(Ohe ertzean eseri da, mesanotxeko argazkia harturik —gurasoak eta mutikoa ageri dira—: Hopper-en Hoteleko logela koadroko eszena dirudi).

 

            Zazpi urte baino ez ditu...

MIGEL: Badakizu nik zer pentsatzen dudan. Etxe unifamiliar batean biziko bagina, hiriaren alde onak disfrutatu ahal izango genituzke, eta, hurbiltasun hutsagatik, naturarenak. Lorategia eta, nahi izanez gero, baratza ere izango genuke; baina horren ardura, ez ahaztu, zurea izango litzateke. Ni zementuaz arduratuko naiz.

 

(Etena)

 

            Bake-bakean biziko ginateke eta, batez ere, ez genuke bizilagunen sufrikariorik jasan beharrik izango. Gainera, orain puri-purian dago “prime”-an inbertitzea.

TERESA: Gero eta arraroago zaude, Migel. Seguru nago pertsiana ere zuk zeuk itxi duzula, auzokoek, bizilagunek ikus ez gaitzaten.

MIGEL: Segi, segi, zorri-zorri...

 

(Bi eskuetako atzamarrez zorriak hiltzeko imintzioa eginez).

 

            Ezetz ba. Baina egia da. Bizilagunekin kokoteraino nago. Nork egin dizkio marka horiek gure 4x4 berriari? Eh? Inbidiatsu batek. Ez izan zalantzarik. Jokin txikia zela eta karrotxoan generamala, nork bota zuen leihotik zigarrokin hura mutikotxoaren gainera? Gogoan al duzu? Ipurdi-frontoi batek. Seguruenik hautsaren zapia eta erratza noiznahi astintzen duen hirugarreneko marisukaldes horrek. Unifamiliar batean ez genuke inongo muturluzerekin igogailuan sartu beharrik izango... Deabruaren buztana! Zergatik uste duzu, ba, igotzen naizela beti oinez laugarrenera? Kirola egiteko? Igogailua gaur egungo tortura gela da. Halako intimitate nazkagarririk... Eta, batez ere, urte hasieran ez genuke bizilagunen bileretara jaitsi beharrik izango... hori baino gauza patetikoagorik. Ez dut pentsatu ere egin nahi zer gertatuko zaigun portaleko administradore izatea tokatzen zaigunean...

TERESA: Autoaren mendean bizi beharko genuke, baina, guztiz mendean, eta etxean, zure etxe unifamiliar horretan, alarma ipini beharko genuke. Etxean, bakarrik, ni ez nintzateke guztiz seguru sentituko. Ez dakit. Zuen jaiotetxea saldu izan ez bazenute, behintzat, landetxe hura neba-arreben artean konpondu, eta gaur egun asteburuetarako toki aparta izango litzateke. Jokinek hantxe izango luke paradisua.

MIGEL: Mesedez, Teresa. Natura paradisuarekin konparatzea bukolikoen ideia zaharkitua baino ez da. Zenbatetan esan behar dizut ez dudala nire haurtzaroaz hitz egin nahi? Basapiztien artean bizi izan nintzen, lokatz artean. Ahaztua al duzu aitak, haserrealdi batean, gau oso bat etxe ondoko pikondoari lotuta eduki ninduela? Jaiotetxea infernu izan zen guretzat, purgatorioa nahi baduzu...

 

(Eskuaz imintzio zakarra egiten du; iragana —euli gogaikarri bat bailitzan— baztertu nahi balu bezala).

 

            Simaurretan bizi ginen eta kulturara etorri ginen, hirira. Giro hura antropologoentzat. Malenkoniatsuentzat. Utikan... Ni hirian bizi naiz gustura. Zementu artean.

TERESA: Bai, baina kanpora joan nahi duzu orain.

MIGEL: Kanpora ez, kanpoaldera, hiriaren kanpoaldera, baina hiriaren babesean, hiritik hurbil.

TERESA: Niri ere pena ematen dit, ez pentsa. Jokin hain da inuzentea, hain da xaloa. Gure joanpreskoa...

 

(migeli hurbildu zaio, argazkia erakutsi dio).

 

            Ez dakit noizbait kontatu dizudan... Uste dut iaz izan zela: Ainhoa gelakidearen urtebetetzean, neska-mutilak ezkutaketan hasi ziren, eta geratzen zenak kontatzeari ekin ziola, bat, bi, hiru..., denak ziztu bizian irten ziren, ezkutaleku bila. Jokin ere joan zen, baina handik gutxira burumakur etorri zitzaidan eta esan zidan: “Eta ni, ama, non ezkutatuko naiz ni?”. Gaixoa...

MIGEL: Bai, kontatu izan didazu, Teresa... Niri ingelesarenak ematen dit barregura. Telebistan-eta, konturatu zenean hizkuntza desberdinak zeudela, bakarren bat beste hizkuntza batean ari zela entzutean, galdetzen zidan: “Aita, zein ingelesez ari da hori?”. Harentzat, ingelesa zen hizkuntzaren sinonimoa. Azkarra dator gure alproja hau.

TERESA: Orain benetako ingelesa ikasteko aukera izango du ba.

MIGEL: Lasai zaitez. Eta etorri hona...

 

(Besarkada bat eman nahi dio, besoa luzatu dio, baina teresa itzuri egin zaio).

 

TERESA: Lehen ez duzu nahi izan eta orain bai... Afari goxoa prestatzen badidazu, gero igoal bai... Gogogabetu samar nago.

MIGEL: Gero igoal bai, gero igoal bai... “Geroko ipurdiz gora lurperatu zuten...”, zure hitzak erabiltzearren. “Nekatuta nago” esango didazu gero. Ongi dakit nik hori, orain...

TERESA: Tira, goazen, Argiņano.

 

(teresa ohetik jaiki da).

 

            Eta eskegi jaka hori, zimurtuko zaizu eta.

MIGEL: Ahhh!

 

(Marmarka, ohetik ezin altxaturik).

 

            Deskuidatuz gero, konpota jarriko dizut.

TERESA: Alua...

 

Biak badoaz. Aurretik, migelek telebista aldagailutik itzali du. Komuneko bonba hotsa, sukaldeko tresneriarena. Ilun geratu den gela ilunean linterna argi izpia agertu da ohepetik. Linternaduna kontuz irten da, kontuz utzi du panpina apalategian eta kontuz irten da gelatik.