Tu quoque fili
Antton Luku
Tu quoque fili
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1996

 

Laugarren agerraldia

 

berak gehi prokuradorea

 

PROKURADOREA: A... (Haieri so dago memento batez, pilutsi bereziki). Semeak erran dit lagunak bazituela hor ene ikusi beharrez, bainan, lagunak, kezkatzen naiz, musikakoak dudarik gabe?

GORKA: Ez, nik unibertsitatetik ezagutzen dut, bainan gure desmartxa, ez da horri lotua...

PILUTS: Barka ezazu ausartatu bagara sartzera... Sehiak oporretan dituzkezue, edo otso zakurren promenatzen ari.

PROKURADOREA: Zer ixtudio mota egiten duzue?

GORKA: Nik zuzenbidea Baionako unibertsitatean.

PILUTS: Nik zientzia politikoak ikasten ditut Baiona tipian, komertsanteek Mein Kampf kondatzen didate egun guziz. Sekulako lana badut, xantza duzu libratu ahal izan banaiz.

PROKURADOREA: Jakiten ahal dut zertara libratu zareten.

PILUTS: Gorkak, Gorka du izena ene lagunak sekulan elgarrekin gertatzen bazarete berriz, Gorkak esplikatuko dizu, hitz xuxenaren atzemateko mentura gehiago badu, mekanika berean ari zaretenez...

GORKA: Gure ekintza, sentsu politikoan hartu behar duzu, kasualitatez zure semea ezagutzen badugu ere.

PILUTS: Baduk. Gorka ene lagunak du zure semea ezagutzen. Nik bakarrik bizpahiru aldiz ikusi dut dentistaren etxen, bainan ez naiz sekulan baby-footean arizan harekin...

PROKURADOREA: Nahiago dut.

GORKA: Hariari lotzeko, Piluts. (Orai berriz prokuradoreari). Patxi Jutanten askatzea eskatzen duen talde alternatibo baten partaide gara. Patxik egin zuen hutsa...

PILUTS: Ikusten duzu zuek bezala mintzo gara, hutsa. Azpimarratzeko bakarrik, animatzen gaituen borontate ona.

GORKA: Hutsa, justiziaren alderditik ikusiz noski. Patxik egin zuen hutsa, hiriak onetsi manifestaldi batean izan zen eta poliziaren probokazione bati ihardespen zuzen gisa analisatu dugu. Onorioz, Patxiren arrestatzeak beste ekintzak gero eta bortitzagoak eragin ditu, atxiloketa berriak ekarriz. Bortizkeria sorgin gurpil honi geldi aldi baten emateko, oraiko elgarrizketa saiatze honen egitea deliberatu dugu, gutarik batzuek, hurbil zein urrunetik afera honen baretzeari lotuak direnak bisitatuz. Aterabide sano baten esperantzan denen onetan.

PROKURADOREA: Orroitarazi behar dizuet, Prokuradore bati mintzatzen ari zatzaizkiotela, bere etxean. Bihar edo etzi aztertuko duen afera batetaz. Saiatzen duzuela aintzin ikusmolde batekin ikus dezadan kasu hori eta ez beste bat. Laburbiltzeko, zuen ekintza, diozuen bezala, korrupzio saiatze batentzat har dezaket.

PILUTS: Ez, ez genuke nahi zinez, ez diru ixtoriorik gure artean.

PROKURADOREA: Erran zaharrak ez dion bezala, diruak urrina baitu?

PILUTS: Ez gaitezela kukugordeka josta, badakigu diruak urrina baduela bainan batzueri aski metatzen delarik sudurra tapatzen zaie. Ez, nahiz ene laguna biziki argi izan den, iduritzen zait ez duela arrazoinamendua edo gure nahiaren deskribapena aski urrun ereman. Proseso batean sartuak gara eta hau pauso bat bezala ikusi behar da beste batzu izan daitezkelakoan.

PROKURADOREA: Hau nahiago dut, haur ederrak: mehatxuak...

PILUTS: Zoaz hortik! Hitz haundiak berehala, ez abertizamendu ttipi bat...

PROKURADOREA: Abertizamendu ttipi bat, beldurrarazteko?

PILUTS: Beldurra bake denborako sentsazio lilluragarria da, batzutan bilatzen dena. Dena mintzen delarik, ez du leku haundirik, edo astia tturintzen zaigu hari so egoteko.

PROKURADOREA: (gorkari). Zure laguna ederra baino argiago da ene ustez, eta azalduko dizu zer segida eman behar duzuen honi, denen onetan.

GORKA: Demokrazia batean, negoziatzeko bide guziak jorratzeko on dira. Damuak lehiatik heldu dira, eta honek bi alderdientzat balio du. Gure desmartxa ez da batere printzipiozkoa, eta berriz ere eskatzen dizut, horren aztertzea. (pilutsi so eginez). Gure artean ikusmolde ezberdinak izanik ere, hau, azaltzen dudan bidea, sostengu komitearena baita.

PROKURADOREA: Puttil, behar dizkiat, gauzak argitu. Ez zekiat zer ari haizen zuzenbidearen ikasten, bainan jakin ezak prokuradore baten lana, bera dela, demokrazia edo edozein absolutismoan, poliziak baizik irakurtzen dituen zuen artikulu tristeetan diozuen bezala. Semeari, xantza baituk haren ezagutzea, galdeginen dizkiok kurso partikularrak, nik ez baitut horretan galtzeko denborarik. Prokuradore baten erantzunkizuna estadoaren aintzinean duk.

PILUTS: (Aparte). Ez baitzaio ardura heldu ikustera.

PROKURADOREA: Eta inondik ere demokraziaren ideia higatu batek aipatzen duen populu, herri edo edozein karrikari ez zioguk kondurik emateko.

PILUTS: Ohartuak ez zinetenentzat. Ontsa esplikatzen du e?

GORKA: Demokraziak du egiten ekintza hau legala dela hemen eta beste kasu batean ez litekeela. Zure ardura eta erantzunkizuna estadoaren aintzinean bada bakarrik, nik dudan konzepzioan, bakearen oreka mendrearen zaintzea denen lana da.

PROKURADOREA: Oreka non dagoen. Hik bakea deitzen duana, enetako sekulan xuritua ez den nahaspulloa duk. Parada guti dituk prokuradore baten bizian bokata haundiaren egiteko eta oraikoan ez diat aukera huts egitekoa. Orai aski duk. Datozen orenetan ene inzpirazione guziaren beharra ukanen diat ene funtzioa, ene artea, behar bada liberazioneaz geroztik, sekulan ikusi ez dituen muga batzuetaraino helarazteko. Ez diat parasitorik onartzen ahal. Zuzenbidea hori duk, puttil.

PILUTS: Zuzenbidea? Zer esanahitan? Zure helbidea behar dugunez? Ez, eskerrik asko, ez dut behar, behar orduz jakinen dugu non atzeman zaitzakegun.

GORKA: Argi da. Zure arrapostua ezagutzen dugunaz geroz itzuliko diot komiteari azter dezagun elgarrekin, gure errefera eratzeko.

PROKURADOREA: Gaizki ulertzen duala uste diat. Komiterik ez duk. Presunak dituk bakarrik, legea eta justiziaren aintzinean. Orai egin behar duzuena da, hautatzea gizartean zaretenez edo kanpo. Oreka bakarra legearena baita. (pilutsi). Batzuek iduriz aspaldian hautatu dute, ez baitakite zer den ere emazte bati dagokion lana eta estetika.

PILUTS: Zer sunda Leon. Permititzen duk Leon erran diezadaala. Hiri gustatzeko gura guti diat, izaitekotz hire alabari... Lesbiana nauk. Bainan ahusagailu arin horiek utzirik Leon gaude lege solas, hire arreba duk super merkatuetan ebasten ari dena.

PROKURADOREA: Xauri apalla...

PILUTS: (gorkari). Uste genian baino konplexagoa duk kabala mota hau. Biologia monografia bat merezi like.

PROKURADOREA: (gorkari). Hi, ene ustez ateratuko haiz, landuz, ontsa ikasiz, jendeekin duan harremanari esker, notario idazkari txar bat egin hezake. (pilutsi). Bainan hi, zerbaitek erraten zidan elgar ikusiko dugula laster eta ez garela eneatuko. Ikusiko dun, hire tupetaren asetzekoa ukanen dun. Haundi, lorios, ospetsu izanen dun... ikuskizuna!

PILUTS: Bai, laster arte. Genial izanen duk. Turkoak eta kristiak izanen dituk. Apezpikua eta konseilu general independenteak gomitatuko ditiagu. Haugi Gorka besta hasten duk. Hatsa hartu behar diat, ez baita hemen peplum itxurarik... konprenitzen nauk. Atea atzemanen diat, Leon ez dik balio alaba deit dezaan bere emazte ofizioa egin dezan. Gorka, adio erran iezaiok Leoni, eta egon pixkor ere erraten diok, haren osagarriak kezkatzen nik.