|
Seaska inguruan, Agustin Zubikarai I Nazareth. Etxe txiki baten atadia. Eguzki begi. SIMONE ta MARI goruetan. IRAGARLE: (Erriari begira kantuz, antzeztokiko egal batetik. Doñua: «Migel Agustin»-en erara. A. Donosti, C, 58.) Nazareth'en bizi ziraden Yokin ta Ane aldi baten; alabatxo bat izan eben Mari izenez ezagutzen, Yosepe'kin ezkondu arren birgiña zala zainduten. Goiko Jaunak nai izan eban Bere Semia gizon egin; Aingeru bat albistari zan Mari'ri jakin erazorik bere erraitan Espirituak biztuko ebala Seme ori. (Juaten da.) (Barrutik leun-leun, ao itxiz «Aingeru batek Maria'ri» eresia, enizuten da.) SIMONE: Orixe da zeuk daukazun dardaria. Ondo ganora gitxi darabizu gaur. MARI: Atzapar puntak nun daukadazan be eztakit, Simone. SIMONE: Otz zara ala? MARI: Eztakit zer esan be. Nire kezka ta ardurak ez dira makalak beintzat. SIMONE: Zelako kezka ta ardurak? Ba'dogu guk, zuk eta nik biyok be, zegaitik kezkatu ta arduraz bizi. (Ixilune laburra. Lanean diardue.) SIMONE: Ekizu gogotsuago, biziago ekin. MARI: Barruan, gorputz guztia tentelduta lagaten daustan zerbait igarten dot eta eztakit zer dan. SIMONE: Gorputza ta gogua jaso egin biar dira, Mari, makaltasunei mende emon barik. Miñik ez dagon tokian ez dago gaitzik, norbere burutasunak izan ezik. (Barriro ixilunea. Eresia bigun eta eztitsu.) Ten egiozu ari orreri bixkorrago. Iñor ez kikildu ta memeldu orraitik zeuk zeure kezkokin. MARI: (Kezkati.) Ezin naz egon, ezin egon. (Gora begira.) Ara... begiratu, begiratu... Eztozu ezer ezer igarten? SIMONE: Iñuzentekeririk ez egizu buruan erabilli ta aizetu. Zeure bururik zeuk ez gaixotu beñepein. MARI: (Simone'ri oratua, ikaraz.) Bildur naz, Simone. Bildur be bildur. Eldu egidazu gogor, bete betean eutsi. SIMONE: Zelako koplak dira, baña, zeuk darabizuzanak? Nire aizta ba'ziña ta umiago izan, a zelako matalazurreko bi artuko zendukezan, gogo gogoz emonak atan be. Bai bein! Rebeka ikusi biarrian naz, bai? ta gero etorriko naz. MARI: Etzaitez urrundu. Enagizu bakarrik laga. Ikaraz nago, dardaraka. Zegaitik sinistu nai ez? Zerbait jaso biar dala ta nago. Bene-benetan, Simone. SIMONE: Burutasunok kendu egizuz Mari. Edonor da bestela be zure ta nire guraz. Soñian soñekuak eta, ba'dogu guk zeren bildur izan. (Jaiki ta juanaz.) Laster arte. (Zirikalari.) Kontuz gero iñok ostu barik. (Juaten da. Eresi otsa urrunduten da, ixilduz.) MARI: (Eroapenez.) Bakartadiak itzalez beteten nau. (Lanari laga ta jagiten da. Otoitzean lotuten da.) Zegaitik naukazu ain kezkati ta ain urduri ta, gaixo, ene Jauna? Indarra... indar geyago... bakea... biotzaren nasaitasuna... Jauna'gan nire odolaren bitarteko zarian Dabid, erruki nigaz. (Bildur biziz.) Zer da ikusten nagona? Zer da argi ori? Zer nai dozu nigandik, Jauna? Zer nik emon neikezuna ta ukatzen dautsudana? Zer? Zer? (Argi txinpartak bizi-bizi, odei zuri bat agertuko ba'leukien antzera. Aingeru abots bakarra entzuten da barrutik, kantuz. MARI dardaraz, adi-adi.) AINGERU: (Len barrutik entzuten zan «Aingeru batek Maria'ri»ren doñuz, kantari:) Biotz biotzez agur Mari, Jaunaren graziz betea, Jaungoikuaren Semeari emango diozu sortzea. MARI: Zelan daike niregan sortu Jaungoiko gizon egiña, garbitasunak ba'nau poztu bizi naizela birgiña? AINGERU: Goiko Jaunaren al izan neurri gabe da altsua, etorria da zuregana bere Espiritu Santua. MARI: (Belaunikotuz.) Arritutik ara ni emen emakumetan mirabena, gertutik nago nigan daiten Jaungoiko orren naimena. AINGERU: Bioztun zaite andre Mari, laster da zugan Semea, izentzat Yesus berai jarri, or Jaunaren borondatea. (Barriro argi trinpartak eta odei zuria, urrunduaz. MARI extasis antzera lotuten da. Berekautan etortean: ) MARI: Jaungoikuaren Semiaren ama ni? Ni, jayoteko dan Yesus'en ama? Ni? Dabid'en odolean ez ete besterik ni baño kideago, Jaungoiko altsu ta ona? (Apaltasunez belaunikotuta egoalarik, bekokiaz lurra jo arte makurtzen da. FEDE, umetxo samurra, zuri-zuri jantzita, Fedearen ezaugarri lez, kantari agertzen da. Eresia: «Kanta zagun guziek». A. Donosti IX, E. A. 4.) FEDE: (Erriari begira.) Kanta zagun guziak ahalik gorena, lauda zagun Maria, Andre andiena. Jakin zuen zerutik zer zen gertaturen, birgiña gelditurik zela amaturen. Zer Aita Eternalak duzu gaztiatu? Gabirel aingerua nola da mintzatu? Salutatzen zaitugu Birgiña Maria, grazia da zurekin eta Jaun andia. (Geldi geldi Mari'gana urreratu ta burua jaso eragiñaz, musu bat emoten dautsa. Sinismenaren musua. Bitartean, ABESLARI TALDEA barrutik andikiro ta sinismentsu abestuten asiko da:) ABESLARIAK: Kanta zagun guziak ahalik gorena, lauda zagun Maria Andre andiena. Salutatzen zaitugu, Birgiña Maria, grazia da zurekin eta Jaun andia. (Oyal aldatzea) Seaska inguruan, Agustin Zubikarai |