Ez dok hiru
Patxo Telleria
Ez dok hiru
Patxo Telleria
Tartean, 2017

 

1. ikasgaia:
tesiaren aurkezpena

 

PATXO: “Ez dok Hiru” Unibertsitateak aurkezten du Euskal Musikaren Benetako Historia. Unibertsitatearen izenean, Agur Jaunak...

 

mikelek eteten du diskurtsoa, kantuan.

 

MIKEL: Agur Jaunak, jaunak agur...

PATXO: ...eta andereak...

MIKEL: Agur agur, andere askatasuna...

PATXO: Agur...

MIKEL: Agur Zuberoa, bazter guztietako xokorik eierrena...

PATXO: ...guztioi...

MIKEL: Agur, zuri, agur hari, agur ikusle guztiei.

 

patxo urduri jartzen ari da.

 

PATXO: Voltairek esan zuenez, Pirinioen alde bietan dantzan dabilen herria da euskalduna.

MIKEL: Hankak arinak eta

            burua arinago.

            Dantzan hobeki daki

            artojorran baino.

            ai, oi, ei, artojorran baino...

 

patxo gero eta moskeatuago.

 

PATXO: Euskalduna kantuz bizi da.

MIKEL: Kantuz sortu naiz eta kantuz naiz bizi...

PATXO: Euskara eta musika loturik daude...

MIKEL: Gogorki loturik daude...

PATXO: Hala gertatu da gure historian zehar...

MIKEL: Gure historian zehar, zenbat malko ta ezbehar...

PATXO: Eta hala gertatzen da gaur...

MIKEL: Gaur goizean jeiki naiz suerte onean...

PATXO: Zertan zabiltza?

MIKEL: Zure diskurtsoa azpimarratzen. Alegia, euskaldunoi musika barrutik ateratzen zaigula nahi gabe.

PATXO: Ez duzu azpimarratu beharrik. Utziko didazu...?

MIKEL: Telleria doktorea, umore senik ez duzula ikusten dut. Eta umorea pedagogikoa da. Baina segi, segi.

PATXO: Eskerrik asko.

MIKEL: Eskerrik asko jauna, bihotz bihotzetik...

 

mikel molestatzen ari dela konturatzen da.

 

MIKEL: Barkatu! Ez dut apropos egiten, erreflexu kondizionatua da. Euskalduna naizenez...

PATXO: Ezin duzu zeure hiperaktibotasuna kontrolatu?

MIKEL: Jada ez naiz hiperaktiboa! Medikatuta nago! Gaindituta daukat!

PATXO: Ea egia den.

PATXO: Esaten ari nintzen bezala, euskalduna kantazalea da. Zertarako? Alegratzeko triste dagoen guztia.

 

patxok ez du kantatzen, kanten letrak esan egiten ditu, mikel probokatzeko. mikelek kantatzeko gogoari eusten dio kostata.

 

PATXO: Euskaldunarentzat berdin dira astea eta jaia, lana bihurtzen dugu kantatzeko gaia.

 

mikelek aguantatzen du, kostata.

 

PATXO: Beti kantuan. Kalean gora kalean behera, kalean gora, kalean behera... Edozein tokitan. Goiko mendian... Itxasontzi baten aldapeko sagarraren adarraren puntan... Euskalduna beti dago prest ateratzeko dantzara, plazara, dantzara edozein herriko jaietan. Zergatik? Sentiberak gara? Azken finean gizaki hutsak gara... ? Non dago misterio honen erantzuna? Non hago? Ze larretan? Zergatik da euskalduna kantazalea? Zergatik, zergatik, zergatik?

 

mikelek ezin du aguantatu, eta kantatzen hasten da.

 

MIKEL: Zergatiiiiiiiiiiik...

PATXO: Seminario honetan frogatuko dugu gure tesia: euskaldunok musika barru-barruan daramagu. Ongi etorriak, beraz!