Kontrako bidean
Pablo Barrio
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
[aurkibidea]

 

8. EKITALDIA

 

Aulki gurpildunean eserita dago ramon, burumakur, eroria begitartea, inguruan duenari ia kasu egin gabe. Elkarren segidan lotuko dira hurrengo eszena laburrak haren aurrean, bera bertan egongo ez balitz bezala gehienetan.

 

 

1. eszena

 

txaro sartzen da. Ur edalontzi bat dakar platertxo batean.

 

TXARO: (Samur) Aupa, Ramon...

RAMON: (Burua altxa, hitzik gabeko galdera eginez) Zer?...

TXARO: Lasai, agertuko da...

RAMON: Bai, baina noiz? Nola?...

TXARO: Ezin da oso urrutik egon. (Burua makurtu berriro ramonek. Platertxoa luzatzen dio txarok) Tori, hartu hau.

RAMON: (Platertxoarena begiratuz) Bi pastilla? Bat izan ohi da normalean...

 

 

2. eszena

 

irati ikusi ez, haren ahotsa entzuten da.

 

IRATI: Amona?... Amona, hor al zaude?

 

Albo batetik agertzen da, amonaren bila ari da, han eta hemen zokomiran.

 

IRATI: Amona, non sartu zara?... Amona?... Aitona zain duzu. Zure beharra dauka... (Etsita) Amona, agertu zaitez, mesedez...

 

Segapotoa atera eta dei egiten du.

 

IRATI: Aita?... Ez, ezer ez, hemen dena begiratu baina arrastorik ez... Eta zuek?...

 

 

3. eszena

 

txaro eta patxi ari dira, tonu liskartsuan.

 

TXARO: Ahal duguna egiten dugu, ez pentsa hau guretzat jolasa denik! Haren bila ari gara.

PATXI: Lehen egin behar zenuten, zuen ardura baita hemen dauden zaharren zaintza. Horretarako ordaintzen dizuete!

TXARO: Bai, ordaintzeko garaian labur eta zeken, eta erantzukizunak eskatzerakoan luze eta zabal; hori da gertatzen zaiguna!

PATXI: Ez, orain zuen erantzukizuna ez dela esango didazu! Zuen ardurapean dagoen pertsona bat, burua makalduta duen pertsona bat, inor konturatu gabe alde egin eta zuek ez duzue zer ikusirik, hau marka!

TXARO: Noski gure ardura ere badela, baina ez gurea bakaērik, e! Hau egoera baten emaitza da, eta horrela ez baduzu ikusi nahi, bada, oker denontzat.

PATXI: Ze egoera eta ze egoera ondoko!...

 

 

4. eszena

 

Telefonoz ari da zinegotzia, patxirekin hizketan.

 

ZINEGOTZIA: (Kezkatuta baina lasaitasuna transmititu nahiari) Bai... Bai, ulertzen dut zuen egoera, nola ez; harreman zuzenean nago zaharren egoitzako arduradunarekin eta badaukat egoeraren berri, noski... Noski, noski, zalantza txikienik ez izan, gure esku dagoen guztia egiten ari gara zure ama aurkitzeko. Udaltzainak lanean hasi dira eta ertzaintzarekin jarri gara harremanetan bilaketa antolatzeko; gauza asko daude jokoan eta ezin... Ez, ez gaizki hartu nire hitzak, gizona, zure ama da inportanteena, nola pentsa dezakezun kontrakoa... Badakit urduri zaudela, eta ulertzen dut, logikoa da; baina ez dut uste planteatzen duzuna egokia denik, oraingoz behintzat, aurrerantzean ikusiko dugu, baina, memento honetan, desagerketatik ordu gutxi batzuk besterik pasatu ez direnean, ez dut uste egokia denik komunikabidetara laguntzaren bila jotzea, jendearen artean alarma sortzea baino ez dugu lortuko... (Tonua aldatuz, leun kanpotik, barrutik irmo) Ez pentsa, inolaz ere, zaharren egoitzan dagoen greba egoerak baldintzatzen dituenik, ezta urrutitik ere, udaletxetik hartzen ditugun erabakiak; ez diot inongo beldurrik partiduren edo sindikaturen batek egin dezakeen erabilpenari. Baina ulertu behar duzu, egoera jakinen gainetik, zaharren egoitza dela nire ardura, gure herriari zerbitzu ematen jarraitzeko; horregatik, uste dut, profesionalen eskuetan uztea dela egokiena... (Komunikazioa mozten da bat-batean) Aizu?...

 

 

5. eszena

 

Kanpotik, iratiren ahotsa iristen da. Amonaren bila ari da.

 

IRATI: Amona?... Amona, non zaude?... Amona?... (Beste norbaitekin hizketan) Alde horretatik begiratu al duzue?...

 

Bitartean, patxi sartu da. Semea ikustean, burua altxa eta “Berririk, bai?” edo horrelako zerbait galdetzen dio ramonek keinu isil batez.

Ezetz erantzun patxik buruarekin, etsita. Bere baitan biltzen da berriro ramon. patxik aitaren sorbaldan eskua pausatu eta estutu egiten du, kontaktu txiki horretan nolabaiteko kontsolamendua aurkituko duelakoan. Aitaren ondoan esertzen da gero, burumakur bera ere.

 

IRATI: (Kanpotik beti) Amona?... Amona?... Ez, han zegoen jendeari galdetu diot, baina ezetz, inork ez duela ikusi...

 

 

6. eszena

 

garbitzailea lanean ari dela, txaro agertzen da.

 

GARBITZAILEA: (Desagerketaz) Berririk ez? (Ezetz txarok buru keinu batez, ilun) Eta orain? Horrek ez dio inori onik egiten...

TXARO: Guri, batere ez, garbi dago, senideen ondoren gu baikara kaltetuenak. Baina etekinik aterako dionik ez da faltako, lasai.

GARBITZAILEA: Zeinek? Udaletxeak?... Haientzat ere ez da erraza; nahi ala ez, haiek dira zahar etxearen azken erantzuleak eta, nola edo hala, marroiak bete-betean harrapatuko ditu.

TXARO: Mementoz, guri botako digute errua, grebalarioi, dudarik ez izan. Arduragabe bihozgabeko batzuk garela, aitona-amonak erabiltzen ditugula gure helburu partikularrak lortzeko eta abar, eta abar. Askotan entzuna dugu diskurtso hori.

GARBITZAILEA: (Tentuz) Tira, hotz-hotzean, garbi dago greba egoteak laguntzen duela horrelakoren bat gertatzeko, hori horrela da.

TXARO: (Bero) Bai, eta, hotz-hotzean, pribatizatzen eta prekarizatzen duenak jakin beharko luke zenbat sufrimendu dakarren horrek; ala hori ez al da horrela?

GARBITZAILEA: Batak ez du bestea kentzen agian...

TXARO: Bata bestearen ondorio zuzen-zuzena baino ez da nire ustez, horixe da gertatzen dena! Zer uste duzu bestela, gustuko kontua dela?

 

Berotu egin da txaro. Isiltasuna aukeratzen du besteak.

 

TXARO: Barkatu... (Etsita bat-batean, barrena arintzeko tonuan) Senarrak etxean sartu nahi du bere neska-laguna, atzo esan zidan. Hotz-hotzean, zer eskubide daukat ezetz esateko? Bere etxea ere bada eta!...

 

 

7. eszena

 

Amaren bila ari da patxi, han eta hemen zokomiran

 

PATXI: Ama?... Ama, hor al zaude?... Ama? Erantzun mesedez... Patxi naiz, zure semea...

 

Segapotoak jo eta hartu egiten du patxik azkar.

 

PATXI: (Estu) Bai, nor da?... A, zinegotzia. Agertu da?... (Etsita) Ez... (Haserre) Itxoin, itxoin, itxoin...! Nirekin ez duzu hitz potolorik gastatu behar; egin behar duzuena da komunikabide guztiei abisu ematea, hemengo irratiei batez ere, ea guztion artean aurkitzen dugun, kito! Zuk zeuk ez baduzu egiten, nik egingo dut.

 

Telefonoa moztu eta sakelan gordetzen du. Amaren bila jarraitzen du.

 

PATXI: Ama?... Patxi naiz, hor al zaude?...

 

 

8. eszena

 

txaro eta garbitzailea.

 

GARBITZAILEA: (Isilune baten ondoren) Eta hilda agertzen bada?...

TXARO: (Serio) Ez dut pentsatu ere egin nahi...

 

Burumakur, bere aulkian dago ramon; argi xume batek argitzen du.

Pixkanaka-pixkanaka, argia itzaltzen da.