Euskarazetamol
Patxo Telleria
Euskarazetamol
Patxo Telleria
Artezblai, 2010

 

8. KANTAPLASTA EKOLOGISTA

 

PATXO: Ikusten? Pilulak ez dira beharrezkoak. Pilulak bakarrik hartu behar dira beharrezkoak direnean.

 

patxok pilula bat hartuko du. Efektu berezia egiten dio.

 

MIKEL: Zer pilula da hori?

PATXO: Kantaginseng.

MIKEL: Jaun andreak, Patxok Kantaginseng bat hartu du, laurogeiko hamarkadako musikaren pilula. Musika protestaren garaiak, gitarra eta kantautorearen garaiak... Hitz batean: txapaforumen garaiak.

 

patxo garaiko kantautorez jantzita agertuko da. Kitarra eskuan.

mikel publiko artera doa, mikrofonoa eskuan duela.

 

PATXO: Gabon. Presa pixka bat omen dago, beraz, kontzertu laburra egingo dut: lau ordu eskas.

MIKEL: Ez!! Demagun kontzertua bukatu dela!!

PATXO: Lastima!

MIKEL: Goazen txapa-forumera zuzenean.

 

mikelek, publiko artean, pertsonai desberdinak egingo ditu. Bazter batetik eskua altzatu eta mikroa jasoko du.

 

MIKEL: Kaixo. Oso gustora egon naiz kontzertuan... ondokoak esnatu nauen arte... Gauza bat galdetu nahi dizut, nola definitzen zara, kantautore edo musikari?

PATXO: Kanta-plasta. Kanta-plasta ekologista.

MIKEL: Zergatik...?

PATXO: ...kantaplasta?

MIKEL: Ez, hori badakit. Zergatik ekologista?

PATXO: Nire ustez kanta gehiegi egiten da. Nik kantak birziklatu egiten ditut.

MIKEL: Zelan bururatu zitzaizun?

PATXO: Bueno, meritua nire emaztearena da. Emazte ohia esan nahi dut. Compañera ohia hobeto esanda. Orain etxean ohia hutsik daukat... Se me ha ido la olla... Ah! Elene! Zoriontsuak ginen. Baina egun batean berak txoritxo bat erosi zuen, eta aizu... Geroztik txoriarentzat baino ez zuen begirik. Azkenean etxetik bota ninduten. Orduan kantu hau birziklatu nuen: “Txoria ni baino gehiago maite zuen neriak maite zuen neriak (Bis) Ez zen horrela izango hegoak ebaki banizkio

            ta nik (eta niiiik) ez nuen alde egingo (bis)”

 

mikel bitartean beste toki batera joan da. Eskua altxatuko du eta mikroa jasoko du.

 

MIKEL: (Autosufizientziaz) Kaixo, beno, nik odolaren kantuaz komentario bat egin nahi nuen. Zuk kantu horretan odolaren metafora bat erabili duzu. Metafora hori autore askok erabili dute, ez zara oso originala, esanahi desberdinekin: Nietzsche, Kierkegaard... Baina zure kasuan, barkatu, baina ez da ulertzen. Zer esan nahi duzu, odola eman behar dugula aberriaren alde?

PATXO: Ez da metafora. Kantu hau Euskadiko odol emaileen elkarteak eskatu zidan, jendea odola ematera animatzeko: Entzun danok, gudariak:

            Gerturik daukagu odola emateko alde bat mendi tontorrean...

MIKEL: Orduan kontraesan bat dago, seguru ez zarela konturatu. Kontraesana zera da, alegia, estribilloan irrintzia botatzen duzula.

PATXO: Ez da irrintzia, inyekzioa da.

 

patxok xiringa besoan sartzea mimatzen du, irrintzi bezalako minezko ohiua egiten duelarik.

 

PATXO: Ai ai ai ai aiiiiiiiiiii!!!! (...) Galdera gehiago?

 

mikel beste alde batera joan da, eta eskua altxatu.

 

MIKEL: (Oso apal eta lotsati) Kaixo, eta barkatu... Nik Xirularen kantuari buruzko galdera bat egin nahi dizut, atrebentzia ez bada. Iruditu zait niri, kantu horretan, preserbatiboaren alde agertzen zarela, ezta?

PATXO: Bai, baina zeharka, zentsura sahiesteko. Nik purgazioen purgatorioa deskribatu nahi nuen.

            Xirularen puntan

            Puntaren puntan

            Adarra zegoen liruli

            Adarra liruli Xirula lirula

            Nork sendatuko ote du

            Xirula hori?

MIKEL: Hortaz ari garela, zure kantagintzan ez duzu inoiz sexuaren gaia ateratzen.

PATXO: Nola ez, lehenengo singelean:

            “Beti penetan, beti peneeetan bizi naiz mundu honetan”.

 

mikelek eskua altzatu du beste toki batetik.

 

MIKEL: (Erasokorra) Beno, nik salatu nahi dut zure jarrera matxista faliko eta errebisionista. Gaur egun denok dakigunean emakumeen sexualitatea klitorianoa dela... O sea, de que vas, zerezkoa zoaz?

 

mikelek bere buruari mikroa kenduko dio.

 

MIKEL: Eskerrik asko, eskerrik asko, baina bukatu behar dugu. Txapa-forum interesgarria izan da, beroa, betiko moduan... Baina bukatu behar dugu, hamar minutu barru manifa daukagu...

PATXO: Barkatu, ez dugu nire azken diskaz hitzegin.

MIKEL: Ah, diska berria atera duzu? (...) Beste bat!!?? (...) Beno... Ez dut uste denborarik dagoenik...

PATXO: Bale!! Bigarren aldeko kanta eskeiniko dizuet: “Seme galduaren Balada”

            Oh pello pello

            Rimbaud etorri duk hitaz galdezka gu ere hire zain geundela esan zioagu

            ez hintzela aspaldi azaldu etxetik

            Non hago?

            Zuretzat berdin dira asteak eta jaiak.

            Nik ere nahi nuke izan urtxintxa bezala, baina Mundua ez da beti jai, inoiz tristea ere bai.

            Nora zoaz, euskal semea?

 

Hemendik aurrera mikelek bere komentarioak egingo ditu, kanten artean.

 

MIKEL: Egun santu guztia...

PATXO: Kalian gora kalian behera kalian gora kalian behera.

MIKEL: Batek daki norekin.

PATXO: Eta norekin, eta zeinekin?

MIKEL: Lagun txarrekin, seguru.

PATXO: Zure kuadrillan zure kuadrillan

            zure kuadrillan mozkorra franko eta gainera soltero.

MIKEL: Esatebaterako, non ibili zinen atzo?

PATXO: Bart, bart bart, bart parrandan ibili, bart parrandan ibili;

MIKEL: Bai, baina non?

PATXO: Edozein herriko jaixetan.

MIKEL: Eta seguro drogak hartu zenituela!

PATXO: Alegratzeko triste dagoen guztia.

MIKEL: Zenbat pilula?

PATXO: Bi, bi, bi, ez naiz ondo ibili ez naiz ondo ibili;

MIKEL: Bi? Jainko maitea!

PATXO: Hiru, hiru, hiru, kolkoa bete diru, kolkoa bete diru;

MIKEL: Errua nirea dirua emateagatik,

PATXO: Lau, lau, lau, sardina bakalau.

MIKEL: Lau? Engantxuta zaude!

PATXO: Ez da posible, ezin liteke!!

MIKEL: Seguro zaude?

PATXO: Egia da, egia da.

MIKEL: Jakina, mundu guztiak hartzen ditu eta...

PATXO: Zuuuuk zergatik ez?

MIKEL: Ez, Pello, drogarik eskeintzen badizute zuk esan...

PATXO: Ez ez dut nahi ez ez ez...

MIKEL: Hori da. Baina ez, zuk beti...

PATXO: Eta baaaaai, eta baaaaaiiii...

MIKEL: Eta gero, biharamunean...

PATXO: Astelehena, jai ondoren alferra, lanik ez egiteko ez goaz lanera...

MIKEL: Jakina, asteburu osoan jijiji jajaja, eta orain...

PATXO: Haika mutil, jeiki hadi argia den mira hadi...

MIKEL: Bah, alferrik, ez da altxatuko. Ez dakit noren antza duen, ze ni...

PATXO: Jeikitzen naiz egunero oilarrak jo eta gero.

MIKEL: Hamazortzi urte nuenetik, antzerkia egiteko, zuzendari jaunak agintzen zidana txintxo txintxo egiten beti.

PATXO: Irun ezak eta.

MIKEL: Irun diat eta.

PATXO: Astalka zak eta.

MIKEL: Astalka diat eta.

PATXO: Harilka zak eta.

MIKEL: Harilka diat eta.

PATXO: Xuri ezak eta.

MIKEL: Xuri diat eta.

PATXO: Irazki ezak eta.

MIKEL: Irazki diat eta.

PATXO: Pika ezak eta.

MIKEL: Pika diat eta.

PATXO: Josi ezak eta.

MIKEL: Nahikoa da, ostia!! (...) Ez, bromatan esan dut, nik zuzendariari sekula ez diot abotsik altxatu, zin dagizut.

PATXO: ...ez dizudala inoiz gezurrik esan eta.

MIKEL: Langile prestua naiz... Beno, bale, gaztetan...

PATXO: Izan gira Euskal Herrin rock & rollin...

MIKEL: Baina festa sanoak ziren, drogarik gabe, alkoholik gabe. Errefresko bat eta kito.

PATXO: Kerrika Kokakooooola. Da refreskantia...

MIKEL: Beno, ardotxo bat edo beste ere bai...

PATXO: Ardoa edanda mozkortzen naiz, porro erreta zoratzen naiz

MIKEL: Bale, porroren bat ere inoiz, baina gutxi, zenbat?...

PATXO: ...lau, bat, hiru, bost, zazpi...

MIKEL: Asko jota! Eta porroa bakarrik, koka eta kaka horiek probatu ere ez... Agian behin...

PATXO: Sarri sarri sarri sarri sarri sarri...

MIKEL: Ondo da. Ni ere gaztea izan naiz eta badakizu...

PATXO: Gazte gera gazte eta ez gaude konforme.

MIKEL: Bla bla eta bla bla... Baina hori pasatzen da. Orain...

PATXO: Bizkaiko aberatsak dira diruzale,

            txerri-erosle eta txorizo-saltzaile...

MIKEL: Hori da zuk jarraitu behar duzun ejenplua. Bestela...

PATXO: Negar egingo luke zure amak baleki.

MIKEL: Badaki drogatzen zarela, ez du ba jakingo! Baina semea...

PATXO: Zergatik, zergatik, zergatik...

MIKEL: Zergatiiiiiik? Baina guk...

PATXO: Zer egin dugu?

MIKEL: Ez dugu ezer egin tratu hau merezitzeko.

PATXO: Zer egiten dugu?

MIKEL: Ezer ez. Ez zaitugu inoiz kastigatzen.

PATXO: Zer egingo dugu?

MIKEL: Tira, bueltatzen bazara, Play Station berria erosiko dizugu, eta zure gelarako telebista, eta antena parabolikoa, eta mobil berria, eta mp3 eta mp4 eta I-poda, zuk nahi duzuna, baina bueltatu, ze nik...

BIOK: Maite zaitut, maite maite zaitut, maite zaitut pila patata tortila.

            Maite zaitut, maite maite zaitut, maite zaitut pila patata tortila.