Kontrako bidean
Pablo Barrio
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
[aurkibidea]

 

3. EKITALDIA

 

Aulki gurpildun batean dago eserita ramon, kalera ateratzeko moduan jantzita. Ohe ondoko txirrina jo eta jo, nabaria zaio ezinegona.

 

RAMON: (Erlojuari begira, kexaka) Ez dugu berandu iritsi behar...? Anbulantzia etortzeko ordua eta gu hemen oraindik!

 

Inork erantzun ez, atzera eta aurrera ari da bere aulki gurpildunekin, urduri.

 

RAMON: Eta zu, Juli, non sartu zara? Ordua dugu eta!

JULI: (Bainugelatik iristen da haren ahotsa) Banoa. Laka pixka bat jartzen ari naiz.

RAMON: Utzi laka eta goazen. (Txirrina jo berriro) Ez dago inor gu entzuteko moduan ala? Ahaztu dira gutaz.

TXARO: (Atetik sartuz) Lasai, Ramon, ez gara ahaztu.

RAMON: Bai, ospitalera berandu iritsiz gero... gero komeriak!

TXARO: Lasai, badago denbora. Gainera zure semeak etorri behar du oraindik, berak lagunduko zaituzte eta. (Eskuan dakarren gutunazal handi bat emanez) Tori, anbulatorioan egindako analisien emaitzak, medikuei emateko. Zer moduz gaur?

RAMON: (Keinu anbiguo batez) Pssa...

 

Bainugelatik ateratzen da juli, orrazketari azken ukituak emanez.

 

JULI: Ondo nago?

TXARO: (Ileari begira, konplimenduzko tonuan) A, zein ederra duzu, Juli.

JULI: (Pozik) Bai? Horixe bera esan zidan medikuak aurreko batean, aurpegira begiratu, ahotsa leundu eta “Azeinederra duzu, Julita, azeinederra”.

RAMON: Azeinederra ez, alzheimerra esan zizun; “Alzeheimerra duzu, Julita”, horixe esan zizun.

JULI: Tira, azeineerra-edo... (Nahigabe bezala-edo baina ikusleei begira, irriņo xalo batez, samin gabekoa) Bai, nik ere egin nuen barre, “Motel, nire adinean, ez dira horrelako hitz ederrik egunero entzuten”... Jakina, planta oneko medikuak, gazte-gaztea oraindik, horrela, aurpegira arretaz begiratu eta horrelako hitz gozoak esatea... Aizu, ni ere gaztea izana naiz, eta ederra ere bai; galdetu Ramontxuri bestela, e Ramontxu? (senarrari begira bota du. Erantzunik ez honek. Enbarazuzko isilunea sortzen da, apur bat luzatzen dena, xaloa zen irriņoa malenkoniatsu bihurtzeko nahikoa. Ikusleei begira berriro) Baina ez, ez zen barre egiteko...

TXARO: (Sortutako giroa alaitu nahian) Bai ederra gure Julita gazte garaian, ezta, Ramon? Esan egia. Herriko ederrena!

RAMON: (Ezinegona baretuta une batez) Herrikoa? Ezagutu nuenean, baita probintzia osokoa ere; tira, Estepona, Puerto Genil eta inguru hartako guztiak barne sartuta, hartaraino eraman baininduten soldadutza egiteko. Hortik aurrera ezin dut esan.

JULI: (Malenkonia ahaztuta, jostalari) Oi, oi, oi... Burua galtzen hasia da gure zaharra.

TXARO: Ez zara kexatuko senarrarekin, e? Zer nolako loreak botatzen dizkizun. Ze, diotenez, andaluziar beltzaran horiek ikatza begietan eta gerrian sugarra eramaten omen dituzte.

JULI: Oi, oi, oi... Ez dakit, berari galdetu beharko diozu.

RAMON: Ni beti txintxo-txintxo.

JULI: Eta sinesten diozu? Beti gauza bera, hau etxera itzuli eta nik, “Zer? Zer moduz?”, eta honek “Ni, txintxo-txintxo beti”. Baina betibeti ez zen izango, ez? Noiz edo noiz, zera, okerren bat egingo zuen, ez duzu uste?

RAMON: Ni, txintxo-txintxo beti.

JULI: Ai, gizon hauek!... Ez dakit zertarako ezkontzen garen! Zurea, zer? Etxera itzuli eta zer nolako gezurrak kontatzen dizkizu?

RAMON: Baina, ez zara gogoratzen? Bananduta dagoela.

JULI: A, suerte orduan, ez duzu inongo bizkarroi agoantatu behar etxean.

RAMON: Kontxo, ez duzu nigatik esango, ezta?

JULI: Tira, memoria txarra daukat eta hori duzu zure alde. Baina ez, ez naiz kexatzen zurekin. Ez gehiegi, behintzat.

TXARO: Beno... (Ez zaio erraza azalpen bat ematen) Egia da senarrarekin bananduta nagoela, baina egia da, aldi berean, senarra agoantatu behar dudala etxean; elkar agoantatu behar dugula, zintzo izateko, elkarrik bizi gara eta.

JULI: (Ezin ulertuz) Ai, Ramon, kontrako bidean bai, baina nik uste baino kontrakoagoan daukat kaskoa..., banandu eta etxe berean bizi. Jesus! Aprobetxatu beharko dut ospitalean medikuei esateko, ea pastilla gehiago hartuta-edo...

TXARO: (Egoerarekin ohituta dagoeneko) Lasai, Juli, ez da zure kaskoa oraingoan. Bai, banandu eta gero etxe berean bizi gara senarra eta biok; eta alaba, noski, hirurok.

RAMON: Eutsi, Julita, eutsi; hamaika eta bi ikusteko eta entzuteko jaioak gara-eta.

TXARO: Hamaika eta berrogeita hamaika ikusiko ditugu, bai, haizeari begira tonto-tonto geratuz gero.

JULI: Haizea ez da ikusten.

TXARO: Horrexegatik tonto-tonto. Begira-begira egon eta ez dugu datorkiguna ikusten.

JULI: (Ikusleei galdezka bat-batean) Horixe, datorkiguna ikusten al duzue? Ez, ezta? Ezta haizea ere ez, ezta?

RAMON: Ez hasi berriro zure fantasmatxoekin, demonio.

JULI: Baina, hor daude, begira-begira...

RAMON: (Erlojuari begiratuz, ezinegona esnatu zaio berriro) Bai, tonto-tonto orduan.

TXARO: Gu geu, adibidez, ondo bizi ginen, luxurik gabe, baina ondo; etxea ordainduta, biok lanean... Bikotea apurtu eta horra amildegia. Bat-batean, konturatzen zara ezin duzula zure kabuz bizi. Etxearekin geratuz gero ezinezkoa zaizu bikotekideari bere partea ordaintzea; eta etxetik ateratzen bazara, nora zoaz? Duzun soldatatxoarekin etxea erostea... ufa, amestezina! Eta alokairuan hartzen baduzu, alokairua ordaindu bai, baina gero, nola bizi zara gero? Hamabost urteko alabarekin, ez ahaztu, ze hori ere...

 

Atean jo eta patxi sartzen da.

 

PATXI: (aitarengana abiatuz) Aupa, prest al zaudete?

RAMON: Prest? Duela ordubete. Berandu iritsiko gara, eta gero... komeriak!

TXARO: Harengatik izango balitz, bai, duela ordubete egongo zen ospitalean.

PATXI: (txaro ezagutuz, hotz samar) Hara, zu hemen.

TXARO: Beti hemen, zerbitzu minimoak betetzen edo bestela, hor, kalean, pankartaren atzean, baina beti hemen.

JULI: (semeari esplikatuz) Izan ere, greban daude, ez dakit esan nizun.

PATXI: Bai, badakit...

JULI: Oso jatorra da... (Izena esan nahi baina ezin gogoratuz)

TXARO: Txaro.

JULI: Hori, Txaro, oso jatorra da. Senarrarekin bananduta dago baina ez dago bananduta. Tira, ez dut oso ondo ulertu, gero esplikatu beharko didazu hobeto.

PATXI: Tira goazen, ni sartzean iritsi da anbulantzia.

TXARO: Gutun-azal horretan dago dena, analisien emaitzak, dieta, hartzen dituen pastillak... dena.

 

Ateratzen dira denak. Argiak itzali.