Seaska inguruan, Agustin Zubikarai
Egan, 3/4-1957

 

V
BELEN'GO KALETAN

 

Belen'go bazter bat. Kale zar ertzak egaletan.

 

IRAGARLE: (Kantuz, erriari begira. Doñua: Alferretan aiz sortzen. Azkue, C. S. VII-15.)

                Belen'go estalpean Yesus negarrez;

                Belen'go kalietan biotzak gorrez:

                etxian zoriona ta ezagutzen ez,

                zoritxar andiagoa ez da ain errez.

                Urrunetik, zintzo, alai, eskintzalleak,

                arriturik utziaz, bai, ango yenteak.

                Fedez sinistu ez nai zorion ainbeste;

                Yosepe ta emaztiai dana erbeste. (Juaten da.)

 

(ABEL umetxo itsua SALOME bere amaren besotik sartzen da. Urrundik datoz, neke itxuraz. Doñua: «Astea luze.» Azkue, C. 98.)

 

ABEL: (Kantuz.)

                Nekatua naz, ene amatxo

                noiz ikusiko Yesus umetxo?

SALOME: Biotzak diñost, ene kutuntxo,

                laster dogula arkituko.

ABEL: Iturritxorik ez ete da emen?

                egarri latz au nun asetuko?

SALOME: Izango da, bai, emen Belen'en,

                laster dogu galdetuko.

ABEL: Yesus umia billatu ondoren

                nire musurik naiko ete dau?

SALOME: Yesus umiak pozaren pozez

                irribarretxo egingo dau.

ABEL: Irribarretxo niri egingo

                ta nik zelan bera ezautuko?

SALOME: Irribarrezka zuri jardungo

                ta zuk Yesus ikusiko.

 

(NILE agertzen da ur edarra edo pitxar bat buruan dabela.)

 

SALOME: Ur pitin bat, mesedez, seme itsu onentzat, borondate oneko andra ori.

NILE: Ura? Emendik laster, aurreko bidian dozue potzua.

SALOME: (Eroapenez.) Bideko neke ta beroz egarritu egin da ba, laztanau.

NILE: Nora zoaze?

SALOME: Belen onetako ertzean, estalpe batean Yesus jaioa ei da. Ikusi nai seme itsu koitadu onek.

NILE: Itsua ta ikusi?

SALOME: Yesus orrek itsuak argituko dituanik eztakizu, ene andria?

NILE: Eztaruzue uste makala! Zuaze zeuon bidian, zeuon bidian juan.

ABEL: (Kezkaz.) Zer diño, ama, zer?

 

(KAIFAS eta BARRARAS, ume koskor bi, sartzen dira.)

 

SALOME: (Umiai.) Ura nun dan ba'dakizue?

BARRABAS: Nile'k eztautsue pixka bat emon ala?

NILE: Erakutsi egiezue zeuok bide bazterreko iturria nun dagon, ez dago urruti be-ta.

BARRARAS: Ori, ostera, zekenago da...

NILE: Orra ba-nator, gero, lotsagabe ori, min ori kenduko dautsut.

KAIFAS: Emongo, leuke orrek zera...!.

SALOME: Nire gorputza potzura erasteko zartxua da ta gogorra, bai?, ta onek be, gixajo onek, ikusten ez, deben lez...

BARRABAS: (Errukiz.) Etorri, andria, neuk jasoko dautsuet ura-ta.

KAIFAS: (Oso-osorik Nile'ri.) Txirrist egin, eta edarria laprastadaka jausiko, al yatzu ba!

NILE: Or beroi, Kaifas, arpegi zikin, barritxu zistriñoi, iñori errukia artuta. Noiz ikusi beroi olako borondatetsu, toki guztietan lapurretan dabillan. ume pongoliñuoi?

KAIFAS: Merezi zeunke zoritxarreko mutil onek daruan makilliagaz edarria jo ta milla zati egitia.

NILE: Esaten dozulako be gero! Koipesto zikiñoi alakuoi, nai dozu begiondoko betuliok neuk orraztu? (KAIFAS'eri asarreka dabillan bitartean, BARRABAS NILE'ren atzian ibilliko da, KAIFAS'eri begiakin galdetzen NILE'ri koskillak egitia nai ete deben. KAIFAS'ek baietz diñotso buruakin eta BARRABAS'ek NILE'ri gerri gerrian kili-kili egiñeran, edarria jausten yako oneri egiten deben garraxi ta saltuagaz. Zaratatsu azten da BARRABAS'en atzetik.) Auxe da biarra, biarra auxe danez! Lotsagalduko ume mokuok alakuok! Eztautsut baketan lagako gaur beintzat. Aitak eta amak emoten ez ba'dautsue be, neuk eztautzuet lagako. Ez orixe!

 

(BARRABAs'en atzetik lasterka juaten da.)

 

KAIFAS: (ABEL eta SALOME'ri elduta.) Guazen arin emendik. Ederra egin dogu. Nok esan edarria apurtuko zanik? Berak be borondaterik eztauka bai? ta... Urrengorako ikasi dagiala. Orrek eleutsake urik ez beste ezer emongo ezta... ezta... Herodes berari be.

 

(Juaten dira.)

 

GAZTEAK: (GAZTE aldra bat sartzen da kantuz eta dantzari, alboka, pandero eta abar, zaratatsu.)

                Belen'era, Belen'era, Belen'era, Belen'era,

                Yesus'en legepean gure biotzak jartzera.

                Guazen Belen'era! Guazen Belen'era!

BATEK: Belen'go portalian estalpe batian

                jayo da Jesus ona askatxo batian.

                Astua ta idia dauzka aldamenian,

                arnasaz berotzeko ostutzen danian.

DANAK: Alegratu gaitezen gaurko gabarekin,

                gure Yesus onaren etorrerarekiri.

BATEK: Kristalian argia garbi da pasatu,

                jayota gero ere dontzella gelditu.

                Espiritu Santuak emonik grazia,

                aren kontzeziñoia beti da garbia.

DANAK: Alegratu gaitezen gaurko gabarekin

                gure Yesus onaren etorrerarekin.

BATEK: Yesus eta Maria Belen'en sarturik

                etzioten emon nai iñok ostaturik,

                tristuraz eta otzez zeuden plakaturik,

                ala gelditu ziran desanparaturik.

DANAK: Alegratu gaitezen gaurko gabarekin,

                gure Yesus onaren etorrerarekin.

                Artu makillak eta bixkor mutillak

                artzañok jun gaitezen Yesus'en billa.

                Belen'era, Belen'era, Belen'era Belen'era,

                Yesus'en legepean gure biotzak jartzea.

                Guazen Belen'era...! (Juaten dira)

NILE: (Asarre sartzen da, bere artean berriketan.) Ume demoniñuok alakuok edarria neuri apurtu? Zelako lotsagabetasunaz apurtu be? Biziko es gara bizarrik eztauken umiokin? Obeto egingo leukie orreik arazoren bat artu, pandangoa joten ibilli barik iñoren barregarri. Baretuko ete doguz eurok, baretu? (BERONIKE sartzen da. Atso zar igarra. Otzara luze edo kopaleta buruan, sagar eta ortuariz beteta. Atseden artzeko otzaria beratzen dau. Kantuz. Doñua: «Nun dago amandrea?»).

                Atxotxu gixajoa, nun dozu astua?

                Lertuko zu burua. Ori da sestua!

BERONIKE: (Ardurarik ez ba leutsa lez.)

                Nun da, emakumia, Yosepe'n etxia?

                Mari bere emaztia Yesustxo umia.

NILE: Yosepe'n etxia emen? Ez beintzat Belen'en,

                nik barri jakiñarren bazterrik bazterren.

BERONIKE: Izarraz gidaturik bidean asirik,

                arin naz urbildurik amesez josirik.

NILE: Or goiko estalpean nik dakidanean,

                gauerdin jayoa zan ume bat pobrezan.

BERONIKE: (Otzaria artu ta burura jasoaz.)

                Bixkor nua bertarat, jaso au leporat,

                etxeko opariak Yesus'i eskintzerat.

 

(Juaten da tatarrez.).

 

NILE: Estalpeko umia Jaungoiko semia?

                Koitada koitadia ori da fedia!

        (BERONIKE eskutan arte begira geratzen da, buruari errukiz eragiñaz. Edarra zatiak eta pusketak batzen asten da.) Lotsia be lotsia da orraitio eurena Sekula olakorik! Nik orduan atrapau ba'neu Barrabas pisterre ori, zatitu egingo neban, ba, zatitu (edarra zati bat lurrera jaurtiaz) auxe zatitu ta birrindu dan lez.

 

(LIDE agertzen da esku otzara baten kapoiak daroazala.)

 

LIDE: Zer dabizu andratxo ain asarre?

NILE: Edarra apurtu dauste ume zistrin bik, edarria apurtu ume moko gargar bik. Nire gurasoen gurasoakandik etorran edarria.

LIDE: (Astiro itz egiñaz.) Ai andratxua! Amaikatxu gauza ta amaikatxu sinismen jausi ta apurtu biar dira laster. Zegaitik apurtu dautsue ba?

NILE: Urik eneutsela emon eskeko biri ta zer arei?

LIDE: Borondaterik ezak beti dakar atzetik ondoren gaiztoen bat. Borondaterik eza... ai, ai, ai!... borondaterik eza gaiztua da, okerra, zitala, zapukeria, zekenaren errua, do-llor-ke-ri-a!

NILE: Enagizu berotu zarian orrek, len be naiko brixak urtenda nagolako.

LIDE: Gaur ez asarrerik, andratxoa. Eztakizu Belen'en zoria? Zure erri onen zoriaz etzara konturatu?

NILE: Niretzako kalte galanta beintzat.

LIDE: Zer da ur ontzi bat mundu guztiari egarria kenduko dautsana emen ba'daukazue?

NILE: Amesetan zabiz edo zoroetxen batetik iges egin dozu?

LIDE: Amesetan? Nire poza ba'zenki...! (Kantuz.)

                Belen'en sortu zaiku Yainkoa,

                arratseko gaberdian;

                otzez dardaraz dago gaixoa

                lasto pixkaren gañian,

                bero ahalez berotu daigun

                atsa emanez musuan.

                Etzaitu poztuten barri alai zoragarri onek?

NILE: Poztu? Nok emongo daust orain edarra barria?

LIDE: Biztu zaite emakume, poztu ta alaitu. Zure egarria edarra barik asetuko dabena ementxe sortua da ta. Jaso biotza. Bixkortu ta bete pozez. Ase bakez, emakurnia! (Kantuz.)

                Ainitz maite dut nik ere ama

                ni sortu nindualako,

                baña aurtxo au maiteago dot

                nigaitik jayo dalako,

                bake egarriz bizi geranok

                aseko gaitualako.

NILE: Odolak irakiten daukadaz, atsotxu sorgiña, ta zorakeririk ez niri.

LIDE: Maitetasuna zer dan ba'zenki, a zelako pozez ziñateken orain.

NILE: Itxura bako lelokeririk ez aitatu.

LIDE: Eztakizu antxiñatik igarliak zer iragarten eben?

NILE: Nire sinismenak eztaki olakorik.

LIDE: Laster egi barri batek berotuko gaitu. Eta gure biotzak bare biziko dira. Asarria ez da besterik barru estu ta txikiaren txipristiña, txinparta baño. Alkarri lagundu ezkero asarre gitxi sortuten dira.

NILE: Nok esan dautsu nire barririk? Norbere gona barri jakin biar izaten da iñorenean sartu aurretik.

LIDE: Enazu ezagutzen, baña laster bai. Ez ni, nire esana baño.

        Begira... begira... Jaunaren albistariak or datoz,

        Belen'eri zorionak emoten.

        Begira... begira... Itxartu egizuz belendarrak, jo ateak, deitu danei, jagi eragin Belen osoari. Juan zaite etxerik etxe barri ona zabaltzen, zeuon zoria adierazoten.

        Beste erri batek izango ez daben zoria zeurea da Belen!

 

(UME aldra sartzen da Jaunaren albistari (heraldo) lez jantzita. Iru edo lau abotsetara abestuko dabe. NILE ta LIDE eurei begira adi adi.)

 

UME ABESLARIAK: Oi Bethleen... Ala egun zure loriak,

                Oi Bethleen! Ongi bai tu dizdiratzen

                zuganik eldu den argiak, betetzen tu bazter guziak,

                Oi Bethleen, Oi Bethleen!

 

                Zer ohore! Ala baitzera goratua!

                Zer ohore!Zer grazia, zer fagore!

                Zeruaz zare hautatua, Yesus'en zare sor lekua.

                Zer ohore! Zer ohore!

 

(Oyal aldatzea)

 

Seaska inguruan, Agustin Zubikarai
Egan, 3/4-1957