Z ber 2
Mikel Antza
Z ber 2
Mikel Antza
Ataramiņe, 2013

 

I. eszena

 

Bi giza kaiola. Kaiolatuek elkar ez ikusteko, kaiolek hiru horma dituzte, aurrealdea aldiz, burdina-hesiduna da, atea erdian duela. Gainaldea, burdin sareduna eta gandor metaliko apartsuduna, soberazko txarrantxa kiribilduz gainezka. Kaiola izkina banatan zaintze-kamerak. Kaiolen gainaldean igarobidea, bertatik presozainek kaiola barrukoa zaindu dezaten.

 

(Kaiola bakarra dago argituta, emakume bat sartuko da bertara, atzetik presozain bat mozorrotuta. Keinuz, kaiolan sartzeko aginduko dio. Kaiola barrenean dagoenean atea itxiko du eta begira geratuko zaio. Gainaldeko igarobidean beste presozaina agertuko da, arma luze bat eskuetan. Bera ere emakume bati begira geratuko zaio. emakume batek ezkerrera egiten badu alde horretara egingo dute presozainek ere, eskuinera badoa berdin, bere mugimendua jarraituko dute. Horrela ibiliko dira hirurak eszenak iraungo duen artean).

 

EMAKUME BAT: (alde batera eta bestera ibiliko da, presozainei begiratuko die, itzulika ibiliko da, lurrean eseriko da, jaikiko da, begira geratuko zaie, berriro aurrera eta atzera ibiliko da, bere itolarria gero eta nabariagoa izango da. Azkenerako, bere mugimenduek zirku edo zooetako pizti kaiolatuen mugimendu errepikatuen antza izango dute. Bat-batean geldituko da, biei begiratuko die, ukabila altxa eta ozen garrasi egingo du) Zoazte zuen arratoi zuloetara!!

PRESOZAINEK: (Barre egingo dute. Trufaz).

 

(Argia pixkanaka apalduko da, guztiz ilundu arte. Argi foku bat piztuko da eta taula-gainaren erdian dagoen aginteduna argituko du).

 

AGINTEDUNA: Zuek lekuko. Ikusi duzue. Terrorista bat. Biolento bat. Odol-egarri arriskutsua. Gizartearentzat arriskutsua. Zuontzat arriskutsua. Jakitun ez bazarete ere. (Isilunea). Terrorista, gaizkilea, zuen artean dabil, pertsona normala bailitzan. Egunerokotasunean gurutzatzen duzue, garraio publikoan, lanean, saltoki handitan. Gurutzatzen duzuenean beste edonoren antza hartzen diozue, erreparatu ere ez duzue egiten, jende arrunta da, zuetako edonor bezalakoxea. Hori da izugarriena, esan dezadan bide batez. Ozen gainera. Hori da izugarriena. (Isilunea). Ez ezazue zalantzarik egin. Orain bertan, zuen artean daude. Zuetako batzuk, irribarre eztiz, atentzio handiz, entzuten ari zareten horietako batzuk haietakoak zaretela jakin badakigu. Izerditu al zaizkizu eskuak? Albokoa ez da ohartuko. Irudituko zaio pertsona normala zarela. Halakoxeak zarete bai. Hori da larriena, nolako gaitasuna duzuen terroristek jende arrunten antzera bizitzeko, arnas egiteko, jateko, puzker egiteko, kaka egiteko... maitatzeko ere! Hori bai handia! Maitatzeko! Ene! (Isilunea). Guk badakigu ordea, mozorroa besterik ez dela. Guk badakigu, zuen galtzarbeetako izerdiaren usaina antzematen; badakigu, zuen jendetasunaren atzean gordetzen den piztia bere zulotik aterarazten; asmatzen dugu noren irribarre xaloaren atzean ezkutatzen diren letagin odoltsuak. (Isilunea). Deseroso zaude aulkian? Noiztik? Ez al zeunden lasai asko oraintxe arte? Zure kontzientziaren zamak urduritzen zaitu, gure behako zorrotzak zure mozorroaren atzekoa ikusiko ote duen kezkak urduritzen zaitu. Arrazoi duzu, baduzu kezkati eta urduri egoteko motiborik. Zure beha gaude, zure zain gaude, zain duzu gure ostatuan ohea eta mantenua. Zure barneko piztia hori larrutuko dugu. Eta otzan-otzan gizarteratuko zaitugu, haurtzaroan eta gaztaroan ikasi nahi izan ez zenuena ikasita. (Isilunea). Badakizu, —eta ez badakizu okerrago zuretzat, jakin beharko zenuke-eta—, bizitza ez da uste bezain konplexua. Xinplea da. Pertsona onak daude eta pertsona gaiztoak daude. Kito. Hemen gaudenak eta hor atzean sartu beharrekoak. Gu gara galbahea eta zartailua, aldi berean. Aski, oraingoz, hartu arnasa lasai, gozatu ikuskizunarekin, zuetako batzuentzat azken ikuskizuna izango den honekin, kanpoan zain baitaude Terroristen Aurkako Talde Bereziak. Zain dituzue, zuen giza heziketaren akatsak zuzendu ditzagun eta egindako krimenak ordaindu ditzazuen, gurera ekarriko zaituzten Estatuaren zerbitzari leial eta sekula ez aski eskertuak. Has dadila ikuskizuna. Nire agindura!

 

(agintedunaren Xaloaren agindura argi fokua itzali egingo da).