Ez dok hiru
Patxo Telleria
Ez dok hiru
Patxo Telleria
Tartean, 2017

 

13. ikasgaia:
itxaropen-telefonoa

 

PATXO: Euskal musika tristea omen da. Hala dio jendeak. Baina hori, adiskideak, topiko bat besterik ez da.

 

Irratian daude. patxo esataria da. mikel, irratira deitu duen hiritar bat.

 

PATXO: Ez Dok Hiru Irratiko “Ez galdu Esperantza” saioa duzu hau, zuretzat, bizitzeko esperantza galtzen ari zaren horrentzat. Zurekin gaude, ez zaude bakarrik gau ilun eta triste honetan.

 

Telefono hotsa.

Musikariak jotzen hasten dira. “Triste bizi naiz eta”.

 

PATXO: Dei bat daukagu. Gabon.

MIKEL: Gabon.

PATXO: Esan, adiskide, nor zaitugu?

MIKEL: Jon Ander, Bilbokoa.

PATXO: Ah, Jon Ander! Diputazioko funtzionarioa, ezta?

MIKEL: Bai...

PATXO: Emazteak utzi eta hiltzeko gogoa zenuen joan den astean. Horrela jarraitzen duzu?

MIKEL: Ez! Gainditu egin dut! Emazteaz ahazten hasi naiz!

PATXO: Zoragarria, Jon Ander, bejondeizula. Baduzu bizitzeko motibo asko, gizona, batez ere lanpostu zoragarri hori!

MIKEL: Barkatu, beste kantu bat jarri dezakezu?

PATXO: Ez zaizu hau gustatzen?

MIKEL: Bai, ederra da, baina gogora ekartzen dit triste bizi naizela eta hilko banintz hobe.

PATXO: Jesus, gizona! Ez duzu esan gainditu duzula?

MIKEL: Oraindik badaukat bihotzian hainbat atsekabe.

            Aldatu musika, mesedez!

PATXO: Ados, eta barkatu zuk.

 

Beste musika bat jotzen dute. “Beti Penetan”.

 

PATXO: Beraz... Jon Ander... emaztearena burutik kentzen ari zara.

MIKEL: Beno... Egunez... zerbait alegratzen naiz.

PATXO: Ederto dago hori, gizona!

MIKEL: Baina gauez beti penetan! Beti penetan!! Mesedez, ipini beste kanta bat!!!

PATXO: Ah... Barka, nola ez! Eta segi.

 

Beste musika bat: “Oi ama Euskalerri”.

mikel gero eta goibelago.

 

PATXO: Esaten ari zinen, Jon Ander, emaztea ahazten ari zarela.

MIKEL: Bai. Beragandik urrun triste banoa.

PATXO: Triste triste ez, orain gainditzen ari zara depresioa.

MIKEL: Musika aldatzen ez baduzu, ez dakit nik!

PATXO: Jeseus! Temoso zaude musikarekin! Ea zer dugun hemendik.

 

Beste musika bat: “Ni hiltzen naizenean”.

 

PATXO: Beno... Hau musika alaia da, ez?

MIKEL: Bai zera!!

PATXO: Zer duzu orain buruan, gizona!

MIKEL: Hiltzen naizenean, nire emaztea ez dela nire ondoan egongo!!

PATXO: Ez, joan egin da. Urrutira. Baina gainditu egin duzu.

MIKEL: Ez dakit ba!! Kendu musika hori!!

PATXO: Zuk agintzen duzu.

 

Beste musika bat: “Aitormena”.

 

PATXO: Zertan ari ginen? Ah, zure emaztea. Esan, zelan sentitzen zara orain...?

MIKEL: Ba egia esan... Ez dira betiko garai onenak! Barearen ostean dator ekaitza! Uda berri berririk ez niretzat! Mesedez, kendu hori!

PATXO: Ados.

 

Beste musika bat: “Ixil-ixilik”.

 

PATXO: Musika aldatu dut, baina zuk hitz eman behar didazu tristura gainditzen saiatuko zarela.

MIKEL: Saiatzen naiz... Baina pasatzen naizenean bere leihopetik, negarra urteten zait begi bietatik!

PATXO: Baina adiskide, ez duzu bere leihopetik pasa behar. Ahaztu behar duzu.

MIKEL: Horretarako deitu dut, joder, ahazteko!!

 

Beste musika bat: “Mendian gora”.

 

PATXO: Eta lortuko duzu, baina badakizu, Jon Ander, mundua ez da beti jai, inoiz tristea ere bai.

MIKEL: Inoiz tristea?? Beti da tristea!! Beti!!

PATXO: Animo, gizona!

MIKEL: Baina nola nahi duzu animatzea horrela? Nire bihotza txori negartiz bete da eta umorez hustu da!!!

PATXO: Ze hitz politak, Jon Ander!

MIKEL: Agur betirako!

 

mikelek bere burua hiltzen du.

 

PATXO: Ez Dok Hiru Irratiko “Ez galdu Esperantza” saioa izan duzu hau, zuretzat, bizitzeko esperantza galtzen ari zaren horrentzat. Gaur berri pozgarri bat daukagu, gau honetan bertan bakante bat geratu da, Diputazioko funtzionario lanpostu bat. Ez galdu esperantza. Eta zuk, hiltzeko gogoa duzun horrek, deitu eta azken bultzada emango dizugu. Orain, saioari amaiera freskoa emateko, kanta alai bat. Trikitixa. Aupa Maurizia!!

MUSIKARIAK: Hauxe da despedidea despedida honen tristea inork txarrik egin barik haserre dauka jendia.