Seaska inguruan, Agustin Zubikarai
Egan, 3/4-1957

 

IV
GAU POZA

 

Bazter polit bat mendi artean. Gau-erdi ondorena. Gau gozua. TRONPETA JOTZALLEAK, ARTZAÑAK, AINGERU BAT, AINGERU TALDEA.

 

IRAGARLE: (Erriari, «Ama Birgiña Erkudengoa»ren doñuz. Azkue, c. 726.)

                Au gau ederra, zoragarria.

                gizonen poz ekarlea! Aingeru ta artzain,

                gizon guztiak pozez kantari dira.

                Yesus aurtxoa askatxo baten

                jayo barri da gaixoa.

                Bake egarriz bizi ziraden

                aldi onetan munduan. Bake ekarle

                ara Belen'en Jainko umia seaskan.

                Zeru urdiñean izar bat dager...

                dantza dantzari yenteak. (Sartzen da.)

TRONPETA JO: (Lau trompeta jotzalle agertzen dira. Andikiro, aldetara begira «La tête bizarde» Luis XV denporetako eresia astirotsu joten dabe. Gerogo abestuz:)

                Gaur sortu da Yesus aurra. Oi au zeruaren doaia!

                Gaur sortu da Yesus aurra, danok pozez daigun kanta.

                Aizeak zabal barri ona mundu guztiak jakin dagian,

                Yesus aurtxoa jaioa da askatxo baten gañian.

 

(Barriro eresi berbera tronpeta otsez. Juaten dira. ARTZAIN TALDE BAT agertzen da. Gora begira, basterretara begira, zerbaiten susmoan.)

 

ARTZAIN 1: Izar orrek zer darakuskula, baña?

ARTZAIN 2: Ardiak egon eziñez dabiz.

ARTZAIN 3: Ekaitz gogorren bat datorrela esan lei.

ARTZAIN 1: Olako itxura andirik ez dago.

ARTZAIN 2: Zek darabiz ba ardiak lo eziñez?

ARTZAIN 1: Ni izar orrek zurbilduten nau. Beti gora begira ta sekula ikusi ez dodan izar orrek.

ARTZAIN 3: Otsoen bat edo piztien bat somatu ete dabe ardiok?

ARTZAIN 1: (Garratz.) Eztala ori. Izar orrek... Izar orrek zerbait adierazi nai dabela!

ARTZAIN 2: Izar bategaitik ardiak ez dira iñoiz zoratu.

ARTZAIN 1: Izar orrek albistaren bat dakarrela!

ARTZAIN 2: Zera ekarri. Ez egizu olako amesik.

ARTZAIN 1: (Setatsu.) Biotzak diñost izar orrek dei egiten dabela.

 

(AINGERU bat kantari entzuten da. Geroago dantza-dantzari ta kantuz sartuko da, bizi, alai. Dantza polita artzañen inguruan berak dagiana. Doñua: «Alegrantzia, bozkario.» «Kantikak» A. Lertxundi, 261.)

 

AINGERU: (Barrutik.)

                Alegrantzia, bozkarioa,

                bake, grazia, amodio!

ARTZAÑAK: Oi, auxe da, nork du kantatzen?

                zerk du ba'da gaua argitzen?

AINGERUA: (Dantzari sartuaz.)

                Ni naiz zerutik bialdua,

                Jaunaren gandik etorria.

ARTZAÑAK: Jarri gaiten danok, auspez,

                zer ete dan gara bildurrez.

AINGERUA: Ez, ez ikara artzain onak.

                Zoazte guztiok Belen'era.

ARTZAÑAK: Nork dizkigu ardiak zainduko?

                Zer daukagu an egiteko?

AINGERUA: Egun da sortzen Yesukristo,

                gizon guzien salbatzeko.

ARTZAÑAK: Oi berria, miragarria.

                Gu ain umil nola ba urbil?

AINGERUA: Aur txiki bat da askatxoan,

                lasto otzean tapatua.

ARTZAÑAK: Goazen, goazen, jo Belen'era,

                an Yesus'en adoratzen.

AINGERUA: Amodioa Jainkoari,

                bake gozoa gizonari.

AING. ta ART: Bozkario, alegrantzia,

                amodio, bake, grazia.

 

(ARTZAÑAK konturatu orduko AINGERUA ezkutaten da. Nun ete dan, nora jun ete dan kezkaz asiko dira.)

 

ARTZAIN BAT: Aingeru! Aingeru!

ARTZAIN 2: Nora jun ete da? Nun sartu da bera?

ARTZAIN 3: Aingeru! Zegaitik gu bakarrik laga orain? Zer egin biar dogu guk?

ARTZAIN 2: Nora jun dala, baña, len baño kezkatiago lagata?

ARTZAIN 1: Nik esaten neban izarrak zerbait adierazoten ebala.

ARTZAIN 2: Etzaite olako buru gogor.

ARTZAIN 1: Nai dozuena esan, baña izarra or dago geldi.

ARTZAIN 3: Yesus'en billa nundik asiko gara? Nok daki nun jayo dan?

ARTZAIN 1: Izarra or dala gidari! Eneban esaten?

ARTZAIN 3: Jakin ondoren, danok igarle.

ARTZAIN 1: Begien aurrian ez gendun izarroi bere argiak itsutu biarrez?

ARTZAIN 2: Begien aurrekoak nekezen ikusten dira sarri.

ARTZAIN 3: Gizonak olako setatsua izan biar dabenik be...

ARTZAIN 1: Entzun nai ez ba'dozue be izarra, izarra, izarra dala adierazoten, nora jo biar dogun.

 

(ARTZAIN batek soñua atara ta besteak bere inguruan batzen dira dantza asmoz eta itxuraz. Dantzan asi ta laster argitasun bizi bat nabaitzen da, geroago biziago. ARTZAÑAK arrituta, eskuak gora jasota, belauniko jausten dira. Kantari datoz AINGERUAK geroago urrerago. Kantuz eta dantzari sartzen dira. Balet erako dantza ikusgarri ta yasekoa eratu begie. ARTZAÑAK, eurak ikusi ala, baztartzen dira, zurbilduta lez ikaratuta, zer ikusten daben sinistu nai ezik. Orrela jardun begie, dantza ta abestiak irauten daben artian.)

(Doñua ta bertsuak: «Kantikak» A. Lertxundi. 278.)

 

AINGERUAK: Gau erditan aingeruek bet betan datoz kantatzen.

                Eta aldeko mendiak baltsan dute erantzuten:

                Gloria in excelsis Deo.

 

                Errazue artzain onak norentzat kantu oriek?

                Nork tu merezitu kantak? Zertako kantu oriek?

                Gloria in excelsis Deo...

 

                Oriek dute erraiten Yesus aurra dela sortu,

                bear gerala Belen'en alegrantzietan sartu.

                Gloria in excelsis Deo...

 

                Elgar aditurik goazen Mesias ikusterat,

                Yesus'i gure biotzen eta bozen eskaintzerat.

                Gloria in excelsis Deo...

 

(Oyal aldatzea)

 

Seaska inguruan, Agustin Zubikarai
Egan, 3/4-1957