Z ber 2
Mikel Antza
Z ber 2
Mikel Antza
Ataramiņe, 2013

 

XIV. eszena

 

gizon bat ziegan. presozain bat agertuko da eta atetik gutun-azal mordoa botako dio lurrera.

 

GIZON BAT: Sasikumea! (kontu handiz bilduko ditu eta bat hautatu ondoren, besteak mahaian utziz, ohean etzango da; gutuna atera eta irakurtzen hasiko da).

LAGUNA: (Ahotsa entzuten da soilik) Ieuuup! Bizi al gara?

GIZON BAT: Bizi edo, itxura egiten bederen.

LAGUNA: (Ahotsa soilik) Barkatuko didak aspaldi honetan ez badiat idatzi, baina denbora batere gabe nabilek. Eta egunak atodaostia pasatzen zaizkidak, mekaguenlaletxe. Zuek zer moduz zulo zikin horretan? Galdera zozoa nirea, bazekiat. Gaur erabaki diat, denbora hartu behar nuela eta arratsa hirekin pasatzeko, baditiat kontu batzuk hiri esateko eta.

GIZON BAT: Nahi duan bezala motel, nik gaurko arratsaldea libre diat. Ileapaindegira joateko asmoa nian, eta ondoren diskotekara baina ileapaindegikoa greban zagok eta niri autoa matxuratu zaidanez, bertan geldituko nauk.

 

(laguna agertuko da ziegan, eskuetan botila bat sagardo eta bi edalontzi dakartzala).

 

LAGUNA: Eta, zer kontatzen duk? Betiko ostiakeriak ala?

GIZON BAT: Betikoak ez badira oso antzekoak bai.

LAGUNA: (Sagardo botila ireki eta tragoxka zerbitzatuko du, ongi apurtuz) Zera, ez bazaik axolarik hire ohoretan sagardo botila edango diat.

GIZON BAT: Etxean bezala egin ezak.

LAGUNA: Hik nahi al duk trago bat.

GIZONA: Atseden etxe honetako medikuak debekatua zidak alkohola, baina zer arraio, atera egidak niri ere (lagunak edalontzia eramango dio, hartzera altxatu eta ez da berriro eseriko).

LAGUNA: Banian zerbait esateko... Horixe, bai. Manifa antolatu diagu auzoan, zuen alde. Badakik, ez duk jendea trumilka etorriko baina inkondizionalez gain hurbilaraziko ditiagu beste batzuk. Propaganda lan polita egin diagu, auzoko denda, komertzio eta tabernetan afixak jarri ditiagu, manifarako dei eginik. Tira, bazagok betiko pesimisten kluba, horrelakoak egitea deusetarako ez duela balio diotenak, ezagutzen dituk. Ez diagu horregatik etsitzen, gero! Behin eta berriz joaten gatzaizkiek. Oraingoan, zerbait berezia antolatu nahi izan diagu, badakik. Egoerak merezi dik!

GIZONA: Badakik ez dudala batere atsegin nire egoera dela-eta ezer berezirik antolatzea. Kolektibo bat gaituk. Guztiok berdinak gaituk.

LAGUNA: Lasai, motel, lasai, ondo ikasia diagu dagoeneko: auzoko guztiak agertuko zarete, baina baita beste guztiak ere.

 

(presozain bat agertuko da bat-batean).

 

PRESOZAIN BAT: Zer da hau! Nondik sartu zara! Zer egiten duzu hemen? (Txilibitua joko du, eta ia segituan alarma sirena entzungo da). Zertan ari zarete, gainera! Alkohola edaten! Debekatua dago!

LAGUNA: Ez dugu ezer txarrik egiten, gizona. Hau jende aztoratua.

PRESOZAIN BAT: Laguntza, laguntza! (Alde egingo du).

GIZON BAT: Ikusiko duk beren mozorro, babes eta borrekin etorriko direnean. Gaur zigor ziegan bukatuko diagu festa.

 

(aginteduna agertuko da).

 

AGINTEDUNA: (Oihuka) Zer da hau? Nondik sartu zara? Zer egiten duzu hemen? Ez al dakizu debekatuta dagoela? Arauen aurka ari zara! Arauak hausten ari zara! Zertan ari zara, iraultza antolatzen? Zoroa! Zuen galera besterik ez duzu lortuko.

LAGUNA: Gizona! Hori da hori estualdia pasatzen ari zarena. Nahi al duzu zuk ere tragoxka? On egingo dizu, gero.

AGINTEDUNA: Ez dut ezer ulertzen. Itxaron. Hau ez zegoen aurreikusia! Hementxe dut gidoia (poltsikotik orriak aterako ditu). Zein eszenatan gaude? (Agertoki atzealdeko norbaiti galdetuko dio). Ez dut oroitzen inon agertzen zarenik. Ez zara existitzen.

AHOTSA: xiv. Eszena!

AGINTEDUNA: xvi.a... Ea... Begira, begira, hemen gaude: xiv. eszena. Irakurri. Ikusten al duzu inon agertzen zarenik? Ikusten al dugu inon zure izenik? Ez! Asmatu egin duzue! Arau-hauste larria da hau! Aurreikusi gabeko zerbait ari da gertatzen hemen! Antzerki-trikimailua da hau! Antzerki-iruzurra! Kanpora hemendik oraintxe. Arautegitik kanpo eta gidoitik kanpo ari zarete! Zigor ziegara zoazte denak zuzenean! Eta txintik esan gabe, gainera! Presozainak! Azkar!

LAGUNA: Lasaitu egin behar duzu, jauna. Bihotzekoak joko dizu bestela, eta horren arduradun ere gu egingo gaituzte! Inprobisatzeak ba al du ezer txarrik? Noski ezetz, jauna! Begira, gu gidoitik at bagabiltza, orain zu ere berdin zabiltza! Ez al da ederra libertate pixka bat? Dena arau, dena agindu, dena sarraila eta morroilo, tristura eta negar. Ez al du behar alaitasun pixka bat bizitza honek? Ziur nago hemengo ikusle jende hau izugarri poztu dela saltsa honekin, ze egia esango badizut orain artekoarekin une batzuetan bihotza estu-estu eta malkoak begi ertzetan dilindan izan ditut. Eta nago ez naizela bakarra izan! Tragedia itzela taularatu duzue!

AGINTEDUNA: Ez dizut hamaika aldiz errepikatuko. Entzun ondo: alde hemendik oraintxe bertan, bestela garesti ordainduko duzue, zuk eta zure lagunak ere. Eta hauek izan daitezela gidoitik kanpo agertoki honetan entzungo diren azken hitzak!

LAGUNA: Ez.

AGINTEDUNA: Nola ezetz?!

LAGUNA: Ezetz bada, ez direla izan gidoitik kanpo entzundako azken hitzak. Oraintxe bertan hitz egin duzu, “nola ezetz” esan duzu.

AGINTEDUNA: Ixo! Ixo! Hitz gehiagorik ez (Ahoa estaliko du eskuez, gehiago hitzik ez egiteko. laguna mintzo den artean deus ez esateko ahaleginak eta bi egingo ditu, ahoa itxita, itotzeko zorian).

LAGUNA: (Lasai ibiliko da, agintedunaren inguruan biraka; bitartean, gizon bat, aulkian eserita irribarrez egongo da, ikuskizunarekin gozatzen). Zer esango dizut bada nik? Ez dut alde egiteko batere asmorik. Alderantziz. Oraintxe bururatu zait koadrilako jendeari deitu eta hona gonbidatzea. Begira, asteburuko manifa hementxe egingo dizugu! Leku aproposagorik! (Sakelako telefonoa aterako du eta deitzen hasiko da).

AGINTEDUNA: (Ezin dio hitz egin gabe gehiago eutsi) Sakelako telefonoa! Debekatua dago, debekatua dago! Arau-hauste larria, kartzelara! Zigor ziegara! Eskuburdinak! Hanka-trabak! Estali egiozu ahoa!

 

(Jendartean entzungo da deia).

 

EIDER: (Jendartetik) Bai?

LAGUNA: Eider?

EIDER: Bai, ni naiz; nor da?

LAGUNA: Xabier naun. Non hago? Zertan habil?

EIDER: Hementxe nagok, antzerkia ikusten.

 

(Aurrerantzean, telefonoak gorde eta aurrez aurre mintzatuko dira).

 

LAGUNA: Ba al dakin zer egin behar dunan? Hona etorri.

EIDER: Agertokira?

LAGUNA: Horixe!

EIDER: Ez zidatek utziko!

LAGUNA: Ez egin jaramonik. Gainera, hauei gidoia aldatuz gero galduta ibiltzen ditun, ez diten jakingo zer egin ere.

EIDER: Ados, saiatuko nauk.

LAGUNA: Eider, itxaron, beste gauza bat.

EIDER: Zer, Xabier?

LAGUNA: Ekarri presoen argazkiak ere.

EIDER: Zoratuta al hago? Nola eramango ditiat denak nik bakarrik!

LAGUNA: Bakarrik al hago?

EIDER: Ez... baina ez zekiat nahi izango duten, ez zekiat konbentzituko ote ditudan. Niri zaila egiten bazait horra joatea, pentsa ezak hemen daudenentzat.

LAGUNA: Saiatu hadi bederen. Saiatzeagatik ez dinagu deus galduko. Eta, badakin... lortzen ez badugu, bada berriro ere gidoiari jarraituko zioten eta akabo!

GIZON BAT: (Altxatu egingo da eta agertoki atzealdetik datozen zaratei adi jarriko da) Aizak, Xabier, urratsak entzuten ditiat korridorean, laster ditiagu hemen mozorrodunak, istiluen aurkako iskilu eta guzti.

 

(eider altxatu eta agertokiaren alde batean dagoen presoen argazki multzora joango da, bat hartuko du).

 

EIDER: Ba al dator inor nirekin hor barrura?

 

(eiderrek, bizia jokoan balu bezala, eginahalak eta bi egingo ditu ikusleak konbentzitzeko, denak ez bada batzuk bederen, preso baten argazkia hartuta, agertokira sar daitezen. Une honetatik aurrera bi aukera dago:

—Ikusleak altxa eta eiderrek eskaintzen dizkien presoen argazkiak hartuta agertokira sartzen baldin badira, agertokia jendez beterik dagoenean gizon bat eta emakume bat agertuko dira beren artetik. “Hator, Hator” kantuarekin amaituko da ikuskizuna. gizon bat eta emakume bat ikusle-antzezleen artean desagertuz.

eider saiatu arren agertokira ikuslerik sartzen ez bada, argiak keinuka hasiko dira, sirena-hotsa nagusituko da, oihuak, itzalak, kolpe-hotsak, kez beteko da agertokia. Argia pizten denean, hustuta eta borrokaldiaren ondorengo arrastoz beteta egongo da agertokia.

Modu batez ala bestez amaituko da antzezpena).