Josu Dukatiren proposamena
Pako Aristi
Josu Dukatiren proposamena
Pako Aristi
Euskaltzaindia / BBK, 2009

 

KOKAPEN DRAMATIKO-ESPAZIALA

 

Pertsonaiak:

josu dukati: etako buruzagia.

antton kaperotxipi: Ertzaina-burua.

sara zuazolagoitia: Anttonen emaztea, lehen Josuren neska-laguna izandakoa, bien eskola-kidea.

            (Sararen pertsonaia egingo duen aktorea ertzaina ere izango da beste une batean, Ikerne deitua).

 

Lekua:

            Koarteleko galdeketa gelan gertatzen da akzioa. Gela hauek izaten dute ispilu faltsu bat, bestaldean dagoenak dena ikus dezakeena. Publikoak beteko du leku hori. Horrela, hainbat unetan, Josuk publikoari zuzenean hitz egingo dio, kristalaren bestaldean haren ustez dauden ertzaintzako eta gobernuko buruzagiei mintzo, izan ere, Josu pisu handiko etakidea da; arazoari konponbidea jar diezaioke bere jarrerak.

            Galdeketa gela hau ez da hotz-hotza izango. Antton saiatu da piska bat humanizatzen, enkontrua ez delako galdeketa polizial hutsa, paktu politiko bat baizik.