Z ber 2
Mikel Antza
Z ber 2
Mikel Antza
Ataramiņe, 2013

 

VII. eszena

 

gizon bat, bere ohiko kaiolan. emakume bat alboko kaiolan. presozainak batetik bestera ibiliko dira, kaiolen aurretik gainaldeko pasabidera, eta handik berriz behera kaiolan daudenei begira. gizon batek eta emakume batek, biek, antzeko mugimenduak egingo dituzte, batzuetan batek egindako mugimenduaren oihartzuna bezala izango da bestearena, besteetan alderantziz, baina mugimendu bera biek une berean egiteko ezintasunean baleude bezala izango da.

 

EMAKUME BAT eta GIZON BAT: (bakoitza bere kaiolaren erdian, orpoen gainean eserita egongo dira. Gorputza aurrera botako dute, besoak aurrera luzatuz. Lo kanta kantatzen hasiko dira apal)

            Ene maitea zer duzu, zerk ikaratzen zaitu zu...

EMAKUME BAT eta GIZON BAT: (Albo batera utziko dute erortzen gorputza, kizkurtuta geldituko dira, sabeleko haur baten moduan. Gorputza besarkatuko dute. Beti kantu errepikakorra ahoan. Buruz gora jarriko dira ondoren. Besoak eta hankak zabal).

PRESOZAINA: (Beti bezala mozorrotuta, bata kaioletara hurbilduko da isilik, gutxika, gizon baten jardunaldia oztopatzeko asmorik gabe, jakin-minez. Begira geratuko zaio, deus esangabe. Bestea, gainaldeko igarobidetik, beti arma eskuan emakume bati begira egongo da, bere kidea bezala, isilik, behekoaren mugimenduak ez eragozteko kontu eginez).

EMAKUME BAT eta GIZON BAT: (Ez da nabarituko presozainak beha dituztela konturatu diren ala ez. Lurretik jaiki eta gorputz atalak mugitzen hasiko dira, mugimendu bakoitza arretaz aztertuz, adi, beren gorputza lehen aldiz deskubrituko balute bezala. Gorputza aztertuko dute, gorputza ferekatuko dute, besarkatuko dute, kontsolatuko dute).

PRESOZAINA: (Zerbait esan edo zerbait egiteko keinua egingo dute, baina izoztuta bezala geratuko dira, ikusitakoak sorginduta bezala. Horrela egongo dira eszena amaitu bitartean, lekuko mutu, izoztu eta ikusezinak bailiran).

 

(emakume bat eta gizon bat aurrera eta atzera ibiltzen hasiko dira, orain beren mugimenduak azkarrak izango dira, aurrekoekiko kontrastean, luzeak eginez, hondoko hormaraino iritsi eta itzulia hartuz aterantz egingo dute, urratsen erritmoan hitz egingo dute).

 

GIZON BAT: Zergatik?

EMAKUME BAT: Euskal gudaria naiz!

GIZON BAT: Ez nago bakarrik.

EMAKUME BAT: Noiz arte?

GIZON BAT: Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatzegatik!

EMAKUME BAT: Bakartuta nago.

GIZON BAT: Nor naiz?

EMAKUME BAT: Irabazi arte!

GIZON BAT: Ez gaude bakarrik.

EMAKUME BAT: Non nago?

GIZON BAT: Kartzelan naukate.

EMAKUME BAT: Maite haut.

GIZON BAT: Maite haut.

 

(gizon batek aterantz begiratuko du. presozain bat izango du aurrez aurre. Elkarri begira egongo dira. Elkar ikusi gabe. Isilik. Mugitu gabe. emakume batek gora begiratuko du. beste presozaina izango du begira, armarekin destatuz. Elkarri begira egongo dira. Elkar ikusi gabe bezala. Isilik. Mugitu gabe).

 

GIZON BAT: (harrituta bezala) Eta hi, nor haiz hi?

 

(Argiak emeki apalduko dira, ilundu arte).