Kontrako bidean
Pablo Barrio
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
[aurkibidea]

 

1. EKITALDIA

 

Laurogei urteren bueltan dago juli eta ramon senar-emazteak.

Inorentzat karga izan nahi ez, zaharren egoitza batean bizi dira, haiek erabakita. Nahiko ondo bizi ere, adinari dagozkion ajeen konpainian, noski. Alzheimerren gaixotasunaren konpainian juliren kasuan, gero eta nabariagoak diren hutsuneek salatzen duten moduan. Burua argi, gorputza dute iturri ramonen arazoek.

Horixe da, hain zuzen, oraingo kasua: sukar gogaikarriak hartuta, ohean dago gizona, zaharren egoitzan egokitu zaien logelatxoan. Logela xumea: armairua, komoda bat, mahaitxoa, besaulki bi... mahai gainean loreontzi bat, eta baita irratia ere.

Paretatik zintzilik, senar-emaztearen ezkontza-argazkia, egutegia eta termometroa.

Ohetik altxa berria, hortxe ari da juli, edalontzi bat eskuan, loreak ureztatzen. Tartean musika entzuten delarik, eguraldiaz eta errepideetako egoeraz ari dira irratian.

 

JULI: Entzun duzu, Ramon? Bederatzi gradu. Hotza dugula gaur. Ez dakit... (Irratikoaz ez fidatu, ureztatzeari utzi eta termometroa begiratzera doa). Banengoen ni, oker daude, hogeita bat gradu ditugu hemen.

RAMON: (emaztearen hutsegiteei ohituta) Bederatzi kalean, Juli. Hemen barruan berogailua piztuta dago beti.

JULI: A, eta zergatik ez dute esaten hori, berogailua piztuta dagoela? Nahastu baino ez gaituzte egiten horrela. (Termometroa ahaztu eta ureztatzeari ekinez berriro) Zer? Gaur ez duzu altxatu behar, ala?

RAMON: Ez dakit, ez nago ondo. Kalentura dudala uste dut.

JULI: Itxoin, nik esango dizut. (Edalontzia mahai gainean utzi eta senarrarengana abiatzen da. Ondoan eseri eta kopetan jartzen dio eskua) Gure Patxiku txikitxoari kopetan eskua jarri eta ederki asmatzen diot beti.

RAMON: Baina Juli, mesedez, “gure Patxiku txikitxoa!”, kopetak, zabaldu-zabaldu, aspaldian hartu zion kasko osoa. Aurrejubilatu egin da duela gutxi gure Patxi!

JULI: Zabaldu-zabaldu... Eta zer? Ederki asmatzen nion kalentura, eta termometrorik gabe!

RAMON: Bai, ederki asmatu, bai, baina ekarri termometroa orain.

JULI: Eta non dago?

RAMON: Ez dakit, bilatu, hor nonbait egongo da, komodan-edo.

 

Modu nahasian ere, bilaketari ekiten dio: makurtu, tiraderak ireki, han eta hemen begiratu, itxi, mahai aldera begiratu, makurtu berriro, tiraderak ireki... eta termometroa aurkitu ez.

 

JULI: Ez dakit... ez dut ikusten... (Burua altxatuz) Zer nahi zenuen bilatzea?

RAMON: (Pazientziaz) Termometroa, Juli, termometroa...

JULI: (Paretako termometroan arreta jarriz) A...! Zergatik ez didazu aurretik esan!... (Paretakoa hartuz) Tori, balio al zaizu hau?

RAMON: (Etsiz) Ez, Juli, ez, horrek ez du balio. Lasai, zaintzaileei deituko diet.

 

Ohe ondoko txirrina jo eta zain geratzen da. Bitartean, aretoan barreren bat edo beste nabaritu duela seguruenik, ikusleekin hizketan hasten da juli.

 

JULI: (Termometroa eskuetan duela, gaitzespen puntu batez baina ezintasuna agerian utziz aldi berean) Zergatik egiten duzue barre? Bada, ez da barre egiteko, e! Inor ez dago huts egitetik libre. Gainera, termometroa ez al da, bada? Horixe eskatu dit!

RAMON: Norekin ari zara hizketan? Bakarrik gaude, hor ez dago inor.

JULI: Nola ez dagoela inor? (Dagoen ikusle kopurua gutxi gorabehera kontatuz) Hirurogei bat bai, gutxienez. Ez da asko, baina, tira, jende gutxi etorri ohi da hau bezalako lekuetara.

RAMON: Senideak eta lagunak, nor etorriko da bestela zahar etxera bisitan?

JULI: Ze zahar etxera eta zahar etxe ondokora!... Sarrera ordaindu dute! Tira, batzuek behintzat.

 

Bai emaztearen buru-ezgaitasunak bai sukarrak bultzatuta, ohean buelta eman eta eztabaidatzeari uko egiten dio senarrak. Ikusleekin hizketan jarraituko du julik.

 

JULI: (Lehengo harira itzuliz, minduta, gaitzespen tonuan) Termometroa eta termometroa...! Huts bat egitetik inor ez dago libre, aizue; ez dut uste barre egin behar didazuenik horregatik. Zer kulpa daukat nik hitz berarekin, zera, bi gauza desberdin adierazterik badago! Euskaltzaindikoei esan, izatekotan horiek izango dute errua, ez nik. (Barreren bat entzungo da agian, irriņoren bat sumatu) Bai, egin, egin barre gehiago, sarrera ordaindu duzue eta horrek ematen dizue eskubidea, ezta? Horixe duzue erlijioa: ordaintzen duenak, horrexek dauka nahi duena egiteko eskubidea... Bada, ez; hau gauza serioa da. Zahartuta dago nire gizona, ez duzue ikusten? (Haserrea ahaztuta) Gizajoa... Bizitzan lan asko egina, bai. Eta asko borrokatua gainera, gehiegi agian batzuen ustez; zera, beti bazterrak nahasten-eta, horixe esaten zuten. Horregatik diot, asko borrokatua. Eta ni ere bai, e! Haren ondoan beti; eta bera nire ondoan, noski. Tira, haserretzen ginenean kenduta. Ene!... Orduan ez, orduan mutur lehor-lehorra jarri, ipurdia eman, eta aurrera!... Hilabete baten buruan gauzak bere onera bueltatu arte, bikote guztietan bezala.

            Baina, bai, asko borrokatua, paperak-eta beti ezkutuan; badakizue, poliziak-eta. (Isilune txikia, publikoari begiradatxo bat botatzeko doi-doi) Ez, ez duzue jakingo. Termometroaren zeraren kontura horrelako barreak eginda..., bai, ez nago oker, beste “erlijio” batekoak zarete zuek; jijiji eta jajajaren aldekoak, beste ezeren gainetik. Tira, bateren bat agian ez, baina gehienak... zera, denbora-pasan, ezta?, bizitzan esan nahi dut. (Termometroa paretan zintzilikatuz berriro) Orain ez ditut denak gogoratzen, ze, hori amorrua, aldrebestuta samar daukat burua; ez dakit nola esan, kontrako bidean-edo. Baina kontatzen hasiko banintz... Berak paperak ekarri, badakizue, panfletoak-eta, eta nik, mutur lehorra edo bustita eduki, gorde egin behar; ahal nuen moduan, baina ezkutatu behar nituen, ze erremedio, bestela, deskuidu txikienean... “sabuesoak” usainka etorri eta barrura! Sabuesoak, bai, ze txakurrak ezin esan orain, ezta? Bekatua omen, oraingo erlijioan, ezta? Horrexegatik nik ere, bekatuak egitekotan, hobe Euskaltzaindiarekin egin beste zera horiekin baino. Baina, zertan ari nintzen? (Haria galduta bat-batean, senarrari laguntza eske) Ramon, zertaz ari nintzen?

            Senarrak ohean buelta eman eta txirrina jotzen du berriro, luze jo ere, birritan, zaintzaileak ez etorri eta ezinegon puntu batez.

RAMON: Horiei, bisitariei galdetu.

JULI: Baina, Ramon, ez duzu pentsatuko ikusleek... Sarrera ordaindu eta lana egin gainera? Ez, ez dut uste horrelako estualditik pasatzeko prest egongo direnik, ze...

RAMON: (Moztuz, berriketa saihestearen aldera) Paperak ezkutuka ibiltzen ginenekoa.

JULI: A, bai, egia, paperak. Bada, horixe, Patxikuren sehaskan gorde izan ditut behin baino gehiagotan, badakizue, azpikoetan-eta; nahiz eta pixa-usaina hartu gero askotan, baina zer?... Usain txarrik ez dago beldurraren usaina aditzen denean. Probatuta dudalako esaten dizuet nik... (Isilune txikia, irriņo bat ezpainaratzeko nahikoa) Baina, tira, ez pentsa beti horrela zenik. Batzuetan, maitasun-usainaz nahastuta aireratzen ziren gero paperak. Gogoratzen zara, e, Ramon, Michelingo grebarekin? Oroimena kontra edukita ere ez dut inoiz ahaztuko, ez horixe. Ehun egunekoa, aizue! Ehun egun greban! Sonatua izan zen hura. Gerrako kaskoa buruan eta mosketoia eskuetan, hantxe izan genituen grisak grisak, bai, kolore horretakoa baitziren orduko sabuesoak, hantxe genituen, herriko bazterrak zaintzen-edo. (Zalantzan bat-batean) Edo aurreko batean izan zen hori, gerrako kaskoarena?... Tira, ez du inporta, hainbestetan ibili ginen horrela, estu-estu... Kontua da txikia geratzen zela orduan sehaska, eta, haiek komeriak, gure koltxoian sartu behar panfletoak! Artilezko koltxoian, noski, ez oraingo bezalakoak, muellekin-eta, ez, ez, artilezkoa; jostura desegin, gorde beharrekoak barruan gorde eta josi... huraxe lana. Eta gero, jakina, gaueko lana hantxe gainean egin behar, xirrika-xirrika; ze, gazteagoak ginen orduan, sasoi betean, eta badakizue, labea bero-bero beti, egur eske. Horregatik, ehun egun barau... ufa! Gaur bai, gaur erraz, ez ehun, berrehun egun ere pasatu eta fresko-fresko labea, “erreminik” gabe, baina orduan... Bai, bai, egin barre, egin barre lasai, zuei ere iritsiko zaizue eta! Horrexegatik esaten dizuet, idatzita zegoena baino askoz gehiago zekiten panfleto haiek, askoz gehiago. Ez duzu uste, Ramon?

RAMON: (Kasu egin gabe, txirrina jo eta jo, pazientzia galtzen hasia) Non arraio daude zaintzaileak? Inor ez al da etorri behar, ala?

JULI: Ez duzu haserretu behar, Ramon, kalte baino ez dizu egiten horrek.

RAMON: Ez, ez nago haserre, gorputz petrala daukat, hori da guztia.

JULI: Haien bila joango naiz, nahi baduzu. (Irteera aldera abiatuz) Zer esan behar diet?

 

juli ateratzear dagoela, txaro, zaintzailea, sartzen da. Paparrean pegatina bat darama.

 

TXARO: (Tonu onean) Zer da, zer da horrenbeste jo eta jo txirrinari.

JULI: Ez, nire gizona, Ramon, ez da ondo sentitzen eta...

RAMON: (emazteari bukatzen utzi gabe) Ez dakit, lo nahasia egin eta, ez dakit, gorputzaldi txarrarekin esnatu naiz. Kalentura dudala uste dut.

TXARO: (gizonaren kopetan eskua jarriz) Ea sukar hori...

JULI: Horrelaxe, eskua kopetan jarrita asmatzen nion gure Patxikuri. Amarengandik ikasia dut nik hori, han, Leitzan. Badakizu? Leitzakoa naiz ni, hango baserri batekoa.

RAMON: Baina Juli... Urteak dira baserria bota zutela.

JULI: Ez, ez, zu gustura, badakit. Nik eskua jartzen badizut ez, orduan ez, orduan termometroa eskatu, baina neska gazte batek eskua jarriz gero... ai ama! Zorria berpiztu orduan!

RAMON: (Egonarriz) Juli...

TXARO: (Barrez) Ez naiz horren gazte, berrogeita zortziak beteak ditut jadanik.

JULI: Gazte. Honentzat gazte!

TXARO: (Termometroa poltsikotik atereaz eta jarriz) Termometroa jarriko dugu badaezpada...

RAMON: (Kezkati) Kalentura daukat, ezta?

TXARO: (Jostalari beti, garrantzia kendu nahian) Jeloskor jarriko zaigu Juli bestela!

JULI: Jeloskor ni? Bai zera! Zer uste duzu, ez dakidala?

TXARO: Zer daki, bada? Zer daki gure Julik?

JULI: Zer ez dut jakingo! Ni faltatuz gero azkar bilatuko du honek ordezkoa, bai, neskalargunen bat-edo, ziur!

TXARO: Neskalarguna? Horixe berria! Zer da hori?

JULI: Neska!... Neskalarguna! Hitzak berak esaten du!

TXARO: Baina alargun-alargun izan behar du? Ala neska izanda nahikoa da?

JULI: (senarra seinalatuz) Honengatik izango balitz, jakina, neska izanda, nahikoa. Baina hau bezalako atalandango baten arrimura etortzeko, nire ustez e! aurretik heriotzarekin eskarmentua izanda izan beharko du.

RAMON: Joņo, horren gaizki ikusten nauzu?

JULI: Ez, ez da hori, Ramon; zera, ausarta izan behar duela esan nahi dut.

TXARO: (Termometroa kenduz eta begiratuz) Ezta kasu txikienik ere ez egin Ramon. Begira, senarrarekin banandu berria naiz; nirekin nahi baduzu ezkondu, ni prest.

JULI: (Barrez) Hau marka! Zer, honen herentzia nahi, ala? Jai zaude orduan! Ni naiz honek duen gauzarik baliotsuena, atera kontu!

RAMON: (Txantxei kasu egin gabe, termometroari begira, serio) Tenperatura handia daukat, ezta?

TXARO: (Termometroa gordez) Hamasei urteko neskatxa baten aita bihurtuko zinateke.

JULI: Begira, gure Irati baino zerbait gazteagoa. Biloba bakarra dugu Irati. (senarrari begira) Zenbat urte ditu?

RAMON: (Zaintzaileari galdezka) Kalentura handia, ezta?

TXARO: Lasai, hamarren batzuk baino ez dira. Medikuari esango diot pasatzeko.

RAMON: (Kezkati) Zera, gauza larria orduan, ezta?

TXARO: Zer dakit nik, bada, hamarren batzuk! Medikuak esango dizu.

RAMON: (Ilun) Bai zera. Medikuek ez digute inoiz egia esaten, zera, zulorako lehenengo lerroan zain gaudenoi.

TXARO: Hori bizi-gogoa, hori! Katilukada ozpin hartuta esnatu zara gaur, e? Ene! Ni berriro ezkontzeko asmotan nagoela, ezkongaia aurkitu, eta kale! Begira zertan ari den pentsatzen. Pentsamendurik ez niretzat. Agur herentzia.

RAMON: Ez da egia, ala? Lehenengo lerroan gaudenoi bultzadatxo bat eta listo; ze, enbarazu baino ez dugu egiten...

TXARO: Entzun diozu, Juli? Mutil alargunen baten peskizan hasi beharko duzu, ze Ramon...

JULI: Mutil alargunen bat? Zertarako nahi dut nik mutil alargunen bat...

TXARO: Zertarako, zertarako... (Pikaro, txantxa giroan, konfiantzazko giroan) Zertarako izan behar du, emakumea? Ohea berotzeko-edo; beste erabilpenen bat al dute, ala?

JULI: Kirten galanta izan beharko zuen, bai.

TXARO: Tira, kirtena, fabrikatik kirtena jarrita datoz, bai, mutil guztiak. Baina galanta... ez zara konformatzeko erraza, e!

JULI: (Barrez, txantxari jarraituz) Gaiztoa ez izan. Kirten galanta, burua kontrako bidean duen ni bezalako atso zaharra karguan hartzeko esan nahi dut, neska.

RAMON: (Emakumeen berriketari gor, ilun, lehenengo hariari bueltaka) Zaharrei bultzadatxo bat eman eta listo... zulora! Lan eta gastu gutxiago horrela.

TXARO: Tte, tte, tte... Zuek zulora eta ni langabeziara? Ezta pentsatu ere! Bizi-bizirik behar zaituztegu.

RAMON: A, orduan hori da gu zaintzeko duzuen interes bakarra, soldatarena?...

TXARO: Oi!... Eta zuk zertan egin duzu lan?

RAMON: Nik? Hasieran, pneumatikoak egiten...

JULI: (Isilik ezin egonez) Michelinen, handik bota zuten arte; badakizu, bazterrak...

TXARO: (ramonekin hizketan) Eta zer interes zenuen pneumatikoak egiteko?

RAMON: Ez dituzu pertsonak eta pneumatikoak konparatuko, ezta?

TXARO: Jakina ezetz, askoz gehiago sufritzen eta gozatzen da pertsonekin.

JULI: Furgoneta batekin aritu zen gero aldi batez, probintzia osoko farmazietara botikak banatzen...

TXARO: Hara! Gaixoen lepotik etekinak atera! Edo debalde egiten zenuen lana?

JULI: Debalde ez, baina gutxi kobratuta bai.

RAMON: (Hizketarekin aspertuta) Eta noiz arraio etorriko da mediku santu hori.

TXARO: Barkatu, Ramon, ez haserretu. Pertsona naiz ni ere eta artega nabil gaur.

JULI: Zer bada?

TXARO: (Paparrean daraman pegatina erakutsiz) Ez duzu pegatina ikusi? “Udaletxea: soldatak parekatu. Subrogaziorik ez”. Greban gaude; baina tira, gutxienezko zerbitzuak betetzea tokatzen zait gaur.

JULI: Hara...

RAMON: Bai, emakumea, aurreko egunean esan ziguten, greba egingo zutela seguru asko. Ez zara gogoratzen?

JULI: (Gauza berria balitz bezala berarentzat) A, ez dakit, oso denbora gutxi daramat nik hemen.

RAMON: Sei urte pasatxo gutxi bada...

TXARO: Pasatxo? Ondotxo paseak esango nuke nik.

JULI: Horrenbeste? Ene, hau burua!... Ez aburu eta ez buru.

RAMON: (Makal baina adarra jotzeko zirrikitua aprobetxatuz) Horixe, zapaburu!

JULI: Zuk, bai, egin barre gainera, desgrazia gutxi balitz... Ez da barre egiteko, e!

RAMON: (Ikusleak seinalatuz) Ui!... ez pentsa zure fantasmatxo horiek baino gutxiago naizenik. Sei urte ondotxo paseaz hilero-hilero hemengo kuota udaletxeari ordaindu eta gero, izango dut barretxoren bat egiteko eskubidea, nik uste!

JULI: Ze kuota eta ze kuota ondoko!

RAMON: Hemengoa, zaharren egoitzarena.

JULI: Eta ez fantasmatxoak deitu, gu ikustera etorri dira.

RAMON: Okerrago, fantasmatxoagoak orduan.

JULI: (senarrari bizkarra emanez) Ez nekatu medikua deitzen, Txaro, mediku gutxi behar du honek. (txarok daraman pegatinari begira bat-batean, ahal duen moduan irakurriz) Aizu, zer da su... sudro... sudrogaezdakitzer hori? Drogaren kontrako zeraren bat, ezta?

TXARO: Subrogazioa? Ederra asmatu diguten txandrioa, horixe da.

JULI: Hitza bera ere asmatzeko, (Silabaz-silaba irakurriz) su-droga-zi-o-a... Aitaren, nik baino buru argiagoa beharko dute, ez duzu uste? Ene!... (Bere buruaz barrez) Ez kontrako, aldeko bidean beharko dute burua eta mingaina, aldeko-aldekoan gainera.

TXARO: Burua, mingaina... dena; kontua pribatizatzea bada, zalantzarik ez izan, korrontearen aldekoa dute dena, baita muturra ere, muturra batez ere! Begira gure kasuan adibidez, eraikina udaletxeak jartzen du, guztiz ondo egokia egia esan; zuzendaritza udalak izendatua da; langileak udalaren bidez sartu gara; dirua...

JULI: (Aurrea hartu eta, joko bat bailitzan, jarraipena asmatu nahian) Udalak ipinitakoa!...

TXARO: Begira, begira burua galduta duena...

JULI: Uneak baditut, bai; etorria joan eta etorri, hor ari da.

TXARO: Dirua udalak jartzen du, hori da, baina...

JULI: (Etorria joan eta solasaren haria galduta) Baina... Baina zer?

TXARO: Gure soldatak ordaintzeko dirua udalak jarri, baina gu ez gara udaleko langile!

JULI: Eta norenak zarete orduan?

TXARO: Hortxe dago jukutria...

JULI: (Etorria etorri-edo eta asmatu nahian) A, badakit! Drogarena!

TXARO: ...Subrogatu egiten gaituzte!

JULI: Ikusten, Ramon? Asmatu dut.

TXARO: Lau urtez behin udalak deialdia egin eta enkantean jartzen gaituzte, denak, uniformeak eta langileak, zabor-poltsa berean; eskaintza onena egiten duen enpresak, bada, gu harentzat. Zaragozakoa da oraingo kontrata, ez dakit telefonoa eta idazkaria baino gehiago izango duen. Baina tira, laster bukatuko zaio kontzesioa eta, auskalo, Poloniakoa izan daiteke hurrengoa!

JULI: Aita Santua bezala orduan. Nola da? Boitigua edo...

RAMON: Hilda dago hori, Juli.

JULI: A, bai? Bada, ez nuen ezer ikusi telebistan.

RAMON: (Garrantzia kenduz) Ahaztuko zitzaien albistea ematen, horregatik izango da.

JULI: Egoskorretik bai, baina santutik gutxi izango zuen horrek, ezta? Boitigua horrek.

TXARO: Bederatzi urte daramatzat hemen, udalarentzat lanean baina udaleko langilea izan gabe, lanordu gehiago egiten eta soldata erdian, jakina.

 

Bozgorailutik dei bat entzuten da bat-batean.

 

BOZGORAILUA: Txaro, non sartu zara? Arren, botikinean behar zaitugu.

TXARO: (Erlojua begiratuz) Ene!... Joan beharra daukat. Gosariarekin hartu behar dituzuen pastilak prestatu behar ditut!

RAMON: Ez dakit gosaltzera jaitsiko naizen...

TXARO: Ez? Kafesnea ekarriko dizugu bestela. Julik emango dizu, e? Berak zainduko zaitu, ikusiko duzu zein ondo.

RAMON: Juli? Gaixoa...

 

Alde egiten du txarok.

 

JULI: Jatorra, ezta? (senarrak ohean jiratu eta ez du ezer esaten) Gosaltzera joateko prestatuko naiz. Zu, zer? Ohean geratuko zara? (Isilik ramon. Bainugelara abiatzen da juli. Bat-batean, buelta eman eta ikusleekin hizketan hasten da) Beno, orain argiak itzaliko dituzte, baina zuek ez mugitu, e! Hau ez da bukatu oraindik, zinegotzia etorriko da eta...

 

Argiak itzali.