Tu quoque fili
Antton Luku
Tu quoque fili
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1996

 

Hirugarren agerraldia

 

ama, sylvie

 

SYLVIE: Bonnemazou hil dute ganit ukaldika bere mainuan, biharko bizardun baten defensa idazten ari zelarik. Nora goaz!

AMA: Hiru bizardun hil ditizten komisaldegikoek, goizean, ederra omen. Eta pasaia esperantxa dute arratsaldeko. Irabazten dinagu, bi ttanttoz.

SYLVIE: Burutik joaten ari zara ala zer? Bazter guzitan zapartatzen ari da, dena tiro eta abordaia, eta zuk hemen kintzeak kondatzen dituzu tenizean bezala?

AMA: Ez din irriskatzen ez dinat sekulan konprenitu nola kondatzen zen tenizean.

SYLVIE: 15, 30, 40, jo... bainan zer erran arazten didazu?

AMA: Grabeagorik badun. Zuen aitak hainbeste maite zuen izozkailua ito da.

SYLVIE: Eta ura sekulan baino zaluago badoa goiti! Bainan hori bigarren mailako problema da.

AMA: Ba! Braderia xahu, bestak xahu, zer erranen dute komertsantek? Nola eginen dute urte guziko ezpekulazionea ihintza bezala ketan airatu bazaie. Gaixoak ez bazaie oraino izozkailua ito! Zerekin pagatu behar dituzte harginak leihon tapatzen... Erran hire ustez, hi jalgitzen baihaiz hortako doia, Zuntzunegi Tiburonbeitia bizar batekin ikusten dun ala muztatxekin kontenta daiteken? Leihoendako dun.

SYLVIE: Hori ere bigarren mailakoa. Ulertuko duzu? Lagun batekin hitzartua naiz gure bela-untzia ekar dezan atsegin portutik hona, eta nola 40 matrikulatua den ez dugu problemarik ukanen gure Tarnoseko etxera joateko.

AMA: Biba hi! nexka ona haiz! Etxekoei pentsatuko huela kasu latz batean segur nindunan. Ez haiz ez hi aitamak ospitalean ezartzen dituzten urdanda haietarik, pestaren egiteko ipurdia airaturik. Haugi potta.

SYLVIE: Oo! Uste duzu sentimentalkeria ergel horietan dela premia? Non dira besteak?

AMA: Aita lanean, eta Herve, Unibertsitatean dudarik gabe.

SYLVIE: Uztailaren 15ean. (Pentsakor).

AMA: Ez dun posible, aitak ez din sekulan onartuko, banoki ihes egitea eginbideak manatzen diolarik hemen egotea. Nola beharko dute Baionak eta Euskal-Herriak kenka horretatik jalgi? Uholdea hedatzen bada sorgiaraino.

SYLVIE: Beharko du. TF1ean pasatu da berria, pataskak erakutsi dituzte, Aturrin ere dena morkots-kanoi ukaldi eta eskifai berriak, adarra ezarri dute kuralin puntetan eta zodiakak airean igortzen, “Iparra non dagoen”en airean. Auzapeza ere pasarazi dizie.

AMA: Zer, hiria pasarazi diten telebistan? Estatu horretan. Kasetari ustelak. Hori Baionaren gaizki erakusteko. Segur naiz auzapeza botetan agertu dela, ez kostuma ederra duelarik ez, a horiek! Itotzeko holako jendeak beren kamera aluekin. Horiei ba gasa zilo guzietatik bota, arratoiak bezala bihurdika daitezen lurrean hats-hanturik, tripak beharrietarik dariela ixter zokoak errerik.