Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Ohe deseginak
Patxi Zubizarreta
Kutxa Fundazioa, 2008

 

7. AGERRALDIA

 

Restopeko motelean, karlos eta ursula. karlosek ordenagailu eramangarria zabaldu du eta pantailan teresa eta migel ikus daitezke, oheratzeko prestatzen.

 

KARLOS: Esan dinat. Neska egunerokotasunean ezagutu nahi izan dinat. Zer egiten duen, nola oheratzen den... Elle me rend fou... (Hasperenka).

URSULA: Senarrarekin txortan nola egiten duen... Gehiegi duk! Ez diat ulertzen! Psikiatrarenera joan beharko huke. Utikan! Hoa atzazalak margotzera! Haiek zelatatu nahi izatea, tira, isilduko nauk, baina morroi horren emaztea zakilkatzen duan hotelera ni eta haren senarra ekartzea gehiegi duk! Ut, ut, ut!

KARLOS: Senarra grabatzea bikotea lehertzeko modu bakarra iruditu zaidan...

URSULA: Eta ni tartean sartzea alukeria hutsa... Jota hago. Jota...

KARLOS: Oraintxe esan dun: jota, jota, jota! Teresarekin nagon ni jota, txoratuta... Trikimailuren bat erabili behar ninan bikotea porrokatzeko! Torpedo bat.

URSULA: Migelen emaztea izateak, edonoren emaztea izateak morbo gehiago ematen ziok, ala? Bestela jata larrutu, jata zaborreratu, horixe egingo huke, ezta? Erabilia sentitzen nauk, benetako puta sentiarazi nauk...

KARLOS: Zer nahi dun esatea? Barkatu, baina hik hire lana egin dun, nik ordaindu dinat eta kitto. Migelek ez din ezer ordaindu behar, nik baizik. Hark ligatu duela pentsatuko din. C’est un pauvre type... Beste modu batera begiratuz gero, mesede bat egin zionat. Auto-estimarako opari bat egin zionat. d’ailleurs, ulertzen dinat hire ulertu ezina: konplikatua dun azaltzen.

URSULA: Konplikatuak zuek zarete! Arra beti ar... Benetako puta, hemen, hi heu haiz. Bai. Ordaindu didak, baina utzidak nire iritzia ematen...

KARLOS: Konplikatuak esan dun? Ez al duzue esaten sinpleegiak garela...?

URSULA: Harritu egiten nauk. Esan serio: ez didak esango benetan maitemindu haizela, benetan...

KARLOS: Maitemindu, maitemindu... Amak gero eta gehiago gustatzen zaizkidan.

URSULA: Hoa popatik hartzera! Maitemindu ez, obsesionatu. Horixe gertatu zaik. Gutizia bat zaik. Morbo eta guzti ematen diana. Baina zer gehiago lortu nahi duk? Ez didak dena argitu...

KARLOS: Uler ezan behingoz: maitemintzea bezalako zerbait dun.

 

(ursulak eskuak burura eraman ditu; ezker-eskuin eragin dio buruari).

 

URSULA: Sinpleak, bihozgabeak, kaxkarrak... horixe zarete. Ez nian uste listoia hain behean ipintzen zenutenik.

 

(Buruzut, koketkeriaz, limurtasunez karlosi inguruka hasi zaio).

 

KARLOS: Ez nian uste, banian uste...

 

(Burua makurtu du, bi eskuetan bildu. Lehenengo aldiz abaildu samar ageri da, negarra bidean. Lehen, Teresarekin bezala, Hopper-en Hoteleko logela koadroko eszena dirudi)).

 

            Nik ere ez ninan uste, baina...

URSULA: Nik ere ez nian uste, barkatu... Ez nian hire alde hau ezagutzen.

KARLOS: Hator... Utz ditzagun berriketak.

 

(Bere besoetara erakartzen du. ursulak ez dio uko egiten).