Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Kutxa Fundazioa, 2008

 

10. AGERRALDIA

 

ursula eta karlos sartu dira teresa eta migelen etxera. Haztamuzka datoz ilunpetan. Halako batean, gelako argia piztu da.

 

KARLOS: Itxaron! Attendez! Oraindik ez!

 

(Leihoraino azkar joanda, pertsiana itxi du).

 

URSULA: Lehen esan didak ez dagoela arriskurik!

KARLOS: Hala dun, baina badaezpada ere... Afaltzera joan ditun, baina batek jakin... Hitzordua izan behar genuen egunean, hain zuzen ere. Semea bihar omen zetorkien eta azken kartutxoak bota nahi izango ditizten. Futitzen naiz...

URSULA: Hara: hemen zagok Migelek aipatu zidan argazkia. Benetan harrigarria duk. Ezagutzen al duk Shecklaton, Shackleton edo antzeko izena duen kapitainaren historia?

 

(Sorbaldak goratu ditu karlosek, bost axola berari).

 

KARLOS: Hator. Harrigarria hau egingo zain eta.

 

(Kendu egiten du Hopper-en koadroko itsas zatia estaltzen duen Eskandinaviako paisaia).

 

URSULA: Ez zakiat zein den originalagoa... Itsasoa edo paisaia zoragarri hori. Zer dira? Fiordoak edo?

KARLOS: Ez, harrigarria hauxe dun.

 

(Fiordoetako paisaia berriro itsatsi ostean, koadroa hartu, ohe gainean ipini, eta atzeko mekanismo ņimiņoa erauzi du).

 

            Begira!

URSULA: Zakilberde halakoa... Hemendik zelatatzen hituen. Malapartatua haiz, gero.

 

(karlosek sorbaldak jaso, eta panpinaren aldera jo du).

 

URSULA: Dena ikusi behar izan duk, ezta?

KARLOS: Bi kamara etapen drive sofistikatu bat, Migelen mugimendu guztien berri izateko. Baina hauxe ikusi nahi ninan nik...

 

(Panpina eskuetan harturik, musikari eragin dio; biolin musika. Panpinaren petoa askaturik, hortik ere kamara ezkutu ttiki bat atera du).

 

URSULA: Hor ere bai? Hoa atzazalak margotzera! Batekin nahikoa ez eta... Jota hago. Ut, ut, ut.

 

(karlos panpinari begirik kendu gabe dago, pentsakor).

 

            Denbora aurrera zihoak. Non utziko duk Migeli nirekin egindako grabazioa? Ez, ez esan: emaztearen mesanotxean...? (Isilunea).

            Edo zer edo zer fuerteagoa pentsatua duk niri ezer esan gabe... Esate baterako, haiek etortzean gu hemen topatzea!!! Oraingoan bikotearen kontrako giza bonba bihurtu ote nauk?

KARLOS: Hago... Hago... Josiko al dion petoa?

 

(Jostorratza eta haria eskaini dizkio. ursulak hasieran uko egin dio).

 

URSULA: Hoa popatik hartzera! Ut, ut, ut!

 

(Baina berehala haria jostorratz zulotik pasatzen hasi da, haria ahoan busti eta gero).

 

URSULA: Erotuta hago, guztiz... Panpinen bortxatzailea haiz.

 

(Isilunea, josi bitartean).

 

Deseroso sentitzen ari nauk. Utz dezagun zinta eta goazemak.

KARLOS: Ostia...! Zintarekin, zintarekin ez zakinat zer egin, baina...

URSULA: (Eskuak burura eramanda). Jota gutxi duk. Pitzatuta hago guztiz. Hi heurera.

 

(Panpina luzatu dio).

 

            Ni banoak.

KARLOS: Itxaron. Ez zain arrazoia falta. Įa va de soi: erotuta nagon. Dena ongi baino hobeki prestatua nuelakoan... Bizitza trabeskatu zaidan, baina.

 

(ursulak ezulertu keinua, bekokia zimurtuz).

 

URSULA: Migelen kontrako mendekua prestatu nahi izan duk. Esan ezak argi. Dena, Teresa heuretzat bakarrik nahi dualako, Teresa hik baino lehenago bereganatu zuelako. Baina mendekua hotz zerbitzatu beharreko platera duk. Oraindik ez al duk ikasi? Eta hi, hi beroegi hago inondik ere.

KARLOS: Ongitxo zakinat nik hori. Eta hotz ez nagoelako, hain zuzen ere horregatik nagon zalantzaz beterik. En plus, Teresari ama hil berria zaion, semea bihar etorriko zeien eta, bitartean, ni hemen, haren harremanari gasolina bota, ez bota... seko maiteminduta.

URSULA: Esan duk, behingoz. Bejondeiala. Orduan, oraindik ez dakik grabazioa jarri ala ez, anonimoa utzi ala ez. Dakian bakarra zera duk: nirekin egindako grabazio horrek bikotetxoan (hitz hori burlaizean) sekulako zauria zabalduko duela, depresioren bat ere bai seguruenik...

 

(Ohe ertzean eseri da, zorabiatuxe, eskuak buruan; Hopper-en Hoteleko logela koadroko eszena dirudi).

 

            Eta hala ere horrek ez dik ziurtatzen gero hirekin joango denik...

 

(Etena).

 

            Bururatu al zaik pentsatzea gu ez garela existitzen, bururatu al zaik pentsatzea gu haien desioaren pertsonifikazioa baino ez garela...?

 

Bat-batean, ate hotsa entzun da. Barre algarak. teresa eta migel dira, uste baino lehenago datozenak. karlos istantean altxatu da. Argia itzaltzera doala, Hopper-en koadroan itsatsia zegoen zatia —paisaia eskandinaviarra— lurrera jausi da.

 

KARLOS: Azkar! Ohepera! Ostia puta!

URSULA: Emozioa, behintzat, ez zaiguk falta...

KARLOS: Ixo! Silence!

 

Panpina eskuetan du ohepera sartzen denean; ez dago ezertarako astirik. teresa eta migel trumilka sartu dira. Elkarri arropa kentzen. Txispaturik. teresak sorbaldan dakar migelen jaka, eta hori ere airean jaurti du gelara sartu bezain azkar.

 

MIGEL: Banuen ezkontza behingoz gauzatzeko gogoa...

TERESA: Nikez...

 

(Ironiaz, migelen ahoari musu erasoa egiten dion bitartean; baina halako batean pertsianaz ohartu da).

 

            Zuk itxi al duzu pertsiana guztiz?

MIGEL: Ehhh? Nik ez. Berriro ere kontu horrekin?

TERESA: Ze bitxia: Hopper-en koadroari ipini diodan paisaia jausi egin da. Premonizio bat izango da igoal.

MIGEL: Uda. Argia. Itsasoa... Badakit: beti esan eta esan, nik uste iritsi zaigula Menorcara joateko ordua. Gainera, ni uharte bat baldin banaiz (“Uharte” hitza ironiaz ahoskatuz), uhartea behar...

TERESA: Alua... Baina ez, ez da ideia txarra. Bihar Jokin etorriko da eta hori da nik behar dudan benetako txertoa, baina Menorcakoa ere erakargarria zait.

 

(Koadrora hurbildu da).

 

            Uste dut puska batean bere horretan utzi behar dudala. Beste paisaiarik gabe... Originala.

MIGEL: Ideia ona zurea izan da. Azkenean, afaria delicatesse batean eskatzea. Etxean afaltzea. Araurik gabe, jendetasunez jokatu beharrik gabe, txortan noiznahi eginez...

MIGEL: Zatoz, pantera hori.

 

(Lizunki inguratu zaio, ohera etzanarazten, bata bestearen gainera).

 

            Ah, ez dizut esan, baina delicatessean postrerako konpota eskatu dut, eta natilak...

TERESA & MIGEL: Gailetekin!!!

 

(Txiribueltaka hasi dira. Larrualdiaren prolegomenoak dira. Argia itzali da. Oihala jaitsi. Atzealdetik, bikotearen iji-ajak entzuten dira).

 

fini