Kontrako bidean
Pablo Barrio
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
Kontrako bidean
Pablo Barrio
Euskaltzaindia / BBK, 2008
[aurkibidea]

 

4. EKITALDIA

 

Zoru-garbigailua ondoan duela, hor ari da zaharren egoitzako garbitzaileetako bat lanean, agertokiaren aurrealdean. Albo batetik, txaro sartzen da, kalean ibiltzeko moduan jantzita.

 

GARBITZAILEA: (Zoru-garbigailuaren soinua jaitsiz) Egunon, Txaro. Zer? Gaur ez duzu lan egin behar?

TXARO: Ez, gaur ez zait tokatzen zerbitzu minimo santu horiek egiten. Bilera batetik nator.

GARBITZAILEA: Eta? Aldaketarik ez?

TXARO: Ezta bat ere. Tinko mantentzen da enpresa, tinko udala, tinko gu ere.

GARBITZAILEA: Luzatzen ari da.

TXARO: Bada, eutsi egin behar; gauzak horrela kudeatzen jarraituz gero pikutara goaz...

GARBITZAILEA: Ez da hemen bakarrik, hala izaten da kontua leku guztietan.

TXARO: Ez, gauzak ez dira horrela izaten, horrela egiten dira, ez da gauza bera. (Ezintasun puntu batez) Baina, nola da posible gu biok lantoki berean egonda, agure berberentzat lanean ari, nagusi berarentzat lan egin, azken batean udala baita hemen erabakiak hartzen dituena, eta zu enpresa batekoa izan eta ni beste batekoa? Nora goaz horrela? Orduan zer, azkenerako zenbat enpresa beharko ditugu hemen, langileak beste? Enpresa bat langile bakoitzeko? Horixe al da modua, bakoitza bere aldetik?

GARBITZAILEA: (Ur sakonetan busti nahi ez, galdera uholdeari saihestu nahian nolabait) Uiii... Galdera asko egiten dituzu. Aurretik pentsatutako erantzunetara ailegatzeko eginak, esango nuke.

TXARO: Erantzunak? Zerbitzu publikoak eskubidea izateari utzi eta merkantzia bihurtu nahi dituztela? Jendea herritarra izatetik bezeroa izatera pasatu nahi dutela? Ez da egia, ala?

GARBITZAILEA: Jode, neska, merkantzia bihurtu eta horrelako hitz potoloekin hasten zarenean, benetan, zer nahi duzu esatea, galdu egiten naiz ni. Ze, zuek, konkretuki, administrazioko langileekin parekatzea eskatzen duzue, zuen arlokoekin, ezta? Hau da, soldata gehiago eta lanordu gutxiago, ezta? Bada, ez nahastu kontuak... Eta kontuz e! Bat nator zuen eskaerekin; gauza bera eskatzen dut guretzat, garbitzaileontzat.

TXARO: Ez dago inongo nahasketa egiteko asmorik, enpresa pribatu baten esku gaudelako kobratzen dugu gutxiago; guztiz lotuta dago bata bestearekin. Zerbitzu publikoak pribatizatzen ari direla? Non dago potolokeria hor? Ez' da eguneroko ogia akaso?

GARBITZAILEA: Bai, baina... (Zoru-garbigailuaren botoia sakatu eta soinua indartuz).

TXARO: Esandakoa, azkenerako, langileak beste enpresa, bakoitza bere aldetik. Grebak ere, norbanako grebak egingo ditugu, liberal-liberal...

 

Isilik geratzen da txaro, lanean jarraitzen du garbitzaileak, zoru-garbigailuaren zarata da soinu bakarra.

 

TXARO: (Beste tonu batean, barne bakarrizketan ia) Gainera, hil edo biziko kontua da niretzat...

GARBITZAILEA: (Botoia sakatu eta soinua jaitsiz) Ez da horrenbestetarako izango, neska.

TXARO: Ez? Ez zara konturatzen? (Ahul bat-batean) Berrogeita zortzi urterekin, lana daukat, zortzi orduko lan normalizatu bat esan nahi dut, eta, hala ere, ezin dut nire kontura bizi. Ez zaizu ikaratzeko modukoa iruditzen?...

GARBITZAILEA: (Txantxetan, animatu nahian) A! Jainkoaren zigorra duzu hori! Senarrarekin banandu ez bazina ez zenuke orain horrelako arazorik. Ez dakizu bekatua dela, ala?

TXARO: (Irriņo txiki bat piztuta) Ez didazu sinestuko, baina zuk uste baino buelta gehiago eman dizkiot kontu horri, senar-emazteak ez banatzearen tabu horri.

GARBITZAILEA: Aizu, ez hasi berriro tabu-eta horrelako hitz potolorekin... Garbi-garbi esana du aita santuak: hemen ez dago dibortziatzerik, eta kito perikito!

TXARO: Besterik ez daki esaten-eta. Baina, benetan, uste baino buelta gehiago...

GARBITZAILEA: Ezin dut sinestu, teologiatan sartu bat-batean, ala?

TXARO: Antiteologiatan esango nuke nik.

GARBITZAILEA: Tira, egia esanda, ez da ideia txarra: moja sartu eta arazo guztiak konponduta! Ez da faltako komenturen bat hor abadesa karrera egiteko. Baina konta, konta...

TXARO: Zure ustez, zergatik ezin da dibortziatu? Elizatik, esan nahi dut.

GARBITZAILEA: Hori galdera, neska, bekatua delako! Aita Santuak hala esaten...

TXARO: (Bukatzen utzi gabe) Bai, bai, bai, baina zergatik da bekatua?

GARBITZAILEA: Zer dakit, kontzilioren batean erabakiko zuten-edo...

TXARO: Eta zergatik erabaki zuten?

GARBITZAILEA: (Horrenbeste galderak itota) Zergatik, zergatik, zergatik... Jainkoak aginduko zien, nork bestela...

TXARO: Bai zera, sms bat bidalita, ezta?

GARBITZAILEA: Nabaritzen da, bai, erreserba egina duzu infernuan: ziega, borreroa eta ezmantenu osoa betirako.

TXARO: Oraindik ez didazu erantzun. Zergatik izan da bekatua, historian zehar, dibortziatzea?

GARBITZAILEA: Esan dizut, jainkoarengan sinesmena-edo, zer dakit nik!...

TXARO: Ze sinesmenak eta sinesmen ondokoak! Sinesmenak ez dira besterik gabe sortzen, arazo jakinei aurre egiteko baizik.

GARBITZAILEA: Esan bada, ez daukat denbora guztia hemen zurekin hizketan egoteko; ni ez nago greban.

TXARO: Nire ustez, emakumea babesteko sortua da senar-emazteak ez banatzeko agindua; horixe esango nuke nik.

GARBITZAILEA: (Barre handiak eginez) Hau xelebrekeria! Emakumea babesteko! Nork eta elizak! Txaro...! Zerbait arrarok hartuta zaude, ala?

TXARO: Ez, ez, ez egin barre eta pentsatu pixka bat. Gizarte patriarkal batean, non, gutxi edo asko izan, ondasun guztiak gizonezkoen eskuetan dauden, senar-emazteak bananduz gero zer etorkizun mota geratzen zaio emakumeari? Etorkizun duina esan nahi dut, e! Gizartean onartua eta ez gaizki ikusia.

GARBITZAILEA: Tira...

TXARO: Ez ahaztu, dagoeneko gizon batek ibilia izan den emakumeari, e?, zer etorkizun...

GARBITZAILEA: Horrela begiratuta... Hobe etxean ezkonduta egon, kalean miserian baino, ezta?

TXARO: Halako zerbait, bai. Emakumea miseria gorritik babesteko gizarte segurantza moduko bat izan da ezin dibortziatzearena. Ezin okerragotik ezin oker-okerragorako bidaia ez egiteko modu bat.

GARBITZAILEA: Eta elizak, orduan, zer pintatzen du hor?

TXARO: Elizak? Eliza sortu baino lehen existituko zen tabu hori.

 

Bi emakumeak hizketan egon bitartean patxi sartu da, serio, artega.

Poltsaren bat eskuan duela, amaren bila ari da; presaz ari dela ematen du.

 

PATXI: Kaixo, barkatu, nire ama ikusi al duzue?

GARBITZAILEA: Juli? Ez, ez dut ikusi... (Erlojua begiratuz) Ez da bingoan egongo? Ordu honetan...

PATXI: Ez, begiratu dut baina han ez zegoen inor.

TXARO: Greba iraun bitartean ez da bingorik egiten. Telebistako gelan agian...

PATXI: Ez, hor ere begiratu dut.

GARBITZAILEA: Arraroa... Dena dela, apur bat aldrebestuta ikusi dut Juli azken egun hauetan, ez dakit, pasiloetan barna galduta nonbait.

PATXI: Aurretik hortxe-hortxe bazuen burua, orain... Kolpe latza izan da aitarena.

TXARO: Zer moduz Ramon?

PATXI: Hor, ospitalean, hara joan behar dut orain... Tumore bat dauka, nahiko zabalduta gainera...

TXARO: Eta?...

PATXI: Itxaron, ezin da besterik egin. Hilabete batzuk, urteren bat agian... Ahal duen modu lasaienean pasa dezala. Bizpahiru egun barru emango diote senda-agiria seguru asko.

TXARO: Sentitzen dut...

 

Isilunea.

 

GARBITZAILEA: (Egoera ezerosoari irteera eman nahian) Itxoin, nik bilatuko dut... (Zoru-garbigailua bertan utzi eta kanpora abiatuz) Ez da kalera atera izango, ezta?

PATXI: Mesedez! Ezta pentsatu ere kalera bakarrik atera utzi, e! Besterik ez genuen behar orain, ama hemendik atera eta, batek daki, galtzea edo istripu bat gertatzea...

TXARO: Ez, lasai, beti dago norbait atearen zain. Greba egon arren gutxienezko zerbitzuen barruan sartzen da hori.

PATXI: (Artega samar, gaitzespen tonuan) Greba edo ez greba, ez dakit, baina txirrina jo gabe sartu naiz oraintxe bertan, irekita zegoen.

TXARO: (Tonuari kasu egin gabe) Hornitzaileren bati deskarga egiteko utzia agian, zer dakit, bada, nik...

PATXI: (Erlojuari begira, presazko keinu bat egin) Hau utzi nahi nion...

TXARO: Utzidazu niri nahi baduzu, nik emango diot.

PATXI: (Inongo asmo txarrik baino artegatasunak bultzatuta seguru asko) Greban ez al zaude, ala?

TXARO: Sinestu ez arren, greba ez dugu zaharren aurka egiten. Kontrakoa, ez pribatizatzea haientzat ere onuragarria delakoan gaude.

PATXI: (Poltsa luzatuz) Tira, ez gara hasiko... (Alde egiten du)

 

Poltsa hartu eta atera egiten da txaro. Argiak itzali.